Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:2:7

-tzera(t)

Aditz-izenari adlatiboko marka erantsiz perpaus osagarriak eratzen dira normalean:

  • Zumalakarregik Lizarrara bidali zintuen egia jakitera.
  • Amak bizilagunaren etxera bidali zintuen laguntzarik behar zuen jakitera.

Baina baldintzazko perpausak ere osa daitezke:

  • Zumalakarregik Lizarrara bidaliko zintuen, egia jakitera.
  • Amak bizilagunaren etxera bidaliko zintuen, laguntza behar zuela jakitera.

Bigarren perpaus horretan, 'egia jakin izan balu' esan nahi du azpimarratutako perpausak.

Ikus adibide gehiago:

  • […] kalteak ez zidala onik egiten, ez zitzaidalako lehen aldirako dotorea iruditu; baina, nolabait ere, adierazi nion Benito zenaren gorpuzkiak berreskuratzeko hitzemanda nengoela nire familiaren aurrean, eta, berek, kanposantuaren arduradunek alegia, hamar urtez gordetzen zituztela agintzen zutelako ehortzi genuela hilobi komunean; egia jakitera, ez baikenuen hala egingo. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Gurean, badugu, nahi izatera, non laketu: Banu Kasitarren otzantasuna, gerlari baskoiak eta arabiarrak elkarrekin Karlomagnoren harropuzkeria inperialaren kontra, ilbeheradun hilobia Gaztelu enparantzako parkinaren pean… (Hizlandia, Aranbarri, I.)
  • Nahi izatera, bazuen gisa hartan erreakzionatzea, baina desgogara egingo zuen. (Mirarien kalezuloa, Naguib Mahfuz / Zubizarreta, P.)
  • Beste edozein argibide nahi izatera, badakizu non aurkituko nauzun. (Kontu-jaten, Iturbe, A.)

Artikulu honetan

Aldaerak

Forma honek bi aldaera ditu: -tzera hegoaldean eta -tzerat iparraldean. Baldintzazko adiera dutenean, tartean pausa bat izaten dute, eta gehienetan, perpausaren hasieran joaten da:

  • Hori jakitera, ez nintzen etxetik irtengo.Kutsadura
  • Diru gehiago izatera, etxe dotoreago bat erosiko nuen.
  • Egia esatera, ez nuen uste hain urrun iritsiko zinenik.

Hala ere, baldintzazkoak sortzeko bide hau ez da asko erabiltzen, eta badirudi egoera-aditz batzuekin azaltzen dela bereziki (izan, jakin, egon…).

  • Diru gehiago izatera, auto hobea erosiko nuke.
  • Lasterketa irabazi zuela jakitera, posterra sinatzeko eskatuko nion.

Aditz jokatuarekin honela emango genituzke horiek: diru gehiago izango banu, lasterketa irabazi zuela jakin izan banu… Beste hauekin ere antzera:

  • Berak ez nahi izaterat, neuk egingo dut hitzaldiaren aurkezpena.
  • Haren lekuan egoterat, oso urduri jarriko nintzen, horrenbeste jende niri begira edukita.
  • Horrenbeste kutsatzen zuela jakin izatera, ez zuen produktu hori sekula erabiliko.

Aspektua

Adibide gehienek aspektu burutuaren balioa dute, eta iraganera begira daude. Gertatu ez zen baldintza bat ematen da -tzera(t) perpausen bidez. Horrelakoak dira goiko 'egia jakin izan balu, hori jakin izan banu' edo 'diru gehiago izan banu'. Batzuetan, burututasuna nabarmentzeko, jakin aditzaren ondoren izan eransten da, goiko hirugarren adibidean bezala: jakin izatera. Hala ere, badira etorkizunera begira dauden adibideak ere:

  • Saldu nahi izatera, prezio onean jarri beharko duzu autoa. (saldu nahi baduzu)
  • Zer egingo duzu azkenean lasterketan zu zeu bakarrik izatera? (zu bakarrik baldin bazara)
  • Diru gehiago izatera, Australiara joango nintzateke oporretan.
  • Hala nahi izatera, laster atxilotuko lukete erasotzailea.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzera(t)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3