Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:9

Kontzesio perpausak

Mendeko perpausen barnean, euskaraz egitura asko daude kontzesio balioa adierazteko. Eta hala, era askotako menderatzaileak eta menderagailuak erabil daitezke kontzesiozko menderakuntzan. Horiek guztiak jasoko dira hemen.

Erlazioa

Kontzesio perpausetan, bi erlazio mota biltzen dira: batetik, inferentzia-erlazioa, hiztunaren munduan edo gizartean oro har onartutako aurresuposizioa. Inferentzia edo ondorioztatze-erlazio horretan, proposizio batetik beste proposizio bat ondorioztatzen da. Esaterako, norbaitek azterketa bat badu, ohikoa da urduri egotea, eta hala dagoela ondorioztatzen dugu.

  • Azterketa du > urduri dago.Ez dirudi azterketa dutenik
  • Ez du azterketarik > lasai dago.

Bestetik, Aurkaritza-erlazio bat ere badago. Izan ere, kontzesio perpausetan, mendeko perpausak perpaus nagusiko ekintzari eginiko oztopo bat adierazten du, oposizio bat. Ondorioz, aldez aurretik ezarritako inferentzia-erlazioa trukatzean datza kontzesioa.

  • Azterketa duen arren, lasai dago.
  • Azterketarik ez duen arren, urduri dago.

Gizartean oro har ontzat ematen diren suposizioak hautsiz sor daiteke beraz, kontzesioa. Hala ere, hiztunaren mundu ikuskeran ontzat emandako egoera edo usteren bat ere hautsi daiteke kontzesioan.

  • Eguraldi ona badago ere, ez nago triste.

Eguraldi onak hiztuna tristatzen duela ematen da aditzera adibide horretan, alegia, eguraldi tristea gustatzen zaiola, eta agian, malenkoniatsua dela. Hala ere, mendeko kontzesio perpausetan mendeko perpausak adierazten duen oztopoak ez du perpaus nagusiko ekintza galarazten, beti gauzatzen da perpaus nagusiko ekintza. Ildo horretan, Aurkaritza gogorragoa edo ahulagoa izan daiteke, testuinguruaren eta aurresuposizioen arabera.

Ezaugarriak

Funtzioa

Kontzesio perpausak aditz nagusi edo predikatuen adjuntuak dira, ez osagarriak. Horrez gain, perpausean mintzagaia izan ohi da, ez galdegaia. Ez da beraz aditzaren aurrean ageri ohi, galdegaiaren eta aditzaren artean etenik egin gabe.

  • Nekatuta nagoen arren, bizikletan aterako naiz.NEKATUTA EGON ARREN, GERO BIZIKLETA HARTU BEHAR
  • Bizikletan aterako naiz, nekatuta nagoen arren.
  • * Bizikletan nekatuta nagoen arren aterako naiz.

Ildo horretan, baldintza perpausak kontzesio perpaus bihur daitezkeela esan dugu. Ez, ordea, baldintza perpaus oro, galdegai diren baldintza perpausak, esaterako.

  • Bazkarira etortzen bazara poztuko da amona.

Perpaus horrek bi adiera izan ditzake:

  • Bazkarira etortzen bazara baino ez da poztuko amona.
  • Bazkarira etortzen bazara poztu egingo da amona, baina baliteke bestelakoengatik ere poztea.

Lehenengo interpretazioan baldintza perpausa da galdegaia, ez dago etenik baldintza perpausaren eta aditzaren artean, eta beraz, ezin da kontzesio perpaus bihurtu. Bigarren interpretazioan, berriz, aditzaren baiezkotasuna da galdegaia, etena dago baldintza perpausaren eta aditzaren artean, eta kontzesio perpaus bihur daiteke.

  • Bazkarira etortzen bazara ere, ez da poztuko amona.

Kontzesio perpaus hori bigarren adierarako da soilik zuzena, hau da, etena egiten badugu.

Kokagunea

Kontzesio perpausek hiru kokagune har ditzakete perpausean: perpaus nagusiaren aurretik, ondoren eta perpaus nagusian tartekatuta. Mendeko perpausaren luze-laburtasunak eragina du kontzesio perpausaren kokapenean baina normalean, ohikoagoa da perpaus nagusiaren aurretik edo ondoren joatea.

  • Maiteminduta dagoen arren, ez du mutil-lagunarekin ezkondu nahi.
  • Ez du mutil-lagunarekin ezkondu nahi, maiteminduta dagoen arren.
  • Ez du, maiteminduta dagoen arren, mutil-lagunarekin ezkondu nahi.

Halakoetan, komak lagunduta ageri dira askotan kontzesio perpausak. Mintzagai direnean, hau da, mendeko perpausa perpaus nagusiaren aurrean ageri denean, kontzesio perpausaren osteko etena adierazteko koma eransten da. Kontzesio perpausa perpaus nagusian tartekatzen denean, berriz, koma artean agertu ohi da, eta azkenik, kontzesiozkoa bukaeran jarriz gero, aurretik hartzen du koma.

Osagaien barne hurrenkera

Lasterka doa etxeraKontzesio perpausetan, aditza hainbat lekutan ager daiteke. Ildo horretan, mendebaldeko euskalkietan ohikoagoa da aditza amaieran agertzea, ekialdekoetan, berriz, atzean nahiz aurrean sarri ageri da. Bestalde, perpaus luzeetan, barnean mendeko perpaus bat duenean edo osagai asko dituenean esaterako, ez da ohikoa aditza amaieran agertzea. Halakoetan gainera, baliagarri gertatzen da Aurkaritza lokailu bat erantsiz, kontzesio-balioa azpimarratzeko. Kontzesio perpausa ezezkoa denean ere, aditza aurrerago eman ohi da, ezezko partikulak aditza erakartzen baitu.

  • Euria hasi zuen arren, ez nintzen korrika joan etxera.
  • Nik ere gai bera aukeratuko dut, hobe den arren gaiak ez errepikatzea.
  • Hotz dago, nahiz ez den oraindik udazkena iritsi.

Menderagailuak

Kontzesio perpausetan askotariko menderagailuak (lehen zutabean goitik behera) eta elementuak (lokailuak, postposizioak, galdetzaileak eta izenordainak) ager daitezke.

nahiz arren ere baina -gatik zernahi zein ere banaka-
ritza
erlatibo-
duna
0
-eN nahiz -en -en arren - - -enagatik zernahi -en zein (ere) -en - - -
BA- nahiz BA- - ba-…ere - - - - - - -
-eLA nahiz -ela - -ela ere - - zernahi -ela - x-ela/
y-ela
datorrena datorrela -ela
-eLARIK - -elarik arren-elarik ere - - - - - - -elarik
Enklitizazioa - - - baina - - - - - -
BAIT- - - - - - - zein (ere) bait - - bait-
B- nahiz b- - - - - - - - - -
-eLAKO - - - - - - - - - -elako+ez

Kontzesio perpaus gehienetan ageri ohi da ere lokailua, eta batzuetan nahitaezkoa da, lokailu horrek berak ematen baitie kontzesio-balioa perpausei (ba-… ere, -tuta ere…). Beste batzuetan, berriz, kontzesio-balioa indartzen du (-ela ere, -elarik ere…). Azkenik, zenbaitetan ere gehiegi erabiltzen da, erredundantea bihurtzeraino (-en arren ere). ere lokailuak emendioa eta aurresuposizioa adierazten ditu, hots, kontzesio perpausek biltzen dituzten bi ezaugarriak, hain zuzen ere. Batetik, egoera jakin bati beste egoera bat eransten zaio, eta aurretik suposatutako ondorioa ez da betetzen. Ondorioz, ere lokailua daramaten egiturek bi esanahi izan ditzakete: emendioa nahiz interpretazio enfatikoa.

  • Zuk ere ikas dezakezu euskara.

Batetik, emendio balio hutsa izan dezake perpaus horrek; beste norbaitek ez ezik, zuk ere ikas dezakezu euskara. Horrez gainera, ordea, balio enfatikoa ere har dezake; hain erraza izanik, zuk ere ikas dezakezu euskara. Bigarren adiera horren antzekoa izango luke beste perpaus honek ere:

  • Alferrenak ere ikas dezake euskara.

Egitura horrek kontzesio-balioa izango luke, lehen atalean aipatutako baldintzak betetzen badira, aditzean adierazten den ekintza gertatzeko oztopoa adierazi behar baita. Horregatik, beste honek ez luke zentzurik izango:

  • ? Azkarrenak ere ikas dezake euskara.

Hauek dira ere lokailua duten egiturak:

ere lokailua duten kontzesio-egiturak
Kontzesio-egiturak Egitura erredundanteak
ba-…ere -en arren ere
-ela ere -tuagatik ere
-elarik ere
nor ere bait-
nornahi ere -en
-tuz ber ere
-tuta ere
-turik ere
-tzekotan ere
-tzekotz ere
zer gerta ere

Aurkaritzako lokailuetan ere ageri ohi da ere, moduzko zenbait adberbiori erantsita:

ere lokailua duten aurkaritza lokailuak
Aurkaritza lokailuak Egitura erredundanteak
hala ere dena dela ere
halarik ere dena den ere
halaz ere
halata ere
hala eta guztiz ere
nolanahi ere
edozein kasutan ere
edonola ere
guztiarekin ere
badarik ere
horratik ere

Izan ere, mendeko kontzesio perpausen bidez eta aurkaritzako lokailuen bidez eman daiteke kontzesio-balio berbera, bietan ere lokailua erantsita. Aurkaritzako lokailuen eta kontzesio perpausen arteko harreman estuaren erakusgarri, aurkaritzako zenbait lokailu kontzesio perpausak ziren jatorriz: dena dela, nolanahi den, nolanahi ere, edonola ere, edozein modutan ere, edozelan bere, etab.

Horrezaz guztiaz gain, mendeko kontzesio perpausetan aurkaritzako lokailuak erabil daitezke perpaus nagusian, indargarri gisa:

  • Nahiz gogo handirik ez duen, hala ere, etorriko omen da afarira.

Bi baliabideak uztartzea aukerakoa da, bietako batekin nahikoa litzateke eta. Hala ere, zenbait kasutan oso baliagarria izan daiteke biak batera erabiltzea, mendeko perpausa luzea denean esaterako, perpaus nagusiaren haria berreskuratzeko.

Kontzesio-balioa indartzeko, sarri metatzen dira menderakuntzako gailuak, lokailuak eta menderagailuak batez ere.

Erabilera Adibidea
Nahiz (eta) + arren Bertsolaritzan batez ere, aditz jokatu nahiz jokatugabeekin Nahiz eta jakin arren Anderrek ez zuela gogoko, Mirenek denen aurrean eman zion musu.
Nahiz eta + ba-…ere Ez da oso egokia Azterketa gainditzen saiatuko gara, nahiz eta horretarako asteburu osoa ikasten igaro behar badugu ere.
Arren + ere Aditz jokatugabeekin gehienetan Aurkezlea ona izan arren ere, saioak ez du jende asko erakarri.
-tuagatik + ere Aditz jokatugabeekin gehienetan Gose zela esanagatik ere, ez zioten deus eman jateko.
-elarik + arren Ez da oso ohikoa Ongi egin duzula seguru zaudelarik arren, ez ezazu ezer aurreratu badaezpada.
Aurkaritza lokailua perpaus nagusian Sarri erabilia Nahiz gaua zen, hala ere haur asko zeuden kalean jolasean.

Aditza kontzesio perpausetan

Kontzesio perpausetan aditz jokatuak nahiz jokatugabeak erabiltzen dira. Zenbaitetan, euskalkien araberako banaketa izaten da, baina erabilera gorabehera, oro har, bi formak dira zilegi. arren eta nahiz partikulekin esaterako, hegoaldean adizki jokatugabeak erabiltzen dira gehienetan. Ekialdean, berriz, adizki jokatuak dira nagusi molde horietan.

  • Gaixo egon arren, eskolara joan da Niko.
  • Nahiz gaixo dagoen, eskolara joan da Niko.

-gatik postposiziodun kontzesio perpausa osatzen denean, adibidez, adizki jokatugabea erabiltzen da batez ere, ekialdean nahiz mendebaldean. Oinarrian baldintza perpausa duten kontzesio egituretan ere, ohikoagoa da adizki jokatua jokatugabea baino.

  • Txiroa izanagatik ere, pozik bizi da Sara.
  • Sara tematzen bada ere, gu ez gara kontzertura joango.

Bestalde, ondoko egitura hauetan, aditz jokatudunak baino ez dira erabiltzen:

  • Nornahi zarela ere, lagun iezadazu arren.

Aditzaren moduari dagokionez, indikatiboko adizkiak erabat gailentzen zaizkie subjuntibokoei. Hala ere, edozein eta nornahi izenordain zehaztugabeekin, esaterako, subjuntiboko formak ere erabili izan dira. Era berean, -ela duten subjuntiboak ere erabili izan dira, baina askoz ere ohikoagoak dira -en dutenak.

  • Ikasgai zaila den arren, ongi barneratzen saiatuko naiz.
  • Pozik joango naiz txangora, nornahi izan dadin ere gidari, Mikel nahiz Jon.

Alegiazko aditzak ere erabil daitezke baldintzazko egiturak oinarri dituzten kontzesio perpausetan, eta beste zenbaitetan. Orobat, zilegi da ahalerazko eta aginterazko adizkiak ere sartzea, azken horiek oso bakanak eta zaharkituak izanagatik.

  • Euria egingo balu ere, gu prest gaude antzokira joateko.EURIA EGINGO DU? Baztan, Arizkun, Aintzialde
  • Kontu horretaz gutxi esan daitekeen arren, Mikelek beldurrik gabe aipatu zion Maddiri.
  • Amaia ez du inork geldiaraziko, nahiz betor ama haserre eta ziztu bizian.

Hori guztia gorabehera, kontzesio perpausetan ohikoa da aditza ezabatzea. Ezkutatutako aditza berreskuratzen erraza denean gertatzen da hori, perpaus nagusiko aditz berbera delako edo izan edo antzeko aditz errazen bat delako. Aditza nahitaez behar ez duen elementuren bat (baina, nahiz) daramaten egituretan gertatzen da hori. Aditza kentzean menderagailua ere ezkutatzen da, baina lokailuak, juntagailu-menderagailuak edo postposizioak bermatzen du perpausaren kontzesio-balioa.

  • Nahiz ta gogotsu, Mikelek ez zuen lasterketa amaitu.

arren postposizioa duten perpausetan elisioa ez da oso ohikoa. Izan ere, postposizioak aditzei eta menderagailuei loturik joan ohi dira eta horrenbestez, ez da ohikoa halako egituretan aditza ezabatzea. Hala ere, poesian esaterako, badira enklitizazio horren adibideak, bizkaieraz batez ere, eta izan edo egin aditzak isildu ohi dira halakoetan.

  • Zuk adina diru ez arren, pozik bizi gara gu.

Kontzesio egiturak

Kontzesio-egiturak aztertzeko, batean eta bestean erabiltzen diren postposizioen, lokailuen edo izenordainen araberako sailkapena baliatuko da hemen, eta horietako bakoitzarekin erabil daitezkeen menderagailuak jasoko. Izan ere, lokailu, postposizio, izenordain eta beste elementuek ematen diete kontzesio-balioa aztergai diren perpausei. Menderagailuek, ordea, perpausaren menderakuntza bideratzen dute. Adizki jokatuekin ikusiko ditugu lehenik egitura hauek eta, ondoren, adizki jokatugabeekin.

Mendeko kontzesio perpausez gain, ordea, euskaraz badira inplikazio eta aurkaritza-erlazio hori adierazteko beste egitura batzuk ere, eta kontzesioarekin lotura estua dute:

  • Aurkaritzako lokailuak
  • Aurkaritzako juntadura
  • Baldintza perpausak
  • Zenbait adberbio-perpaus

Aurkaritza lokailuak

Mendeko kontzesio perpausen ordez, aurkaritza lokailuak erabil daitezke, bi perpaus beregainen arteko aurkaritza-lotura eginez:

  • Diru arazoak dituen arren, auto berria erosi du.
  • Diru arazoak ditu; hala ere/alabaina/hargatik, auto berria erosi du.

Lehenengo perpausean menderakuntzaz elkartu dira bi perpaus, eta arren menderagailua erabili da kontzesio balioa adierazteko. Bigarren perpausean, aldiz, bi perpaus beregain elkartu dira, eta hala ere/alabaina/hargatik aurkaritza-lokailuez lortu da kontzesio balioa. Halakoetan, bigarren perpausean joan ohi da menderagailua, alegia, menderakuntza erabili izan bagenu, perpaus nagusia izango litzatekeenean.

Ikus adibide gehiago:

  • Baldin ongi bazarraizte, zure bihotzetik, Iainkoren graziarekin batean, bekatua atherako dute errotik, eta bekatua ganako afekzione prinzipalak; hala ere osoki hartarakotzat egintut. (Philotea, Aita Sainduaren Guthuna, Zortzigarren kapitulua, Pouvreau, S.)
  • Malkoak agertu zitzaizkion begietara, baina hala ere ez zituen itxi. (Rock'n'roll, Epaltza A.)

Aurkaritzako juntadura

Koordinazioaren (juntaduraren) bidez, berdintsu eman daiteke aurkaritza-erlazioaren berri ere. Hurrengo bi esaldiotan, baina kontzesio menderagailu gisa erabiliko dugu.

  • Berandu zetorren, baina ez zen larritu. (aurkaritza-juntadura)
  • Berandu zetorren-baina, ez zen larritu. (menderakuntza)

Nekatuak bai, baina gero denak lasterka egitera, Arizkungo inauteakHorrenbestez, aurkaritzako juntadurarekin harreman estua du kontzesiozko menderakuntzak. Bigarren adibidean, baina enklitikoaz menderakuntzazko kontzesioa eraiki da. Emendiozko juntadura ere erabil daiteke, ordea, kontzesio-erlazioa adierazteko, oposizioa menderakuntzan bezain indartsua izan ez arren. Halakoetan gainera, eta juntagailua enklitikoki emanez menderakuntzazko kontzesioa sortuko dugu.

  • Nekatuta dago, eta lasterka egitera atera da. (emendiozko juntadura)
  • Nekatuta dago-eta, lasterka egitera atera da. (menderakuntza)
  • Kostata baina, egin nuen. (Errautsen distira, Mendiguren Elizegi, X.)

Hala ere, aurkaritza balioa adierazteko baino ohikoagoa da eta modu enklitikoan kausa-ondorioa adierazteko erabiltzea.

  • Nekatuta dago-eta, etzan egin da. (kausa-ondorioa)

Baldintza perpausak

Baldintza perpausen protasiari ere lokailua gehituz gero, apodosiaren aurkako adiera sortuko dugu eta beraz, kontzesio balioa izango du perpausak.

  • Asko ikasiko balu, gaindituko luke azterketa. (baldintza perpausa)
  • Asko ikasiko balu ere, ez luke gaindituko azterketa. (kontzesio perpausa)
  • Adibide klasikoak:
    • Eta bizi izan balitz ere bi mila urthez, eta ontasunez gozatu ez balitz, ez othe doazi lasterrez oro lekhu berera? (Biblia, Duvoisin)
    • Mendi handiegia zen, ez egiteko noizbait asiki eta zilho arinkeria, jelosia eta lainhotasunak, eta aukas ekharria izan balitz ere populu guzia behin holako gezur baten asmatzerat, ardiesteko nihongo gizonek etzuten omen bat, etzituen utziko izkiribatzerat haren bethiko ahalkea egiten duten gauzak: urrezko xahalaren adorazionea, hainbertze errenkura eta asaldura zoro. (Eskaraz egia, Hiribarren, J.M.)
  • Gaurko adibideak:
    • Eta infernura joaten bada ere ez dago triste egoteko arrazoirik, ezen eta, ze seme eskas da hori, zerua merezi ez eta infernua merezi duena. (Pasaia Blues, Cano, H.)

Aditz jokatudun perpausetan ohikoagoa bada ere, jokatugabekoetan ere gertatzen da hori. Izan ere, kontzesio perpausetan baldintza bat txertatzen da, perpaus nagusian adierazten dena galarazteko gai ez den baldintza baita kontzesioa.

Beste zenbait adberbio-perpaus

Moduzko zenbait perpausari ere partikula gehituz nahiz perpaus nagusian aurkaritzako lokailuak erantsiz, kontzesio-balioa hartzen dute perpaus horiek.

  • Gaztea izanda ere, asko daki Patxik.
  • Gaixo dagoelarik, lanera joan da halere.
  • Gaurko adibideak:
    • Xanti-k orretan Txomin-eri eramango zion, beste edozertan au aña ez izanda ere. (Donostia, Anabitarte)
    • Zer ote zuan? Ura ta Jose, ara beste goibela, jai arratsaldietan, amonaren etxean arkitzen ziranean, beti zeukan mutillak, ain zuzen ta ixilla izanda ere, ardangelakoakgatik zerbait esan bearra, ta beti entzuten zion Paulatxok gogoz ta arretaz. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Adibide klasikoak:
    • Hizkuntza edozein izanda ere, lekuak ondo bereizita daude aurreko testuetan. (Hitza azti, Arranz I.)
    • Neska ez zegoen behar beste zaildua, eta hori agerian uzteko ez zen estualdi hartan jarri behar, hamaika aldiz eskatuta ere. (Bizia lo, Muñoz, J.)

Beste zenbait molde

Ohikoez gain, kontzesio-balioa duten hainbat egitura berezi daude, esapideak, esaterako. Sistematikoak ez direlako edo gramatika askotan kontzesiozko egituratzat hartu ez direlako jasotzen dira besteetatik bereiz.

Beste zenbait esapide
ez delakoan ere
bait-
eta
-ela(rik)
-elako

EGUNA LUZATZEN HASIEgitura zurrun samarra du ez delakoan ere esapideak: batetik, ezin delako baiezko moldean eman; eta bestetik, izan aditza baino onartzen ez duelako. Pertsonari eta denborari dagokienez ere, hirugarren pertsona eta indikatiboko orainaldia baino ez ditu onartzen. Ez dirudien arren esan nahi du.

  • Ez delakoan ere, luzatzen hasi dira egunak.
  • *Badelakoan ere, ez dira luzatzen hasi egunak.
  • *Uste ez dugulakoan ere, luzatzen hasi dira egunak.

Bait- menderagailuaz eraikitako nor ere bait- kontzesio-egitura beste atal batean jaso dugu, baina bait- menderagailuak huts-hutsean kontzesio-balioa duen aztertuko dugu orain. Laffitek, esaterako, kontzesiozko proposizio gisa jasotzen du bere gramatikan. Villasantek, ordea, hainbat balio duen menderagailua dela uste du (kausa, erlatibozkoa, osagarria, modua), eta testuinguruaren arabera kontzesioa adieraz dezakeen arren, erlazio atzizki soila dela. Literatura oso gutxitan erabili da, gramatika askotan ez da jaso eta gainera, hala ere aurkaritza lokailua erantsi ohi zaio kontzesio-balioa azpimarratzeko. Hori guztia dela bide, zalantzazkoa da bait- partikularen kontzesio-balioa.

  • Hain nekatuta baitzegoen, gogotsu aritu zen dantzan.
  • Hain ilun baitzegoen, hala ere etxerako bidea aurkitu genuen.

Eta juntagailuaren kontzesio-balioa ere zalantzazkoa da. Adibideotakoak perpaus elkartuak dira, ez menpekoak, baina adieran eta juntagailuak kutsu berezia ematen die: kausa-ondorioa, ordena, aurkaritza…

  • Pobrea da, eta dirua barra-barra xahutzen du. (kontzesio adiera)
  • Pobrea da, eta dirua aurrezten ari da. (kausa-ondorio adiera)
  • Lanaldia amaitu du, eta lagunekin atera da. (denbora adiera)

-ela(rik) menderagailu soila ere erabiltzen da zenbaitetan kontzesioa adierazteko, baina ere lokailuak edo beste aurkaritza lokailu batek laguntzea da ohikoena.

  • Nekatuta nagoelarik, parrandara joango naiz.

Azkenik, -elako menderagailuak ere har dezake kontzesio-balioa, zenbait testuingurutan. Perpasu nagusiko aditza ezezko forman joan ohi da kontzesio-balioa adierazterakoan, baiezkoan erabiltzen denean kausa-balioa hartzen baitu perpausak.

  • Luzeegia delako baztertuko dugu artikulua. (kausa)
  • Luzeegia delako ez dugu artikulua baztertuko. (kontzesioa)

Glosategia

  • Apodosi: Baldintza perpausetan, mendeko proposizioaren (protasiaren) ondoren dagoen proposizio nagusia da. Baldintzan edo protasian adierazitakoaren ondorioa edo emaitza adierazten du.
    • Eguraldi ona egiten badu, [mendira joango gara].
  • Protasi: Baldintza perpausetan, proposizio nagusiaren (apodosiaren) menpe dagoen proposizioa da, eskuarki haren aurrean joan ohi dena. Protasian eman ohi da baldintzaren suposizioa edo hipotesia eta ba- partikula eraman ohi du.
    • [Eguraldi ona egiten badu], mendira joango gara.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kontzesio perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3