Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:9:1

Adizki jokatuekin

Dakigun moduan, kontzesio perpausak, mendeko perpaus gehienak bezala, adizki jokatuekin nahiz adizki jokatugabeekin eratzen ahal dira:

  • Nahiz gaixorik dagoen aspalditik, azken aldiotan kalera atera dela ikusi dugu
  • nahiz gaixorik egon, azken aldiotan kalera atera dela ikusi dugu

Hemen, adizki jokatuekin eratzen diren egitura nagusiak aztertuko ditugu lehenik, eta beste atal batean, honen parean dagoen atalean hain zuzen ere, adizki jokatugabeekin osatutako formak ikusten ahalko dira. Forma guztiak utziko ditugu agerian, banan-banan, lehenik eskema orokor bat eginez.

Egitura motak

Segidan ageri den lauki honetan biltzen ditugu kontzesio perpausetan ikusten ahal diren menderagailu eta postposizio nahiz aditzondo nagusiak. Horiek ez dira, ikusiko denez, berdin ageri euskalki guztietan, eta batzuk besteak baino hedatuago baldin badira, zenbait kasutan euskalki jakin batzuetara bakarrik mugatuak daude.

nahiz arren -gatik Baina enklitikoa -ela(rik) (Baldin) ba-…ere galdetzailea+ere+bait-/-en Banakaritza egiturak Perpaus erlatibodunak edo-galdetzailea / galdetzailea-nahi + -ela/-en + (ere)
nahiz…-en -en arren -enagatik -ela nor ere bait-/-en dela A, dela B
nahiz…-ela -elarik arren-tuagatik -elarik zein ere bait-/-en izan dadin A, izan dadin B
nahiz…ba-(ere) -tu arren -ela ere subjuntiboa A, subjuntiboa B
nahiz…b- -elarik ere dela A, nahiz (eta/edo) dela B
nahi bada…-en/-ela edo A -ela, edo B -ela
nahiz eta…-tu
nahiz…-ela/-en, nahiz…-ela/-en

nahiz, lokailudunak

Nahi izan aditzaren hainbat aldaera gramatikalizatu erabili izan dira literaturan: nahiz eta, nahiz ta, nahiz da, nahi ta eta nahi bada. Hegoaldeko euskalkietan eta juntagailudunak erabiltzen dira batez ere, baita -z instrumental markarik gabe ere. Nahi bada moldea, berriz, zubereraz eta erronkarieraz erabili da tradizioan, aditzean -en eta -ela menderagailuak erantsita. Osagaien ordenari dagokionez, nahiz lokailua mendeko kontzesio perpausaren aurrean joan ohi da. Adizki jokatudun egiturak ekialdean mendebaldean baino sarriago erabiltzen dira. Aditz jokatudun egitura hauetan -en menderagailua da ohikoena, eta aditz jokatugabekoekin ez bezala, eta ez da erabiltzen. Hauek dira nahiz lokailuaz eta adizki jokatuekin sor daitezkeen kontzesio egiturak.

  • nahiz… aditz jokatua + menderagailua (-en, -ela, ba-, b- aginterazkoa)
  • nahiz… 0 (aditzaren eta menderagailuaren elipsia)
  • Jo eta su ari da ikasten, nahiz zaila duen azterketa gainditzea. (aditz jokatua + -en) ZAIL IKUSTEN DUTE AZTERKETA?, Arizkungo eskola da hori
  • Gazteek ez diote garrantzia handirik eman, nahiz egin dutela txikizioa kalean. (aditz jokatua + -ela)
  • Nahiz eta gustatzen zaiola esan badu, ez dut uste egia denik. (aditz jokatua + ba-)
  • Gu ez gara joango, nahiz Mikel betor. (aditz jokatua + b- aginterazkoa)
  • Gizon jatorra zen, nahiz biziki alferra. (izan aditzaren elipsia)
  • Funtsak erakusten du beti ongiak gaizkiarekin deraman gudua, nahiz azkenean, Jainkoa lagun, onak irabazle ateratzen diren. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
  • Ingelesez ere gertatzen da /n/ SUDURKARIAREN ondoren behintzat, nahiz eta hiztunak ez diren “konturatzen”. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
  • Eta, hartarakotzat, memoriaren ur uherretan murgildu naiz, zeren memoriaren urak kasik beti baitira uherrak, nahiz eta ezin gardenagotzat ditugun maiz. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

nahiz…-en moldea da erabiliena, iparraldean zein hegoaldean. nahiz…-ela, berriz, adizki trinkoekin eta subjuntibokoekin aurki daiteke autore zenbaiten lanetan, baina ez lehen moldea bezainbat. Azken bi moldeak egun ez dira ia erabiltzen, eta tradizioan ere oso adibide gutxi daude. Zenbaitetan aditza ezkutatu egiten da nahiz lokailua daramaten kontzesio-egituretan, bertsolaritzan batez ere. Halakoetan, nahiz lokailuak ematen dio perpausari kontzesio-balioa.

  • Nahiz oinez motela, bizikletan azkarra zen Mikel.
  • Nahiz beti borrokan, Aitor eta Jon lagun onak dira.
  • Euskara hobea dute pastoral handiusek baino, nahiz arruntagoa. (Euskal Literaturaz, Laffite)
  • Nahiz guk behar baino ahulagoak, erroak emaiten ziozkan halere San Martinetako bitoriari, eta Eliza-Phestak egin ziren beraz Senperen: pilota partida ederretarat, elizarat lehiatu zen jendea. (Piarres II, Barbier)
  • Makila soil bat eskutan zetozenak ez baitziren urri, zorigaitzez, nahiz gogotsu den-denak eta borrokarako prest. (Putzu, "Txillardegi")

Bestalde, nahiz lokailua daramaten kontzesio-egituretan oso ohikoa da kontzesio-gailuak pilatzea, aurkaritza lokailu bat gehituz perpaus nagusian, kontzesio-perpausaren aurkaritza-balioa indartzeko.

  • Nahiz eguraldia ilundu duen, hala ere, joango gara mendira.
  • Nahiz irakasleak ezetz esan zien arren, ikasleek gelara sartu zuten txakurra.
  • Eta nahiz etzitzaion iduritzen, bazohakola holako ohore baten izatea, hala ere onhetsi zuen Jainkoak egiten zion galdea. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • Eta nola hatsa baitzuen oraino, bihotzeko su hartan jaiki zen; eta nahiz odola zurrutaka zihoakioen, eta sakhi gaitzez bethea zen arren, oldarrean iragan zuen ostea; 46. (Biblia, Duvoisin)
  • Eta nahiz etzitzaion iduritzen, bazohakola holako ohore baten izatea, hala ere onhetsi zuen Jainkoak egiten zion galdea. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • Aitak sekulako disgustua zuen, Montserekin hautsi nuelako, eta amak ere bai, nik uste, nahiz eta hura gero eta isilago egoten zen, bizitzan egon arren ez balego bezala, gero eta ausenteago. (Odolean neraman, Irigoien, J. M.)

Kontzesio-balioa duten banakaritza egiturak ere sor daitezke nahiz lokailua errepikatuz eta -ela menderagailua uztartuz. Zehazki Banakaritza egituren atalean jasoko badira ere, hauek dira nahiz lokailuaz sor daitezkeen egitura distributiboak:

Egitura Adibidea
nahiz…-ela A, nahiz…-ela B + perpaus nagusia Nahiz negarrez zaudela, nahiz barrez zaudela, beti zaude eder.
nahiz (dela) A eta B + perpaus nagusia Nahiz dela orain eta gero, zurekin egon nahi dut.
nahiz (dela) A edo B -ela + perpaus nagusia Nahiz dela lehenagotik etorri dela edo bestea berandutu dela, elkarri itxaron behar zioten.
nahiz (dela) A (eta) berdin (orobat, igual) B + perpaus nagusia Edozer irakurtzen du Mikelek, nahiz dela liburua berdin komikia.
nahiz den A nahiz (den) B + perpaus nagusia Nahiz den gau nahiz egun bihar iritsiko gara etxera.
nahiz…-en A nahiz -en B + perpaus nagusia Nahiz esan duen nahiz esan ez duen, ezer txarrik ez du egin.
nahiz B- nahiz B + perpaus nagusia Nahiz dantzan aritu bedi nahiz hizketan, denak daude beti hari so.

Adibide gehiago:

Azkenik, nahiz lokailuak bestelako balioak ere izan ditzake, helburuzkoa, esaterako, hartzen duen aditz formaren arabera. Perpausaren osagaien ordena ere ezberdina da batean eta bestean. Iparraldean ez da oso ohikoa nahiz-dun kontzesio perpausetan aditz partizipioa erabiltzea, bai, ordea, helburuzkoetan. Subjuntiboko aditzak ere helburuzkoetan erabiltzen dira, ez kontzesiozkoetan (-ela-dunak bai, baina -en subjuntiboak ez horrenbeste). Azkenik, aditz partizipioaren ostean askotan ageri ohi da nahiz helburuzkoa, inoiz ez kontzesiozkoa. Horrez gainera, nahiz gramatikalizatuago dago kontzesiozko erabileran helburuzkoan baino. Azpiko bi adibideotan nahiz lokailuak balio erabat ezberdina du: lehen adibidean kontzesio-balioa duen arren, bigarrenean nahirik, nahi izan balioa du nahiz lokailuak, helburuzkoa, alegia.

  • Nahiz hark esandakoa entzun ez, irakasleak hizketan jarraitu zuen. (entzun ez arren)IRAKASLEAK HIZKETAN SEGITU ZUEN
  • Hark esandakoa ez nahiz entzun, kantuka jarraitu zuen irakasleak. (ez entzun nahirik)

Azkenik, nahiz lokailuak ordena ezberdina eskatzen du ezezko kontzesio eta helburu perpausetan:

  • nahiz ez entzun… (kontzesioa)
  • ez entzun nahiz… (helburuzkoa)

arren, postposiziodunak

arren postposizioa berdin erabiltzen da euskalki guztietan (hala ere, zenbaitetan h-rekin eman izan da), ez du beste aldaerarik. Ordenari dagokionez, kontzesio perpausaren bukaeran edo tartean kokatzen da. Hauek dira postposizio honekin sor daitezkeen adizki jokatudun egiturak:

  • aditz jokatua + -en + arren
  • aditz jokatua + -elarik + arren
  • Txikia zaren arren, berdin-berdin izan zaitezke saskibaloi jokalaria.
  • Irakaslearen aurrean ongi irakurtzea garrantzitsua delarik arren, garrantzitsuena saiatzea da.
  • Humiltasuna hain berthute nezesarioa delarik arren, hartaz estimu guti egin duzu. (Guristinoqui bicitceco, Baratciart)
  • Garbi ageri den arren, hain gare tontoak non bethi huts bera egiten baitugu. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Isilik geratu zen arren, Graxik ez zuen xehatsunik aski: bildotsa bezala haurrak munduratzen baldin baziren, emaztearen kasuan, pixa egiten zuen lekutik jazartzen zirela argi zen. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
  • Gorputzak, errurik ez duen arren, ordaindu behar izaten dituen izpirituaren miseria txikiak dira. (Lisboako setioaren historia, Saramago, J. / Alonso, J.)

-en menderagailudun moldea orokorra da. Bestalde, bizkaieraz, sarri erabiltzen da arren postposizioa aditzik gabeko perpausetan, kontzesio adieratik urrunduta, eta izenei eta izenondoei atxikita: pozarren, Jainkoarren…. Aditza ezabatuta, ez + arren egitura ere nahiko ohikoa da. Hegoaldeko erabileretan, arren postposizioari ere lokailua gehitzen zaio batzuetan, indarra emateko, baina molde hau adizki jokatugabeekin erabiltzen da batez ere. Horrez gain, ordea, bestelako aurkaritza-lokailuak (hala ere, ordea…) ere gehi dakizkioke perpaus nagusian.

  • Polita ez arren, liraina eta jatorra da Jone. (izan aditza ezabatu da)MUSIKA IKASTEN SAIATU DEN ARREN, EZ DU GAINDITU AZTERKETA
  • Zuek han ez arren, Mirenek lagundu zion amari. (izan aditza ezabatu da)
  • Baña, zuek ez arren, izan eban gizajeak nok adarra jo. (Ipuin-barreka, Bilbao)
  • Aize burrukalariak arren, urre-ametsetan agonan orrek. (Mireio, "Orixe")
  • Idazlana oso ona den arren, hala ere, gerta liteke epaimahaiari idazkera ez gustatzea.
  • Saiatu den arren ikasten, ez du, ordea, azterketa gainditu.
  • Kreatura ez deus eta dohakabe bat baizen ez naizen arren, halere, Jainko handia, ausartatzen naiz zu nere aita deitzerat. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J.P.)
  • Alaz-guzi-arren ere Jainkozko Hitz aragitu hau, edo, (orobat dana) Jesu-Kristo Jainko egiazkoa, ta gizon egiazkoa Persona bakar bat da. (Cristau doctriñ berri ecarlea, Ubillos)

Azkenik, bestelako balioak ere har ditzake arren postposizioa daraman mendeko perpausak, helburuzkoa, esaterako. Halakoetan, litekeena da arren helburuzkoa mendeko perpausaren hasieran ez ezik, aditzaren ondoren ere agertzea.

  • -en + arren (kontzesioa)
  • arren eta + aditz subjuntiboa (helburua)
  • Joango zela esan zuen arren, gero ez zen azaldu. (kontzesioa)
  • Han eta hemen zabalduko dugu berria, bailara osoan jakin dezaten arren. (helburua)
  • Egiozu ofrenda zure bihotzaz, arren iar dadin haren gainean iaun, iabe eta nausi. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Gure salbatzailleak utzi dio bere Elizari Penitenziazko eta Konfesioneko sakramendua, arren hartan garbi gaitezin gure bekhatu guziez. (Philotea, Pouvreau, S.)

Helburu-balioa duten perpausetan, arren postposizioa mendeko perpausaren hasieran joan ohi da normalean, baina goiko adibidean ikusi dugunez, posible da aditzaren ondoren ematea ere.

-gatik, postposiziodunak

-gatik postposizioarekin kontzesio perpausak sortzeko, adizki jokatugabea erabiltzen da batez ere, eta adizki jokatuarekin (aditz jokatua + -en) oso adibide gutxi daude kontzesio adierarekin. -enagatik bukaera duten adizkiak badira, baina motibatibo marka duten perpaus erlatibo bururik gabeak dira.

  • Gaztea naizenagatik, zahartzaroan pentsatzeak ikaratu egiten nau. (kontzesioa)
  • Egin zuenagatik eskerrak eman zizkion irakasleak Aitorri. (motibatiboa)
  • Zeren oraiño, zahar naizenagatik, bizi naiteke gehiago ere. (Guero, Axular)

baina, enklitikodunak

Lehenago ere esan dugu menderakuntzaz nahiz juntaduraz eman daitekeela aurkaritza-erlazioa. Hain zuzen ere, aurkaritza juntaduratik dator kontzesio-egituretako bat, baina enklitikoa duena, alegia.

  • Triste dagoen arren, kalera atera da. (menderakuntza)TRISTE DAGO, BAINA IRTENGO DA
  • Triste dago, baina kalera atera da. (juntadura)
  • Triste dago-baina, kalera atera da. (juntadura)
  • Kalera atera da, triste dago baina. (juntadura)

Bigarren adibidean, baina juntagailuak etena zuen aurretik; hirugarren adibidean, ordea, aurreko osagaiari lotu zaio, aditzari alegia. Horrenbestez, “dago-baina” osagai prosodiko bakarra da, etenik gabekoa eta segidan ahoskatu beharrekoa. Baina juntagailuaren enklitizazioa gertatu da. Molde hori gipuzkeraz nahiz bizkaieraz erabiltzen da. Hainbat aldaera ditu geografia eremuaren arabera: baina, baiña, baña, baia, baie, baiño, baño, etab.

Perpausean hartzen duen ordenari dagokionez, normalean aditz jokatuaren ondoren joan ohi da baina enklitikoa, horregatik esaten dute halako egituretan juntagailua baino gehiago menderagailua dela. Hain zuzen ere, horregatik aipatzen da gramatiketan gainerako menderagailuekin batera, kontzesio-balioa beste hainbat menderagailuk bezala ematen duelako baina enklitikoak. Ordenari dagokionez ere, gainerako mendeko perpausak bezala baina enklitikoa duten perpausen osagaien ordena aldagarria da oso: perpaus nagusiaren ondoren, aurretik eta perpaus nagusian tartekatuta ager daiteke baina. Halakorik ezin da egin perpaus elkartuetan, eta are gutxiago mendeko perpaus hauetan bezala adiera aldatu gabe.

  • Asko ikasi duzun arren, ez duzu azterketa gaindituko.
  • Nahiz asko ikasi duzun, ez duzu azterketa gaindituko.
  • Asko ikasi duzu baina, ez duzu azterketa gaindituko.
  • Zergatik ez dakit baina, Aitor negarrez joan da amarengana.
  • Aitor negarrez joan da amarengana, ez dakit zergatik baina.
  • Aitor, ez dakit zergatik baina, negarrez joan da amarengana.
  • Dana jadetsi eben, kosta yaken baña. (Gure urretxindorra, Enbeita, K.)
  • Lau bat karrera egin zituen baina, noski, ez zen anaia gazteena bezain trebea: nahiz eta egunero lanera bizikletan joatea karreretan parte hartzea adinako entrenamendu izan. (Lurtarra da begiratua, Etxabe X.)
  • Atzo ihes egin omen zuen baina, gaur arte ez dute zabaldu. (Elurretan hotsak, Sastre, P.)

Baina ez da menderagailu betea hala ere. Menderagailuak beti doaz aditzari lotuta, eta gutxitan izan arren, tarteka beste osagai batzuk tartekatzen dira aditzaren eta bainaren artean. Horrez gainera, mendeko perpaus hutsetan ez bezala, baina enklitikoa duten perpausetan adizki alokutiboak sarri ageri ohi dira.

  • Mikel ez zen eskolako azkarrena baina, lagun ona eta zintzoa zen.
  • Orduan eneukean diru askorik, gaur be asko gehiagorik ez zeukaat baina.

Azkenik, atzizki bihurtzeko prozesuarekin batera, baina lokailu bihurtzeko prozesua ere sumatzen da zenbait erabileratan.

  • Atea itxita edukitzea nahi du berak, baina.
  • Egi kaxkar auek esan nai nituan iñon, erderaz, baña. (Itz-lauz, Aguirre, J. M.)
  • Herratuak ere bai, ordea, gauean atera eta norabait joatea hitzartu baitute, nora joango diren ez baina. (Uda betiko balitz, Mendiguren Elizegi, X.)

-ela(rik), menderagailudunak

-ela eta -elarik menderagailuen erabilerak bilduko dira hemen. Baita ere lokailudunak ere: -ela ere eta -elarik ere. Izan ere, testuinguru zenbaitetan -ela eta -elarik forma hutsek kontzesio-balioa dute, baina oro har, askoz ere arruntagoa da menderagailu horri ere lokailua eranstea. Horren erakusgarri da, kontzesio-balioa emateko oso adibide klasiko gutxi daudela menderagailuak huts-hutsean hartuta. Bestetik, kontzesio-balioa indartzeko, aurkaritza lokailuak hartzen dituzte askotan, baita egitura erlatibodunak, banakaritza, izenordain zehaztugabeak, eta bestelakoak ere. Horrekin batera noski, ere lokailua eranstea da kontzesio-balioa emateko baliabide ohikoena.

  • Indartsuak zaretela, laguntza behar duzue aulki hori jasotzeko.NESKA EDER ETA PRESTUAK DIRA
  • Euskal izena duelarik, erdaldun hutsa da Martin.
  • Oso hiztuna ez delarik, hala ere, hitz egiten duenean kosta egiten zaio isiltzea. (aurkaritza lokailuarekin)
  • Zauden lekuan zaudela, beti izango zaitut gogoan. (egitura erlatiboarekin)
  • Nonahi zarela eta noranahi zoazela, beti izango zara etxekoa. (banakaritza egiturarekin)
  • Amaia ez zen inoiz aurkezle izan. Hori, neska eder eta prestua zela. (izenordain zehaztugabearekin)
  • Oso atsegina izan zelarik ere, sexu saio hura ez zen izan Bioletak eskaini zidan alderdirik pozgarriena. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Norbaitek, edozein zela ere, ez zuen dantza asko egiteko betarik hartuko aurrerantzean. (Ordaina zor nizun, Urteaga J.M.)

Hala ere, gerta liteke -elarik ere duten zenbait perpausak kontzesioa ez den beste balioren bat izatea: denbora, modua, etab.

  • Guk nahi ez genuela ere, lan egitera behartzen gintuzten garai hartan. (modua)
  • Txikiagoa zela ere, asko jaten zuen Maddik.

Aldaeretan, -ela-duna mendebaldekoa da, -elarik-duna, berriz, mendebaldean erabiltzen da. Ildo beretik, mendebaldean -ela ere baino gehiago erabiltzen da adizki jokatugabeko moldea, -tuta ere, alegia.

baldin ba-... ere

Arestian esan dugunez, baldintza perpausen protasiari ere lokailua gehituz kontzesio perpausak sor daitezke. Hala ere, baldintza perpaus oro ezin da kontzesio perpaus bilakatu ere hartuta, eta ildo beretik, galdegai ez diren baldintza perpausak, hots, mintzagai direnak, soilik bilakatu ahal izango dira kontzesiozko. Halakoak ohikoagoak dira aditz jokatuarekin jokatugabearekin baino. Halako perpausetan, baldintzan esaten denari aurka eginez, protasitik ondorioztatzen denaren kontrakoa adieraziko du perpaus nagusiak.

  • Mila bider eskatzen badidazu ere, ez dizut joaten utziko.
  • Negarrez etortzen bada ere, ez diogu jaramonik egingo.
  • Berdin izugarria, edo areago, osorik itzaltzen ez bagara ere baldin bi iratxo bezala egotekoak bagara betikotasunean, elkarrengandik betiko berezirik edo, sordeis, gehiago ez jakinik elkarren berri. (Haur besoetakoa, Mirande)
  • Baldin aitzinetik, eritu baiño lehen, bekhatua utzten baduzu, intenzione ona hartzen baduzu, eta ahalez zeure leheneko falten erremediatzen hari zarela, zeure azken eritasunak atrapatzen bazaitu, iakizu ezen orduan, munduko bekhatorerik handiena izan bazara ere, salbatzeko bidean zarela, eta salbatzeko esperantza handi bat ahal dukezula. (Guero, Axular)
  • Labur bada ere, eta aurrerago azalduko diren arazo eta auziei begira sarrera komenigarria delakoan, hona ekonomia alorrean erabiltzen diren tresna eta helburuei buruzko gogoeta ttipia. (Txanponaren bi aldeak, Heras I.)
  • Kantuan oso onak ez bagara ere, kantuan egiten dugu maiz bidea. (Agur, Euzkadi, Zabala, J. L.)

Baldintza oinarri duten kontzesio perpausetan erredundantzia ere ematen da, kontzesio-balioa indartzeko: nahiz…ba-…ere egitura da horren erakusgarri. Horrez gain, ere lokailuaz osaturiko ba-…ere egitura klixe bihurtu da, erabilera finkoa hartu baitu. Baldintza perpausetan erabiltzen den baldin lokailua ere erabil daiteke kontzesio perpaus hauetan, hainbat hurrenkeratan gainera. Azkenik, badira ere lokailurik gabe kontzesioa adierazten duten ba-dun perpausak ere.

  • Nahiz zuk hori esan baduzu ere, hark ez dizu kasurik egingo. HAU DA JONEK ERAKUTSIKO DUEN ETXEA. HOR BIZI DA
  • Gutxi badare, saiatu egiten.
  • Baldin Jonek erakutsiko balu ere bere etxea, nik ez nuke nirea erakutsiko.
  • Berak ez badu nahi ere, egin egingo du azkenean.
  • Gaixo badago, ez zaio antzematen.
  • Andra Josepa eta Inazio edo Don Inazio; zergatik uste dut Don esan litzakiola emen inguruetako aberatsenari, berak nai ez baldin badu ere. (Patxiko Txerren, Apaolaza)
  • Orain berriz, gure mende nazkagarriotan bat bakarrik ez dago seguru, nahiz-eta Kretakoaren antzeko bide-mataza berri batek itxita gordeko balu ere; izan ere, harainoxe, zirrikituetatik edo airetik sartzen baitzaie maite-minaren gaitza, ezinegon madarikatuaren kezketan; eta han erauzten ditu hankaz gora, beren xintxo-Iotsa eta guzti. (On Kixote Mantxako, Cervantes de M. / Ezkiaga, P.)
  • Errepublika horren nondik-norakoa ez frogatzeaz gainera, hura izan zenik ere ezingo luke frogatu; eta, nahiz eta Honorioren garaitik Klodoveoreneraino segitzen badu ere, nahiz eta berak denboraldi hartako gertaera guztiak antze miresgarriz eman, hura ez da inondik ere ageri autoreen obretan. (Legeen espirituaz II,Montesquieu / Iñurrieta I.)
  • Euskal idazleak, gezurra iduri baldin badu ere, euskaraz jakin behar du lehenik. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)

Ildo horretan, azkenaldian gero eta sarriago erabiltzen dira juntadurazko kontzesio perpausak aurkaritza adierazteko. Hala ere, inolako tradiziorik ez duela ikusita, zenbaitek ez dute ontzat ematen erabilera hori, aurkaritza lokailuen aldeko hautua egin dute.

  • Mikelek pilota partida galdu badu ere, Haimarrek irabazi egin du.

Azkenik, badira kontzesio adiera baino gehiago baldintzazkoa duten ba-…ere egiturak ere.

  • Etxea txukundu behar dut, inor badator ere.
  • Onera norbait badator ere, gela pixka bat txukundu bearko det. (Ramuntxo, Altzaga, T.)
  • Eta bertzenaz, leiho oihalaren azpian behar naiz jarri, argitasunik ikus ez dezaten, eta hotsik den mendrena aditzetik beretik gauza guztiak ohean gorde ahal izan ditzadan, nehor baletor ere. (Harreman arriskutsuak,Choderlos de L. / Muñoz, J.)

Banakaritza egiturak

Euskaraz askotariko banakaritza egiturak daude kontzesio-balioa emateko, errepikatzen den elementuaren arabera eta erabiltzen den juntagailuaren arabera. Guztietan orobatasun adiera ematen da, indiferentziazkoa, alegia, berdin zaigu bata zein bestea, aditz nagusian aipatzen dena gauzatuko da. Hauek dira adizki jokatuarekin sor daitezkeen kontzesio baliodun banakaritza egiturak:

  • dela A dela B + perpaus nagusia
  • izan dadin A, (juntagailua) izan dadin B + perpaus nagusia
  • subjuntiboa A, (juntagailua) subjuntiboa B + perpaus nagusia
  • dela A, nahiz (eta, edo) dela B + perpaus nagusia
  • edo A-ela, edo B-ela + perpaus nagusia
  • dela euria dela eguzkia, joan egingo gara.
  • izan dadin uda, izan dadin negua, Donostia beti da eder.
  • korrika egin dezan ala salto egin dezan, Mikel beti dago mugimenduan.
  • dela horia nahiz dela berdea, bietako bat erosiko dut.
  • edo hau gaizki dagoela, edo bestea osatu behar dela, gure irakaslea beti da kexu.
  • Orgatik dela on edo dela gaisto administrazalea, beti igoal da bataioaren birtutea, ezpaitago ministroen kalidadearen menean, baizik Kristoren disposizioan; ta ala San Pedrok bataia dezan, edo San Pablok, edo Judasek, beti daike erran Kristo dela bataiazen duena, hic est qui baptizat, San Agustinek diones, zerengatik Kristo da graziaren obrazalea sakramentu garren medios. (Sermoiak,Lizarraga)
  • Baina ez zen hori izan nire onetik atera ninduena, badakigu-eta kontsulak beti istiluak sortzen dituela gauza bat dela edo bestea dela. (Hobe nuen etxean gelditu, Horace McCoy / Rey, F.)

nor ere bait-/-en, zein ere bait-/-en

HAUR HONEK EZ DU EZKUTATU NAHIEgitura honek korrelaziozko perpaus erlatiboen antza du. Perpaus erlatibo horietan aditzak bait- menderagailua darama eta izenordainaren eta erakuslearen artean gertatzen da korrelazioa. Testuinguruaren arabera, kontzesio-balioa izan dezake izenordainak eta ondorioz, halako perpausek kontzesio-balioa hartzen dute.

  • Non ere ezkutatzen baita haurra, beti aurkitzen dute gurasoek.

Perpaus horrek bi adiera izan ditzake: batetik, erlatibozkoa, ezkutatzen den lekuan ezkutatzen dela, gurasoek beti aurkitzen dute; bestetik, kontzesiozkoa, ezkutatzen bada ere, gurasoek beti aurkitzen dute. Hala ere, atal honetan aztergai diren kontzesio-perpausetan korrelazioa ez da izenordainaren eta perpaus nagusiko erakusle anaforikoaren artean gertatzen, ez delako halako erakuslerik. -en eta bait- menderagailuak ageri ohi dira, baita ere lokailu indargarria ere.

  • Zein ere aberastasun handia duen, horrek ez du zoriontsu egingo.
  • Eta azken finean, non ere Frantziako Auzitegiak finkatua zinatekeen lekuan lasai utziko baitzintu, garaipenen lekua aldatzea baizik ez litzateke zuretzat. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
  • Nor ere ahalegintzen baita, bere afektu hutsaren eraginez, besteek maita dezaten hark maite duena eta haren jitearen arabera bizi daitezen, hura oldar hutsez ari da eta, horregatik higuingarria da, batez ere beste gauza batzuk gustuko dituztenentzat eta, horren berarengatik lehiatzen ere direnentzat eta, oldar berez […] (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)

datorrena datorrela

Axolagabetasuna adierazten dute perpaus hauek, edozer dela ere, perpaus nagusian mendekoan adierazitakoaren aurkakoa gertatuko dela, alegia. Egitura hau izan ohi dute halako perpausek: Perpaus erlatiboa + aditza + -en + (erlatiboaren burua) + hondarkia + aditza + -ela. Ildo horretan, kontuan hartu behar da perpaus erlatiboko aditzak eta -ela atzizkia daraman aditzak berbera izan behar dute: aditz erro, denbora, pertsona eta aspektu berbera izan behar dute.

  • Zauden lekuan zaudela, aurkituko zaitugu.
  • Ikasleek esaten dutena esaten dutela ere, irakasleak bereari eutsiko dio.
  • Datorrena datorrela, zuek segi lanean.
  • *Datorrena zetorrela, zuek segi lanean.
  • Osterantzean, datorrena datorrela, geldi egongo naiz; baukat nora yoan. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Datorrena datorrela, ez naiz New York-etik aterako. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
  • Dementor horiek, dauden lekuan daudela, zoriontasuna zurrupatzen dute. (Harry Potter eta sorgin harria, Rowling J.K / Mendiguren Elizegi, X.)

Erabileran lexikalizatutako hainbat egitura ere badira: dena dela, dena den… Adizkirik gabe izenak errepikatzen dituen perpausak ere badira: iritziak iritzi, usteak uste, esanak esan… Hauxe da egitura horien egitura: izena + mugatzailea + izena + - (mugagabea)

nahi + -ela / -en + ere

NOIZNAHI ZATOZELARIKAurreko moldeko perpausek bezala axolagabetasun balioa dute edo eta nahi osagaien bidez sortutako izenordain zehaztugabeez (edozer, edonor, zernahi, nonahi, etab.) osatzen diren kontzesio egiturek. -en, -ela eta -elarik menderagailuak har ditzakete honelako perpausen aditzek, subjuntiboan nahiz indikatiboan. Horrez gain, ere lokailua ere ageri da zenbaitetan, baina ez beti. Mendeko perpausean esaten dena gorabehera, oztopoa izan arren, perpaus nagusian adierazten den ekintza bete egingo da. Lau multzo nagusitan bil daitezke atal honetako kontzesio perpausak:

  • -ela menderagailua duten indikatibozko aditzak
  • -elarik menderagailudunak
  • -en menderagailudunak
  • -en eta -ela menderagailuak dituzten subjuntiboko aditzak
    • Goiz nahiz arratsalde, noiznahi zatozelarik, zabalik izango dugu bihar egoitza.
    • Atzerrian edo nonahi zarela ere, beti izango zaitugu gogoan.
    • Zernahi ere den, aurre egin behar zaio datorrenari.
    • Bizitzak noranahi eramaten gaituela ere, elkarrekin egotea da garrantzitsuena.
    • Entzun, nornahi zarela ere. (Ulises,Homero/ Igerabide, J. K.)
    • Etor liteke eguna, nik bezala, noranahi zoazela ere argazki-mordo bat eskura eraman beharko duzuna, baina… - barretxo bat egin zuen bere buruaz pozik - oraindik ez dut uste horraino iritsi zarenik. (Harry Potter eta sekretuen ganbera, Rowling J.K / Mendiguren Elizegi, X.)

Aurreko atalean esan dugunez, honelako zenbait forma lexikalizatu eta aurkaritzako lokailu bihurtu dira: nolanahi ere (den), edozein modutan (delarik ere), etab.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatuekin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3