Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:9:2:1

"nahiz" lokailudunak

nahiz lokailua duten adizki jokatugabeko kontzesio perpausetan -tu partizipioa erabiltzea da ohikoena. Nagusiki mendebaldean erabiltzen dira egitura horiek, baina ekialdean ere badira zenbait adibide. Hauek dira nahiz lokailuaz sor daitezkeen kontzesio egiturak:

  • nahiz eta… aditz jokatugabea (partizipioa, aditz erroa, aditz izena + -n)
    • Nahiz eta ausarta izan, Jonek ez zuen zubitik jauzi egin. (partizipioa)
    • Nahiz gal, jolastuko dugu partida. (aditz erroa)
    • Nahiz amak etortzea debekatu zion, ihes egin zuen etxetik. (aditz izena + -n)
  • Adibide klasikoak:
    • Itsas erdirantz urteten den nasa handi bat egin dabe, eta hantxe ederto egon ohi dira ontziak barruko aldetik, nahiz eta eguraldi txarra egin. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
    • Zortzi urtez bere ahal guziak egin zituen, nahiz eta orduko jakintsunetarik eta erresuma guzietako buruzagietarik zerbeit ardietsi beren xede handiaren betetzeko. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, Jean)
  • Gaurko adibideak:
    • Iruditzen zitzaion hizkuntza hartako hitz ugari ezagun zituela, nahiz eta ahoskera Eskualdean baino aberats eta enfatikoagoa izan. (Eraztunen Jauna III, Tolkien J.R.R. / Agustin Otsoa)
    • Eta hainbeste ekin nuen, azkenean, nahiz eta pistolari bezala isilgailua ipini, Dabidek egiaz tiro egin baitzidan “Bai, gezurra esan dizut. (Jeans-ak hozkailuan, Zubizarreta, P.)

nahiz lokailua perpausaren hasieran joan ohi da, atzetik eta juntagailua duela. Hala ere, adizki jokatugabearekin, mendeko perpausa ezezkoa denean bi hurrenkera erabiltzen dira:ahizpak dira

  • nahiz eta... + ez + aditz partizipioa:
    • Ahizpak dira, nahiz eta aurpegiz elkarren antzik ez eduki.
  • nahiz eta… + aditz partizipioa + ez:
    • Ahizpak dira, nahiz eta aurpegiz elkarren antzik eduki ez.

Perpaus hasieran doala, nahiz lokailuak kontzesio balioa ematen dio perpausari eta aditzari lotuta joan behar ez duenez, gerta liteke elipsia ematea.

  • Nahiz pobrea, zoriontsu zen Jon.

Bestalde, nahiz lokailua daramaten kontzesio-egituretan oso ohikoa da kontzesio-gailuak pilatzea, aurkaritza lokailu bat gehituz perpaus nagusian, kontzesio perpausaren aurkaritza-balioa indartzeko.

  • Nahiz eta eguraldia ilundu, hala ere, joango gara mendira.
  • Nahiz eta irakasleak ezetz esan arren, ikasleek gelara sartu zuten txakurra.
  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Azkonaren indar latzak, hezur eta kirioak zulatzean eta urratzean, nahiz eta bizia ez apurtu, hala ere, zorabioa eta lurreratze leuna daragi eta lurrean bertan adimenaren asaldura eta inoiz halako zutitu nahi lanbroa. (Gauzen izaeraz, Lukrezio /Amuriza, X.)

Horri lotuta, bada kontzesio baliorik ez duen nahiz eta…-tu molde bat ere, hain zuzen ere, modu balioa duena. nahizik formarekin ere badira halakoak, nahi izan aditzaren jatorrizko esanahian.

  • Ez zion ezer esan, ez nahiz eta haserrarazi.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, ""nahiz" lokailudunak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3