Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:9:2:5

"ere" lokailua duten moldeak

Bi egitura nagusi ikusiko ditugu hemen:

  • -tuta ere/-turik ere
  • -tuz gero ere

-tuta ere/-turik ere

Aditz partizipioan oinarrituta, badira ere lokailua nahi eta nahi ez behar duten kontzesio egiturak: -tuta ere eta -turik ere egiturek, esaterako. Lehenengoa mendebaldean da ohikoa; bigarrena, berriz, ekialdean erabiltzen da sarriago. Zenbaitetan, ordea, modu, denbora nahiz baldintza kutsua hartzen dute halako perpausek.

  • Zuek guztiok bat eginda ere, ezingo gaituzue garaitu.
  • Kolorea aldaturik ere, ez zait auto hori gustatzen.
  • Adibide klasikoak:
    • Nai zuena eginda ere etzuen uste iñork ezer esan bear zionik, eta are gitxiago eragozterik. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)
    • Ixillik esanda ere, beltzak konturatu ta erritan eman zioten biek gidariari nik tutik ez nekian izkeran. (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte)
    • Gaitzik gerta dakizunean, har etzatzu haren kontrako erremedio ahalezkoak eta Iainkoarenm arauerakoak, zeren bertzela egitea, lizate haren maiestate sainduaren tentatzea, bainan hori eginik ere, osoki iarten zarela Iainkoaren borondatearen azpian, zaude begira zer plazer duen erremedioek egin dezaten. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Gaurko adibideak:
  • Saiatuta ere ezin eztula eragotzi. (Auzoak, Urrutikoetxea, U.)
  • Jeep hartatik salto eginda ere, eta ez nuen hori egiteko inolako asmorik, edo ihes eginda ere, nahiz uharte batean ihes egitea alferrik izan, nik ez nuen okerrik egin. (Ispiluen gainean lotan, Jordi Sierra i Fabra / Muñoz, J.)
  • […] bat, baita kendu ere, zeren, egia izanik ere ez zaiola bere duintasunaren mailakoa iruditzen fruitua arbolatik noiz jausiko zain gelditzea, ez baitu uste, ezta ere, astazakilen moduan egindako erasoak ezertarako balioko duenik, ez eta ateak botatzeko erresuma osoko ahari guztiak talka egitera ekarririk ere. (Lisboako setioaren historia, Saramago, J. / Alonso, J.)

Molde horiek ezezkoan emateko, hainbat egitura daude.

-tuta ere Adibidea -turik ere Adibidea
ez…-tuta ere Auto hori beste hori bezain ona ez izanda ere, guretzat nahikoa da. ez…-turik ere Mikel ez etorririk ere, Amaiak etorriko zela esan zuen.
-tu ezta ere Ikerren gurasoak euskaldunak izan ezta ere, semeak euskaraz hazi dituzte.-tu ezik ere Nik esandakoa ulertu ezik ere, ontzat eman zuten entzule guztiek.
-tu gabe ere Galdetu gabe ere, badakit zenbat ikasi duen zuetako bakoitzak. -tu gabe ere Zehazki zertarako zen jakin gabe ere, izena eman zuen deialdian.

-tuz gero ere

Baldintzazko -tuz gero egiturari ere lokailua erantsita, -tuz gero + ere kontzesio moldea sortzen da. Hainbat aldaera ditu forma horrek: -tu ezkero ere, -tu ezketiño be, etab. Zenbait testuingurutan, egitura hauek denbora kutsua dute kontzesiozkoa baino gehiago, eta horregatik seguru asko, ez dira oso forma erabiliak kontzesio-balioa emateko.

  • Ahal izanez gero ere, ez nintzateke zurekin joango. (kontzesioa)
  • Ezkonduz gero ere, Mikelek parrandazale amorratua izaten jarraitzen du. (denbora)
  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Orain, ordea, hau gertatzen da: zuhurtasun honen oinarria sakonagoa dela, hots, nahi izanez gero ere ezingo genituela definitu, baizik sentimenaren baldintza guztiak alde batera uzten baldin badira, haiek erabilera enpiriko ahalgarrirako ezaugarritzen dituzten baldintzak, hain zuzen, eta oro har gauzen adigaitzat hartzen baditugu, orduan beraietan ezin direla judizioetako funtzio logikoak gauzen ahalgarritasunaren baldintzak balira bezala baino kontsideratu, baina inolaz […] (Arrazoimen hutsaren kritika, Kant / Ibon Uribarri)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, ""ere" lokailua duten moldeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3