Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:1

Juntagailuak eta menderagailuak

Gramatikak ez dizkio Diskurtso markatzaileak (testu mailan) bakarrik eskaintzen hiztunari eguneroko jardueran, juntagailuak eta menderagailuak (perpausaren mailan) ere eskura ditu. Denen eginkizuna da testuari lotura ematea, baina zeinek bere mailan: diskurtsoan edo testuan, eta perpaus elkarketan. Ez dezagun ahaztu elkarketaren ondorioa ere perpausa dela.

Perpausen arteko mugak

Diskurtso markatzaileek solas mailako (perpausaren mugen gainetik) lotura ezartzen dute. Markatzaile horiei esker perpausak elkarren artean “josiak” ageri dira, baina perpausek zein bere eskuko segitzen dute, beregain, alegia:

  • Eri da. Beraz, ez da lanera joanen.

Bi perpaus beregain dira hor, ez bat bakarra. Hizkera doinuak erakutsiko digu hori jardunean, edo puntuak, idazteko orduan. Adibidean berehala ikusten da perpaus bakoitza non hasten den eta non bukatu, baina gramatikak ez du hori beti hain modu errazean erakusten, eta batzuetan, nahiko ilun gelditzen dira perpausen mugak. Beste batzuetan ez, jakina:

  • P[P[erotu dela] aditu dut]
  • P[P[Ikusi duzun] -a Bilbon bizi da]

Baina juntaduraz ari garela, edo alborakuntzaz, perpausen mugak lausoagoak dira, ez baita aise bereizten perpausak diskurtso mailan edo perpaus mailan dauden lotuta. Ikus dezagun adibide hau:

  • Testua, proposatutako gaiarekin zerikusi handirik ez izateaz gain, trinkoegia da bestalde entzutera emateko, baina ezin esan esan aspergarria denik. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Perpaus elkartua dugu hor, baina arazorik gabe eman daiteke hori beste modu honetara ere:

  • Testua, proposatutako gaiarekin zerikusi handirik ez izateaz gain, trinkoegia da bestalde entzutera emateko. Baina ezin esan esan aspergarria denik.

Orain lotura ez da perpaus mailakoa, baizik testu mailakoa: beregainak dira perpaus horiek, eta baina horrek lotzen ditu diskurtsoan.

Perpaus motak

Bi perpaus mota ditugu euskaraz: bakunak eta elkartuak. Perpaus baten osagaiak kontuan izanik, han barnean beste perpausik ez bada, perpaus bakuna dela esango dugu. Aldiz, perpaus baten osagaien artean beste perpausen bat baldin bada, orduan perpausa elkartua dela esango dugu. Elkartuak, noski, mota askotakoak dira, nolakoa den barneko perpaus horren lotura gainerako osagaiekin.

Ildo horretan, Mikel berandu etorri da, edo arratsaldean euria egingo du perpausak elkartuak dira. Aldiz, Ainarari entzun diogu Mikel berandu etorriko dela, edo Arratsaldean euria egingo du baina mendira joango naiz, edo Atzo ikusi nuen filma ez nuen batere gustuko izan, perpaus elkartuak dira. Perpaus mailan, egitura hau dute perpaus horiek:

  • P[Mikel berandu etorri da]
  • P[Arratsaldean euria egingo du]
  • P[Ainarari entzun diogu P1[Mikel berandu etorriko da] mendg[-la]]]
  • P[P1[Arratsaldean euria egingo du] junt[baina] P2[mendira joango naiz]]

Azkenekoetan bakarrik ikusten da perpaus bat beste baten barnean dagoela. Horrelakoek osatzen dituzte perpaus elkartuak. Lehenbiziko biak, ordea, bakunak dira.

Perpausen arteko loturak

Esan bezala, loturak egiteko erabiltzen diren hitz batzuk testu mailakoak dira, diskurtso mailakoak, eta perpausetik kanpokoko loturak egiten dituzte. Diskurtso markatzaileak deitu ditugu. Beste hitz edo morfema batzuek, ordea, perpausen arteko loturak egiten dituzte. Perpausak bakunak izan daitezke, edo elkartuak, ondoko adibide hauetan ikusten den moduan:

  • Peruk pilota galdu du mendian
  • Peruk pilota galdu mendian eta biziki haserretu da
  • Peruk esan digu pilota galdu duela mendian

Adibide horietan, lehenbizikoa perpaus bakuna da, eta beste biak elkartuak dira, esan nahi baita, lehenbizikoan perpaus bat bakarrik izanik, bigarrena eta hirugarrena perpaus batek baino gehiagok osatzen ditu (kasu honetan bi perpaus bakarrik, baina gehiago ere izan daitezke). Perpaus horien arteko loturak egiteko ez ditugu erabiltzen lokailuak, baizik juntagailuak eta menderagailuak. Egitura horiek honela isla ditzakegu:

  • [ Peruk pilota galdu du mendian ]
  • [ [ Peruk pilota galdu mendian ] eta [ biziki haserretu da ] ]
  • [ Peruk esan digu [ pilota galdu duela mendian] ]

Perpaus bakunak ez du lotura hitzik (ez bada testu mailakoa, baina ez da hori kasua: ez du perpaus gramatika mailako loturarik). Perpaus elkartuetan badira, adibide hauetan, bi motako loturak: juntagailua ikus daiteke bigarren adibidean (eta da juntagailu hori), eta menderagailua, hirugarren adibidean (-elako da menderagailu hori). Perpaus elkartuak bi motakoak izan baitaitezke: juntaduraz sortuak, eta txertaketaz sortuak. Lehenbiziko kasuan juntagailuak sintaktikoki parean dauden bi perpaus elkartzen ditu: [ Peruk pilota galdu du mendian ] batetik, eta [biziki haserretu da] bestetik, parean daude sintaxi mailan. Elkarketa egiteko, aldiz, txertatze bidea aukeratzen baldin bada, menderagailuak erabiltzen dira euskaraz: bistan da hirugarren adibideko bi perpaus horiek ez daudela parean sintaktikoki, [pilota galdu duela mendian] perpausa bestearen azpian baita: zer esan du Peruk? Eta [pilota galdu duela mendian] perpausak, zer horren tokia betetzen du: hori esan du, esango bagenu bezala. Juntadura juntagailuen bidez egiten da, baina batzuetan alborakuntza hutsa ere izan daiteke, lotura hizkirik gabekoa alegia:

  • Peru etxera etorri da, logelara igo da, liburuak hartu ditu, eta telebista ikusten jarri da

Perpaus elkartu konplexu horretan, hasierako perpausen artean ez da lotura hizkirik. Hori azkenekoan bakarrik ageri da (eta, hain zuzen ere). Lehenbiziko hiru perpausek ([ Peru etxera etorri da ], [ logelara igo da ], [ liburuak hartu ditu ]) ez dute inolako lotura hizkirik, baina bistan da perpaus bat osatzen dutela denen artean. Kasu honetan, juntadura alborakuntzaz egin da. Beraz, honela antolatzen ditugu funtsean perpausak, duten konplexutasunaren arabera:

PERPAUS MOTAK, konplexutasuna dela eta
perpaus bakunak perpaus elkartuak
juntadura menderakuntza
juntagailuaz alborakuntzaz menderagailuz
eta… -en, -ela…
Jon etorri da Jon etorri da eta logelan sartu da Jon etorri da, badakizu Jon etorri dela esan dute

Errekurtsibitatea gramatikan

Kategoriek kategoria bereko osagaiak har ditzakete barnean: izen baten barruan beste izen bat egon daiteke, adibidez:

  • [[etxeko] pareta]

Errekurtsibitatea da hori, eta gramatikaren ezaugarri nagusia da. Hizkuntza naturalen gramatikak duen baliabide hau dela eta, elementu mugatuak erabiliz teorian azkenik ez duten unitate berriak sor daitezke:

  • [[[etxeko] paretaren] atea]

Muga ez du gramatikak jartzen, baizik gure burmuinak hizkuntza datuak prozesatzeko dituen mugak:

  • [gure [herriko [mendiko [etxeko [bordako [paretaren [teilatupeko [atearen [gainaldeko [kolorearen [ñabarduraren [kalitatatearen [nolakotasuna]]]]]]]]]]]]]…

Gramatika aldetik zuzena da segida hori, baina burmuinak ez daki azkenean zeri buruz ari garen.

Izen sintagma luzea da hori, eta izen sintagma horren barnean badira izen sintagma gehiago, bata bestearen barruan. Ikusten denez, oso egitura konplexua du horrek, marra horiekin jarri duguna baino konplexuagoa, nahiz orain eman nahi den azalpen honetarako aski den horrekin. Esan dezagun azkenekora iritsi arte, izen sintagma bat baduela beti bere gainean, beste izen sintagma bat hura biltzen duena.

Eta perpausekin ere berdin gertatzen da:

  • [Entzun dugu [norbaitek bi gei bi bost direla [idatzi duela [ esan dutela]]]].

Perpausa da unitaterik handiena, gramatikaren ikuspuntutik.

Nola egin gramatika unitateak luzeago eta konplexuago

Bi adibide hauetan errekurtsibitateaz baliatzen da hizkuntzaren gramatika:

  • Peruk atea ireki zuen eta etxean sartu zen.
  • Peruk ikusi zuen ezin zela etxean sartu.

Zergatik diogu errekurtsibitateaz baliatu dela gramatika? Adibide horiek egitura hau dute:

  • P[P[Peruk atea ireki zuen] eta P[etxean sartu zen]]
  • P[Peruk ikusi zuen P[ezin zela etxean sartu]]

Adibide horietan ikusten da perpaus batek beste perpaus bat (edo gehiago) biltzen dituela azpian. Perpaus elkartuak dira horiek: lehenbiziko kasuan juntadura dugu, eta menderakuntza bigarrenean. Horiek dira, perpaus mailan, errekurtsibitateaz baliatzeko bide nagusiak. Bada, hala ere, hirugarren bide bat ere:

  • Peru ez da etorri, gaixorik dago.

Horrelakoak arruntak dira euskaraz. Jakina, horren ordez Peru ez da etorri, gaixorik dagoelako ere erabil dezakegu. Adibidean bi perpaus daude, bata bestearen ondoan. Elkarketa mota horri alborakuntza esaten zaio:

  • P[P[Peru ez da etorri], P[gaixorik dago]]

Beraz, alborakuntza da errekurtsibitatearen hirugarren bidea. Sarritan ez dakigu, ordea, alborakuntzaz osatutako perpaus hori perpaus bakarra den, edo loturarik gabe bi perpauseko diskurtsotzat hartu behar den. Idazten dugunean bakarrik gelditzen da argi. Puntu batek tartean erakutsiko luke ez dutela bi perpaus horiek beste perpaus “handiagorik” osatzen.

Alborakuntza juntadura mota bat da berez. Maila bereko bi perpaus, edo gehiago, bata besteari maila berean erantsita sortzen da alborakuntza, eta beste motako juntaduren pare-parekoa da:

  • Niri garagardoa gustatzen zait, zuri ardoa.
  • Niri garagardoa gustatzen zait eta zuri ardoa.
  • Ni Athletic zalea naiz, zu Osasuna zalea.
  • Ni Athletic zalea naiz, zu Osasuna zalea.
  • Egon hemen, hamar minututan etorriko da arduraduna.
  • Egon hemen, eta hamar minututan etorriko da arduraduna.

Kontura gaitezen alborakuntza eta menderakuntza desberdinak direla:

  • Egon hemen, eta hamar minutuan etorriko duk arduraduna.
  • Egon hemen, hamar minutuan etorriko baita/*baituk arduraduna.

Esan dezagun, hortaz, alborakuntza juntadura mota bat dela, juntagailurik gabe egina.

Perpausen eskema nagusia

Beraz, perpaus motak hauek ditugu:

  • Perpaus bakuna
  • Perpaus elkartua
    • Juntadura
      • Juntagailuaz baliaturik: P —> P1 juntg P2
      • Alborakuntzaz osatua: P —> P1 P2
    • Menderakuntza: P —> P1 [[… P2] mendg]

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Juntagailuak eta menderagailuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3