Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:2

Juntadura eta menderakuntza

Mendeko perpausek Matriuska errusiar panpinen antzeko egitura dute Juntagailu bidez maila bereko perpausak (edo perpaus atalak) elkartzen ditugunean sortzen da juntadura. Menderakuntzan, ordea, elkartzen ditugun perpausak ez dira maila berekoak. Hori horrela, Jonek telefono deia hartu du eta argi indarra joan da perpaus elkartua osatzen duten bi perpausak maila berekoak dira. Aldiz, Jonek telefonoa hartu duenean argi indarra joan da esaten badugu, perpausak ez dira maila berekoak, nolabait esateko, bat bestearen azpian baitago. Formalki, adibide horretan, -nean menderagailuak erakusten du hori.

Juntadura

Juntaduran parean ageri dira perpausak. Baina horrek ez du esan nahi edozein hurrenkeratan jar ditzakegunik, hori eginez gero perpaus elkartuaren esanahaia aldatzen baita:

  • Baso bat ur hartu zuen eta gaixotu zen.
  • Gaixotu zen eta baso bat ur hartu zuen.

Bi perpaus horiek ez dira berdinak, esanahiari dagokionez. Kasu horretan juntagailuak denbora sekuentzia islatzen duela dirudi: lehenik gauza bat gertatzen da, eta gero bestea.

Menderakuntzan ez dago horrelakorik:

  • Baso bat ur hartu zuenean gaixotu zen.
  • Gaixotu zen baso bat ur hartu zuenean.

Bi perpaus horiek berdinak dira esanahiari dagokionez. Berdin gertatzen da beste hauekin ere:

  • Gaixotu zenean baso bat ur hartu zuen.
  • Baso bat ur hartu zuen gaixotu zenean.

Esanahiari dagokionez ez dago hor aldaketarik. Mendeko perpausek badute askatasuna perpaus nagusiaren barnean, gutxienez perpaus nagusi hori osatzen duten gainerako osagaiek duten neurrikoa:

  • Peruk atzo etorriko zela esan zuen.
  • Atzo etorriko zela esan zuen Peruk.
  • Etorriko zela esan zuen Peruk atzo.
  • Esan zuen Peruk atzo etorriko zela.

Noski, perpaus horietan kontuan hartu behar da doinua, batzuetan anbiguoa gerta baitaiteke perpausa: perpausa nola ebakitzen dugun, atzo hori perpaus nagusikoa izan daiteke (atzo esan zuen) edo mendekoa (atzo etorriko zela). Baina horrelakoak beti gertatzen dira, perpausen osagaiak lekuz aldatzen ditugunean. Fenomeno horrek ez du zerikusirik mendeko perpausen izaerarekin. Hurrenkeraren aldaketak gainerako perpaus lokabeetan egon daitezkeen debeku berak ditu hemen ere, perpausen mailan.

Ikusi hori ez dela gertatzen juntaduran:

  • Auto hori garestia da, baina erosiko dut.
  • Erosiko dut, baina auto hori garestia da.

Bi perpaus horiek aski desberdinak dira, esanahia aldatu egin da batetik bestera.

Juntagailuak

Juntadura perpausak osatzeko hainbat juntagailu dauzkagu, eta bakoitzak berezitasun propioak ditu, nahiz badiren ezaugarri batzuk denetan ageri direnak. Hori horrela, arruntean toki jakin batean ageri dira beti, elkartzen dituzten perpausen artean:

  • Zu Iruñera joango zara edo hemen geldituko zara?
  • Etxetik atera da eta berehala hartu du busa.
  • Txikia da, baina oso ona saskibaloian.

Azken juntagailu horren kasuan, batzuetan atzean ere ageri da:

  • Goiz etorri da, ez dio inork ere eskertu baina.

Beste juntagailu bat, baizik, joera handia dago beti azkenera eramateko:

  • Ez da egia hori, gezurra baizik.

Beste juntagailu batek, baino-k, alegia, beti hartzen du azken toki hori, juntagailu funtzioa duenean (ez konparazio egituretako balioa):

  • Ez da egia hori, gezurra baino.

Juntagailuek eta menderagailuek propietate sintaktiko desberdinak dituzte: juntagailuek alokutiboa onartzen dute, baina menderagailuek ez:

  • Lurrean erori duk, eta min hartu dik.
  • Min hartu dik, lurrera erori delako /*dualako.

Menderakuntza

Menderakuntza adierazteko, atzizki (gehienetan) edo aurrizki (gutxitan) batzuk erabiltzen ditugu. Menderakuntza marka ezagunena –n da, baina batzuetan, arau fonologiko batzuk direla eta, marka hori erori egiten da beste –n baten aurrean edo –la aurrean gertatzen bada. Morfemen lotura dela eta, tartean -e- ere ager daiteke:

  • Galdetu du [nor etorri da] + n –> Galdetu du nor etorri den.
  • Galdetu zuen [nor etorri zen] + n –> Galdetu zuen nor etorri zen.
  • Entzun dugu[norbait etorri da] + la –> Entzun dugu norbait etorri dela.
  • Berant etortzen ba + da, ez da sartuko –> Berant etortzen bada ez da sartuko.
  • Ez da sartu [berandu etorri bait + da] –> Ez da sartu berandu etorri baita.

Hor ageri dira menderagailu nagusiak: -en, ela (-elako, -elarik), ba-, bait- eta abar. Guztiak aditzari itsatsita erabiltzen ditugu. Aditz izena (-tze, -tzen, -tzera…) ere erabiltzen dugu mendeko perpausetan.

Juntadura, arlo desberdinetan

Juntadura ez da perpaus mailan bakarrik gertatzen. Perpaus atalen artean ere gerta daiteke juntadura:

  • [Mikel eta Jone] etorriko dira.
  • [Goizez eta arratsaldez] egiten du lan.
  • [zapatak eta alkondara] erosi ditu.
  • [Londres edo Paris] bisitatuko du.
  • [Lehenik autoa hartu du eta gero oinez egin du azken zatia].
  • [Ezkonduko dela eta gero alde egingo duela] esan du.

Juntadura, adibideetan ikusten denez, maila bereko unitateetan (izen sintagma, adjektiboa, perpausa…) gertatzen da. Ildo horretan, juntaduraz sortutako unitate berriak elkartutako unitateen izaera bera du: bi izen sintagma elkartzen baditugu beste izen sintagma bat sortzen da, bi perpausen elkarketen emaitza perpausa da, eta abar.

Hizki gabeko juntadura

Partikularik erabili gabe sortutako juntadurari esaten zaio Alborakuntza, hau da, perpausak elkarren alboan jartzeari:

  • Itsu dago, ez du ezer ere ikusten.
  • Pilotari ona da, gehienetan irabazten du.
  • Gaur ez da etorri, ez da ongi egongo.

Izenekin ere gerta daiteke alborakuntza, oso arrunta da hori:

  • Mutikoak, neskak, gazteak, adinekoak eta umeak ere ikusi ditugu jai horietan.

Batzuetan, neska-mutilak, zeru-lurrak… eta antzekoetan alborakuntzaz baliatzen gara izen elkartuak sortzeko ere.

Banakaritza eta alborakuntza

Hala ere, bada alborakuntza mota bat aurrekotik bereizten dena, banakaritza esaten dioguna. Horrelakoetan, hitz edo partikula bat errepikatuz osatzen dugu alborakuntza. Partikula hori arruntean adberbioa da (batzuetan aditza ere bai) eta, maiz, perpausaren beste parteak isilduz sintagmak banatzen ditu:

  • Gustatzen zitzaion hura Aita Conmeeri, bai bidea, bai izena. (Ulises, Joyce, J. / Olarra, X.)
  • Bai, irrati-entzule maiteak, aditu duzuen bezala: Armen Plazako Burdinazko Etxea Eiffel frantziar sortzaile ausart eta arras ospetsuaren lana da, erran nahi baita lehen mailako monumentu historiko bat, bai gure herrian bai munduko edozein tokitan. (Pantaleon eta bisitariak, Mario Vargas Llosa / Santi Leone)
  • Orain sukalde, orain egongela, orain logela zen etxeko gela bakarrean familia dena elkartuta, eskutik eskura joaten ziren platerak, erdi hutsik ia beti. (Ez tiro egin anbulantziei, Mikel Ayllon)
  • Denboran ere ez dira posible ez marra zuzenak ez esferen biribiltasun perfektua. (Ehiztariaren isilaldia, Luis Garde)
  • Dela asaldura, dela amorrua, dela ezustearen haginkada. (Larremotzetik, Hasier Larretxea)
  • Seme-alabek zerbait dakite, zerbait asmatzen dute; haurtzaroko jolaslekuan zenbait hitz eta keinu geratu dira lurperaturik; direla aipamenak, direla gainulertuak. (Ehiztariaren isilaldia, Luis Garde)
  • Egia da lanerako denbora kentzen duela, kenduko duela ziurrenik (Intemperies (babes bila), Oñederra, L.)
  • Baina kolonialistek inposatu zigutelako, gure izate eta ohiduren aurkako zangopilatze eta bortxaketatzat hartu genuen senegaldarrok, denak errotik sinestunak baikara, izan musulman izan giristino, izan animista. (Biribilgune, Katixa Dolhare-Zaldunbide)

Horrelako egituretan, zenbait kasutan, juntagailua ere ageri da:

  • Bada, Erratzu izan dadin, edo izan dadin Errazu, kontu horretatik atera dut nik gure etxearen izena, 'tzu' horrekin ahoskatzen dudan gisan, pentsatzekoa baita 'tzu'/'zu' hori berdin gertatzen dela Erratzurekin eta Erratzurizekin, eta “Erratxuriz” erraten bagenion, eta erraten badiote orain ere herrian, pentsatzekoa da horren arrazoia izenaren erabilera hipokoristikoarekin lotua izanen dela. (Errateko nituenak, Salaburu, P.)
  • Buruzagi batek, politikoa izan dadin edo militarra izan dadin, bere muga horiezaz hara egin nahi badu, hau da, buruzagi batek buruzagiarena egin nahi badu, buruzagitza galdu egiten du. (Batzarra, gure gobernua, Sastre, P.)
  • Funtsean, aukeratu beharra dago: “edo neurtu, edo ez neurtu”. (Arrazoia ez dago edukitzerik, Segurola, I.)

Euskararen ezaugarria da zenbait ingurunetan gauzak errepikatzea:

  • Ttiki-ttikia zen.
  • Oso-oso apal mintzatu zen.
  • Ozta-ozta egin zuen.

Bada, alborakuntza mota horietan ere errepikapenaz baliatzen gara, ikusten denez.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Juntadura eta menderakuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3