Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:3

Solas mailako loturak

Mendian solasaldi ederrak izaten ditugu lagun arteanOrain arte ikusi ditugun adibide horiek guztiak perpaus mailakoak dira: perpausak juntatzen ditugu, dela alborakuntzaz, dela juntagailu edo dela menderagailu bidez. Baina, betiere, perpausak dira. Baina solasean ari garelarik, perpaus asko kateatzen ditugu elkarrekin, eta ez dira denak elkartuak, lotura beste maila batekoa da: solas mailakoa. Baina perpausak, gramatika aldetik beregainak izanik ere, batzuetan perpaus horiek nolabait ere diskurtsoan josteko sistema batzuk behar izaten ditugu.

Diskurtso markatzaileak

Perpausak diskurtsoan josteko elementu horiei “Diskurtso Markatzaile” (DM) esango diegu. Hala ere, beste izen batzuk ere proposatu izan badira ere: “Testu markatzaile” edo “testu antolatzaile”, esaterako. Nolakoak diren, halako marka semantikoa ezartzen diote diskurtsoari eta loturaren izaera agerian uzten dute:

  • Mikel gaixorik da, eta ez da etorriko. Dena dela, ez zuen interesik agertzeko ere.
  • Atzo egun ederra zen. Ez ginen, ordea, atera.
  • Jonek hori erran du. Eta, gainera, haserre.
  • Ez duzu arrazoirik batere. Beraz, hobe duzu isilik egotea.

Hala ere, DM horiek perpaus elkartuetan ere ager daitezke, juntagailu baten ondoan askotan. Kategoriari dagokionez, hitz horiek berez adberbioak izan daitezke, edo lokuzioak edo beste mota bateko hitzak, baina azkenean diskurtso markatzaileen funtzioa dute. Adibidez, dena dela, zernahi gisaz, berriz eta hala ere (edo halere) diskurtso markatzaileak (DM) dira, baina izatez, kategoriari dagokionez, adberbioak (hala ere, lokuzio adberbiala) dira. Eta hori gertatzen da gehienekin.

Gramatika baino urrunago

Gramatikako beste kategoriak ez bezala, “diskurtso markatzaile” izendatu ditugun elementu hauek gramatika baino urrunago doan diskurtsoaren eremuari dagozkio. Gramatikan aztertzen diren kategoriak honelakoak izan daitezke:

  • lexikoak:
    • izena: etxe
    • adjektiboa: eder
    • aditza: ikus
  • funtzionalak (kategoria txikiak ere esaten zaie zenbaitetan):
    • determinatzailea: -a, hori…
    • inflexioa: -tzen, -tu(ko), l-, -ke
    • postposizioak: -tik, -ra…
    • konplementatzaileak: -n, -la…
    • juntagailuak: eta, edo…

Inuitak siberiarrak dira jatorriz Horiek guztiak perpausaren barnekoak dira, perpausak markatzen baititu, perpausaren lehengaia denez, nolabait esateko, gramatikaren mugak:

  • Peru lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa hartu zuen.

Hiztunak hitz horien esanahia zein den baldin badaki, eta hitz horiek duten zentzuaz zuzen jabetzen bada, arazorik gabe eta modu egokian kodifikatuko du perpausean ageri den informazioa. Hitzak (etxe, lasterka, atera, geltoki, joan…) gure eguneroko esperientzia eta kulturarekin daude lotuta: horrela, etxea ez da gauza bera euskaldun batentzat, inuit batentzat edo Afrikako basamortuan bizi den norbaitentzat, batzuek eta besteek oso esperientzia ezberdinak dituztelako munduaz. Hemen berean, gure inguruan, etxea ez da gauza bera baserritar batentzat edo hiriko kale batean bizi den norbaitentzat.

Perpausa da beregaina den osagai sintaktikorik txikiena eta enuntziatu bat osatzen du, hau da, hitzen bitartez adierazten du predikaturen bat duen proposizio logiko baten, eskaera baten, agindu baten… edukia. Perpausa aztertzea da gramatikaren zeregina. Gramatikak, hortaz, Peru lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa hartu zuen eta horren gisako perpausak aztertzen ditu. Horrelako perpausak, labur esanda, hiztegi batekin eta osagaien arteko loturak agintzen dituzten gramatika arauez baliaturik interpreta daitezke bere osotasunean. Hizkuntza ez dute gramatika arauek bakarrik osatzen, hizkuntzaren bereizgarri nagusia gramatika bada ere.

Informazioa perpausetik kanpo

Ikus dezagun orain beste perpaus hau:

  • Peru, hala ere, lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa bederen hartu zuen.

denak lasterka autobusa hartzeraAurreko perpaus bera da, baina bi osagai (hiru hitz) azpimarratu ditugu testuan: hala ere, batetik, eta bederen, bestetik. Hitz horiek badute berezitasun bat gainerakoekin erkaturik: ingurune horretan zer esanahi duten jakin nahi badugu, perpaus horretatik kanpo, beste perpausen batean dagoen informazioa hartu behar dugu kontuan, bestela ezin dira interpretatu.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du hala ere esapidearen esanahia:

  • “Aurreko perpausetik espero denaren aurkakoa gertatzen dela adierazteko erabiltzen den esapidea”.

Beraz, definizio hori egokia bada -ez baita ezinbestekoa zehatz-mehatz “aurrekoa” izatea perpausa, askotan ez da hala, baina aurretik dagoena bai- hiztunak perpaus horretatik kanpo begiratu behar du hala ere (eta berdin gertatzen da bederenekin) esapidea biltzen duen perpausaren esanahiaz zuzen jabetzeko. Ez da hori gertatzen, ordea, perpauseko beste hitzekin.

Koka dezagun testu hori ingurune zabalago batean:

  • Ez zen ohartu aurreko gauean iratzargailua jarri behar zuela, Toledoko autobusa garaiz hartzekotan. Esnatu zelarik ohartu zen gaizki ibiliko zela, dagoeneko berandu zela, eta bidaiak huts egingo ziola baldin berehala beste konponbideren bat aurkitzen ez bazuen. Tentatua egon zen ohean gelditzekotan. Peru, hala ere, lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa bederen hartu zuen.

Orain bai: orain uler daiteke zuzen perpausa. Nahiz berandu esnatu, Peruk etxetik ateratzea deliberatzen du, eta hola Madrilaino gutxienez iritsiko dela segurtatu. Handik errazago egingo zaio Toledora joatea. Gure jardueran, hitz batzuen esanahia perpausa baino zabalagoa den inguruneak bakarrik argitzen du. Diskurtsoak berak argitzen du perpaus horretan markatuta dauden hitz horien esanahia. Holako hitzak erabiltzen ditugu perpausak eta pasarteak elkarren artean lotzeko edo erlazionatzeko. EGLU-IIIk lokailu esan zien holako hitzei.

Lokailuek ez dute kategoriarik osatzen

EGLU-III liburukiaren sarrerak hauxe dakar:

  • “Edukiari dagokionez, liburuki berri honek, lokailu deitu ditugun zer gramatikal batzu ditu aztergai. Ez dakigu asmatu ote dugun izen honekin. Baina hor zehar perpausen artean, testuari lotura ematerakoan perpaus batetik bestera eraman behar izaten den hariari eusten laguntzen diguten hainbat hitz eta esapide berezirentzat lekua bilatu nahi izan dugu geure gramatikan. Hemen aurkituko diren hitzak askotan perpausen arteko zirrikitu horietan kokatuak ikusten ditugu, sarri ez dakigularik zein den garbi beren gramatika kategoria. Hauek dira lokailu izenez bataiatu ditugun elementuak.”

Lokailuek ez dute berez kategoria bat osatzen, gehienetan adberbioak dira, esan bezala. Baina adberbio horiek, batzuetan, perpausaren barnean hartzen dute esanahia, zuzenean:

  • Mikel orduan etorri zen.
  • Mikel berriz itzuli zen unibertsitatera.

edo perpausetik kanpo dagoen ezinbesteko informazioaren arabera interpretatzen ditugu:

  • Orduan, Mikel etxera etorri zen.
  • Jone etxera joan zen. Mikel, berriz, unibertsitatera itzuli zen.

Bigarren kasuan bakarrik betetzen dute lokailuen funtzioa.

Lokailuak eta diskurtso markatzaileak

Testu edo diskurtso mailako zer horiei ez diegu “lokailu” esango, baizik “diskurtso markatzaile”, edo DM, besterik gabe, berehala argituko dugu zergatik.

Testua osatzerakoan, perpausak nolabait elkarrekin lotzen ditugu, bestela ez luke zentzurik izango diskurtsoak. Jostura hori egiteko erabiltzen ditugu diskurtso markatzaileak. Hala ere, diskurtso markatzaileek esanahia dute, eta juntagailuekin gertatzen den gisan, lotura horri esanahia ematen diote:

  • Hator hona, gizona. Bestela, ederki bustiko haiz.
  • Buruko min handia nuen egun hartan. Hala ere, lanera joan behar izan nuen.

Ez dago inolako arazorik hori perpaus lokabeekin emateko:

  • Hator hona, gizona.
    Bestela, ederki bustiko haiz.
  • Buruko min handia nuen egun hartan.
    Hala ere, lanera joan behar izan nuen.

Pareka eman ditugu perpaus horiek, beragainak. Lau perpaus ditugu hor, baina, bikote bakoitzean bada zerbait bi perpaus beregain horiek lotzen dituena: bestela eta hala ere. Eta elementu horrek -horri deitzen diogu diskurtso markatzaile- sortzen du solas mailan bi perpausen artean erlazio mota bat. Eta sortzen duen erlazio horri esker, diskurtso osoa gertatzen da koherente eta testuinguruan ulergarri. Besterik gabe, ezingo genuke jakin hauek esaterakoan zertaz ari garen: Bestela, ederki bustiko haiz edo Hala ere, lanera joan behar izan nuen: Ederki bustiko haiz ulertzea ez da zaila, baina Bestela, ederki bustiko haiz entzunik, ez luke horrek, bere bakardadean, zentzu gehiegi. Gauza bera gertatzen da bestearekin ere: edozeinek uler dezake zer den Lanera joan behar izan nuen. Baina Hala ere, lanera joan behar izan nuen segidak ez luke zentzurik izango aurreko perpausa kontuan izan gabe. Beste hitzetan esateko: diskurtso markatzaile esango diogun partikula horrek segurtatzen du bestela beregainak diren bi perpausen arteko erlazioa.

Diskurtso markatzaileak ez dira bakarrik testu mailan ageri, batzuetan, perpaus elkartuen barnean ere ager daitezke:

  • Ibai bera izan arren, Oronoz Mugairirainoko tarteari Baztan ibaia esaten zaio, eta Doneztebetik aurrera, berriz, Bidasoa ibaia. (Eskaintza ekaitzari, Dolores Redondo / Rey, F.)

Hor, diskurtso markatzailea bi perpausen artean dugu: P1[…] eta P2[… berriz…].

Diskurtso markatzaileak eta perpaus elkartua

Ohart gaitezen, hala ere, bi perpaus elkartzeko, alborakuntzaz ez bada, ezinbestekoa dela juntagailu edo menderagailu bat. Diskurtso markatzailea ez da gai bera bakarrik bi perpaus elkartzeko:

  • Oronoz Mugairirainoko tarteari Baztan ibaia esaten zaio. Donoztebetik aurrera, berriz, Bidasoa ibaia.

Hor ez dago inolako arazorik, baina hor ez ditu berriz DMak bi perpaus lotzen. Lotura diskurtso mailan gertatzen da: perpaus horiek beregainak dira, ez da perpaus zabalago bat osatu, lotura diskurtso mailakoa baita, ez perpaus mailakoa. Aldiz, eta juntagailuak perpausak lotzen ditu, baina emaitza beste perpaus bat da, zabalagoa.

  • Oronoz Mugairirainoko tarteari Baztan ibaia esaten zaio, eta Donoztebetik aurrera, berriz, Bidasoa ibaia.

Adibide horretan lotura ez du berriz DMak ezarri, baizik tartean dagoen eta juntagailuak. Baina juntagailua hor dagoela, aldamenean DM ere ager daiteke, eta oro har, testuinguruaren esanahi osoa zehazteko balio du.

Perpaus lokabeak eta juntagailua

Ikus dezagun orain adibide hau:

  • Eta halaz guztiz ere nahiago zuela paper hori persiar arrunt bat entretenitzeko ahaleginean diharduen edozein Xerezaderena baino. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Horrela hasten du perpausa Saizarbitoria, R.k Martutene liburuan. Galdera hau da: eta juntagailua baldin bada, eta juntagailuak bi perpaus beregain lotzen baditu, eta, gainera, normalean, bi perpausen artean jartzen badugu, zer lotzen du hor hasierako eta horrek?

Ez da salbuespena. Tradizioko idazleen artean eta oraingoen artean ageri dira holakoak:

  • Adibide klasikoak:
    • Eta Jaungoikoak egin zuen Danielek arkitu zezala grazia eta abegi ona txikiratuen agintariaren aurrean, 10. (Biblia III, Uriarte)
    • Eta Jaunak haren eskuetara arthiki zituen Joakin Judako errege eta Jainkoaren etxeko untzietarik pharte; eta Nabukodonosorrek eraman zituen Senaarreko lurrera, bere jainkoaren etxera, eta ezarri zituen bere jainkoaren etxeko khutxategian. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Eta utzten gaitu kontu haren konplitzera, neurriaren bethatzera eta mukurutzera. (Guero, "Axular")
    • Eta naia oro tinkaturik hartara ematen zuen Theresak ere hura ikus zezan bere lotan, era entzun zezan bere ametsetan hark esatera ausartu ez zitzaiona. (Haur besoetakoa, Mirande)
  • Egungo adibideak:
    • Eta hori ez da esan. (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)
    • Eta, horrela, bizitzan zehar liburu honetako orrialdeetan bezalaxe leku eta gauza txiki artean goaz. (Kartografien eta mikrobio narratiboen artean, Iturbide, A.)
    • Eta istilua izan zuten, azkenekoan, etxera autoan itzultzean. (Eserleku hutsa, J.K. Rowling / Estibaliz Lizaso)
    • Eta Lolak printzearen papera egiten bazuen? (Hoben-ordaina, Ian McEwan / Olarra, X.)
    • Eta bederatzietarako ohera. (Nevadako egunak, Atxaga)

Adibide horiek guztiak hasten dira eta batekin, baina juntagailuak ez ditu lotzen hor bi perpaus. Beraz, aurretik izan dezakeen perpausarekin (testuingurua ikusi beharko genuke bakoitzean) ez du unitaterik, hots, perpaus “zabalagorik”, osatzen. Lotura baten seinalea da, zalantza gabe, baina lotura ez da perpausak elkartzea. Ez dago argi hor zer den. Badirudi hor laguntza modura hartu duela idazleak eta, beraz, dirkurtso markatzaile funtzioa duela erabiltzen du. Esan dezagun, hortaz, juntagailua agertzeak bakarrik ez duela inolako juntadurarik ezinbestean adierazten. Holakoetan nola-halako kohesioa ematen zaio testuari, argi utziz, perpausek badutela zerikusi handia haien artean eta zerikusi hori estuagoa dela diskurtso markatzaile edo eta juntagailua ageri denean, hemen bezala.

Esaldien arteko erlazioa eta doinua

Hizkuntzaren jardueran, solasean ari garelarik, prozedura konplexuak jartzen ditugu abian. Sintaxiaren arauak dira prozedura horren parte bat, baina badira askoz gehiago ere. Garrantzi handia du, esaterako, hizkera doinuak berak: Andoni etorri da esaten badugu, adibidez, galdera baten erantzuna izan daiteke (Zer gertatu da da? edo nor etorri da?) edo, zer doinu ematen diogun esaldiari, galdera ere izan daiteke: Andoni etorri da?, edo, nahi izanez gero, harridura perpausa ere bai: Andoni etorri da!. Horrekin esan nahi dugu hizkera jarduera ez dutela sintaxi arauek bakarrik azaltzen, nahiz haiek funtsezkoak izan, ezingo baikenuke bestela elkar ulertu.

Doinuak zehaztuko digu ere non bukatzen ditugun perpausak, edo, hobeki esanik, zein diren perpausen mugak:

  • Hotz egiten du. Andoni ez da etorriko.

Hor bi perpaus beregain ditugu, eta bien artean ez dago inolako loturarik perpaus mailan, hau da, ez dute biek beste perpausik osatzen, eten argia egin baitugu bi perpausen artean. Askotan egiten ditugu holakoak nahita. Aldiz, nolabaiteko azalpena eman nahi badugu, ez litzateke batere arraroa izango eten hori ahulagoa izatea:

  • Hotz egiten du, Andoni ez da etorriko.

Hotza Leioan, Sarriena hauzoan, 2018Kasu horretan perpausak alboratuak dira, eta beste perpaus bat osatzen dute biek. Doinuak zehazten du hori, nahiz askotan ez den batere erraza mugak ongi zehaztea. Idatziz ez dago arazorik: puntua edo koma, zer erabiltzen dugu, horrek argituko du kontua. Ohart gaitezen lotura horiek modu askotara zehatz dizakegula:

  • Hotz egiten du. Eta Andoni ez da etorriko.
  • Hotz egiten du, eta Andoni ez da etorriko.
  • Hotz egiten du, eta Andoni, hortaz, ez da etorriko.

Adibide horiekin guztiekin gauza bera adierazi nahi da: komeni dela zehaztea loturak zer mailatakoak diren, perpaus mailakoak edo diskurtso mailakoak. Diskurtso markatzaileek diskurtso mailako, testu mailako, lotura adierazten dute. Perpaus mailako loturak egiteko, juntagailuak, alborakuntza eta menderagailuak baliatzen ditugu. Juntagailuak eta menderagailuak banaka joaten dira: bi perpaus lotzeko ez dugu bat baino gehiago jarriko (edo/eta hori, aldaera desberdinekin, izan daiteke salbuespena). Baina DMak juntagailuarekin batera ager daitezke:

  • Miren etxera joan zen, eta ez zuen, hala ere, autoa ikusi.

DM bat baino gehiago ere aurki dezakegu:

  • Hala ere, Mirenek behintzat ez zuen autorik ikusi.

Diskurtso markatzaileak eta juntagailuak: antzekotasunak eta desberdintasunak

Sarritan ez da batere erraza izaten DMen eta juntagailuen artean bereiztea, biak erabiltzen baititugu mota bateko edo besteko loturak egiteko. Perpausak juntagailuen bidez egon daitezke juntatuak. Alboratuak ere egon daitezke. DM bat sartuz gero, ñabardura berezi bat eransten dio loturari. Bestetik, anitzetan, gramatiketan nahasi izan dira batzuk eta besteak, denak zaku berean sortuz. Ez hori bakarrik: ez Diskurtso Markatzaileekin ez juntagailuekin zerikusirik ez dituzten hitz batzuk (baizik; bai,ez errepikaturik)ere sartu izan dira zenbaitetan haiekin batera: Patxik baizik ez daki hori, bezalako perpaus batean ageri den baizik hori, adibidez, guztien zaku komunean sartu izan da. Baina holakoak perpaus bakunaren barneko elementuak dira, eta ez diote nahitaezko erreferentziarik egiten ez beste perpaus bati ez diskurtso mailako beste zerbaiti. Adibide zehatz horretan, baizik markagarri bat besterik ez da, itxuraz ezezkoa den perpausari baiezko esanahia ematen diona (Patxik bakarrik daki hori). Baina hori ez da, bistan denez, ez Diskurtso Markatzailea ez juntagailua.

Alde batera utzirik, bada, DM edo juntagailu ez diren hitz horiek, zertan bereizten dira DMak eta juntagailuak elkarren artean?

  1. Aurrean emandako irizpide nagusia nahiko argia da. Eta hori da lehenbizikoa: lokailuek testu mailako loturen berri ematen dute
  2. Diskurtso markatzaileek sarritan aditzondo edo adberbio izaera dute
  3. Diskurtso markatzaileek egiten duten loturan ñabardura bat eransten dute askotan, eta perpaus batek aurreko perpaus batekin duen lotura “haria” –esanahiari dagokionez– uzten dute agerian
  4. Diskurtso Markatzaileek ez dute perpaus elkarketarik sortzen, eta ez dute balio izen sintagmak, edo adjektiboak, edo adberbioak,… elkarren artean lotzeko
  5. Diskurtso Markatzaileek, lekuari dagokionez, oro har, juntagailuek baino askatasun handiagoa dute perpausean
  6. Juntagailuak, ordea, perpausak elkartzeko (edo izen sintagmak, adjektibo sintagmak, eta abar) erabiltzen dira
  7. Juntagailuak ezin dira bat baino gehiago elkarren segidan jarri
  8. Baina Diskurtso Markatzaileak metatu daitezke. Batzuetan beste DM batekin agertzen ahal dira, eta beste batzuetan juntagailu baten aurretik:Euritakoa hartu dute, badaezpada
  • euria ari zuen baina Mirenek ez zuen euritakoa hartu
  • euria ari zuen eta Mirenek euritakoa hartu zuen
  • *euria ari zuen eta baina Mirenek euritakoa hartu zuen
  • *euria ari zuen eta baina Mirenek ez zuen euritakoa hartu
  • euria ari zuen, eta Mirenek, ordea, ez zuen euritakoa hartu
  • Koldo kazetaria zen eta Jone, ostera, arkitektoa
  • Koldo kazetaria zen eta, gainera, hainbeste liburu bazituen argitaratuak

Azkeneko adibide horretan ikusten ahal da nola gainera DMak ñabardura bat eransten dion eta juntagailuari. Gauza bera gertatuko litzateke juntadura alborakuntza bidez egingo balitz:

  • Koldo kazetaria zen, gainera hainbeste aldiz egona zen Txilen, gainera urtero joaten zen Frankfurtera eta, gainera, oso ona zen pilota jokoan.

Hitz hauetan guztietan ere partikulak sor ditzake arazoak. Emendiozko Diskurtso Markatzailetzat hartzen badugu ere, ez dago batzuetan perpausetik urrunago joan beharrik horren esanahia zehazteko. Perpausean berean amaitzen du egitekoa:

  • Mikelek ere ikasi du ederki idazten

Badakigu, jakin, ere horrek zer suposatzen duen, eta testuinguruak ez du besterik argitu beharrik:

  • norbaitek ikasi du idazten

Baina batzuetan espresuki lotzen du testu mailako edo solas mailako beste zerbaitekin:

  • Mikel Afrikan barrena ibili eta arras gaixorik etorri zen etxera. Medikuak egin zion bisita eta zenbait pilula eman zizkion sukarra beheratuko zitzaiolakoan. Biharamunean odola eraman zuen azterketak egitera. Gaur horretan, medikua ere gaixotu zen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Solas mailako loturak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3