Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4

Diskurtso markatzaileak

Euskal gramatiken historian ez dira sistematizatu diskurtso mailako lotura hauen ezaugarriak. Euskaltzaindiak argitaratutako EGLU-III liburukian aztertu ziren lehenbiziko aldiz Diskurtso Markatzaile hauek. Han lokailu esaten zitzaien, eta bost sailetan banatzen ziren:

  • Emendiozkoak: ere, behintzat…
  • Hautakariak: bestela, osterantzean…
  • Aurkaritzakoak: alabaina, aitzitik, dena den…
  • Ondoriozkoak: beraz, horrenbestez…
  • Kausazkoak: zergatik, zeren…

Hasierako sailkapena

Testu edo diskurtso batean ageri diren ideiak askotan elkarren artean gurutzatzen dira eta autoreak (edo hiztunak, hitz egitean) ideia horien arteko erlazio logikoak azpimarratu nahi dituelarik, eta konklusiora iristeko entzulea edo irakurlea eskutik eraman nahi duelarik, aski ongi datorkio holako lotura hitzak ausarki erabiltzea. Aldiz, gutxi erabiltzen baditu, badirudi bestearen esku uzten duela diskurtsoaz hausnartzea eta harreman horiek berak bilatzea. Hori, jakina, non ez den gertatzen testua bera ez duela sobera landu eta josi gabe utzi duela.

Aurretik esandakoari zerbait erantsi nahi zaionean ere adberbioa da gehien erabiltzen dena:

  • Philip Gourevitch kazetariak esaten du 1995erako ez zegoela Ruanda osoan txakur bat ere, RFPko tropek hil zituzten, giza gorpuak jateko ohitura hartu zutelako. Bideoak ere badaudela esaten du. (Iazko hezurrak, Elorriaga, U.)

Horregatik esaten zaie EGLU-IIIn emendiozkoak. Lotura hitzak erabiltzen ditugu batzuetan aurretik esandakoa dela eta, kontrako aukera bat agerian utziz:

  • Alemanez ez ahazteko irakurtzen omen ditu noizean behin alemanez idatzitako gauzak. Irakurtzen duenean. Trenean, esate baterako. Bestela gutxi, oso gutxi irakurtzen omen du, ez badira lan kontuak eta egunkariak. (Intemperies, Oñederra, L.)

Hautakariak dira horrelakoak. Beste batzuetan bestelakoa izaten da hiztunaren helburua, eta aurretik esandako zerbaiti beste zerbait gaineratzen zaio, baina kontrakoa eginez:

  • Oinazea nagusi nuen kopeta guztian, betazaletan eta sudurrean. Orobat ezker belaunean, ezker eskuan eta ezker besoan. Oinazea ez zen makurrena, alabaina. (Gure Jerusalem galdua, Epaltza A.)

Holako lotura hitzak aurkaritzakoak dira. Diskurtsoan egindako baieztapenen batetik ondorio bat sortzen dela adierazten dute beste hauek:

  • Tanke itxura duen makina gaitza dabil maniobratan Harriren auto aurrean, irteera oztopatzen. Itxaron egin behar beraz. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Horrelakoei ondoriozko esaten die Gramatika batzordeak. Azkenik, kausazkoak daude, hau da, bigarren perpaus batek azpimarratzen du aurrean esandako zerbaiten kausa edo zergatia dela:

  • Niri hitz ederretatik libre ibiltzea dagokit, eta hori oso erraz egiten dut, zeren, filologotxoa naizen partetik, bai baitakit hizkuntza naturalean ez dagoela hitz ederrik (eta ezta itsusirik ere). (Arrazoia ez dago edukitzerik, Segurola, I.)

Sailkapena berritu beharra

Baina ikertzaileek ikusi dutenez, bost ataleko sailkapen hori ez da nahikoa diskurtsoa behar bezala josteko gure jardueran erabiltzen ditugun hitzak eta esapideak besarkatzeko. Zenbait hizkuntzatan egin diren azterketek bestelako sailkapenak proposatzen dituzte. EGLU-III idatzi zenean gai hau aztertu gabe zegoen euskaraz, eta beste hizkuntzetan ere orain baino azterketa gutxiago zegoen. Horregatik izan zen liburu hura aitzindari.

kakotxa Diskurtso Markatzaileak ez dira Lokailuekin amaitzen. Askoz ere gehiago badira. Sailkapena egokitu behar da kakotxa

Geroztik, lanik handienak eta sistematizatuenak Euskal Herriko Unibertsitatean egin dira, eta ikertzaile talde batek aztertu ditu lotura hauek, Xabier Alberdi (2014a) irakasleak koordinaturik, EUDIMA izeneko proiektuaren barnean. Proiektu horren xehetasun guztiak hemen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Diskurtso markatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3