Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:1:1

Informazioaren egituratzaileak

Hitz egiten ari garelarik, gure diskurtsoan “topikoak” iruzkintzen ditugu, hizketa gaiak, eta horrela egituratzen dugu informazioa. Egitura hori modu egokian egiteko, markatzaile batzuez baliatzen gara mintzagaiak zehazteko. Markatzaile horiek hiru motatakoak izan daitezke:

  • “iruzkingileak”, iruzkin berri bat egiten dugu: gauzak horrela, hori esanik…
  • “hurrenkeratzaileak”, diskurtso barneko iruzkin bakarraren atalak multzokatzen ditugu: hasteko, batetik…
  • “baztertzaileak”, diskurtsoaren atal bat identifikatzen dute, aurretik esanari buruz bazterreko iruzkina sortuz: hori dela eta, bide batez…

Hona hemen adibide batzuk:

  • Ia delitutzat jo zuten begitarte hura edo bukaezinezko desbideraketatzat eta, gauzak horrela, handik aurrera inoiz ez zioten barkatu aizkolaritazuna. (Kartografien eta mikrobio narratiboen artean, Iturbide, A.)
  • Nik, ordea, dena galdu dut, eta ezin diot berriro ekin beste bizitza bati. Hori esanik, atsekabe sakon bare batek hartu zuen haren begitartea, eta niri, berriz, bihotza, hunkitu zitzaidan. (Frankenstein, Mary Shelley / Iñigo Errasti)
  • Ez dakit zure asmoa betetzeko aukerarik izango duzun hemen. Hasteko, nik baino askoz gehiago dakizula konturatu naiz. (Ileak uretan, Josu Penadez)
  • Gure ohiturak eta jokoak, gure berbeta, gure kantuak eta dantzak, gure jatekoak eta janztekoak… guztia begitantzen zitzaien traketsa eta baldarra. Hori dela eta, soldadu baten aurkako apustua jokatu behar nuela esan zidatenean, neure onena ematea gura nuen. (Neure buruaren alde, Zuazo, K.)

Hauxe da beraz, egituratzaileen eskema:

Azalpenezkoak gauzak horrela
Informazioaren egituratzaileak Hurrenkeratzaileak hasteko
Baztertzaileak bide batez

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Informazioaren egituratzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3