Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:1:3

Birformulatzaileak

María Antonia Martín Zorraquino Gaztelaniari buruz egin diren lanetan (Martín Zorraquino & Portolés, 1999: 4121-4139; Portolés, 2007: 71-72; Martí Sánchez, 2008: 60-65; Garcés 2008) sailkapen hau proposatu izan da birformulatzaileen berri emateko:

  • Esplikatiboak: o sea…
  • Zuzentzaileak: mejor dicho…
  • Urruntzaileak: en todo caso…
  • Laburbiltzaileak: en suma…

Fuentesek (2009) esplikatiboak, zuzentzaileak eta zehaztaileak (concretamente…) bereizten ditu. Berehala itzuliko gara puntu honetara.

Hemen birformulatzaileez bakarrik arituko gara, aurkezpen orokor hau guztia amaitu ondoren. Zergatik? Batetik, esan bezala, lokailuez bakarrik aritzea baino egokiago da Diskurtso Markatzaileez (DM) aritzea, baina orduan gaia askoz ere zabalago bihurtzen da. Baina, bestetik, DM guztien artean modu sistematikoan Birformulatzaileen atala bakarrik aztertu izan da (Alberdi 2014a). Hori guztia kontuan izanik, honela antolatu dugu kapitulua:

  • lehenik EGLU-IIIn lokailu deitzen genituen elementuak bilduko ditugu berriz ere hemen, han egindako sailkapena errespetatuz, material hura ez baitugu galdu nahi. Kontuan izan behar da, hala ere, hango lokailuak eta DMen sailkapenean lokailu deitzen ditugunak ez datozela beti bat.
  • hori egin ondoren, birformulatzaileen aurkezpen xehea egingo da, kontuan izanik betiere birformulatzaileak DMen atal bat besterik ez dela. Beste hitzetan esateko: EGLU-IIIn lokailuak aztertu ziren, baina badira askoz ere DM gehiago, ikusi denez, han ageri ez direnak. Bestetik, Birformulatzaileek DM atal bat osatzen dute, garrantzizkoa, baina ez dira biltzen hor EGLUko lokailu guztiak.

Birformulatzaile motak

Gaztelaniaz egiten diren sailkapenak aipatu ditugu. Arrazoi bategatik: beste hizkuntza batzuetan baino xehekiago aztertu dira gaztelaniaz diskurtso mailako lotura hitz hauek, eta horregatik ohartu gara bereziki lan horietan. Euskararen kasuan EGLUko lokailuen sailkapena dugu, batetik, eta birformulatzaileen atala dago landua, neurri batean, bestetik.

Birformulatzaileak honako hauek lirateke:

Hori guztia Birformulatzaileen atalean aztertuko da oso xeheki.

Ikus ditzagun adibide batzuk, dena den:

  • Antropologia jaio omen zen mundu honen barruko “beste” mundutxoak ezagutzeko; hau da: menderatzeko; hau da: suntsitzeko. (Arrazoia ez dago edukitzerik, Segurola, I.)
  • Hala ere, gazte denboran, adiskideak izan, izan nituen -edo, zehatzago esanda, zenbait ikaskiderekin joan nintekeen, nazkatu gabe, kafe bat edo garagardo bat hartzera klaseen arteko atsedenaldietan-. (Sumisioa, Michel Houellebecq / Gerardo Markuleta)
  • Lupara-tiro bat bertatik bertara, lepoaren eta kokotsaren artean. Laburbilduz, antzerki bat, eszenaratze bat (Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri / Rey, F.)
  • Urte bitan joan nintzen gabonetan Otxandiora, urte bakoitzean egun bi han igarotzeko. Dena dela, aita eta anaia nagusia Bitoriara etorri ohi ziren feria egun batzuetan eta beti egiten zidaten ikusitxo bat. (Neure buruaren alde, Zuazo, K.)
  • Gizendu egin zara: zapoa zara orain. Edo are hobeto: behia. (Beti oporretan, Cano, H.)

Hau da beraz, birformulatzaileen eskema:

Esplikatiboak hau da…
Zehaztaileak zehatzago esanda…
Birformulatzaileak Laburbiltzaileak laburbilduz…
Urruntzaileak dena dela…
Zuzentzaileak are hobeto…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Birformulatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3