Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:1:4

Argumentu-operadoreak

Operadore hauen artean sailkatuko lirateke hauek:

  • Argumentu-indartzaileak: berez, egiatan…
  • Zehaztaileak: bereziki, adibidez…

  • Ni, egiatan, masta nagusia baino zurrunago lotu nintzen; pilotu-gai izatearen kontu hura benetan zioen, ala zer. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)
  • Enpresa asko egon dira, baina batzuk: Indra, Sener, ITP, Aernnova, Siemens eta Siesteplant, adibidez, euren irabazien zati bat armamentua egiten lortzen dute: kazak, borroka-helikopteroak eta misilak. (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)
  • Gainera, truke-tasa finkoek, badituzte, ikusiko denez, hainbat eta hainbat kontraindikazio, bereziki finantza merkatu globalizatuaren garai hauetan. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

Zorraquino eta Portolesen (1999: 4140) ustez, argumentu operadoreek badute berezitasun bat, ez baitute nahitaez diskurtsoko beste atal batekin lotzen perpausa. Duten esanahiagatik, atal horren argumentu aukera baldintzatzen dute. Aldiz, informazio egituratzaileek, birformulatzaileek, eta abarrek perpausa diskurtsoaren aurreko atal batekin lotzen dute. Operadoreen kasuan balio pragmatikoa baizik ez du, autore horien ustez. Kontuan izan behar da, gainera, hitz edo esapide bera batzuetan operadorea izan daitekeela, eta birformulatzailea bestetan. Aipaturik uzten dugu hau guztia, azterketa sakonagoak egiten diren bitartean. Baina esan dugu gure sailkapenean Zehaztaileak birformulatzaileen sailera pasatu ditugula.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Argumentu-operadoreak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3