Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:2

Diskurtso markatzaileen kokalekua

Kokaguneari dagokionez, ezinbestean esan behar da diskurtso markatzaileen oinarrizko ezaugarria dela askatasun handia dutela toki batean nahiz bestean agertzeko. Badakigu perpausaren osagaiek berezkoa dutela, oro har, askatasun hori, baina osagaien artean adberbioek, esaterako, izen sintagmek baino askatasun handiagoa dute. Zergatik? Bazterrago daudelako egituran, aditzetik urrunago eta lotura gutxiago dutelako. Nola DMak askotan adberbioetan oinarritzen diren, askatasun hori nabarmena da. Horrek esan nahi du perpausean toki desberdinetan ager daitezkeela. Ikus dezagun adibide bat:

  • Miles absurdoa iruditzen zitzaoin Samanthari, eta, gero eta gehiagotan, zozoa. Tarteka, hala ere, gozagarri zitzaion haren ponpoxokeria; izan ere, berak ere gogoko zuen ospakizun formaletan kapela janztea. (Eserleku hutsa, J.K. Rowling / E. Lizaso)

Egileak horrela jarri du, baina berdin jar zezakeen beste era hauetara ere:

  • Hala ere, tarteka gozagarri zitzaion haren ponpoxokeria.
  • Tarteka, gozagarri zitzaion, hala ere, haren ponpoxokeria.
  • Tarteka, gozagarri zitzaion haren ponpoxokeria, hala ere.
  • Tarteka, gozagarri zitzaion haren ponpoxokeria, hala ere, tarteka.

Mintzagaiaren eta iruzkinaren artean

Ikus dezagun orain adibide hau:

  • Tarteka, hala ere, gozagarri zitzaion haren ponpoxokeria.

Mintzagaia dugu hasieran Tarteka, eta gero galdegaia gozagarri, aditzaren aurrean, ohikoa denez. Toki hori oso aproposa izaten da DM jartzeko, eta askotan dugu joera hori. Zernahi gisaz, DMak ezin dira galdegaiaren eta aditzaren artean sartu:

  • Tarteka, gozagarri, hala ere, zitzaion haren ponpoxokeria.

Hor ez diogu jarri perpausari ez-gramatikala dela adieraziko lukeen izarrik. Berez gramatikala dela esango genuke, baina gozagarri ez da hor galdegaia. Diskurtso markatzaileek, hortaz, mintzagaiaren arrimura biltzeko joera handia dute. Are gehiago: badira diskurtso markatzaile batzuk beren adberbio izaera osotasunean mantentzen dutenak. Edo, bestela esanda, DMak askotan adberbio batetik eratorriak dira: berez adberbio zena diskurtso markatzaile gisa ere erabiltzen da. Berdin gertatzen da beste kategoria batetik eratorria bada ere. Hola, hola, hala, bestela… adberbioak dira, baina diskurtso markatzaile gisa ere ageri dira. Gauza bera gertatzen da berriz markatzailearekin ere, hori adjektibo batetik baitator. Ikus ditzagun adibide hauek:

  • Milekek berriz esan zuen gauza bera.
  • Mikelek, berriz, gauza bera esan zuen.
  • Alkateak adierazi zuen hala erabakiko zuela.
  • Hala, alkateak ez zuen deus erabaki.
  • Mirenek bestela egiten zuela esan zigun.
  • Bestela, Mirenek ez zigun deus esan.

Gehiago jar daitezke. Bikote bakoitzean lehenbiziko adibidean azpimarratua dena ez da diskurtso markatzailea. Bigarrena, ordea, bai. Bada, diskurtso markatzailea denean ezin da galdegaia izan, adibideetan ikusten denez. Gainera mintzagaiaren tokian ageri zaigu batzuetan. Baina DM ez denean, adibide horietan beti da galdegaia. Arrunta da joera hau DM guztiekin.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Diskurtso markatzaileen kokalekua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3