Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:3

Diskurtso markatzaileak eta juntagailuak

Euskal gramatiketan kontu hauen berri eman denean, nahasteak sortu izan dira, eta behin baino gehiagotan berez diskurtso mailako elementuak direnak perpaus mailara eraman dira. Egia da batzuek eta besteek antzeko funtzioa dutela, loturak egitea, alegia, baina komeni da ongi bereiztea noiz ari garen diskurtso mailako loturak egiten (zernahi gisaz, bestela, hala ere, ordea…) eta noiz diren perpausen arteko lotura zuzenak (eta, edo, baina…).

  • Irunek hori esan du, baina ez da holakorik gertatu.
  • Irunek hori esan du. Ez da, ordea, holakorik gertatu.

Lehenbiziko kasuan baina juntagailuak perpausak elkartzen ditu. Bigarrenean, testu mailako lotura da, ordea diskurtso markatzailearen bidez egiten dena. Zergatik gertatzen dira nahasteak batzuetan? Esanahaiari dagokionez, antzekotasun handiak dituztelako batzuek eta besteek. Bi adibide horietan ikusten da hori: juntagailua batean, diskurtso markatzailea bestean, bi elementuak aski baliokideak direla esan daiteke, aurkaritza markatzen baitute.

Errepara diezaiogun horri: diskurtso markatzaileek, juntagailuek ez bezala, solas mailako loturak adierazten dituzte.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Diskurtso markatzaileak eta juntagailuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3