Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1

Emendiozkoak

Hitzak berak zuzen adierazten duen gisan emendiozko diskurtso markatzaileek zerbait emendatzen dute, zerbait gaineratzen dute. Hola Miren etorri da eta Patxi oraindik ez, baina bera ere etorriko da esaten badugu, badakigu hor eta partikula juntagailua dela. Gauza bera gertatzen da baina-rekin ere. Baina bada beste partikula bat hor beste mota bateko lotura adierazten duena: ere. Partikula horren semantikak adierazten du zerbait gaineratzen duela testuinguru horretan: ez bakarrik Miren, Patxi gero etorriko da. Gauza bera gertatzen da gainera, halaber… bezalako adberbioekin ere. Eta lotura horiek perpaus gainekoak dira, testu mailan gertatzen baitira. Batzuetan, egia da, juntagailuak diskurtso markatzaile funtzioan erabiltzen ditugu (ikus Perpaus lokabeak eta juntagailua).

Emendiozkoak eta juntagailuak

Ikus ditzagun adibide hauek:

  • Testua, proposatutako gaiarekin zerikusi handiegirik ez izateaz gain, trinkoegia da bestalde entzutera emateko, baina ezin esan aspergarria denik. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
  • Behin batean, gainera, irakasle baten gonbidapenaz baliatuta, Parisko teatro batean piano kontzertu bat entzun, eta liluratuta jalgi zen bertatik. (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)

Lehenbiziko adibidean baina juntagailua ikusten dugu, perpausen mailako lotura egiten duena (trinkoegia da… baina ezin esan…). Bigarren adibidean gainera diskurtso markatzailea dugu, eta horrek testu mailako lotura ezartzen du, perpaus horretatik kanpo dagoen beste zerbaiti egiten dio erreferentzia:

  • Ibrahimek, izan ere, ez zuen ahanzteko Frantzian egin zuen urtebeteko egonaldia, ikastaro baten aitzakian. Behin batean, gainera, irakasle baten gonbidapenaz baliatuta, Parisko teatro batean piano kontzertu bat entzun, eta liluratuta jalgi zen bertatik. (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)

Eta orain bai, orain hobeki uler daiteke esanahia. Kontura gaitezen Saizarbitoriak beste era honetara idaz zezakeela esaldia:

  • Testua, proposatutako gaiarekin zerikusi handiegirik ez izateaz gain, trinkoegia da bestalde entzutera emateko. Baina ezin esan aspergarria denik.

Orduan badirudi kasu horretan baina hori juntagailua izan beharrean diskurtso markatzailea dela, lotura perpaus horretatik kanpo dagoen beste zerbaitekin, diskurtso mailako zerbaitekin egiten duelako. Hori ez da horrela: juntagailu zenbait diskurtso markatzaile funtzioan ere ikusiko ditugu batzuetan, baina diskurtso markatzaile huts direnak inoiz ere ez juntagailu funtzioan. Hortaz, eta edo baina juntagailuak diskurtso markatzaile gisa ager daitezke, baina gainera, benetako diskurtso markatzailea, ez da agertuko inoiz ere juntagailu huts gisa, ez ditu bi perpaus beregain, bata bestearen segidan, elkartuko. Desberdinatsun horrek garrantzi handia du batzuk eta besteak bereizteko.

Emendiozkoek zerbait gaineratzen dute

Emendiozko1 diskurtso markatzaileen zeregina da zerbait gaineratzea testuari. Emendiozko DM-en artean bi multzo handi bereiz daitezke:

  • ere, gainera, bestalde eta halaber adberbioak ditugu alde batetik.
  • behintzat, bederen (bederik), behinik behin… bestetik.

Egungo idazleek egiten duten erabileraren arabera hurrenkeratu ditugu. Guztietan, desberdintasun handiarekin gainera, ere da erabiliena (gaurko euskara idatzian eta, ez, da, zuen, ere, bat, zen, du, egin eta izan dira hamar hitz erabilienak, ikus Euskal Hiztegiaren Maiztasun Egitura), bederik adberbioak ez du ia lekukotasunik gaurko testuetan eta behinik behin ere besteak baino gutxiago ageri da. Mende honetan diskurtso markatzaile bakoitzak nolako bilakaera izan duen Egungo Testuen Corpusean ikus daiteke.

Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • Matrikulatua ez egon arren hantxe azaldu zen Harri, hark ere parte hartzen zuen saioian sartzea lortu zuenez. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
  • Eraman erraza zen, gainera, solasturi handia, eta gustura egoten zen gurekin hizketan, atsegina tratuan (Errateko nituenak, Salaburu, P.)
  • Bestalde, bidaia garrantzitsu bat egin nuen. (Enbataren zirimolan, Landart, D.)
  • Badaki, halaber, ez dela huts tekniko bat izango, jeloskortasuna gainditu zaiola baizik bere birtuosismoari. (Paper festa, Lertxundi, A.)
  • Lasai, ondo aterako da dena. Zuk ontzat eman du nik esandakoa. Edo ez. Ez du, behintzat, kontrakorik adierazi. (Zu, Lertxundi, A.)
  • Gai izango al ziren erruki eta adiskidetasuna eske zetorkien bat, munstro itsusi bat izan arren, beren atzetik bidaltzeko? Erabaki nuen ez nuela itxaropenik galduko bederen, eta albait gehien prestatuko nintzela, nire patua erabakiko zuen elkarrizketa bat izateko haiekin. (Frankenstein, Mary Shelley / Iñigo Errasti)
  • Hizkuntza ez, baina bederik zirilikoa irakurtzen ikasi behar zuela ebatzi zuen. (Apirila, Aranbarri, I.)
  • Aitak lau hilabete zeramatzan hilik, eta Ainhoak eta biok erabaki genuen ezen, denboraldi luze batean behinik behin, ez genuela ama bakarrik utziko. (Sirena-hotsak, Xabier Etxaniz Rojo)

DM horiek guztiak antzekoak dira, edo bada desberdintasunik haien artean? Esan dezagun bi multzo bereizi badira zerbaitengatik egin dugula hori. Lehenbiziko lau adibideetan ikusten denez, ere, gainera, bestalde eta halaber nahiko neutroak dira egiten duten gehitze kontu horretan: esan daiteke ia-ia hor eta juntagailua jarriz gero perpausaren esanahia ez dela gehiegi aldatzen: Patxi etorri da. Miren ere edo Patxi eta Miren etorri dira ez daude elkarrengandik urrun esanahaiari dagokionez. Horregatik diogu neutroak direla.

Horietan ere-k badu beste ezaugarri bat, aski erraz konbinatzen baita beste hirurekin:

  • Eraman erraza zen ere, gainera, solasturi handia.
  • Eraman erraza zen, gainera, solasturi handia ere.
  • Bestalde, bidaia garrantzitsu bat ere egin nuen.
  • Badaki, halaber, ez dela ere huts tekniko bat izango.

Esan daiteke, hortaz, ere dela neutroena eta, erabiliena, horregatik. Konbinazio horiek besteen artean ez dira hain ohikoak.

Bigarren multzokoak (behintzat, bederen, behinik behin…), ordea, ez dira hain neutroak:

Diskurtso markatzaileak ez du hor gehitze hutsa egiten, beste zerbait ere nabarmentzen baitu “besteak damutu dira eta ni ere bai” horren gainetik. Badirudi hor “ez dakit nik zer gertatzen zaien besteei, segur aski damutu dira, baina ni seguru damutzen naizela” edo holako zerbait dagoela. Esanahi kontuak argitu nahi direnean oso eremu irristakorrean sartzen gara, baina badirudi argi dagoela gehitze hori, nolabait esateko, “modalagoa” dela (baldintza, kontzesio kutsua, eta abar).

Emendiozko diskurtso markatzaileen sailkapena

1 Esan dezagun, bide batez, norbaitek testu bat emendatzen badu, ez duela hor inolako zuzenketarik egiten: zerbait gaineratzen du, ez besterik. Ez da hortaz, emendakin hitza oso modu aproposean erabiltzen: Irabazi Bergarak emendakin oso bat aurkeztuko die 2017ko aurrekontuei

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Emendiozkoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3