Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1:1

ere

Emendiozko diskurtso markatzailea da ere, eta horixe ikusiko dugu atal honetan.

Forma

Jean Martin Hiribarren Formari dagokionez ere da hedatuena, baina bizkaieraz bere (be) erabiltzen da:

Berez adberbioa da, baina beti diskurtso markatzaile gisa erabilia, eta solas mailako lotura egiten du, ez perpaus mailakoa.

Balioa

Perpaus guztiek errealitateari egiten diote erreferentzia. Errealitatea etengabeko jarduera da, eta jarduera horren ezaugarri batzuk ageri dira perpausean. ere diskurtso markatzaile honen zeregina da mundu horren ezaugarriak gehiago hedatzea, erreferentzia bera zabaltzea. Hola, Andresek eta Xabierrek gezurra esan dute adierazten badugu, eta ondoren Erramunek ere esan du gaineratzen badugu, hau esaten dugu: bada talde bat, multzo bat (Andresek eta Xabierrek osatua) gezurrak esaten dituena. Bada, gizon horien ondoan bada hirugarren bat, Erramun, gauza bera egiten duena. Beraz, hasierako multzoa handitu dugu, zabaldu dugu. Beste batzuetan zerbaiten berdintasuna edo antzekotasuna adierazten dugu ere adberbioaren bitartez:

  • Peru gaztea da, eta Uxune ere.

Hor esaten dugu Uxunek bat egiten duela Perurekin ezaugarri batean, tasun batean, gaztetasunean, alegia. Beraz, hori da ere adberbioak gaineratzen duena: aurretik aipatutako multzoa zabaltzen du, edo antzekotasuna markatu. Noski, multzo hitza oso modu generikoan erabiltzen dugu. Batzuetan aditz bat izan daiteke abiapuntua (Irakurri ere…) edo perpaus oso bat (Berak ez duela ikusi ere…).

Suposizioa

ere diskurtso markatzaileak beti adierazten du hiztunaren edo entzulearen ustekizun bat:

  • Miren ere ez dugu ikusi.

Hori esaten duenak (edo entzun eta esaldi hori ulertzen duenak) adierazten du espero zuela Miren agertzea, edo posible zela Miren agertzea, edo holako testuinguruan Miren beti agertzen dela edo…, baina, uste zuenaren edo espero zitekeenaren (ustekizuna) kontra, ez dela agertu. Espero zen X agertzea, eta X hori lagun bat edo lagun batzuk izan daiteke, eta X lagun multzo horretan espero zen Miren egotea, baina ez da gertatu. Horrek adierazten digu zentzu batean bederen ere adberbioak balio anaforikoa ere baduela, testuinguruan aurretik dagoen zerbaiti egiten baitio erreferentzia. Ez da hori gertatzen adberbio guztiekin:

  • Atzo etorri zen.

Perpaus horretan atzo adberbioak ez dio aurreko deusi egiten erreferentzia, baina:

  • Atzo ere etorri zen.

Hori esanez gero, ere adberbioak aurreko egunen batean gertatutako zerbait ekartzen du gure gogora. Adberbio hori perpausean aurretik duen sintagmari atxikitzen zaio: Gu ere, zuria ere, ikusi ere, Perurekin ere, eta abar. Ahoskeran indarra galtzen dute: Peru(re), Peru(be)… Hola eratzen ditugu esaldiak euskaraz. Batzuetan entzuten diren ere nik, ere Isabelekin… bezalakoak guztiz berriak dira, erdara kalkatuz sortuak.

Usadio bat baino gehiago

Usadio nagusia, esan bezala, hori da, aurreko sintagma besarkatuz ematen dena (esanahi hau duela, ere beste testuinguru batzuetan ere erabiltzen baita):

  • [Tximista ere] motela duk horren aldean. (Itzarri nahi ez zuen printzesa, Juaristi, F.)
  • [Hil ote zen ere] dudan jar liteke. (Jorge luis Borges - Ipuin hautatuak,Gartzia, Juan)
  • Jeriko hiria erabat itxita zegoen, israeldarren beldurrez: ez zen inor irteten, ezta [sartzen ere]. (Agindutako lurraren bila II, Mujika, J. A.)
  • Baina [Berlusconiri buruz ere], inkesten arabera italiarren arteko jardun ohikoenaz. (Italia, bizitza hizpide, Lertxundi, A.)

Badu horrek gero nolabaiteko autonomia perpausean:

  • Motela duk horren aldean [tximista ere].
  • Dudan jar daiteke [hil ote zen ere].

Hirugarren adibideak (ezta sartzen ere) erakusten digu badirela aldaera batzuk. Kontua da hor badugula juntagailu bat (eta) perpausen artean (…irteten… eta sartzen ere). Baina holakoetan ezin dira hurrenkeraz aldatu juntagailuak elkartzen dituen perpausak.

Hala ere, hor ez da gauza gehiegi aldatu eredu nagusitik:

  • [X ere]
  • eta [X ere]
  • ez eta [X ere]
  • bai eta [X ere]

Kontua da beste egitura batzuk ikusten ditugunean:

  • Printzipio horien guztien gibeletik badira boterearen eta ere legeen nozio batzuk, ohikoak izanagatik, zalantzan jar ditzakegunak, hala nola, Voltairek zioena: (De Re Publica edo politikaz, Xarriton, P.)

Hor ageri den egitura beste hau da, aurrekoak ez bezalakoa:

  • Eta [ere X]

Printzipioz erabilera arruntaren kontra doa hori. Ikusten denez, erabilerak aldatu egiten dira toki batetik bestera. Azken erabilera hori ez dago hain hedatuta. Beste erabilera bat ere bada, batez ere hitz egitean, oso arrunta: ere adberbioa perpaus baten segidan jartzen dugu, gehienetan bai edo ez duela atzetik. Adibide hauetan bezala:

  • - Kaixo, aspaldiko, bizi direnak agertzen direla.
  • - Hildakoak ere bai batzuetan. (Goenkale)
  • - Gainera, Itxaro ondo konpontzen da zurekin.
  • - Ni ere bai harekin. (Goenkale)

Egitura hau izango litzateke:

  • P [X ere (bai/ez)]

Ezinbestekoa da argi izatea nola antolatzen ditugun perpausaren osagaiak ere biltzen duten egituretan. Adberbio horren ezkerrean dagoena mintzagaia da: Nik ere hori egingo dut perpausean “nik” mintzagaia da eta “hori” galdegaia. Mintzagaia denez, aurrean (Nik ere hori egingo dut) nahiz atzean joan daiteke (Hori egingo dut nik ere). Horrek erakusten digu nola kokatzen diren osagaiak ere dela eta. Adibidez, noiz etorriko da Peru? Perpausaren erantzuna Bihar izan daiteke, baina ere adberbioak handitzen duen erreferentziak horri eragiten dio. Perpaus horren segida Eta etzi ere izan daiteke, baina ez Iñaki. Alegia:

  • - Noiz etorriko da Peru?
  • - Bihar.
  • - Eta etzi ere (*Iñaki ere)

Erabilera estandarra

Erabilera estandarra X ere deitu duguna da:

Perpaus horretan ere adberbioak beste toki batzuk har ditzake (perpausaren esanahia aldatuz, jakina):

  • Nik ezagutzen nuen ere Hermannek aipatutako judua.
  • Nik ezagutzen nuen Hermannek ere aipatutako judua.
  • Nik ezagutzen nuen Hermannek aipatutako judua ere.

Jatorrizko perpausaren galdera nork ezagutzen zuen? da, eta erantzuna ezin da izan judua ere, edo ezagutzen nuen ere. Horrelako egituretan oso argi izan behar da zer besarkatzen duen ere adberbioak:

  • - Banoa etxera
  • - Ni ere (*lantegira ere)
  • - Etxera joango naiz
  • - Lantegira ere joango naiz gero, (edo Banoa ni ere)
  • - Nora zoaz?
  • - Etxera (eta lantegira ere, baina ez *Koldorekin ere)

Hori da erabilera estandarra, toki guztietan ageri dena. ere adberbioari buruzko informazio zabala Orotariko Euskal Hiztegian ikus daiteke. Baina badira beste erabilera batzuk, markatuagoak, edo ez baitira hain maiz erabiltzen edo erabilera hizkera jakin batzuetara mugatzeko joera baitute.

Erabilera mugatuagoak

Azter ditzagun ondoko egitura hauek:

  • Ikusi ere ikusi nuen Jon → V ere V Lag
  • ikusi ere egin nuen Jon → V ere egin Lag
  • ikusi ere ez nuen egin inor → V ere ez Lag egin
  • ikusi ere nuen Jon → V ere Lag
  • ikusi nuen ere Jon → V Lag ere

ere aditzarekin doa adibide horietan guztietan, eta hor sor daitezke zalantzak. Ez dira horiek erabilera estandarra deitu dugun egitura bezain arruntak, baina ez da dudarik erabiltzen direla. Hona hemen adibide batzuk, hurrenez hurren:

  • Zuritu ere zuri zezakeen, nahi izanez gero, egileak bere aukera hori. (Egonean doazen geziak, Garzia, Joxerra)
  • Ni, Giuliaren ezkontzaren ondoren, nire untxiekin bakarrik geratua nintzen; alargun eta emazurtz sentitzen nintzen, eta banuen amets-asmoa karbono-atomo baten saga idazteko, jendeei ulertarazteko fotosintesi klorofilikoaren poesia bikain bezain - kimikarientzat izan ezik - gordea: eta idatzi ere idatzi dut ipuin hori, handik urte askora, horixe baita liburu honen amaiburuko historia. (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
  • -Bada, Fermin, kontatu duzun istorioaren harira - hasi natzaio kafeak mahaian jarri orduko -, nik gazte jendea asko ikusi eta pixka bat ezagutu ere egiten dut, eta iruditzen zait lehengo jendea zentratuagoa zegoela…, bizitzan inplikatuagoa, erritmo propio bat ezartzen zioten bizitzari eta bere denboraren jabe ziren. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
  • Izango zuen, hori bai, susmoren bat, egonezinen bat, kezkaren bat noiz eta, ametsetan edo, suge baten irudia ikustean, suge batena eta ezpataz hornitutako aingeru haserre batena, eta zapuztu ere egingo zen, noski, paradisuan, sagarrondo bat zela eta, edukitako eztabaida gogor samar bat gogoratzean edo erdi-gogoratzean; baina, hortik aurrera, logikarekin pentsatuz, zoriontsu biziko zen Adan. (Groenlandiako lezioa, Atxaga)
  • […] handik mairu batzuk irten ziren, poliki ibiliz, horietako bat, urteetan aurrera joandakoa, gobernadorea izan liteke, gobernadore-tituluak edozertarako balio du, batez ere kasu honetan, ez dakigularik titulu zehatz, berezko eta doia zein izango zen, eta aipatu ere ez dugu egin zaila delako asmatzea litezkeen bizpahiruren artean, alde batera uztekoa ez dela, gainera, barrutik negoziatzera bidali izana, demagun, alfaquí bat, edo cadí bat, edo emir bat, are muftí bat ere, datozen gehienak funtzionarioak edo arma-gizonak dira, kanpoan zenbat portugaldar dagoen, beste […] (Lisboako Setioaren Historia, Saramago, J. / Alonso, J)
  • Amesten nuen nintzela marmorezko salan bizi
    Inguruan nituela morroi eta zerbitzari
    Horma haien barruan bilduen artetik
    Ni nintzela itxaropen eta ni harrogarri.
    Ezin konta ahala nuen aberastasunetik
    Eta asaben izen zaharraz nintekeen arrandi,
    Baina amesten ere nuen, eta gehien nuen atsegin,
    Orduan bezain maite ninduzula oraindik. (Dublindarrak, Joyce, J. / Irene Aldasoro)
  • Funtsean, zer erranen ere nuen? (Bihotzeko mina, Dirassar)
  • Pilak ongi ote zebiltzan frogatu ere nuen, abiarazteko botoia zanpatuz. (Rock'n'roll, Epaltza A.)

Tradizioan ere ez dira falta horrelako adibideak:

  • Noizean behin, ohoinak jazartzen ziren ere gure elizari. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • Ohartu ziren ere, untzi hura olioz bethea zela gain-gaineraino. (San Benoaten bizitzea, Joannateguy)
  • Ikusi ere dire experienziak, nola guti guti joan diren erremediatus jenioak, ta otsoak itzulis axuri, otsorraiak uso, ezi Jangoikoareki bateo guzia da posible naiduenaindako gogotik. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Eta Berboa haragi egin izan da eta egon da gure artean graziaz eta egiaz bethea; eta ikusi ere izan dugu haren gloria, Aitaren Seme bakhotxaren gloria den bezalakoa. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Absalon, Dabiten bertze semea, eta Thamar bezala, ama beraren ume gerthatzen zena, yarri zen sumindura handian Amnonen alderat; hartu ere zuen haren gal-arazteko xedea, paradak emanen zioenean: etzion hargatik ematen erakutsterat mindua zela haren kontra. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)

Bada desberdintasunik egitura horien artean, esanahiari dagokionez, edo aldaera estilistiko hutsak dira? Orain arte ikusitako sailak, funtsean, hauek dira:

  • [X ere]
  • [V Lag ere]
  • [V ere Lag]

Eta tartean dugu egin indartzailea ere. Askotan euskalkien arteko desberdintasuna baizik ez da: ikusi egin zuen egituraren ordez ikusi zuen erabiltzen da Iparraldean, eta ez dago hor hizkera dialektalaz gain, beste desberdintasunik. Alde batera utziko dugu emendiozko DMak perpaus osoa besarkatzen duen kasua:

  • [Azterketak ostiral goizean bigarren gelan egingo zirela] ere esan zuen irakasleak.

Kasu horretan, noski, perpaus osoa da X deitu duguna: P[ X ] ere, beste batzuetan beste sintagma bat den bezala.

Gure ustez ikusi ere du; ikusi du ere; ikusi egin du ere; ikusi ere, ikusi du… egiturak aldaera estilistiko hutsak dira eta ez da funtsean desberdintasunik aldatzen esanahian. Azkenekoa izan daiteke multzo horretan berezitasuna erakusten duena, adberbializatzeko bideak irekitzen baititu aditz batzuekin: Izan ere, aspaldi jabetu zen kontu horretaz esaten bada, izan ere hori diskurtso markatzaile izatetik hurbilago dago [X ere] egitura sintaktikotik baino. Beste aditzak erdi bidean leudeke: Ikusi ere, aspaldi ikusi genuen hori. Horrelako egituretan, izan-ekin ez bezala, aditza errepikatu behar da (Ikusi ere… ikusi…), baina ondoko perpausak beste ere bat onar dezake: Ikusi ere, Jonek ere ikusia zuen hori aspaldi.

Perpaus koordinatuak

Bi egitura ikusiko ditugu hemen:

eta... ere (bai)

ere diskurtso markatzailea oso arrunta da egitura juntatuetan. Baiezko eta ezezko egituretan, hain zuzen ere:

  • […eta … ere (bai)…]
  • […eta … ere (ez)…]

Horrelako asko daude tradizioan eta gaur egungo idazleetan:

  • Bi aldetaik zeuden ladronek guruzeetan, aiek ere biek lembizian blasfematzen zute, barin bada Jaungoikoaren seme, libra bedi berori, eta gu ere bai. (Jesu Kristoren eta Ama Birjinaren bizitzak, Lizarraga)
  • O Jangoiko Jaun andia, guzien Jaun ta Jabe dena ta leku guzietan presente dagona, ta emen ere bai niri beira; nik lurreko artto gonek humil humila sinesten, amatzen ta adoratzen dut berorren Majestadea, sandua, sandua, sandua; bere glorias beteak daude zeruak ta lurra. (Beste zenbait itzulpen, Lizarraga)
  • Beti gogoratu behar da Jainkoak nahi duen guztia nahiatez dela ona, eta gauzarik onena ere bai, Jainkoak nahi duen une beretik. (Mistika liburuak, Maestro Eckhart - Juan Taulero / Lekuona, J. M.)
  • Hire adinean, honelako kontu bat ez duk misterio bat argitzea bakarrik, abentura ere baduk, eta hire iragana ezagutzea ere bai. (Ispiluen gainean lotan, Jordi Sierra i Fabra/ Muñoz, J.)

Badute egitura horiek aldaera bat, bai gabekoa. Edo, beste hitzetan esateko, bai hori aukeran du hiztunak. Adibide sinpleetan ikus daiteke hori:

  • Miren joango da, eta Peru ere (bai).

Horiek arruntak dira, eta euskalkien arabera, joera dago bata (Peru ere) eta bestea (Peru ere bai) erabiltzeko. Goiko adibideak berrikusten baditugu, ohartuko gara bai hori kenduz gero ez dela esanahia aldatzen: eta gu ere; ta emen ere; eta gauzarik onena ere; eta hire iragana ezagutzea ere.

Baina ez da bakarrik hizkera edo euskalki kontua. bai horrek, berez, koordinazioko aditz sintagma osoa ordezkatzen baitu:

  • Miren joango da eta Peru ere joango da.
  • Miren joango da eta Peru ere bai.
  • Miren joango da eta Peru ere.
  • *Miren joango da eta Peru ere bai joango da.

Badu egitura horrek beste aldaera bat ere: [… eta bai …. ere…]. Tradizioan Axularrek, Haranederrek eta beste askok erabiltzen dute. Tartean dagoena izen bat izan daiteke (… eta bai Jon ere…) edo perpaus oso bat, arruntean aditz laguntzaile gabea (… eta bai Jonek ere ontzat hartuko…):

  • Gauza galdua galdu den lekhuan bilhatu behar da, eta bai ediren ere. (Guero, "Axular")
  • Bada eraiteko denbora, eta bai biltzekoa ere. (Guero, "Axular")
  • Auetxek ziran nik nere atxilo-lagun aiei azaldu nizkien irakaskari nausienak; entzule aietako batzuek nere irakatsia ona zala etsi zuten eta bai ontzat artu ere. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)
  • Eta bai zure lagunak ere. (Muga, Labaien, A. M.)

Joseph Roth Gaurko literaturan ere badira adibideak:

  • Zeren ama hotza eta urruna baitzen, zinez, bai sehiekin, eta bai gurekin ere, nola umearoan, hala umoagoan. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Gauera arte itxaron dezaket, eta bai gauerdira arte ere eta bai beranduago ere. (Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica)
  • Gernikako gertakariaren albistea, berehala hedatu zen: bai Bizkaian, eta bai “probintzietan” ere. (Putzu, "Txillardegi")

Itxuraz, egitura bera edo antzekoa aurkitzen dugu ezezkoetan:

  • “Paradisuak ezin baitu, izan ere, inon egon, eta infernuak ere ez: (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)

Baina itxura kontua da, ezezkoetan, baiezkoetan ez bezala, ezinbestekoa baita ez jartzea. Partikula horrek ez du aditz sintagma ordezkatzen:

  • Miren ez da joango eta Peru ere ez da joango. (erkatu adibide hau aurreko multzoko lehenbizikoarekin eta laugarrenarekin)
  • Miren ez da joango eta Peru ere ez.
  • *Miren ez da joango eta Peru ere.

baita/ezta...ere

Aurreko egituraren aldaera dugu egitura hau. Erabilerarik sistematikoena hau da:

  • [… baita ere Jonek egingo du hori]
  • [… baita Jonek ere egingo du hori]

Esan nahi baita, ondoko sintagmari ematen diola hasiera.

baita X ere, ezta X ere

Hau da lehenbiziko aldaera (baita X ere; ezta X ere), tradizioan nahiz egungo testuetan ageri dena:

  • Etorri ziran Errenteriaraño; erre zuten Erri au guztia, baita Oiarzungoaren zati bat ere. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Baita zuek ere, ikastetxeko nere arreba onak, zuek ere zorionduak izango zerate zeruan ta lurbira onetan darabiltzuen lanbide orregatik umeren batzuk zerura eramatean esan dezakezute: (Sermoiak, Aguirre, D.)
  • Lenbizia: egiazko alargunak bear due izan alargun, ez gorputzean bakarrik, baita biotzean ere. (Jesu-Kristo, eta Birjiña txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Orduan darok garbituko Haragi hunek gorphutza; Baita hunen odolak ere Eder egiñen bihotza. (Egia katholikak, Gasteluçar)
  • Zeren gertaki bakoitzak gorputz bat baitu, baina baita arima bat ere, eta xehetasunak dira gorputza, eta aroma arima. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Zenbaitek ekonomia arlo finantzarioarekin lotzen dute bereziki, edo, zehatzago esanda, diruarekin, burtsarekin edota dibisa merkatuekin, eta baita nazioarteko merkataritzarekin ere. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)
  • Argatik ez dira jaikiko gaiztoak juizioan, ezta bekatariak ere justoen batzarrean. (Biblia III, Uriarte)
  • Bautista Bazterretxe ez zan onen mallakoa, ezta alderatzeko ere. (Poli, Anabitarte)
  • Aditu zue boza bat, etzuela Jangoikoak ematen grazia goi guzioi, ezta zuri ere, baizik galduko duzu laster. (Zenbait sanduen biziak asteaz datozinak, Lizarraga)
  • Ez zuen inor, ez ezer indarrez behartu nahi, ez pertsonak eta ezta egoerak ere. (Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean)
  • “Bere ustezko” erabaki-Iegea ez zen orduan oraindik juezaren adimenetan itsatsi; ez baitzen zer erabakirik, ezta nor juzgaturik ere. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
  • Adibidez, Luziak ez zaukak, seguru, horrelako arazorik, eta ezta neuk ere. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Iturralde, J. M.)

baita ere X, ezta ere X

Bigarren aldaerak (baita ere X) ere baditu lekuko ugari, tradizioan eta gaur egun (ta baita ere X aldaera ere ageri da):

  • Orai, bada, ez solamente gutitzeko, baita ere kentzeko arras zor gebek lenbiziko modua da konfesatzea ongi dolore ta proposito sinareki; eta ainberze daike izan kontrizioa, ezi arren indarres ez solamente kulpak, baitaere penak barka dakizkion bati. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Jaungoikoak billatu bear zuan senar bat berak mirariz sortu zuan alabarik maiteenarentzat; Jaungoikoak bere mendean zeuzkan zeruak bertako aberastasun ta aingeru guztiekin, lurra gizon guztiekiñ ta baita ere infernua bere diabru guztiekiñ; ikusten zituan munduan izan ziran ta izango ziran gizon santu guzien biotzak Moisesetik asi ta azkenengo gure altaretan ipiñi dan santuraño, Moises baño lenagokoak, mundua mundu dan artean izango diran gizon on guzienak, eta, danen artetik Jaungoiko jakitunak ateratzen du bere […] (Sermoiak, Aguirre, D.)
  • Baita ere nork eta nola ixekaturik urruñatu dituzten, eta nondik eta zer gisatan etorri dan beren galera negargarrizkoa. (Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia, Iztueta, J. I)
  • Kontutan hartzekoak dira baita ere aitortzaren eta oliadurako sakramentuaren aipamen garbiak (CLXVø eta CLXIIIø gutunak). (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L./ Muñoz, J.)
  • Egia da, baita ere, hau areagotu egin zela gero eta alkohol gehiago edaten joan zen heinean. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
  • Litekeena zen, baita ere, Fernandoren idatzia Emmak gorde izana. (Paperezko hegazkinak, Egia, L.)

X baita ere, X ezta ere

Erabilera sistematikoak hauek dira:

  • [… baita X ere…]
  • [… baita ere X]

Batzuetan [eta bai ere X…]. Aldiz, […X baita ere] bezalakoek, hirugarren erabilera, perpaus amaieran, oso lekukotasun gutxi dute tradizioan. Adibide hau aurkitu dugu, baina ez dago argi bai+eta den edo bait+da, bietara izan baitaiteke. Segur aski bigarrena, eta orduan ez luke horrek ere balioko:

Egungo idazleen artean, ordea, Saizarbitoria, R., Muñoz, J., A. Gorrotxategi, Lertxundi, A., X. Etxeberria eta beste zenbait aipa daitezke egitura hori erabiltzen dutenen artean. Horiek badituzte horrelako adibideak:

  • Beti izaten zituen aldean bere Mont Blanc beltza eta nota koadernotxoa, beltza baita ere. (Lili eta biok, Saizarbitoria, R.)
  • Filipindarra izatea harro izan behar zela ikasi zuen baita ere. (Skyroom,Etxeberri, R.)
  • Eta azkenaldi hartan, gainera, nire andregaia zen baita ere. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Iturralde, J. M.)
  • Beste ñabardura bati erreparatu diot, baita ere. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Nik Tania ikusi behar nuen, ez bakarrik lasaitu zedin, baita ere esateko… (Ispiluen gainean lotan, Jordi Sierra i Fabra/ Muñoz, J.)

Ohart gaitezen, zernahi gisaz, batzuetan koma jarri duela idazleak baita ere horren aurretik. Kasu horretan bakarrik agertzea bezalatsu litzateke, elipsi baten ondorio, eta orduan ez dago argi benetan zein den hor egitura. Holako zerbait menturaz?:

  • Beste ñabardura bati erreparatu diot, baita ere (horri).

eta bai ere X, eta ez ere X

Laugarren aldaera [eta bai ere X] da. EGLU-IIIk dio (50) ekialdeko erabilera dela hori. Tradizioan behintzat ez da hola gertatzen. Ez da sobera erabilia izan baina Martin Aranburu, Jose Mendiage, Larreko, Lardizabal, Apaolaza, Labaien, Manezaundi bezalko idazleek badituzte adibideak:

  • Bañutik ateratzen danean batu edo bilduko da gaxoa izara batekiñ eta onela dagoala eman bear zaio ardo aundi pixka bat edo salda edo beste piztugarri bat, eta utzi bear zaio geldirik; bada bañu ondorenean jatxi oi da berotasuna eta bai ere etorri gaxoari logure gozo eta ongillea, zeña bitartean utziko diogun pakean. (Erriko jendeentzat osasun legeak, Aranburu, M.)
  • Bihotzez oihu egin dezagun, lenagokoek bezala: Adarrez zabal, hostoa berde, beti kontserba dezala! Hori da gure iguzkia eta bai ere gure itzala. (Kantak, Mendiage, Jose)
  • Gauerdiko apari-gozo gabe, gauerdiko meza-soñurik entzun gabe! Aren pozaren andia, bere aitaren kutun maitea eldu zitzaiolarik! Etxeko guzien berri eta bai ere egikoen: bei, beorr, auntz, tzerri, ollo eta barridekoen berri ematen zizkion; bai-zakien nolako atsegina emanen zion. (Lekukotasuna, "Larreko")
  • Esan zion, basoan txit onak izan zirala, bai Dabid, eta bai ere bere lagunak; etziotela kalterik txikiena ere, on ezpada, egin, eta Nabalek egin zien begitarte eta arrera txarrak ondore negargarriak izan zitzakeala; eta ondo begira zezala, Nabalek bere gozakaitz-aldian zer egin zuen. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Alde onetaraxe zeuden lo egiteko aposentuak eta bai ere sukaldea. (Patxiko Txerren, Apaolaza)

Egungo idazleetan ez dugu aurkitu, prentsan ez bada (Xarritonek erabiltzen du […bai ere X]). Herria aldizkariak ematen dizkigu adibideak:

  • Antolatzaileek eskertu nahi dituzte beren laguntza ekarri duten guziak, antolaketan parte hartuz eta bai ere sari batzu eskainiz. (Herria)

Gauza bera gertatzen da ezezkoetan ([… eta ez ere X]): adibide gutxi eta denak Herria aldizkarikoak.

eta ere X, X ere baita

Erabilera mugatuagoa dute, baina badira [eta ere X] egitura duten adibideak, gehienak Iparraldekoak:

  • Lanak, gogo beltzak arindu zauztan, lanak eta ere nuen fedeak. (Hila espos, Larzabal, P.)
  • Debekatua duk hemen mintzatzea politikaz, presondegi barneko harat-hunatez eta ere auziari doakotenez (Otsoak artaldean, Larzabal, P.)
  • Gure eskuan laiteke baldin nahi bazinztegu sarraskitu eta ere zuen lagunei khendu zuen zorigaitzaren ezagutzea. (Telemake, Duvoisin)
  • Atheak zola zolan, eta ere ezker eta eskuin. (Supazter xokoan, Barbier)
  • Arrain, gaixoak bere mihian, Erraiten derio nigarrez Eta ere hasperenez: Nitzaz zer eghin ahal diozu? Ahutzetatto baten hon enuzu. (La Fontainaren Alhegia Berheziak, Arxu, J. B.)
  • Eta Pedrok esan zion: Ez dadukat urrerik eta ere sillarrik; bañan ematen dizut daukarana: Jesus Nazarenoaren izenean, altxatu zaitez, eta ebilli zaitez. (Biblia III, Uriarte)
  • Geroztik izen hori da ezagutua Eta ere herriko lehen beiratua. (Eskaldunac, Hiribarren, J.M.)

Aldiz, [ere baita] tankera duten adibideak gutxi dira eta Hegoaldean maizago aurkitzen dira:

  • Etxeko jaun ta bere sendiyari Jaungoikoak gabon diyeia, gaur bere etxean arkitzen diran erbestetar jaun zintzoai ere baita. (Basotarrak, Eizaguirre)
  • Neretzat Etxezar det onena arkitzen, Zergatikan enauten berriak poztutzen; Antxe zalako jaio, ta ill nere aita, Bere aita ta aren aita ere baita. (Asti-orduetako bertsozko lanak, Arrese Beitia)

Laburpena

Ez da erraza hemen esandakoaren (eta literaturan ageri diren) aukera hauen guztien laburpena egitea, baina esan dezagun, hasteko, forma batzuk besteak baino askoz ere erabiliagoak direla, eta modu batean edo bestean gaurko idazleen artean zaila dela euskalkien araberako bereizketa garbiak egitea. Hauek dira aukera arruntenak eta erabilienak:

  • (edozein X osagai) ere
  • … eta X ere (bai)
  • … eta X ere (ez)
  • … eta bai X ere
  • … eta ez X ere
  • … bai eta X ere
  • … ez eta X ere
  • … baita X ere
  • … ezta X ere
  • … bai eta ere X
  • … baita ere X
  • … ezta ere X

Joera markatuagoak dira beste hauek:

  • … eta bai ere X. → Ekialdean Mendebalean baino joera handiagoa dago holako egiturak erabiltzeko.
  • … eta ere X. → Nahiz Mendebaleko adibideren bat aurkitu dugun, honen adibide gehienak Ekialdeko idazleen artean aurkitzen dira.
  • … eta ez ere X. → Ez dugu egitura honen parekorik aurkitu tradizioan, eta gaurko euskaran ageri diren adibide urriak Herria aldizkarikoak dira.
  • … X baita ere. → Egitura honek ez du ia lekukotasunik tradizioan baina gaurko idazleen artean ez da batere arrotza eta adibide ugari aurkitzen dira.
  • … X ezta ere. → Tradizioan ez, baina gaur egun adibide bat edo beste, ez gehiegi, aurkitu dugu.
  • … X ezta ere. → Leiçarragaren adibide bat aurkitu dugu, bestela ez du lekukotasunik.

Ondoko hauek ez dirudi gramatikalak direnik:

  • *… ere bai X
  • *… ere X
  • *… ere ez X

Forma klixetu batzuk

ere adberbioa beste ingurune zenbaitetan ere erabiltzen dugu, batez ere forma klixetu batzuetan. Horietako batzuk diskurtso markatzaileak dira: hala ere, hala eta guztiz ere… Beste batzuk forma eginak: batez ere, asko ere asko, nor eta ere, zer eta ere, noiz eta ere… eta arruntak dira inor, inon, deus eta holakoekin: inor ere, inon ere, deus ere… DMaren izaerari eusten diolarik, juntagailuekin ere ager daiteke, beste DM askorekin gertatzen den gisan:

  • Eta Miren ere etor daiteke.
  • edo nik ere egingo dut.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3