Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1:3

bestalde, bertzalde

bestalde, Hiztegi Batuan “lokailu” deiturikoa, diskurtso markatzaile gisa nola erabiltzen den ikusiko dugu atal honetan.

Forma

Formari dagokionez, bestalde eta bertzalde erabili dira tradizioan. Literaturan beste alde, bertze alde ere ageri dira, azkenean forma bildua bestalde, bertzalde nagusitzen den artio. Lapurteraz forma bildua XIX. mendean agertu zen. Bi aldaerak batez ere Iparraldean eta Nafarroan erabili izan dira. Gero Iztuetak ere erabili zuen eta XX. mendean euskalki guztietara hedatu zen. Forma honi buruzko informazio gehiago, OEHn eskura daiteke:

Gaur egun, guztiz arrunta da idazleen artean:

  • Eta, bestalde, gutxi gorabehera ere ez nekien zenbat denborarako genuen; ezta, zehazkiago, elkarrekin afaltzekoak ote ginen ere. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Nahiko lan nuen, lan atsegina bestalde, emakumea begiztatzearekin. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)

Adibideek argi erakusten dutenez, bertze1 (beste edo althe, zubereraz) eta alde izenak osatzen dute diskurtso markatzaile hau. Baditu beste aldaera batzuk ere, gutxiago erabiliak: bestetik eta bestaldetik. Hona hemen adibideren bat:

  • Esan dezagun, bestetik, unibertsitatearen zeregina dela ez bakarrik irakastea, baizik ikerkuntza egitea ere, irakaskuntzak eta ikerkuntzak, biek elkarrekin, oinarritzen baitute unibertsitatearen lanaren mamia. (Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Pérez / Salaburu, P.)
  • Paolak esaten zigunez, neska hura egunean bitan edo hirutan bainatzen zen, eta Mario ere bai, zeinak, bestetik, ez zuen egiten bainatu, bizarra kendu eta izpiliku-ura eman besterik. (Gure etxeko kontuak, Natalia Ginzburg / Rey, F.)

Adibide guztietan argi ikusten da nola “lotzen” dituen markatzaile honek testuaren atalak: lehen zerbait esan dugu, edo gertatu da. Eta “horretaz gain” beste zerbait gaineratzen da. Hori da esanahia. Horregatik sartzen dugu emendiozkoen artean: zerbait emandatzen du, gaineratzen du.

Badu batzuetan aurkaritza balioa ere:

  • Makalaldi bat zeukan Fortunato horrek, bestalde gizon begiragarri baita, beldurgarria ere izanagatik. (Narrazioak, Mirande)

Tokia

Perpausaren barnean leku askotan ageri da, EEHn hiztegian ikus daitekeen gisan: perpaus hasieran, perpaus barnean eta amaieran ere bai:

  • Bestalde, estutasuna itogarria zen. (Lekuak, Atxaga)
  • Neska, bestalde, ez belorik ez berokirik, soineko eder batez jantzirik zegoen. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Zubizarreta, P.)
  • Normala bestalde, haiek amerikarrak dira eta. (Piano gainean gosaltzen, Cano, H.)
  • Ongi zihoan dena, bestalde. Baina maite zituen, bestalde. (Ahardikeriak, Marie Darrieussecq / Joxan Elosegi)
  • SEMEAK: Zer! leheneko phisu bera, eta khuyarena bertzalde? AITAK: Diozun bezala. (Laborantzako liburua, Duvoisin)

Beste juntagailu eta DM batzuekin

Askotan, DM-ekin arrunta denez, juntagailuekin batera erabitzea guztiz arrunta da.

  • eta juntagailuarekin:
    • Istripuari buruz eman dezakeen bertsioak ez du kezkatzen, lekukorik ez dagoenez ukatu dezakeelako, eta, bestalde, berari bezala, ez du uste egia esatea komeni zaionik. (Lili eta biok, Saizarbitoria, R.)
    • Eta, bestalde, nork dakike errusiarrak etortzean gertatuko dena? (Hau gizon bat da, Levi, P. / M. Irurtia)
  • baina juntagailuarekin:
    • Alde batetik Pilar erretiratua egotea nahi luke, haren begirasun aztertzailea saihesteko, baina bestalde, lasaitu egingo luke tramite hori lehenbailehen pasatzeak. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
  • edo juntagailuarekin:
    • Orain uste dut biziko abentura edo apustu zailena orduantxe hasten dela: edo erdi-bizirik egon edo, bestela, bizi-etsia hartu. (Arrazoia ez dago edukitzerik, Segurola, I.)
  • berriz DMarekin (gaurko literaturan ez dugu adibiderik aurkitu):
    • Nola eten zitzakean batbatean urte batzuez lenagotik Zitorekin zerabiltzkin artuemanak? Nola zuztarretik atera zartako batean, ain sakon erroturik zeuzkan biotzondokoak? Bestaldetik, berriz, etxekoai dana adieraztekotan, nola artuko ote-zizkioen bere azalpenak? Nola eman, gañera, amari bere leengo ibillien berri? Ua estuasuna! Ua barrendiko lertubearra! Zer egin zezakean zori artan? Kezka zulagarriaren bean, lertu bear zitzaion barrunbea; naastu bear […] (Uztaro, "Barrensoro")

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bestalde, bertzalde", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3