Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1:4

halaber (orobat, berebat)

ere, gainera eta bestalde diskurtso markatzaileekin batera osatzen du halaber markatzaileak emendiozkoen arteko lehen multzoa, esanahiz neutroak direla esan duguna.

Forma

Batez ere Iparraldeko testuetan, zuberera kenduta, erabili da tradizioan, eta XX. mendean hedatu zen Hegoaldera, segur aski ere Azkuek bere hiztegian sartu zuenetik:

Gaur egun guztiz hedatuta dago:

  • Hantxe zegoen, halaber, Abdel Haqqen piano-irakaslea, gurasoen lagun-mina: Mustafa. (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)
  • Badaki, halaber, ez dela huts tekniko bat izango, jeloskortasuna gainditu zaiola baizik bere birtuosismoari (Paper festa, Lertxundi, A.)
  • Eta beste zigor bat zen, halaber, espero gabeko ur izoztuak eragin zion hasperena entzunaraztea. (Hoben-ordaina, Ian McEwan / Olarra, X.)

Formari dagokionez, hala adberbioak eta ber indartzaileak (bera, berori, ber gisa, berregin…) osatzen dute halaber. Esanahiari dagokionez, orobat, gauza bera, gisa berean, gainera, modu berean, adierazten du. Askotan, ere emendiozkoa darama inguruan:

Biak, halaber eta ere, aski hurbil daude elkarren artean esanahiari dagokionez, eta askotan bata bestearen ordez jar daiteke. orobat eta berebat ere sail honetakoak dira, eta haien artean ez dago desberdintasun gehiegi.

Beste partikula batzuekin

Batzuetan eta juntagailuarekin ageri da halaber, eta ere ere aipatu dugu. Arruntak dira baiezko eta ezezko partikulak ere halaber markatzailearen inguruan:

  • Gero Tabernaklea ere halaber, eta zerbitzuko unzi guziak, odolez ihizta zitzan. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Ene Aita zerukoak ere halaber darotzuete eginen, baldin batbederak zuen anaiari ez badiozue bihotz oroz barkhatzen. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Baidakigu Jesus biztu izan duenak gu ere halaber biztuko gaituela Jesusekien eta ageraraziko gaituela zuekien batean bere aitziñean. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Haur mainatsuaren keinua egin zuen ezpainekin, boza ere halaber: (Gure Jerusalem galdua, Epaltza A.)
  • Senak eta argitasunak eusten diote: zuzenki arrazoitzen du; sarritan ez du arrazoitzen, eta halaber dago zuzen. (Hau gizon bat bada, Levi, P. / Mikel Irurtia)
  • Negar egiteari utzi, eta poliki ile sarria alboratzen du, bai halaber betaurrekoak ere, aurpegiaren alde bat orban handi bat baino ez da, masail bat txertaturik dauka, begia beldurgarria da, batez ere begia, betazalik gabea. (Zangotraba, Igerabide, J. K.)
  • Hartarakotz guardatzatzu bero soberetarik, Bai halaber izotz haize, eta hotz aspretarik. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Hargatik ez nahasi da, Ez halaber zathitu: Ezta bera ganbiatu, Baina bai gu goititu. (Ama birjinaren ofizioa, Harizmendi, K.)
  • Iende batzuk kofesatzen dira maiz, eta bai halaber maiz ere leheneko bekhatuetara bihurtzen: eror, eta iaiki dabiltza; garbitu bezain fite likitsten dira. (Guero, "Axular")

Tradizioan badira ez/bai halaber hitz segidako adibideak, baina gaurko idazleek ez dute asko erabiltzen:

  • Jakizu oso arriskugarria litzatekeela zientzia honetatik hastea, metafisikatik esan nahi dut, bai halaber profeten alegorien esangurak azaltzetik ere, eta haien liburuetan edonon erabiltzen dituzten esaeren metaforen adieretan gelditzea. (Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Kintana, X.)
  • Erdietsi nuen, bai halaber liskar egin ziezaion lortu ere, bistan denez berarengatik baizik onartu ez zuen ehizaldi horren karietara. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)
  • Denek ulertu ahal dezaten eta abar… “Burlatzen naiz Garibaiez, bai halaber Etxabez, zeñak mintzatu baitire erdaraz eskaldunez”. (Kuskue tanden, Iñaki Iñurrieta)
  • Burlatzen naiz Garibaiez, bai halaber Etxabez, zeñak mintzatu baitire erdaraz eskaldunez.
    Ezen zirenaz geroztik eskaldunak hek biak, eskaraz behar zituzten egin bere historiak (Euskara batua, Zuazo, K.)
  • Harrezkero, zola bikoitza erabiltzen dut eskuineko oinetakoan, eta garbi antzematen zait herrena; horrek, haatik, ez dit lasterka ibiltzea eragozten, ez halaber jauzi egitea, nahiz eta modu bitxi samarrean egiten ditudan biak. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)
  • Ez ezazu, oroz gain, zeure zigilua balia, ez halaber amodiozko ezein ikur; soin irudi bat baizik ez. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L./ Muñoz, J.)

Kokalekua perpausean

Tokiari dagokionez, DM honek askatasun handia du perpausean agertzeko, Duvoisinen ondoko adibide hauek erakusten duten gisan. Anitzetan, ezkerrean gelditzen dena mintzagaia da:

  • Perpaus hasieran:
  • Perpaus barnean, aditzaren argumentu baten ondotik:
    • Moisi halaber erran zioen: Igan zaizte Jauna gana, zu, Aaron, Nadab, Abiu, eta Israelgo hirur hogoi eta hamar zaharrak, eta adoratuko duzue urrundik. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Zainak halaber berria eman zuen, zioelarik: Berriketaria goan zaiote, eta ez da gibelerat itzultzen. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Perpaus barnean, eta juntagailuaren ondotik:
    • Zilharrik eta kobre menastarik, Jaunari eskaini ziozkan eta halaber setim zurak asko zerbitzutako. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Manasek izatu zituen gozamenetan Isakarren eta Aserren lurretan Bethsan eta bere herriak, Jeblaam bere herriekin, Dorgo egoiliarrak eta hiriak; Endorgo egoiliarrak ere eta herriak; eta halaber Thenakeko egoiliarrak eta herriak, Maiedoko egoiliarrak eta herriak, eta Nophetheko hiriko hirugarren phartea. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Perpausaren barnean, aditzaren ondotik (oso arrunta da):
    • Imolatuko ditutzue halaber akher bat bekhatuarentzat, eta bi bildots urthebanakoak bakezko bitimatzat. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Perpaus barnean, adjunktu baten ondotik:
    • Nola beraz biltzen baitire hirakak eta suan erretzen, halaber da gerthaturen mendeen akhabantzan. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Perpaus amaieran (lekukotasun gutxiago, bai tradizioan bai egungo testuetan):
    • Erruthek ihardetsi zuen: Ez bezaizkit trebes jar, utz zaitzadan eta goan nadientzat; ezen norat-nahi egin dezazun, haratko naiz; eta non-ere geldituko baitzare, ni geldituko naiz halaber. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Beste erabilera batzuk

Diskurtso markatzaile hau itxuraz konparaziozko perpausetan erabili da literaturan:

  • Eta nola arranoa bere umeenean, Halaber zu ere zaude othoi gure gañean. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Ielozkor iarri behar gare gure aiphamenaz, bainan hartaz eztugu Iainkoaizunik egin behar; eta nola prestuen begia ezpaitugu ofensatu behar, halaber gaixtoen begiari eztiogu atsegin eman behar. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Nola sobera haserretzea baita bekhatu, hala halaber gutiegi egitea ere, ezta hoben gabe. (Guero, "Axular")
  • Ezen nola Aitak resuszitatzen baititu hilak eta bibifikatzen, halaber Semeak ere nahi dituenak bibifikatzen ditu. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Eta nola gerra ondoko lehen urtean harriak iraizoz-jimeneztarrei uzta osoa hondatu baitzien, halako eran, non are zailagotu baitzitzaizkien bizi-baldintzak, eta nola garai hartakoa izan baitzen, halaber, Leonen anaietarik batek - Tomásek - sentitu zuen bokazio erlijiosoa, hala, Lugasteko jesuitekin zuen konfiantzaz baliaturik, hango barnetegira eraman zuen botikariak Tomás egun batean, neurri harekin, bide batez, etxekoen karga arintzen zuela. (Ur arreak, ur garbiak, Irigoien, J. M.)
  • Hala nola ezagutzen nuen Pariseko Kapera Saindua, halaber ezagutu ditut duela parrasta bat urte Uzbekistango monumentuak. (Herria)

halaberean, halabereko (eta halaberki, Etcheberri (Ziburukoa)k) ere ageri dira egungo testuetan, eta euskara mintzatuan ere bai, batez ere Nafarroan (zenbait tokitan araberean ahoskatua), erabiltzen dira:

Pareko beste lokailu batzuk

Mariama Bâ orobat eta berebat adberbioak halaber DMaren parekoak dira. orobat euskalki guztietan erabili da, nahiz bizkaierazko adibideak urriagoak diren. Gaur egun ere nahiko erabiltzen da. Hona hemen orobat adberbioarekin zenbait adibide. orobatsu aldaera ere ageri da:

Perpausean hartzen duen tokiari dagokionez, askatasun handia dago (adibide guztiak Epaltzarenak dira):

  • Orobat ezker belaunean, ezker esk::n eta ezker besoan. (Gure Jerusalem galdua, Epaltza A.)
  • Eta orobat galdegin, ea posible ote zen noizbait errege izan zenaEta orobat galdegin, ea posible ote zen noizbait errege izan zenak gisa horretara beheratzea bere burua

k gisa horretara beheratzea bere burua. (Gure Jerusalem galdua, Epaltza A.)

Bestetik berebat aipatu behar dugu. Tradizioan Hegoaldean erabili zen, XVIII. mendetik aurrera. Egungo testuetan ez da sobera erabiltzen:

  • Berebat egin lezake noiznai gure Jesus maitagarriak bekatarien animako ezkabiarekin ere; baña ez du Jesusek, ez, beti ori egin oi. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Filistintarrak berebat sartu ziran eta bazter zabalak beretu zituzten. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Historiatik kanpo geratzen dira zerrendako pertsona bakoitzak ondasun haiek eskuratzeko eman zituen urteak, jakintza eta trebetasuna, izan kaleko saltzaile, kimikari, legelari edo etxekoandre, eta berebat geratzen da historiatik kanpo nola dokumentu haietan guztietan judu eta ijito hitzak, gure hizkuntzan ohi denaz bestela, “judu” eta “ijito” idazten ziren, hots, letra […] (Gotz eta Meyer, David Albahari / Navarro, K.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "halaber (orobat, berebat)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3