Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1:5

behintzat

behintzat, bederen, behinik behin1 eta beste batzuek osatzen dute emendiozko diskurtso markatzaileen bigarren multzoa. Ez dira ere, halaber, gainera… emendiozkoak bezain neutroak. Bigarren multzo honetan erabiliena behintzat da.

Forma eta erabilera

Formari dagokionez ez du diskurtso markatzaile honek inolako arazorik sortzen: behin adberbioa dugu alde batetik, eta horri atxikita –tzat destinatiboaren kasu marka. Tradizioan behintzat, bentzait, bentzit, baintzat, beintzet… aldaerak ageri dira, idazle eta euskalkien arabera. Hegoaldean erabili da, XVIII. mendeaz geroztik batez ere. Egia da Iparraldean Leizarragak eta XVII. mendeko idazle lapurtarrek erabiltzen dutela, baina hain zuzen ere, XVIII. mendearen erdi aldetik aurrera aise lekukotasun gutxiago du:

Gaur egungo idazleen artean guztiz hedatua da:

  • Hura bai, sartu izan da, atea osoki ixteko arreta hartzen ez badu behintzat. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
  • Materialaren hoztasunak eta testurak hala iradokitzen didate, behintzat. (Zu, Lertxundi, A.)

Beste aldaera batzuk ere aurkituko ditugu han-hemen:

  • Ortako zer medio ain onik, nola berori gelditzea sakramentaturik, ta sartzea ala aien baitan? in diote ta inen diote anitz indignidade; baña zeruek eta lurrak admiratuko du orren ontasuna iten baitiote ongi indignoei ere; eta Eliza bere esposa bentzait beti fiel izanen da. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Baña gure yendea, oraiñartekoa baintzat, Garbitegian ez dala luzaro egoten iduri zaidanan. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • Azkenen be semea bialdu zien, bere arten esanez: Errespetauko doe beintzet ne semea. (Beste zenbait itzulpen, Otaegi, K.)

Kategoria

Kontura gaitezen Peru ere gelditu zen eta Peru behintzat gelditu zen perpausetan ageri diren ere eta behintzat hitzak kategoria berekoak edo bertsukoak, gutxienez, behar dutela izan. Batean eta bestean testuinguruan aipatutako zerbaiti egiten diote erreferentzia. Peruz kanpo “beste norbait” ere gelditu zela badakigu ere erabiltzen dugunean, batetik. Eta antzeko zerbait gertatzen da behintzat-ekin ere: gerta liteke “beste norbait” gelditzea, edo ez, hori zalantzan jartzen du testuinguruak, baina badakigu, gertatuak gertatu, Peru gelditu zela. Bi kasuetan ezinbestekoa du hiztunak kanpoko erreferentzia. Batean segurtasuna markatzen da, bigarrenean zalantza. Horregatik diogu kategoria berekoak direla bi lema horiek, adberbioak hain zuzen ere.

Funtzioa

behintzat honek nolabaiteko muga jartzen du solasean. Ez da bakarra muga mota hori jartzen:

  • Ni behintzat hemen gelditu naiz.
  • Ni bederen hemen geldituko naiz.

Bi horiek aski parekoak dira muga markatzeari dagokionez. Eta hor parean jar daitezke, esanahi berarekin, segurik, behinik behin, gutxienez, eta aise gutxiago erabiltzen den bederik ere. Sail bereko diskurtso markatzaileak dira.

Esanahia

Diskurtso markatzaile hauek batez ere euskalkietan izan duten erabileragatik bereizten dira, esanahiagatik bainoago. Esanahi zabala dute, testuinguruaren arabera. Baiezko nahiz ezezko perpausetan -galdegaiaren baiezkotasun edo ezezkotasunaz ari gara- DMaren aurreko sintagmari muga bat jartzen diote:

  • Peru behintzat garaiz etorri zen vs Peru behintzat ez zen garaiz etorri.

Hor esaten ari gara ez dakigula besteekin zer gertatu zen (beste zerbait edo norbait ere aipatu dugula, hori seguru, modu inpertsonalean bada ere), baina Peru garaiz etorri zela, edo ez zela garaiz etorri (bigarren adibidean). Beraz, multzo horietan sartzen dugu Peru, garaiz etorri zirenen multzoan, edo garaiz etorri ez zirenen multzoan. Erabilera hori da diskurtso markatzaile honekin maizen ageri dena. Galdera honi erantzun diezaioke:

  • Etorri zen norbait garaiz?

Eta berdin balio du, esan bezala baizkotasuna nahiz ezezkotasuna markatzeko. Ez da beharrezkoa, zernahi gisaz, galdegaiaren baiezkotasun edo ezezkotasunera jotzea, bestelako inguruneetan ere erabiltzen baita markatzaile hau:

Zenbatasuna adierazten

Maiz erabiltzen dugu behintzat adberbioa zenbatasuna adierazten duten adberbio eta bestelako zenbatzaileekin:

  • Itz oek bekatuaren edergarriak dira, eta, batzuetan beintzat gaiztoak izan oi dia onelakoen konfesioak. (Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • - Eta ez dut ekusten nik, askotan beintzat, ista ta burla, nekezko gogortasuna, ta esker gaistoa besterik munduko geienetatik. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Ni neu ere pare bat aldiz behintzat deiadarka jarduna nintzen lurreko koltxoiaren gainean, eta ez, Nadiak uste zuen moduan, atsegina neurri batetik gora minarekin nahasten delako, izterrean tarteka zaintiratuak izaten nituelako baizik, oso postura behartuetan mugitzera derrigortzen baininduen neskak, eta zer gertatzen zitzaidan adierazten uzten ez zidalako ere bai, kexatzen hasi orduko bi eskuekin ixten baitzidan […] (Zwei Frauen, Joxean Agirre)

Hiztunaren presuposizioa

Lokailu hauen erabilera hainbeste faktoreren azpian dago: besteak beste, hiztunaren eta entzulearen presuposizioekin oso lotuta dago. Hiztunaren egoera zein den, zer pentsatzen duen perpausaren inguruneaz, esaldi bera onargarria izan daiteke, edo ulertezina: hola, hiztunaren presuposizioa aldatzen bada, esaldia interpretatzeko modua ere aldatzen da. Ikus dezagun adibide hau:

  • Kilometro pare bat behintzat egingo dugu.

Jo dezagun itzuli bat egitera atera garela mendira eta bat-batean euria hasi duela. Segur aski ere gure asmoa zen zenbait kilometro egitea, hori zen gure presuposizioa, alegia, eta horregatik esaten dugu nahi genuen distantzia osoa egitea ezinezko gertatu bada ere, gutxienez bi kilometro bahintzat egingo ditugula. Bestela ez luke zentzurik esaldi horrek. Baina gure mendiko oinetakoak jantzi eta, Hirurehun kilometro behintzat egingo dugu esango bagenu, nekez ulertuko genuke esaldia. Auto bat hartuko bagenu eta hori esango bagenu, zentzu osoa izango luke. Zergatik? Gure presuposizioa da oinez nekez egin daitezkeela hirurehun kilometro, egoera arrunt batean, bai, ordea, autoz.

Berdin gertatuko litzaiguke gurekin hurbileko mendietara joaten den norbaiti Pagasarri erdian, edo Auzako magalean Ni Everestera behintzat igoko naiz entzungo bagenio. Nekez ulertuko genuke esaldiaren zentzua, non ez den ironiaz ari, baina ironia horrek berak hausten du aurresuposizio arrunta.

behintzat, segurik

behintzat hedatuta dago guztiz euskal hizkera gehienetan, baina historian zehar gehiago erabili da Hegoaldean Iparraldean baino. Zubereraz, esaterako, lekukotasun urriagoak ditu. Diskurtso markatzaile honen lekuan zenbait hizkeratan, Iparraldean, segurik erabiltzen da. baa ein bestea. Parekoak dira:

  • Koldo eta Miren behintzat etorriko dira.
  • Koldo eta Miren behintzat ez dira etorriko.
  • Koldo eta Miren segurik etorriko dira.
  • Koldo eta Miren segurik ez dira etorriko.
  • Premu errotazainak, erralditako, sekulako astoak, hamabortz bat segurik, hazten zitian. (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)
  • Nik segurik ez dut holako galderik sekulan egitenøø. (Bihotzeko mina, Dirassar)
  • Argazkietatik bakarrik ezagutzen dut, argazkietatik bakarrik norbait ezagutzen ahal bada segurik. (Errateko nituenak, Salaburu, P.)

bederen DM ere sail berekoa dugu eta behintzat bezala erabil daiteke:

  • Koldo eta Miren bederen etorriko dira.
  • Koldo eta Miren bederen ez dira etorriko.

Baina, zernahi gisaz, behintzat eta bederen sail berekoak badira ere, ez dira berdin-berdinak. Anitzetan bata bestearen ordez erabil dezakegu, eta eremu zabal batean alor semantiko bera hartzen dute, baina, berehala ikusiko denez, bederen diskurtso markatzaileak badu baldintzazko kutsu puntu bat ere, besteak ez duena.

Beste erabilera batzuk

behintzat adberbioa edozein perpaus motatan aurkituko dugu:

  • Batzuetan lehenik esan nahi du:
    • Jorratzeak bi on dakharzke. Behintzat hiltzen ditu belhar gaixtoak, zeinek iresten baitute lurrak ogiari eman behar lukeen gozoa, eta horrengatik premia dira jorrak, bereziki belhar tzarrak hazitzen hari direnean edo aintzintxean. Bigarrenekorik, lurra harrotzen da eta aireak ontzen ditu landareak nihork uste dukeen baino gehiago. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
    • Nola egin dute? Behintzat, lanthu dituzte beren larreak; eta gero lurrik txarrenak estali igeltsuz eta merlaz. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Harridurazko perpausetan ere ikusiko dugu:
    • Azken adibidean segurki esan dezakegu, harridurazkoa denez, segurik esan beharrean.

behintzat aski hurbil dago segurik eta bederen adberbioetatik, esanahiari dagokionez:

Adibidez, azken bi adibide horietan ez da ezer ere gertatzen behintzat horren ordez, bederen edo segurik jar daiteke, perpausaren esanahia ukitu gabe: “jakina baietz, horixe baietz, bai segurki”… esan nahi du.

Perpauseko kokalekua

Askatasun osoa du behintzat DM honek, tokiari dagokionez, perpausean. Esaterako, perpaus hasieran:

Holakoetan, lehenbizi(korik), lehenik edo hasteko esan nahi du batzuetan, nahiz ez beti. Eta holakoetan nekez ageriko dira, esanahi horrekin, bederen edo segurik.

Arruntagoa da DM perpaus barnean agertzea, ez hasieran:

  • Eta, dana dala, Iñazio Mari ta Mikalla ezkondu ziran beintzat eta ezkonduak gelditu ziran betiko. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Or dozu ospia ta betoz diruak (Jazorikua) Edonok daki, buru pitin baten jabe ba da beintzat, ospe onak uste dan baño diru geyago balijo ixaten daula. (Abarrak, "Kirikiño")

Ondoko hau bezalakoak ere, eten batekin, aski arruntak dira:

Holakoetan, ezkerrean ageri dena mintzagai hanpatua da. Eta indarra emateko orduan, formula hau oso arrunta da:

  • Etorri, behintzat, etorri dira.
  • Ikusi, behintzat, egin zuen.

Batzuetan perpaus amaieran gelditzen da adberbio hau:

Gainerako diskurtso markatzaileekin gertatzen den gisan, edo juntagailuarekin batera ere ageri da askotan:

  • Argi eta garbi dagoena ukatzera behartzen dute, edo behintzat ezkutatzera eta isiltzera. (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)
  • -Ez zekik, edo behintzat hala ziok. (Maitea, Toni Morrison / Anton Garikano)

Esanahia

Esan dezagun, hortaz, behintzat adberbioak esanahi hauek dituela: hasteko, behintzat, bederen, behinik behin, gutxienez (zenbatasuna) edo segurik esan nahi du. Hori da erabilera arrunt eta hedatuena. Harridura perpausetan “segurki, horixe baietz, jakina (baietz), noski…” esan nahi lezake. “Hasteko” ere esan nahi du batzuetan, edo “lehenik, lehenbizikoz, behinik behin…”. Eta batzuetan, kontzesio kutsua ere hartzen du.

Erreferentziak

Euskaltzaindiak honetaz

1 Gogoratu, Euskaltzaindiaren 1. arauan jasotakoaren arabera, behinik behin idatzi behar dela.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "behintzat", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3