Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1:6

bederen, bederik, behinik behin

behintzat diskurtso markatzailearen parekoak dira bederen, bederik eta behinik behin ere. Forma aldetik bederen (edo honen aldaera bedere) eta bederik berdin sortu dira: -en genitiboaren marka darama lehenengoak eta -ik partitiboarena bigarrenak. Bestalde, behinik behin osatzeko, behin aditzondoa hartu da oinarrian.

Esanahaia

Nicolas Ormaetxea, "Orixe" bederen, bederik eta behinik behin hiru moldeek esanahai bera dute: “behintzat”, alegia. Hala jasotzen da Hiztegi Batuan ere:

  • bederen: lok. Behintzat, gutxienez. Urtean behin bederen. Erdia bederen. Bi kilometro bederen zabal. Alaitasunez ez bada ere, gogo onez bederen. Baimena ez izanagatik, izan balu bederen gizon sendo baten itxura. Bereizkuntza, ordea, nik bederen, ez dut garbi ikusten.
  • bederik: lok. Gip. Bederen. Letra gizona dugu Oihenart; poeta landuen edo bederik landuxeen artean sartu zigun Orixek. Sakristau bederik izateko. Esango dinat, labur bederik. Bi bider bederik.
  • behinik behin: behinik behin lok. Behintzat. Erostunak baditu behinik behin, eta irakurleak izango ahal ditu. Hitzen auzi hau ez da, nire ustez, ez auzia ez ezer; ez luke behinik behin izan behar. Estatuaren zerbitzari bihurtzeko asmotan zebiltzan behinik behin.

Perpauseko kokalekua

“bai”/”ez” partikulekin ageri dira askotan diskurtso markatzaile hauek, harridurazko perpausetan, sintagmen artean, perpaus hasieran, perpaus amaieran, eta abar:

  • Haserrego borthitzek, onthasun biltzeko sekheria sobraniazkoak, ohore-gose handiak, atseginetarako ekharritazun biziegiak, norbaitendako maithagune bihotzari arras nausitzen zajonak, gorphutzari ematen zaizkon gurikeriek, jan-edanetako sobraniek edo friandizek, odola berotzen ta umoreak nahasten dituzte, osasunik hazkarrena maiz flakatzen dute, batzutan laster ere bai, eta bethi kasik berantxago bederen bai, sukhar langit batek bezala. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Sei orenen buruan, etxeko keretari hurbiltzearekin, auzoak jin zitzaizkon biderat begitarte triste batzuekin: - Gaixo Jakulet! Berantegi heldu zira; Marianne gaixoa Jainkoa baitan pausatu da! - Alo! Aldi huntan bederen ez dut galdu ene Pauerako bidaia! - Zer mintzo zira, gizona? - Ah! gaixoak! Ez dakit haren hiltzen ikusteak ez ninduenetz nihaur hil-hotza aurdikiko! Harritu ziren auzoak. (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)
  • Neskatxa kanporat orduko, bere hamar sosekoaren doluz, urrikitzen zaio muthilari, eta bere khexuan, sakreka hasirik, erraiten du: “Debruak ereman baleza bederen!” (Ixtorio-mixterio, Barbier)
  • Hilen naiz bazterrerat uzten banauzu! BENAT: Zaude ixilik! Denborak denak kontsolatzen ditu! BENITA: Bederen, zurekin Europarat ereman nezazu. (Hiru ziren, Larzabal, P.)
  • Hortik zehar joan eta zer alderdi den itaunduko al dizut? –Bai, enetxo! inor bizi bada bederik. (Sopokel'en antzerkiak, Zaitegi, J.)
  • Txoriak igesegiten nai al zun Valde-Espinak? Beti arontza ta onontza, ta beti atzeraka Santa Kruz, igande gabetik asteazkeneraño, ta, ez al zion igarritzen aldegin-naia zedukanik? Edo etzun uste igesegin zezakenik, edo berak utzi zion, erdizka bederik etsita. (Santa Cruz apaiza, "Orixe")

Egungo idazleek ere erabiltzen dituzte diskurtso markatzaile hauek:

  • Jakinarazten didazu xede horretan bederen ez duela engainatzen. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)
  • Barrenatu du laztabinarekin, egin du zuloa, metro eder batekoa bai bederen, eta izerdiak lehortzen ari da Bernat Agirre. (Su zelaiak, Mikel Peruarena)
  • Baina, erranik aitzinetik hori guztia, orain erraiten dizut ezen don Frantzisko ez zela jakintsu, ez bederen hitz hori komunzki endelegatzen den moldean. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)Dolores Redondo
  • Hortaz, hesia jarriko diot etorriari eta amore emango diot lotsari; alabaina, bi hitz bederik esan beharko dut, kontua zertan amaitu zen behinik, hori gabe herren geratuko bailitzateke istorioa, burutzapenik gabe nire nerabezaroa. (Nerabearen biluzia, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Izeba bizirik ote den jakiteko bederik. (Feriatzaileak, Patxi Larrion)
  • Handik ihes egin zuen, edo hala iruditu zitzaion, behinik behin. (Eskaintza ekaitzari, Dolores Redondo / Rey, F.)
  • Bigarrena jakinarazteko, hilabete batez behinik behin, bere logela beste herrikideren bati alokatu beharko ziola, gauak ere zaharraren etxean igaroko baitzituen. (Sirena-hotsak, Xabier Etxaniz Rojo)

Elkarren artean loturik

Diskurtso markatzaile hauek oso antzekoak dira, eta zenbait esalditan, posible da hirurak erabiltzea:

  • Martin eta Sara behintzat ezkonduko dira.
  • Martin eta Sara bederen ezkonduko dira.
  • Martin eta Sara behinik behin ezkonduko dira.

Horrez gain, harridurazko perpaus batzuetan behintzat diskurtso markatzailearen ordez segurki erabiltzen dugu, eta beste batzuetan, segurik, bederen edo behinik behin. Hala ere, gogoan hartu behar dugu bederen diskurtso markatzaileak baduela gainerakoetatik bereizten duen adiera bat, kontzesio kutsua, ematen diona, alegia:

  • Iritsiko gara gailurrera, arrastaka bederen.
  • Ez daukagu astirik hitzaldia ongi prestatzeko, baina egingo dugu, presaka bederen.

Bi adibide horietan hauxe da bederenen esanahia: “arrastaka bada ere” eta “presaka bada ere”. Horrenbestez, testuinguru horietan ezin dira erabili behintzat eta behinik behin.

Euskaltzaindiak honetaz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bederen, bederik, behinik behin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3