Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1:7

badere

Esan dugu bederen diskurtso markatzaileak kontzesio balioa ere badaukala:

  • Iritsiko gara gailurrera, arrastaka bederen.
  • Ez daukagu astirik hitzaldia ongi prestatzeko, baina egingo dugu, presaka bederen.

Horietan ezin da behintzat esan, adierazi nahi dena 'bada ere' edo antzeko zerbait delako. Hain zuzen ere, hortik dator badere diskurtso markatzailea: “bada + -ere” egituratik. Horrenbestez, bada ere egiturak ere kontzesio kutsua dauka.

Gure idazleen artean askok erabiltzen dituzte bada ere eta badere (badare bezala ere) kontzesio balioarekin, mendeko perpaus arruntak sortuz. Kasu hauetan guztietan, esaterako, ez da ailegatu diskurtso markatzaile beregaina izatera eta mendeko perpausaren aditz arrunta da:

Egungo testu batzuetan ere ageri da:

  • Nola beste inork apenas haizatuko zituen honelako kontuak, ongi egin dut, etxerako badere, hau dena aipatzen, ezta…? (Zeruan zer berri, Zabala, P.)
  • Bere ametsa, arbasoek jaio eta hil ziren oinetxea, aitari auskalo zenbat lan urte kosta izan zitzaiona berreskuratzea da, eta adierazi izan du, hitzerdika badere, senarraren lagunengana jotzeko asmoa erosi ahal izateko, Hamaika soziedadekoen artean lagun aberatsak omen zituelako. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Ihartua

Askotan ez da, ordea, adizki oso bat, iharturik geratu den zerbait baizik:

  • Bi-iru urte da pasatuxia zintzotu zala gizona, nekez bada re sinistu zuen emaztearen esana; lan-toki ona arrapatu du, entregatzen du kintzena; garai batian ori bezela orañ ni nago gizena. (Bertso jarri guztiak, Txirrita)
  • Poz andia zeukan, nekez bada re, alkatiaren etxera eldu zanean; baña sartuta laster jo zuan kapelaren goienarekin sarreran zegoan itxarki edo parola, eta erori zitzaion kapela lurrera, eta jendeak oñazpian zapaldu zuan. (Sasiletrau baten ziria, eta abar, Urruzuno)
  • Nekez badere, noizbait alkantzatu zuan Santuangandik ainbeste aldiz ukatu ziyon mesedia. (Asis-co loria, Beovide)

Adibide horietan, adizkia izango balitz, “bazen ere” edo halakoren bat beharko luke. Adizkitasuna galtzen duenean, ordea, diskurtso markatzaile bihurtzen da, eta gainerako emendiozkoen esanahia hartzen du:

  • Ai besterik ez balitzake ere jaiero ordu laurdentxo bat badere konsideratuko bagenduke edo eriotzan, edo jaungoikoaren Tribunalean izan bear degun juizio edko juzgamenean, edo aren bildur gabe bizitzen diranentzat prestatua dagoen betiko infernuan, edo onelako beste gauzaren batean! Ai, bizi geran baño obeto pratatuak biziko bagiñake, eriotza on bat izateko! Ai! bestela baño zenbat bildur geiago izango geniokeen pekatuari, […] (Ongi bizitzeko, Etxeberria, J. K.)
  • Beragatik asmo onekin egunian orritxo bat badere letu biar dezu. (Biblia III, Uriarte)
  • Aizazu, Pello: zergatik orrenbeste ardo edaten dezu? - Gizona; nik este bakar bat det tripan, eta bera zuzen-zuzena, eta ala, aotik sartu-ala, bete-ala dijoa bere bidez kanpora, eta apurtxo bat bada re barruan geldituko bada, egarria iltzeko, askotxo sartu bear izaten det. (Ur-zale baten ipuiak, Urruzuno)

Formak horren gertu egonik, bederen eta badere nahasi egiten dira batzuetan:

  • Bigarrena: urtean behin bedere konfesatzea, edo lehenago heriotzeko peligroan aurkitzen bada. (Cristau-Dotrina, Baztan)
  • Giristino, giristino denak, batean ezpada bertzean, noizik behin bedere, autemaiten du bere konzientzia, bisitatsen du bere arima. (Guero, "Axular")

Adibide horietan bederen da: euskalki batzuetan ongi bereizten dira bedere, bederen esan nahi duela, eta badere, bada ere esan nahi duela:

  • “Hori badere eginen dugu” = “Hori baizik ez bada ere eginen dugu”

Hala ere, badere argi eta garbi diskurtso markatzailea ez bada ere, idazleek erabiltzen duten neurrian, diskurtso markatzaile izateko bidean dagoen adizkia izan daiteke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "badere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3