Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:1:9

segurik

Morfologia aldetik nahiko hitz gardena da segurik: “segur” adberbioari partitiboaren -ik marka erantsiz sortu da. Hauxe dakar Euskaltzaindiaren hiztegiak:

  • segurik 1 adb. Segurki. Gauza bat soilki dakigu segurik, hilen garela, eta beti, uste dugun baino lehen.
    2 lok. Bederen. Ez nuen alabaina, ene ustez segurik, egundaino kantatu, nehori min egin ziezaiokeen bertsorik. Ez naiz gaizkile baten aita, oraino segurik.

Hor ikusten denez, segurik hitzak bi balio dauzka: adberbioarena eta diskurtso markatzailearena. Izenondoa ere izan daiteke, jakina:

  • Ez da gauza segurik.
  • Non duzu gero horren segurantza? Eztakizu, erran komuna den bezala, eztela heriotzea bezain gauza segurik, eta orena noiz izanen den bezain guti gerthurik? Gure bizitze hunek hain du zimendu flakoa eta eria, ezen ongi minzatzera, ezin baiterrakegu: bihar eginen dugu hunelako edo halako gauza. (Guero, "Axular")
  • Esazue, akademitar aundi aiek bizitarako ez al diteke ezer segurik ardietsi? Billa dezagun arretazago, ta ez dezagun etsi. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")

Ikus ditzagun adibide hauek:

  • Sainduek gozatzen dute pozik eta segurik.
  • Zuk dena dakizu segurik, nik baino aise zuzenago.

Bi adibide horietan aditzondo arrunta da segurik. Hurrengo adibideetan, ordea, hobeki ikusten da emendiozko diskurtso markatzaile balioa:

  • Anttonek, segurik, ez du deus ere jakin nahi kontu horretaz.
  • Hamar lagun segurik etorriko dira gaurko aurkezpenera.
  • Mikelek, segurik, ez du holakorik egin.

Horietan bederen esan nahi du segurikek.

Adibideak

Ikus hemen zenbait adibide klasiko:

Eta hemen egungoak:

  • Nik segurik ez dut holako galderik sekulan egiten. (Bihotzeko mina, Dirassar)
  • Baina polliki-polliki, adimendu zorrotzagoa etorri zitzaidanean, ohartu nintzen anaia ere ez zela perfektua eta batzuetan segurik, haren balentriak ez zirela astakeria trauskil batzuk baizik. (Anaiaren azken hitza, Landart, D.)
  • Beraz zertako bakarrik zenbaitena eta ez nornahirena? Alta Eliza katolikoak bi aldiz segurik, 1866an eta 1917an ofizialki hilekilako harremanak kondenatu ditu. (Oilaindoiko ermita, M. Oronoz)
  • Joanesek Alemaniako kontzentrazio kanpamenduan ezagutu zuen memento hoberena, hala erraiten ahal bada segurik, 1944ko otsailean iragan zuen. (Ambrosio, Bidegain, E.)
  • Beste bi segurik aipatuak izanak ziren Baionarako: Gardet, Parisen, Ste Clotideko erretora, gorago aipatu bezala, eta Lavigerie kardenalearen idazkaria. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, J.P.)
  • Nik dakitala segurik ez. (Ez da musik, Oxandabaratz)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "segurik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3