Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:2:1

bestela, bertzenaz

bestela eta bertzenaz aditzondoak dira, bai formari dagokionez, bai balioari dagokionez ere.

Forma

Honela eraikitzen dira bi hitz hauek:

  • beste + la modu atzizkia → bestela → aldaerak: bestelan, bertzela
  • bertze + -n + kasu instrumentalaren marka → bertzenaz → aldaerak: bestenaz

Balioa

Balioari dagokionez, adberbioa da bestela, eta halakoetan, perpaus barnean zuzenean aditzari lotuta joaten da. “Beste modu batera” esan nahi du:

  • Bestela ezin bada, korrika egingo dugu.
  • Sukaldeko lanak bestela egin behar dituzu.
  • Onez onean edo, bestela ezin bada, indarrean - esan zuen Etelka Springerrek -. (Bederatzietatik bederatzietara, Leo Perutz / Anton Garikano)
  • Nire ustez, bestela egin genitzakeen gauzak, baina ezin izan nuen iritziz aldarazi. (Eguzki beltzaren sekretua, Ladron Arana, A.)

Diskurtso markatzaile bihurturik

Beste batzuetan, ordea, esapide-diskurtso markatzaile bihurtzen da, beste hainbat adberbiorekin gertatzen den bezala. Halakoetan, inguratzen duten perpauseko aditz sintagmatik eta gainerako elementuetatik aparte joaten da, eta eten batek bereizten du horietatik, eta idatzizko testua denean, koma batek.

  • Ezin bizi zaitezke? Irten zaite bada errota orretatik, bestela, zai, ta iriñ usuraz kargaturik ondatuko zera su eta garren lize izugarrian. (Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Emadazu adimen argia zure herria gobernatzeko, eta ona eta txarra bereizteko. Bestela, nola izan zure herri handi hau gobernatzeko gauza? (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)

bertzenaz berriz, diskurtso markatzaile lexikalizatu bezala bakarrik erabiltzen da lapurteraz, ez da adberbio beregaina, hau da, bestela hitzak dituen bi esanahietatik bat bakarrik hartzen du, diskurtso markatzailearena, alegia.

Funtzioa

Diskurtso markatzaile diren neurrian, bi funtzio izan ditzakete hitzok:

  • Gehienetan, aurreko perpausaren aditzari dagokion esanahia hartzen dute, eta nolabait baldintza moduko bat dagoela adierazten dute:
    • Euria bada kalera joango gara. Bestela, mendira joango gara.
    • Lo asko egin behar izaten du Maddik. Bestela, oso nekatuta egoten da entrenatzeko.
  • Adibide horietan, bestela diskurtso markatzailea perpaus oso baten laburdura da. bestela horrek hauxe esan nahi du: “bestela gertatuko balitz”, “euririk ez bada”, “lo asko egiten ez badu”, eta abar. Hau da, bestela hori “aurreko perpausak esaten duena betetzen ez bada” esapidearen laburdura izango litzateke. Euskal literaturan molde honen adibide asko daude, bai tradizioan, bai egungo testuetan:
    • Sasoi onetan bizi bear du Kristauak, Santo Tomasekin guziak erakusten diguen bezala; bestela ez da egiten konfesio onik. (Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
    • Era onetan alde batetik beartzen gaitu animako zauri guziak Apaizari agertzera; bestela txit gutxi oroituko lirake Jaunagana biurtzeaz. (Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
    • Eskerrak gaixo egon aizanala, bestela ez niñunan sekula zulotik aterako. (Jostuna, Labaien, A. M.)
    • Zorionez, ez nauk jaiotzez gorra, bestela mutua izango nindukek GAINERA! (Loroaren teorema, Guedj, D./ Muñoz, J.)
    • Eskerrak ez naizen horren marmartia, bestela garraztu egingo bainintzateke erabat, eta umorea galduko nuke. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
    • Edozein idazlani amaiera emateko orduan, hauxe esaten dut, bestela ez nuke sekula amaituko: “Kito, honi puntada hoberik ezin diot eman”. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
  • Beste esanahi bat ere badu bestela markatzaileak, “gainerakoan”, “hori alde batera utzita” edo antzeko zerbait esan nahi du, baldintzazko kutsua guztiz galdu gabe:
    • Eibar industria herria da, enpresa asko ditu eta autoz josita dago. Bestela, ez dago gaizki.
  • Adibide horrek esan nahi du Eibar herriaren zenbait ezaugarri albo batera utzita, industriala eta autoz josita dagoela, alegia, ez dela horren herri zatarra.
    • Ogeita sei kilo galdu nitunan sei illabetean, baña bestela ederki egon nintxinan, lenengo zortzi egunetan ezik. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
    • Bestela ez zegoen moderno izaterik. (Intemperies (babes bila), Oñederra, L.)

Kokagunea perpausean

Adibideetan ikusi denez, diskurtso markatzaile honek kokagune ezberdina har dezake perpausean:

Juntagailuaren ondoan

Gainerako diskurtso markatzaile gehienak bezala, bestela eta bertzenaz ere juntagailuen ondoan joan daitezke, eta juntadurari bere balizko esanahia edo indar murriztalea eransten diote:

  • eta-rekin erabil daiteke, adiera batean zein bestean:
    • XATUR: (Jostundegira joanez) Itxoingo diten, emakume! eta bestela or, konpon; shorten jantzita ibiltzea diten. (Jostuna, Labaien, A. M.)
    • Nik esan dut Xoluerdi zegoela hemen, eta hementxe zegoen; eta bestela, esan dezala Kaximirak, egia esan nahi badu, Xoluerdi hemen zegoen edo ez. (Ezer ez da festa, Soroa, M)
    • Zer lan on egin dezake holako langileak nahi bezen gizon azkarra eta bertzenaz osasunekoa izanik ere? (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
    • Ona delako gomendaturikoa bada, kontzientzia txarrarekin uzten dut; eta bestela, denbora galdu izanaren zapore txarrarekin. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
    • Arras zeure gogara mintzo zara; eta bertzenaz, ez dakizu zehatz-mehatz auzia zertan den: ez baitzaude hemen ikusteko. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L./ Muñoz, J.)
  • baina juntagailuarekin, bigarren adierarekin ageri da gehienetan:
    • Baina bertzenaz eman behar baldin bada, zertako ez. (Ez da musik, Oxandabaratz)
    • Eta zer usain txarra! Baina bestenaz, gainerateko guzia, berdintsua da, erritmo bera, zaintzale berak. (Bakartasunaz bi hitz, Bidart, F.)
    • Espainieraz lanbidezko harremanetarako bai, moldatzen naiz, baina bestela, komikoa ere bada: ez dut neuk nahi dudana esaten, hizkuntzak nahi duena baizik. (Homo Faber, Frisch, M./ Arrieta, J. A.)
  • Baina ez beti:
    • Kostaldeko biztanleek itsasoz bidaiatu zezaketen, baina bestela behartuta zeuden beren bitartekoez lortu zitzaketen baliabideetatik bizitzera. (Argoren ezpala, Sjon / Juan Mari Mendizabal)

Hautakariaren ondoan

edo eta edota juntagailu hautakariekin ere ikusiko dugu bestela:

Egungo testuetan ere aurkituko ditugu biak:

  • Baina asko nekatzen zen, eta luze gabe telebistaren aurrean esertzen zen, edo bestela Efraini deitzen zion etxera eraman zezan. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Beti bere amarekin edo bestenaz bere ahizpa zaharrenarekin. (Bihotzeko mina, Dirassar)
  • Han ere, turista-guneak dira gehienak edota bestela, El Prado bezalako almazen dotoreak. (Arrainak ura baino, Etxeberria, H.)
  • Bagoi bakoitzean zortzi zaldi kokatzen ziren, edo bertzenaz, berrogei gizon edo emazte. (Anbroxio, Bidegain, E.)

Beste diskurtso markatzaile batzuekin

bada eta ezi (=ezen) diskurtso markatzaileekin ere erabiltzen da bestela:

  • Eta ziñoan, ondo zala alan egitea; bada bestela, gatx zala arpegia ikusi ezkero, ez deseo txarrik gogoratutea edo emakume atan pensatu bage egotea. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Eztüzü ororen eiztia lege zeren natürak behar beitü süstengatü izan; bena zure lege saintiak eztizü unhesten behar beno haboro, eta haboruenik plazer egiten dienen txerkhatzia; ezi bestela aragia ezpiritiaren kunre altxa litezü. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
  • Orhit zite arren nontik erori ziren, eta egizü penitentzia, eta egitzü zure leheneko obrak; ezi bestela, jiten nitzaizü eta elkhiko dizüt zure khandelera bere lekhütik, ez-padüzü penitentzia egiten. (Beste zenbat itzulpen, Intxauspe, E.)

Balio murritzailea

bertzenaz diskurtso markatzaileak balio murritzailea hartzen duenean, ere diskurtso markatzailea har dezake alboan:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bestela, bertzenaz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3