Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3

Aurkaritzakoak

Izenak berak erakusten duen bezala, bi perpausen artean gerta daitekeen kontrakotasuna edo aurkaritza aditzera emateko erabiltzen dira sail honetako diskurtso markatzaileak. Beraz, alde horretatik, baina juntagailuaren parekoak dira nolabait. baina, ordea, juntagailua da eta perpaus elkartuak bideratzeko erabiltzen dugu:

  • Euria ari du baina joango gara mendira.

Horixe da aurkaritza adierazteko modurik emankorrena baina beste diskurtso markatzaile gisa ere erabiltzen da baina, hau da, testuari berari lotura emateko, eta ez perpaus elkartuari:

  • Zera esan nahiko zuen noski: banatan lo egiteko erabaki horrekin, betirako ari zirela atzera batzeko aukerari atea ixten: izan ere elkarganatze gehienak ohea konpartitzeak errazten zuen gorputzen adierezpenetatik etorri ohi zirenez hitzaren medioz baino sarriago. Baina berdin izan zitzaion orduan. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Horrelakoetan, baina-k ez ditu perpausak elkartzen, testu mailako lotura bideratzen du, hau da, ondoan duen perpausak aurrekoekin nolako erlazio semantikoa duen adierazten du, gramatika juntadurarik gauzatu gabe.

Perpausen arteko kontrastea

Aurkaritzako diskurtso markatzaileek perpausen arteko kontrastea adierazten dute. Zerrenda luzea dago hemen:

  • ordea; berriz; ostera, aldiz; aitzitik; bizkitartean, bitartean, bien bitartean…
  • alta, alabaina, alabadere; dena dela eta dena den; hala ere, haatik, horratik…
  • barren…

Kontrakotasuna adierazten duten esapideak ere badaude: guztiarekin ere, edozein modutan, zernahi gisa, nolanahi den, edozelan ere…

Aurkaritza adierazten dute denek, baina batetik bestera aldeak daude, esanahian, maiztasunean eta euskalkian.

Perpausean hartzen duten tokiari dagokionez ere aldea dago batetik bestera:

  • ordea, berriz, ostera eta aldiz inoiz perpausaren hasieran joaten badira ere, gehienetan perpausaren barnean ikusiko ditugu, osagai baten edo zati luzeago baten ondoan.
  • aitzitik, bizkitartean, alta, dena dela eta hala ere perpausaren hasieran joan ohi dira baina barnean ere ager daitezke. Perpausaren amaieran ere ager daitezke hauek, harridura perpausetan, esaterako, enfasi berezia emateko:

Adberbioa eta diskurtso markatzailea

Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaile hauetako asko adberbioak dira jatorriz, beste diskurtso markatzaile asko bezala. Gainera, jatorria gorabehera, adberbio gisa jokatzen dute askotan:

  • Biurtu nai det berriz, nere pekatuakin irabazi nuen estadura. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)
  • Zagoz orazinuan lior, gogor, konkortu, ta pensamentuba ezi baga? Ez da ardura, zuaz aurrera; zure iraupenak bidunguko dau zeruba; jo atia, egin oles ostera ta ostera, ta edegiko jatzu. (Confesio ona, Moguel, J. A.)
  • Deungero da konfesatu baga egotea; baña aldez gaistoago konfesatu dan pekatura ostera ta ostera bere biurtutea. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Berak galderazko keinua egin zuen, bekainak jasoz, eta Liubak berriz esan zion: (Zazpi urkatuak, Leonid Nikolaievitx Andreiev / Jose Morales)
  • Dena gutxi izango da, bai, kakañera honekin (berriz ere usain, berriz ere nazka aurpegia), “dodotis”ak ordaintzeko ere ez dugu irabazten eta. ( Goenkale)

Batzuetan ez dago argi muga non ezarri behar den. Dena den, perpausen artean benetako diskurtso markatzaile gisa jarduten dutenak aztertzen saiatuko gara. hemen

Aurkaritzako diskurtso markatzaileen zerrenda

Dskurtso markatzaileen zerrenda oso luzea da, amaigabea, eta antzeko zerbait gertatzen da aurkaritzako hauekin ere. Baina bestetik, aurkaritzako hauetako batzuk birformulatzaileen sailekoak dira: dena dela, dena den, hala ere… eta antzekoak birformulatzaile urruntzaileak dira eta, hortaz, birformulatzaileen atalean aztertuko dira.

Aurkaritzako diskurtso markatzaile hauek ikusiko ditugu hemen:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aurkaritzakoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3