Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:1

ordea

Formari dagokionez, orde izenean (izenondoa ere izan daiteke) oinarritzen da ordea.

  • Galdu nizun liburuaren ordea emango dizut.
  • Zure ordez beste batek egingo du hori.
  • Horiek horrela, aita orde neronek egin beharko dut bataioan.

Aldaerak

Diskurtso markatzaile honen forma erabiliena ordea da baina ordean ere aurkituko dugu, lapurteraz batez ere.

  • Ezen nitaz, Silbanoz eta Timotheoz zuen erdian erantzuna izan den Jesu-Kristo Jainkoaren Semea, etzen bai eta ez; baia da ordean haren baithan. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Bainan esklaboak ezinbertzez daude beren nausien gathean; nik ordean, Jauna, amodiozko lokharrik nahi dut izan zuri lothua. (Liburu ederra, Duvoisin)
  • Jainkoak ordean ez zion Jan Batista gazteari denbora luzaz utzi bere ama maitearen onduan egoiteko atseginik. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)
  • -Ni potokoaz ari ninduan ordean. (Hitza azti, Iñaki Arranz)

Adiera

orde-k, “beharrean” esan nahi du, beste zerbaiten edo norbaiten ordain. Horrenbestez, perpausen edo perpausetako osagaien arteko aurkaritza edo kontrastea adierazteko guztiz aproposa da diskurtso markatzaile hau:

  • Ni mendira joango naiz, Mikel ordea hondartzan geldituko da.

Adibide horretan bi perpaus ditugu. ordea diskurtso markatzaileak bi perpaus horien arteko aurkaritza edo kontrakotasuna adierazten du: 'nik zerbait egingo dut' eta 'aitak beste zerbait egingo du'. Hain zuzen ere, horixe aurkituko dugu aurkaritzako diskurtso markatzaile eta juntagailuetan. Alde horretatik, baina juntagailuaren baliokide hurbila da ordea:

  • Ni mendira joango naiz, baina Mikel hondartzan geldituko da.

Perpauseko kokagunea

baina juntagailua bigarren perpausaren hasieran joaten da normalean, ordea, berriz, bigarren perpausaren barnean, perpaus horren osagairen baten ondoren. Diskurtso markatzaile honek bi osagairen arteko oposizioa edo kontrakotasuna adierazten du, eta osagai horiek, nolabait esateko, hanpatuta geratzen dira. Normalean, lotura estuagoa dauka ezkerreko osagaiarekin:

Krabelin gorria Hala ere, kontuan hartu behar da diskurtso markatzaile hauek askatasun handia daukatela perpausaren barnean, baina hala ere mintzagai-galdegai egituraren arabera joaten da gehienetan:

  • Mikelek krabelinak erosi ditu, Maddik, ordea, nahiago zituen arrosak.
  • Mikelek krabelinak erosi ditu, Maddik nahiago zituen, ordea, arrosak.
  • Mikelek krabelinak erosi ditu, Maddik nahiago zituen arrosak, ordea.

Lehenik eta behin, esan behar dugu ordea-k ez duela derrigorrez mintzagaia markatzen. Perpaus honetan, esaterako, bi ordenak dira zilegi:

  • Lasterketan izena eman dutenak asko dira; amaitu dutenak, ordea, gutxi.
  • Lasterketan izena ematen dutenak asko dira; gutxi, ordea, amaitu dutenak.

Beste adibide honetan ere ikusten da hori:

  • Aiek etzuten; guk, bai, ordea, bi mutillen ezagutza; jakiñaz gaindi jokatu ginun, ta atzeman diru-mordoska. ("Euskaldunak", "Orixe")

Normalean ez da galdegaiaren eta aditzaren artean agertzen baina galde hitzen ostean ere ager liteke:

  • Nola ordea ezaundu alakoak? Badio bere Majestadeak: Beren fruituetaik ezaundukotuzie. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Dena den, horrexek eragin du Rio berpiztea eta atzera indartzea, nola ordea? (Garapen iraunkorra, Itziar Eizagirre / Amaia Lizarralde)

Perpausaren azken muturrean ere joan daiteke, eta honelakoetan, aurkakotasuna bi perpausen artean gertatzen da:

Azken aurreko adibide horretan ez dago aditzik; azkeneko adibidean, aldiz, aditza badago, baina hor ere ordea azken muturrean doala esaten dugu, seme bokatiboa delako hor.

Perpausaren buruan ere ager liteke:

  • Ez orixe, dio San Agustiñ-ek; ken ditzadala zugandik nere begiak? Ordea, noratuko ditut? Irauli ditzadala beste aldera? Ordea, zu izan nere alde guzi, zu nere aurre ta atze, zu nere goi eta be, zu nere eskui ta ezker. (Euskal testuak, Larramendi, M.)
  • Ordea nork aurkituko du adiskide hura? zuhurrak ihardetsten du, Iainkoaren beldur direnek, erran nahi da, bere aitzinamendu espirituala hagitz desiratzen duten humillek hura aurkituko dutela. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Ordea, Lynnek ez badu laster Estatu Batuetara itzultzeko erabakia hartzen, buru eman beharko dio horri. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Perpausaren hasieran doanean, baina, kontrakotasun balioa galdu samar geratzen dela dirudi.

Juntagailuarekin

Gehienetan inolako lagunik gabe agertzen da ordea, baina ager liteke baina juntagailuarekin:

  • […] ta akabatu bearra zala, bere adiskide Pedro Contariniri orduan eskribatu zion eskuzkribu edo karta baten azaldu zituen onako arrazoi bidezko ta egoki oiekgatik, modu onetan esanik: “ Nik ondo dakit ez dirala ez onenbestez mututuko guri gaizki-esaka jardungo diran mingañak; ez naiz zenzugabea, orrenbeste uste izateko aiña; baña ordea dotriña garbi ta erakutsi fede-osokoa dana utsegiñez zikindua balego bezela agertzen, ez degu iñolaz utzi bear, ez eta ere bizitza-modu errugabea errudun, edo kulpazkotzat eukitzen. (San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua, Arana, J. I.)

baina eta ordea hitzen artean beste hitz bat ere ager daiteke:

  • -Bai, baina…, baina zer ordea? (jokoa.com, Gemma Lluch / Antton Olano)

Horrelakoetan, bainak dakarren aurkaritza indartzen du ordeak. hala ere, diskurtso markatzailearekin batera ere erabil daiteke, aurkaritzaren indargarri hemen ere:

  • Alaere, ordea, etzuan egundo indarrik burugabe erabilliko; etzion sekula iñori bidegabekeririk egingo. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Ikaratu egin nintzen: isildu zen; ez nuen beste ezer entzun, eta pixka bat pipatzea deliberatu nuen, arreta bestetaratzeko; hala ere ordea, ni pipa erretzaile ezagutua izanagatik, ezin izan nuen, bigarren pipaldirako zorabioak eman zidan, eta utzi egin nuen. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)

etarekin ez da horren ohikoa baina adibideren bat aurkitu dugu, egungo idazleetan:

  • ”… Zorionak, beraz, akusatzaileari, eta zorionak lekuko guztiei, zeren beren lekukotasunarekin eta beren testimonioarekin erakutsi baitute zein handia den beren karitatea, zeren ardi galdua are galtzenagorat uzten duenak ez baitu ardi galdua maite, eta bai ordea salatzen duenak eta bide bidezkorat ekartzen laguntzen duenak… “ (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Lanean hasteko gogorik ez nuen batere, eta bai ordea, ikusi eta ikastekoa. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
  • Inoiz ez nuen baserriko lanetarako den mendreneko interesik agertu, eta bai ordea liburu eta fantasietarako; euskararen zoroak hartu ez banindu ere erdaraz sortuko nituen seguru asko maitasunaren gaineko istorio haiek edo antzekoak. (Errekarteko koadernoa, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Soil-soilik nahi izan dinat eztabaidatu, eta ez ordea hi seduzitu; arrazoiak baizik ez ditinat eman, sinesten ere dinat arrenka ariz gero indar gehiago nukeela. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L./ Muñoz, J.)

Lokailuekin

Beste lokailu batzuekin ere erabiltzen da ordea:

  • Ondo ezagutzen nuela uste dut; […] neure burua bezainbat ezagutzen nuen, eta badakit ardura osoz saiatzen zela gizonekiko erakarmen hura modu egokian bideratzen; dena den, ordea, iruditzen zitzaidan gizaseme basatienak zituela gogoko, ematen baitzuen bere izaera adeitsu eztia kontrako energia basaz behar zuela elikatu. (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)
  • Ezin naiz behar bezala poztu hala ere, ordea, hiri honetara, hotel honetara erakarri nauen lanaren amaiera gertu susmatuta. (Sakoneta, Sakoneta)
  • Halere ordea bat-bateko beste garrasi zoli haiek ez ziren isiltzen gauean honela: “Uuu uuu! ” Belarrietan ordu luzetan grabatu eta gordetzeko moduko garrasi bitxiak. (Guizzardiren abenturak, Gianni Celatti / Rey, F.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ordea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3