Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:10

haatik/hargatik, horratik/horregatik

haatik/hargatik eta horratik/horregatik aurkaritzako diskurtso markatzaileak ikusiko ditugu segidan. Lau hitz hauek jatorri komuna dute: hori eta hura erakusleen kasu motibatiboan oinarritzen dira. horregatik eta hargatik dira zaharrenak; horratik eta haatik berriagoak dira. Gainera, bada beste desberdintasun bat ere hauen guztien artean: horregatik eta hargatik erakusle gisa erabiltzen dira gaur egun, horratik eta haatik diskurtso markatzaile gisa beti.

horregatik, hargatik

Aurkaritza adierazteko erabiltzen dira horregatik eta hargatik diskurtso markatzaileak. hargatik-ek eta horregatik-ek kasu motibatiboari dagozkion balio arruntak dituzte, eta horrela erabiltzen dira askotan.

Balio kausala

Balio kausala ere har dezakete:

  • Dirua zor notsan eta aaittik eneban nai berakin kalian trink eitterik. (Bergara aldeko lexikoa, Elexpuru, J. M.)
  • Eta nork ere erneki konsideratuko baitu bere pobrezia, nekezia eta deus gutitasuna, ez xoilki ezta hargatik tristatuko, unhatuko edo flakatuko; aitzitik handik hartuko du konsolamendu eta alegrianza handi bat, zeren zuk, ene Iainkoa, zure adiskide familiertzat eta etxekotzat hautatu baitutzu pobreak, humilduak, beherenak eta munduaz mespreszatuak. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Lanbide onetan ogeita amar urte igaro zituzten; eta Jainkoak oien arrokeria beeratu naiez, arteraño guziak izan zuten itzkuntza bakarra, bat batetan nastu, eta batak besteari ezin adierazoz ipiñi zituen, eta lanari laga bearrean arkitu ziran; argatik uriari deitu zioten Babilonia,eta Dorreari Babel-koa, zeñak esan nai dute nasmenaedo naspilla. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Orrengatik esaten zaio areri “ oasis gorria ”, len aipatu degunez, ta nere hotelak berak (Aprika-ko basamortuan, Anabitarte)
  • Aureren amak esaeutsan: - Artuizu Andoni eroapena: guk alegin asko egin dogu Aure azkortu ta biurtuteko geure guramenera, baña zoritxarreko esatea dago, Mati mendu geiztokoa dala, ta orregaittik danak dauke beragaz ezkontzeko bilddurra. (Josetxo, Etxeita, J. M.)

Egungo testuetan ere aurkituko dugu:

  • (Sasoiak eta osasunak ez dute zentzurik behar, eta hargatik ez daukate zentzurik). (Arrazoia ez dago edukitzerik, Segurola, I.)
  • Nire karrera unibertsitarioaren amaierak - aste batzuk behar izan nituen benetan jabetzeko - neska ikasleekiko kontakturik batere gabe utzi ninduen eta zer egin? Izena eman behar al nuen hargatik Meetic-en, nire aurretik beste hainbestek egin bezala? (Sumisioa, Michel Houellebecq / Gerardo Markuleta)
  • Horregatik bakarrik nahi luke idatz dezala. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Kausa adierazten duten erakusleak direnean, bigarren perpauseko aditz sintagmaren osagai izan daitezke, baita perpausaren galdegai ere, eta horrelakoetan, bada, beraz, beragatik eta antzekoak har ditzakete:

  • Eta behar bada zeren zenbaitek usteko baitu, herriko Seme bezala neure herriaren abantailletan mintzo naizela, hargatik bada mintzaraziko dut Aita Materra, zeinak mintzo zaielarikan Eskualdunei, baitio gisa hunetan: (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))
  • fidel, eta leial haukien Majestateari juntatu baitzaje; hargatik beraz egun arrozoin du Iruñeak handirozki loriatzeko, zeren den munduko bi Monarkha handienen Ama, bai halaber Espainiako, eta Franziako Erresumen artean Erregiña bezala. (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))
  • Beraz hunelatan, hargatik beragatik ere, Aingiruei bai atsegin, baiña damurik, eta atsekaberik ez egiteagatik ere, behar genduke egun beretik, geroko luzatu gabe, trabu guztiak khendurik, salbamenduko bidea hartu, eta hartan, gelditzen zaikun geure mende aphurra, enplegatu. (Guero, "Axular")
  • […] itzultzea ahaztutakoak, “azkenean ondo zetozkigun, irakurketak amaitu edo ekartzea ahazten zitzaigunetan, edo gonbidatuek pasea zitzaten, etxetik lakura edo hondartzara eta buelta, domingero arruntak baino sofistikatuago azaltzeko; ez nituen alabentzat ere gorde, liburu haiek bota egin behar nituen penaz bazen ere, edo hargatik beragatik, lehenago edo beranduago baten bat irakurtzen jartzeko tentazioa izango bainuen ziur, eta ez nuen idazle haietarik bat ere nire senar defuntuaren oroitzapen hutsak sortzen didan asperdura sentsazioarekin lotu nahi, betiko gal nintzakeen. (Mea culpa, Apaolaza)

Aurkaritza balioa

hargatik eta horregatik aurkaritzako diskurtso markatzaile ere izan daitezke:

Egungo testuetan sarri aurkituko dugu balio honekin:

  • Maianak ez zuen nitaz jeloskor izateko arrazoirik alabaina. Hotz nerraikan. Hargatik beratzen zitzaidan bihotza. (Post mortem scripta volant, Borda, I.)
  • Behatzak kiskaltzeko beldurrik gabe, amuarraietariko bat harrapatu zuen eta ahora eraman. Ez zen hargatik isildu: (Gure Jerusalem galdua, Epaltza A.)

Diskurtso markatzaile direnean ez daude perpausean txertatuta.

Zalantzak batzuetan

Ezezko perpaus batzuetan zalantzak sortzen dira esanahiari dagokionez, batera zein bestera uler baitaitezke:

  • Gizonak ezpaditutzu zure alde, ez trista hargatik; bainan duzun damu zeren etzabiltzan ongi eta begiratuki aski, Iainkoaren serbitzari debozionetsu batek ibilli behar lukeien bezala. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Jesu-Kristo Zeruan atsedeten badago ere, ez da orregatik bein ere guzaz aaztutzen, beti gauzka bere gogoan, beti ari da gure aldera, eta hark egin zituan irabaziakgatik, artzen ditugu, Jainkoak egiten dizkigun, graziak, faboreak, mesedeak, ta ontarte guziak. (Cristau doctriñ berri ecarlea, Ubillos)

Ezezko perpaus horiek zalantza sor dezakete, kausazkoak edo aurkaritzazkoak diren, baina beste batzuetan ez dago zalantzarik, hargatik eta horregatik aurkaritza diskurtso markatzaileak dira:

Erabilera eta euskalkiak

hargatik eta horregatik diskurtso markatzaile direnean hiztegiko hitzak dira, hau da, hiztegian sarrera bana dute. Diskurtso markatzaile gisa, ordea, ez dira berdin erabiltzen euskalki guztietan: hargatik ekialdeko euskalkietan izan daiteke diskurtso markatzaile eta horregatik, berriz, mendebaldekoetan. Azken horrek bizkaierazko beste aldaera bat ere badu: horrega(i)ti(n)o.

  • Beti gagoz dardargainean noiz joko ete gaituen mina edo torpedoren batek, baina horregatino heltzen gara gaueko zortzietan Island of Man deritzon uhartera. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
  • Horregaitino, arrastoak hautematen ditut izadian, adibidez, edo seinaleak ametsetan, niretzat inportanteak diren kontuekin erlazionatuak (lilurakeriak esanahiz hornitzen ditut, lau horma arteko Kasandra baten erara). (Kristalezko begi bat, Meabe, M. A.)

Perpauseko kokagunea

Bigarren perpausaren hasieran nahiz barnean joan litezke, amaieran, berriz, ez dira ohikoak:

  • O nere Jaungoikoa! Zu niri begira zeundela, nik ofenditu zaitut! Ta ez begira, nola nai, ezpada niri faboreak egiten: ta ni lotsarik gabe Zu ofenditzen: ta Zu orregatik ere, on geiago, ta geiago niri egiten! (Aita S. Ignacioren egercicioac II, Cardaberaz)
  • Guti balio luke hargatik urreak, Ez balu berthuterik dirudun jendeak; Deusik ez da dirua, arima tzarrekin; Balios da neskatxa, bethi, berthutekin: Arimako dohainak ez dire erosten, Edo Kalifornian trebes atzematen! (Eskaldunac, Hiribarren, J.M.)

Juntagailu baten ondoan ere joan litezke, kausa edo azalpen balioarekin:

baina eta ordea-rekin agertzen dira askotan:

  • Halaber erremedio ona da, koleraren gibelatzeko, konsideratzea zeurk ere anhitz huts eta falta egiten duzula, baiña hargatik eztuzula zeure burua zehatzen, eta ez penatzen. (Guero,
  • Eskual-herriaz mintzatu eta ondoan, zer erranen dut bada orai, Eskualdunez? baizik bere sort-herriaren naturaleza, ela trenpu berekoak direla, eta hargatik direla hain kolore, eta iduri ederretakoak, habilak eta gorpputz thaillu onetakoak: ezen eztira hain iharrak, eta meheak, nola egerdi-aldekoak, ezeta-ere hain haragitsuak, nola northekkoak; hargatik ordea dira zientzietakotzat ere hain gai onak, ezen badio Hipokratesek: (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))"Axular")

Ernesto Sabato

ere partikularekin ere ageri dira, aurkaritza esanahia sendotzeko:

  • Zazpigarren egunean, Jainkoa gelditu zen lanetik; hargatik ere konsekratu eta berezi zuen egun hura behin bethikotzat. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
  • Hondarrean, koadernoko orrialdean idatzitako zorioneko lerroetara murriztu nuen neure protesta hargatik ere ur-ardotua. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Alferrik, ordea, zuk eta zure funtzionarioek ez baitiozue, hargatik ere, begiramenik erakutsiko Jaunari. (Agindutako lurraren bila I, Mujika, J. A.)
  • Esan bezala, guztiz deprimituta iritsi nintzen etxera, baina, hargatik ere, ez nion utzi ideiak ordenatu eta sailkatzeari, argi pentsatu beharra zegoela sentitu bainuen, nire margolana ulertu zuen pertsona bakarra betiko galdu nahi ez banuen. (Tunela, Ernesto Sabato / Mikel Garmendia)
  • Egin zuen Jaungoikoak argi ura, esan degun bezela, argi-utsa, eta orregaitikan ere bazirudien illuntasunean bildurik zegoala; edo beintzat illuntasuna argiari alderen batetik bazitzekala. (Euskal testuak, Larramendi, M.)
  • O Yauna! nor tzara zu, ta nor nas ni? O nok leukean zeure Amaren garbitasuna barruan zuri ostatu emoteko! Baazaut, Yaun nire ezerbere-eza; bakus enasala ezpada lurreko artzantar, billau gauza-ez bat; baia orregaiti bere zeugan dagoz ondasun guztiak, eta alan aberastu nagizu zeruko ondasunez. (Escu-liburua, Añibarro)

Kontzesio perpausen ondoan ere erabiltzen dira, aurkaritzaren indarra areagotzeko:

Harridura perpausetan ere ageri dira inoiz:

horratik, haatik

haatik eta horratik diskurtso markatzaileak hori eta hura erakusleen forma motibatibotik eratortzen dira. horregatik eta hargatik baino berriagoak dira, baina, haiek ez bezala, hauek beti dira diskurtso markatzaileak. Nolabait, eratorriak direla esan liteke.

Erabilera eta euskalkiak

Ekialdeko euskalkietan erabiltzen da haatik, eta ez da oso diskurtso markatzaile zaharra, XIX. mendearen hasierakoa da: testu zaharrenetan ez da ageri eta hargatiken aldaera zelakoan edo, hiztegietan oraintsu sartu da. Orain hiztegietan ageri da haatik, eta mendebaldeko euskalkietan ere erabiltzen da, erregistro jasoan batez ere. Diskurtso Markatzaile gisa beti, ez erakusle soil gisa:

  • Bazakian botila barne hartan zela eta haatik etzian edireiten. (Haritxabalet Jaun apezaren gainen, Constantin)
  • Ez du haatik hezur zaharrik eginen han: lau egun ttipiren buruko Beljikatik galdea heldu zaio. (57a gerlan, Zerbitzari)
  • Egiazkoa zen beraz haren urrikia; ez hatik iraupen handikoa, gero ageriko den bezala. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)

Antzeko bidea egin du mendebaldeko horratik diskurtso markatzaileak ere: horregatik formatik eratorritako hitza da eta haren ordez erabil daiteke diskurtso markatzaile gisa. Nahiko hitz berria da baina orain hitz beregain gisa ageri da horratik hiztegian. Txomin Agirrek, esaterako, honela zuzendu zuen Garoan jasotako testu hau, lehen ediziotik bigarrenera:

  • - Au ezta orregatik oitura ona, - esan zuan Ana Josepak - Zer dalata bota bear ditugu emen geure diruak? Eta senarrak, eskukada bat txanpon jaurtiaz: - Zeuk esan dezu, ona edo txarra, oitura dalako. (Garoa, Aguirre, D.)
  • - Au ezta orratik oitura ona, - esan zuan Ana Josepak - Zer dalata bota bear ditugu emen geure diruak? Eta senarrak, eskukada bat txanpon jaurtiaz: - Zeuk esan dezu, ona edo txarra, oitura dalako. (Garoa, Aguirre, D.)

Aurkaritza diskurtso markatzaile gisa erabiltzen da beti horratik, eta inoiz ez erakusle soil gisa:

horregatik-ek bezala, ere partikula eraman dezake horratikek, aurkaritza balioa sendotzeko:

  • Hren amorroa eta narda! Azkenean, horratik ere, seme bat, Fortunato izenekoa, sortu zitzaien (Etxaniz)
  • Horratik ere hark diru puska bat sortu omen zuen, baina ez zuen egun onik pasatzen. (Urrutiko intxaurrak, Soroa, M)
  • Orduantxe igarri nuen asko maite nuela: utzi-beharra erabaki nuenean: baina horratik ere aztu ahal izango nuela uste izan nuen, bestela. (Ezkondu ezin ziteken mutilla, Lizardi)

Beste balio bat ere badute haatik eta horratik hitzek, baieztapenekoa hain zuzen ere. Gaztelaniazko “ciertamente”, alegia, benetan, egiazki esapideen baliokide edo izango lirateke testuinguru hauetan:

Perpauseko kokagunea

Diskurtso Markatzaile hauek bigarren perpausaren hasieran nahiz barruan joan daitezke. Azkenean, ordea, nekezago:

  • Ez dakit noiztik, bainan aldia hartan Urepeleko ostatuetan izaiten ziren, bi trago eginez geroz, pertsutan hasten zirenak karraskan. Ez dut nehor izendatuko, hainbertze baitzen entseatzen zenik. Gero ahatik denak ixildu ziren. (Odolaren mintzoa, Xalbador)

Juntagailu baten ondoan ere joan litezke, kausa balioarekin:

  • Hantik ikher, hebentik kitzika, deuse etzien edieiten eta haatik irin güti jiten hütxalat. (Gure Herria)

Gaur egungo idazleen artean ere juntagailuarekin doanean holako erabilerak ia beti kausazko balioa du (edo azalpen balioa), ez aurkaritzakoa:

ere partikula ere hartzen dute diskurtso markatzaile hauek, aurkaritza indarra sendotzeko:

Harridura perpausetan ere ageri dira diskurtso markatzaile hauek, enfasi berezia emateko:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "haatik/hargatik, horratik/horregatik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3