Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:2

berriz

Beste hainbat diskurtso markatzaile bezala, jatorriz adberbioa da berriz, formak berak erakusten duen bezala: berri + z. Hau da, hitz honen oinarrian berri izenondoa dago, eta honek, lexikalizaturik, berriz aditzondoa ematen du. Aditzondo bezala askotan erabiltzen da, gainera:

  • Leitzan jaio ta Orion
    bizi dana herriz
    hoberentzat jotzen det
    arimaz eta neurriz.
    Kantatzeko ahosapai
    eztizkoa, berriz,
    zein eztu hark txoratzen
    bere bertso berriz?
    Holakorik eztakit
    sortuko dan berriz. ( Florentino Goiburu)

Adibide horretan ikusten denez, diskurtso markatzaile, aditzondo eta izenondo izan daiteke berriz:

  • eztizkoa, berriz, → diskurtso markatzailea
  • bertso berriz → izenondoa
  • sortuko dan berriz → aditzondoa

Esanahia

berriz diskurtso markatzaileak aurkaritza adierazten du. ordea, ostera, aldiz eta aitzitik-en parekoa da alde horretatik, nahiz eta esanahiari dagokionez erabat baliokidea ez izan. berriz eta ordearen artean, esaterako, aldea dago: ordeak ukatu edo ezabatu egiten du aurreko perpausak esandakoa, eta kontrakoa baieztatu; berriz, aldiz, aurretik esandakoari zerbait eransteko erabiltzen da:

  • Mikel hondartzara joan da goizean. Arratsaldean, berriz, mendira.
  • Mikel hondartzara joan da goizean. Arratsaldean, ordea, mendira.

Lehenengo adibidean goizeko ekintzaren eta arratsaldekoaren arteko kontrastea adierazten da, hau da, goizean jarduera bat egin dudala eta arratsaldean beste bat. Bigarren perpauseko aurkaritza beste maila batekoa dela dirudi. Ikus dezagun beste adibide hau:

  • Nik ere joan nahi nuen hitzaldira. Ez naute, ordea, gonbidatu.

Adibide horretan, esaterako, ezin dugu berriz erabili:

  • *Nik ere joan nahi nuen hitzaldira. Ez naute, berriz, gonbidatu.

Adibide horrek erakusten duenez, ordeak kontrakotasuna adierazten du, bainak bezala. berriz ez da horren markatua, kontrakotasuna adierazten du baina ez bainak bezain indartsu.

Kokagunea

berriz diskurtso markatzailea bigarren perpauseko osagairen baten ondoren joaten da askotan, osagai hori nabarmenduz. Perpaus bakoitzeko osagai bana hartuz bien arteko kontrastea markatzen dugu diskurtso markatzaile honekin:

  • I berriz, zatar ori, burutik oñetara ago, edo autsez josia, edo basatua; agiri dituk bizkar-ezurrak; jostorratz edo eztena zirudiek ire berna zanko gabeak; burua jaso ezin dek; belarri makaldu ta zaurituak agiri dituk; bidean nekea, ta etxean gosea. (Ipui onak, Moguel, B.)

Esaldi horretan, bi perpausek egitura bera dute eta berriz-ek bien arteko kontrastea markatzen du. Horrelakoetan, diskurtso markatzailearen aurrean doan osagaia bigarren perpausaren mintzagaia da. Hau da, diskurtso markatzaileak osagai horren mintzagaitasuna markatzen du edo, gorago esan dugun bezala, mintzagai berria nabarmentzen du, mintzagai aldaketa seinalatzen du:

  • Arrantzaleak ziran batzuk; besteak, berriz, an inguruan etxegintzan ari ziran langile ta argiñak. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Amak bere gauzatxoak eraman nahi; aita, berriz, beranduegi izango ote zen kezkarekin, biak haserretu ziren. (Iltzalleak, Ugalde, M.)

Perpausaren buruan ere joan liteke:

  • Berriz badator Euskalerrira erdaldun andi edo azi bat, zein nekez, ta gaizki! Nondik dator mutiltxo askok iges egitea Elizatik komulgatuta laster, gelditu gabe Jesusi eskerra ematen, edo dauden denpora apurrean batera ta bestera begiak darabiltezala debozioren tanta gabe? Erakasten ez dielako, nola egon bear dan, gutxienez ordu laurden baten, biotz batu […] (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)
  • Berriz nork nai daki aora etorri dan txistu mea, nai loditzarra berriz irentsiagatik, komulgatu ditekeala beldur gabe. (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)

Horrelakoetan perpausen arteko kontrastea markatzen da, mintzagaia gehiegi berezi gabe. Dena den, horrelako egiturak nahiko ez dira erabiltzen.

Baldintza perpausetan

Baldintzazko perpausa ere, hau da, baldintzaren protasia, berez mintzagaia dela, diskurtso markatzaile honen ezkerretara ager daiteke:

Atal luzeagoa ere eraman dezake diskurtso markatzaileak ezkerretara, aditza bera ere barnean hartuta. Kopula-aditzekin gertatzen dela dirudi:

  • Milla ogerlekoa izan zan, berriz, apustuaren jasoa. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Erditoteldurik eta zorabildurik zegon, berriz, mutilla, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean. (Uztaro, "Barrensoro")

Adibide horietan mintzagaia perpausaren hasieran ezarri beharrean, atzeratuta dago, berriz diskurtso markatzailearen eskuinean. Hala ere, ordena aldatuta ere, perpaus horien esanahia ez da asko aldatzen:

  • Mutila, berriz, erditoteldurik eta zorabildurik zegoen, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean.

Galde perpausetan eta besteetan

Bestelako perpausetan ere antzeko ordena aurkituko dugu. Galde perpausetan, esaterako:

  • Nora juan dira, berriz, gure inguruan oartzen genuzan irriparreak? (Uztaro, "Barrensoro")

Aditza isilean ageri da batzuetan:

  • Gure ama ernaiak berela ikusi zun, ikaratu gabe itz oriek naasi zitezkela, ta berela bereizi zitun; nik ez, berriz, ark adierazi arte. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • Esadazue bestela: Atzo il zenituzten zerri belarri-luze aiek eta zuen agintaria Wan tai txi berdin al dira? Ez noski; zuen agintariak badu adimena, belarri-luzeek berriz ez; agintariak itzegiten du, urdek berriz ez. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)

Diskurtso markatzailea ez da agertzen galdegai den sintagmaren eta aditzaren artean. Hori horrela, lehenengo adibideak zuzenak dira, baina ez bigarrena:

  • Markelek Sarari lorak ekarri dizkio. Sarak, berriz, Markeli oinetakoak erosi dizkio. / Sarak Markeli, berriz, oinetakoak erosi dizkio. / Sarak Markeli oinetakoak erosi dizkio berriz.
  • *Markelek Sarari lorak ekarri dizkio. Sarak Markeli oinetakoak, berriz, erosi dizkio.

Bestelako osagai batzuk bai, ager daitezke diskurtso markatzailearen ezkerretara. Galde hitzak, esaterako:

Adibide horretan galde hitzaren ondoren ageri da berriz, aditzik gabe. Beraz, pentsa daiteke, aditza agerian balego honela emango genukeela:

  • Nora darama, berriz, sentimentuak?

Hor ezingo genuke jarri ordea.

Aditzondoak ere ager daitezke diskurtso markatzaile honen ezkerrean:

  • Hala eginez, asko bekhatutarik beiratzen da; gaizkirako jaidurak ethentzen dire; bere debozionezko egintzetako ta bertze lanetako denbora kausitzen da; oro xuxen gerthatzen dire; hala nola berriz, berant jaikitzen denean, oro makhur gerthatzen ohi baitire, eta bertzela eginen ziren asko egintz on egin gabe gelditzen baitire. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)

Juntagailuarekin

berrizek har dezake aurrean juntagailuren bat, edo beste diskurtso markatzaileren bat:

  • Ondasun andia dire aflikzioneak, dio San Juan Krisostomok; ta berriz, irabazi andia da sufrizea nobleki trabajuak; eta berriz, zenbatenas ia trabaju diozun, ain bates ia gusto diozu. (Sermoiak, Lizarraga)
  • Ohoin batzuk, anhitz ohoinkeriaren buruan urkhatzeintuzte, eta berriz bertze batzuk berehala lehenbizikoan dira atrapatuak. (Guero, "Axular")
  • Bestaldetik, berriz, etxekoai dana adieraztekotan, nola artuko ote-zizkioen bere azalpenak? (Uztaro, "Barrensoro")
  • Umoriak nastuta gorputz eroria batetik, bestetik berriz etsaiaren ziriak, illundu zuten egun batian. (Asis-co loria, Beovide)
  • Orrialde auetan kontatzen diranak ixil ixil iñork jakin gabe gelditu balira, naiago nukean; alde batetik, zuretzat bat ere jakingarriak ez dirala uste nuelako, bestetik berriz, bear gabeko gauzarik egin bear ez dalakoan nagoelako. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)

Gorago esan dugun bezala, emendiozko kutsua ere badu berriz-ek, eta askotan agertzen da eta juntagailuaren edo emendiozko beste diskurtso markatzaileren baten ondoan:

Perpaus barruko ohiko lekuetan ere erabil daiteke eta berriz segida:

  • Manuel Gorra Errera-n bizi zan eta ni berriz Ayete-n, eta goizeko lauetarako Donosti-ko “ Autonomía ” kalean egon bear izaten genduan. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)
  • Zure kontua, jauregi onena eta nere ondasun guziena, Jainkoaren urrena, nere maiordomo leialari utzi diot; nere artu-eman, joan-etorri eta gauza guzien zuzentzalle bertatik geratzen da; eta zu berriz Jaungoikoaren anparopean uzten zaitut. (Santa Genobebaren bizitza, Arrue, G.)

Egungo testuetan ere badira adibideak:

  • Aldea da berak hogei ordu inguru daramatzala aireportu batetik bestera, eta ni berriz duela bi ordu eskas atera naizela Stonehametik (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • Eta zu berriz pertsona arduratsu eta langilea. (Arima enkoniatuak, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Zu horren polita eta ni berriz honen ziztrina. (16 ipuin amodiozko, Mendiguren Elizegi, X.)

Aurkaritzako baina juntagailuarekin gutxiagotan erabiltzen da:

  • Baiña berriz bertze batzuk gazten dira on, prestu eta debozinotsu, eta zahartzean gaixto, eta maliziatsu. (Guero, "Axular")

Diskurtso markatzaileekin

gainera, bestaldetik, bestetik eta antzeko diskurtso markatzaileekin ere erabiltzen da berriz:

  • Umoriak nastuta gorputz eroria batetik, bestetik berriz etsaiaren ziriak, illundu zuten egun batian. (Asis-co loria, Beovide)
  • Ordea abiatu zan bere barrunbean despitarik gogorenetakoa, batetik aragizko edo gorputzeko loxentxa eta munduko itxodongizunak zituela, bestetik berriz, Jainkoaren graziak gozoro ta portizki beregana deitu eta zaletutzen zuela. (San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua, Arana, J. I.)
  • Gañera berriz bertze gauza bat: eskojitzeko oihala, esposatzeko trajia ere berak egingo zidala; ofizioa zigarrerian leihorrean zeraukala, ni langillia izanez geroz aise biziko giñala. (Bertso jarri guztiak, Txirrita)

Egungo idazleek ere erabiltzen dituzte honelako segidak:

  • “Bai Antzinatean eta bai garai hartako balio asko jaso zituen Errenazimentuan”, dio Panofskyk, “bi joera aurkitzen ziren elkarren ondoan: / natura artelanaren gainetik jartzen zuena, alde batetik, eta bestetik berriz artearen nagusitasuna aldarrikatzen zuena, artelanari akatsak zuzentzeko eta Edertasunaren alderdi berriak aurkitzeko eskubidea eskaintzen ziona”. (Groenlandiako lezioa, Atxaga)
  • […] zenbaitetakoa beziñ ugaria, bertako jendea izanik biziro langillea, onen bitartez iristen du zerbait osatutzea bear dituan arto eta gariz; eta gañerako ganadu eta arbolariakin eta lurpetik azaltzen diran medikantzetako guztiz onak diran ur asko eta askorekin, dauzka beste edozeiñ lekutakoak aiñbat aberastasun bertako jendea ongi bizi izateko: gañera berriz esan ditugun ur oek ez bakarrik aberastasunik asko dakarte bere ondorean, ez bada beretan billatutzen du erraztasun aundiarekin paraje oetako jendeak zenbait gaxotan bear izaten diran medikantzak, asi burni uretatik eta bai eta ere beste erremedio modu biziro banakikoak. (Erriko jendeentzat osasun legeak, Aranburu, M.)
  • Bestetik, berriz, mintzatzerakoan hitzak batzen baditugu ere, idazterakoan banatu egin ohi dira gehienetan. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)

Bestalde, hala nola aditzondoaren ondoan ere joan daiteke batzuetan berriz:

  • Hala eginez, asko bekhatutarik beiratzen da; gaizkirako jaidurak ethentzen dire; bere debozionezko egintzetako ta bertze lanetako denbora kausitzen da; oro xuxen gerthatzen dire; hala nola berriz, berant jaikitzen denean, oro makhur gerthatzen ohi baitire, eta bertzela eginen ziren asko egintz on egin gabe gelditzen baitire. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "berriz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3