Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:3

ostera

Izatez, aditzondoa da “ostera”. Edo adizlagun lexikalizatua, nahi bada. Hau esan nahi dugu: mendira esatean, hitz horren azpian mendi + “beste zerbait” (-ra, kasu horretan) bereizteko gai gara. Baina ez dugu holakorik ikusten, ostera entzutean:

  • Ostera itzuli zizkion neska hark gaztaroko egun ederrak.
  • Ez ginen ausartu ostera joaten, gauzak nola gertatzen ziren ikusirik.

Perpaus horietan bistan da ostera aditzondoa dela: “atzera itzuli zizkion”, “gibelat itzuli zizkion” esan daiteke hor. Adizlagun bai, nahi bada, baina aski lexikalizatua. Horregatik esaten diogu aditzondo.

Horrenbestez, ostera ere adberbioa da:

  • Inori ezizena ostera kentzea neketsuagoa da, berriz, masta nagusiari, dagoen lekuan bertan tente euts diezaion, oinaren eta ontziaren bizkarraren artean sartu zaion ezpala berriro kentzea baino. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)
  • Bere zotinak itzelak ziren, eta guraso hordiak ostera be hasi ziren euren jardunean guztiz haserre. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")

berriz-en parekoa da gehienetan eta alderantziz-en pareko ere bai inoiz. Baina hemen aztertuko duguna berriz diskurtso markatzailea da:

  • Sarri askotan, ostera, etxetik urten barik egoten zan orduetan eta orduetan, liburu zaarretan ta antziñako paperetan, iraganiko denporetako jazokun-ariak eunduten. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)

Diskurtso markatzaile

Mendebaldeko euskalkietako diskurtso markatzailea da ostera, bizkaierazkoa bereziki. berriz, aldiz eta horrelakoen baliokidea da. Horiek bezala, osagai baten ondoan erabiltzen da askotan, osagai hori aurreko perpauseko beste bati kontrajarriz:

Perpaus osoa kontrajarriz ere erabiltzen da inoiz, ohikoena ez bada ere:

  • -Eta min handiak al ditu? -Minik? Esatekorik ez dauka eduki. Oso nekatua dago, ostera; jausia, makal, erkin-itxura gelditu da. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Langillea da, esku-langillea; lanbide ori izteko gogoz bizi dana, ostera. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Ez zen halakoa ontziburuaren iritzia, ostera. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)

Kokagunea

Ikusi dugunez, perpaus barnean joaten da askotan ostera, berriz, aldiz eta antzekoak bezala, hau da, mintzagai izan daitekeen osagai baten ondoan:

Zati handiago baten ondoan ere joan daiteke, aditzaren ondoan askotan:

Hasieran ere ageri da, baina gutxitan:

Aurkaritzako beste zenbait diskurtso markatzaile bezala, harridurazko perpausen amaieran ere erabiltzen da ostera, harridurari indarra emateko:

ostera, osterantzean

Antzekoak diruditen arren, ez dira nahasi behar ostera eta osterantzean. osterantzean diskurtso markatzaile hautakaria da, “bestela, gainerakoan, bestalde” esan nahi du:

  • Tximaluzeak ziren andrazko zein gizonezkoak, edo kaskamotzak osterantzean. (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)
  • Erle burrundari bat orain ez da sometan, Ondotxo ostendurik dagoz erlautzean; Udan batu ebezan loratxoai eskerrak, Osterantzean larri biziko zirean. (Asti-orduetako bertsozko lanak, Arrese Beitia)
  • Burua geldiarazi behar dut, osterantzean zoratu egingo naiz. (Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez)

osterantzean formak hainbat aldaera dauzka:

  • Are, arre! —iñotsean astuari joranaz, aspaldittik joyalako astiro ta narrezka— Arre, arre, geldi-barik, gogattuten nok-eta; ariñago ezpa-ua belu elduko gozak! Ostantzian emongoskat makillada gorrija! Arre, arre, bigurrori, arin, arrapaladan! Bestelako pizti txarra, asto-edo etxakijat! Arin, arin, geldi-barik; aldija aurrera yuak ta Bilbo-ra eldu biar zortziretako beintzat. (Urretxinddorra, "Aizkibel")
  • Ostantzien, libre bizi da, gura dauanian ibilli, gura dauanian etzun edo jezarri, iñok eztautso agintzen, lapurren bildurrik eztauko. (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño")
  • Itxartu adi, eure onerako dok-eta; osterantzian oñetatik ten eta aterako aut oetik. (Bertolda eta Bertoldin, "Otxolua")

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ostera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3