Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:4

aldiz

Diskurtso markatzaile hau ere adberbio batetik sortu da; aldiz adizlaguna dauka oinarrian eta aldiz adizlagunaren azpian izen arrunt bat dago: aldi. 60ko hamarkadako moda

  • 60ko hamarkada aski aldi berezia izan zen.
  • Aldi hartan ez zen inor ere etorri.
  • Bi aldiz ikusi dugu aurten.

Ekialdeko euskalkietakoa da jatorriz, baina euskara idatzian erabat zabalduta dago euskalki guztietan. Aurkaritza saileko beste diskurtso markatzaileek bezala, kontrakotasuna adierazten du.

Kokagunea perpausean

Bigarren perpauseko osagairen baten ondoan joaten da askotan, osagai hori aurreko perpauseko beste bati kontrajarriz:

  • Zuri, Jauna, zuzentasuna; guri aldiz, begitharteko ahalkea, egun gerthatzen zaioten bezala Judako gizonari, Jerusalemdarrei eta Israel guzian; hurbil direnei eta urrun direnei toki guzietan zeinetara iraizi baitituzu, beren gaixtakeria, zure alderat hobendun jarri dituztenen gatik. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Eta, hala eta guztiz ere, ez zegoen guztia galduta, Pedrok ere bere etekina atera baitzion gudu txiki hari: Libia, izan ere, mutilaren jertsearen atzeko aldeari oratuta joan zen harakoan; honakoan, aldiz, gerritik besarkatuta itzuli zen. (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)

Adibide horietan osagai hauek kontrajartzen dira:

  • zuri / guri
  • harakoan / honakoan

Ezkerreko osagai hori perpauseko mintzagaia izaten da askotan. Horrenbestez, berriz-ek eta antzekoek bezala, mintzagaia markatzeko balio du horrelakoetan aldiz-ek.

Beraz, esan bezala, perpauseko osagai baten ondoan joaten da askotan aldiz diskurtso markatzailea. Gehienetan, osagai osoa joaten da diskurtso markatzailearen aurrean, baina zenbaitetan osagai hori hautsi egiten da:

Perpaus horietan diskurtso markatzailea ez doa osagai osoaren ondoren, osagai hori hautsi egiten du:

  • espirituz pobre eta umil direnak aldiz
  • nitan fidatzen dena aldiz

Estilistika kontua dirudi. Dena den, molde hori ez da ohikoena, arruntena da osagaia osorik ematea eta horren ondoren jartzea aldiz.

Perpausaren zati handiago baten ondoren ere ager daiteke aldiz, eta perpaus baten ondoren ere bai, aditzaren ondo-ondoan:

  • Usatu zara anhitz minzatzen, hitz guztiaz iuramentu egiten, usat zaitezi bada orai, aldiz iuramentuen utzten. (Guero, "Axular")
  • Mintzo zare, zu, zure pentsuen arabera; ni mintzo naiz, aldiz, dudan ezin emanezko lekukotasunez seguratuak diren gauzen gainean finkatzen naizelarik. (Credo edo Sinhesten dut esplikatua, Lapeire)
  • Argituak izatu direnek aldiz, distiraturen dute ortziko dirdiradurak bezala; eta zeinek-ere zuzenaren bidean ibiltzen irakhatsi baitiote askori, hainek izarrek bezala dute bethiko mendeetan izarniaturen. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Jainko Aitari ematen zaion adin handiak aldiz gogoratzen digu haren probidentzia eta larderia handia. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)
  • Handik alde egin genuelarik, aldiz, uste nuen ezinen nuela sekula idatzi, luma eskuan atxikitzerik ez nuela sekula izanen. (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)

Aditza isilean dagoela, ez partikularen ondoren ere ageri da:

  • Bena ertzo hoien artian gu ghinen handienak Besteren menxak ikhusten tugu, ez aldiz guriak. (La Fontainaren Aleghia berheziak neurt-hitzez, Arxu, J. B.)
  • Bozgorailuetako aldarriak ilunabarreko haizeak eramanen ditu, ez aldiz, pareta eta eraikinetako arraildura eta izerdikortasunerako joera. (Larremotzetik, Hasier Larretxea)
  • «Legearen helburua ura babestea eta kudeaketa zaintzea da, ez aldiz, negozioa egitea». ( Berria)

Perpausaren hasiera-hasieran ere ageri da askotan:

  • Aldiz, gaizkia egiten baduzu, beldur izan zaitezi; ezen ez du ariarik gabe ekhartzen buruzagiak ezpata. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • Aldiz, etxetik egotziko bagenu eta jostailuari jostailuak ez duen inportantzia emanen bagenio, kontrakoa izanen litzateke ondorea, eta orduan bai seta eta tema litekeela Joanikot… (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

Juntagailuarekin

Beste diskurtso markatzaile asko bezala, aldiz ere juntagailuekin joan daiteke. etarekin agertzen denean emendioari aurkaritza eransten dio:

  • Jakobek ihardetsi zeion: Badakizü Esau ene anaia oro bilhostatürik dela, eta ni aldiz bilho gabe nizala. (Beste zenbait itzulpen, Arxu, J. B.)
  • Ororen buruan, Jainkoak gure beharrik ez du, den gutienik; eta gu aldiz haren beharretan gare, gauza guzietan eta bethi; eta horra non laguntzarik aberatsenak hitzemaiten derauzkigun, haren Eguna sainduesten dugun ber; eta beraz errepika dezagun, Jainkoari bezala gizonari ere Igandea baliatzen zeraukola, eta dela gure eguna nola baita harena. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.)
  • Eta haiek, aldiz, beren galdeak ezin ixilduz: Zergatik harrotu ote zen itsasoa? (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)
  • Hirugarrenekorik, erraten da bozkarioa sortzen dela hor dagoen onetik, eta tristura, aldiz, hor dagoen gaitzetik; itxaropena, berriz, datorren onetik, eta beldurra, azkenik, datorren gaitzetik. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)
  • Eta aldiz, Hazparneko etxea erosi eta antolatuz geroz, bertze lanik ez zuen predikatzea eta kofesatzea baizik. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)

Aurkaritzako baina juntagailuarekin ere ageri da, baina gutxiagotan:

  • Erran suma ukhanen duzu, Baiña aldiz zuk emadazu Aireari manatzea, Nere gogara egitea, Edo haize, edo uria, Gopibela edo iguzkia. (Fableak edo Alegiak, Goietxe, L.)
  • -Peppone - esan zuen amultsuki -, hire burmuinek funtzionatzen dutela uste duk hik, baina aldiz hire setakeriak blokeatu egin dik eta horregatik ezin duk ikusi barregarrikeriarik penagarrienean erortzen ari haizela. (On Camillo, Giovanni Guareschi/ Biguri, K.)
  • Sutarako ere ez omen da ona, baina aldiz, ikatza egiteko oso ona, onena. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Chavezek dio orain ez duela ejerzitoa kalera aterako inoiz, Caracazoan jendea nola hiltzen zuten ikusi zuelako, baina aldiz, liburu batean dio gaixo zegoela, Barinako bere etxean“. (Venezuela, iraultza isilaren hitzak, Aristi, P.)
  • Dena den, etxe hura ezagutzen zuen adineko lagun batek aipatu zion neskatoa lo bete-betean egongo zela zain, eta ez zela esnatuko, eta halako kontuak; baina orain, aldiz, bertaratu ondoren, sinesgaitza iruditzen zitzaion. (Loti ederrak, Yasunari Kawabata / Ibon Uribarri)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "aldiz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3