Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:5

aitzitik

aitzitik ere adberbioa da formaz (-tik atzizkia darama, menditik hitzak bezala), baina gehienetan diskurtso markatzaile gisa erabiltzen da. Aurkaritza adierazten du honek ere, hortaz, berriz, ostera, aldiz eta antzekoek bezala.

Erabilera

Hala ere, aitzitikek badu beste horiek ez duten beste erabilera bat: batzuetan, lehenbiziko perpausa ezezka joaten da eta aitzitik bigarren perpausaren hasieran jartzen da, bi perpausen arteko kontrakotasuna markatzeko. Perpaus hasieran joaten den baizik (eta) juntagailuaren ordaina izan daiteke batzuetan: “Ez gaitzazu tentaldira eraman, baizik libra gaitzazu gaitzetik” perpausa beste era batean ere eman dezakegu, aitzitik erabiliz:

  • Aita gurea, zeruetan zaudena, santifika bedi zure izena, etorri bedi zure Erreñua, guregana egin bedi zure borondatea, zeruan bezala lurrean ere gure egun orosko ogia eman drazaguzu egun, eta barka drazkiguzu gure zorrak, guk barkazen dizkiotegun bezala geuren zordunei, eta ezkaizazula utzi tentazioan erortera aitzetik libra gaizazu gaizetik, Ala dela. (Dotrina kristioarena euskaras, Beriayn, J.)

Diskurtso Markatzaile honen ostean eten bat gertatzen da askotan. Horregatik, idatzian, koma bat agertuko da zenbaitetan:

  • Aitzitik, erregelatuko baititutzu zure nahi guziak, Jainkoaren borondatearen gainean; deus maitatzen eta higuiñtzen ez duzula, Jaiñkoak maita dezazun eta higui dezazun nahi duenik baizen. (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)
  • Aitzitik, poztu egin da ikastekoak dauzkan emakume kulturadun baten ondoan egoteaz. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Perpaus menderatuen artean ere eman daiteke kontrakotasun hori. Adibide honetan, esaterako, baldintzazko bi perpausen artean gertatzen da kontrajartzea:

  • Debozionerik ezpaduzu, aitzitik sentitzen baduzu idorra zarela, iar zaite othoitzetan, zaude hatsbeherapenez, bulka zazu athea, eta etzaitezila ixil zenbait xort edo papor Iainkozko mahain harturik ardiets dezakezun artean. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)

Esanahia

Batzuetan, lehenengo perpausak baiezko itxura eduki arren, ezezko balioa izan dezake, hitz eta esapide batzuk ezezkako predikatuak direlako. Adibide honetan, esaterako, 'urrun izan', 'gibelatu' ezezko predikatuak dira eta horietan ere gertatzen da, ezezkoaren eta baiezkoaren arteko kontrakotasuna:

Lehenengo perpausa gehienetan ezezka joan ohi den arren, baiezka ere joaten da batzuetan:

  • Eta zuek, aitak, begirautzue zuminarazitzetik zuen haurrak; aitzitik duzuen ardura hek ungi altxatzeko, korrejitzen ditutzuelarik eta instruitzen Jaunaren arauera. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Jantziren batzuk jasotzera etorri da, aldian behin egiten du. Liburuak eta diskoak ere eraman ohi ditu, bereak batzuetan, baina ez zaio inporta, aitzitik. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Gregorio Markuleta Batzuetan, kontrakotasun hori areagotzeko, ez-bai partikulak agerian jartzen dira:

  • Ez du ezen igorri izan Jainkoak bere Semea mundurat mundua juia dezantzat; aitzitik bai mundua hartaz salbatua izan dadintzat. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Bainan basa ihiziek ere etzioten minik egin saindu hekiei, aitzitik bai milikatu, ezti-eztia eta errespeturekin, zangoak eta eskuak. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • […] guziak, zeinak baitira haren fruituak, salbamenduzko hitz hortaz beraz eskiribaturik eta nprimaturik, ta nola Iesus maite hura biziko baita zure bihotzean, biziko dela halaber zure erremango guzietn, eta ageriko delaure begietan, ahoan, eskuetan, bai eta illeetan, eta sainduki erranen ahal duzula Iondone Paulok bezala, Ni bizi naiz, aitzitik ez ni geiago, baina Iesus bizi da ene baitan. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Horrek ez du noski beraren ospea konponduko, baina Gregorrek, ulertu dugu ja, ez du diskrezioa bilatzen, aitzitik ez dio axola. ( Gregorio Markuleta)

Kokagunea perpausean

Perpausaren hasieran joan daiteke aitzitik, baina aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaile gehienak bezala, tartekatuta ere bai, ezkerrean hartzen duen osagaia hanpatzen duela. Erabilera horretan aldiz, berriz eta osteraren parekoa da. Ezkerren daraman osagaia soila izan daiteke -mintzagaia, zenbaitetan-:

Baina zati handiagoa ere har dezake ezkerrean:

  • Ihardetsi zaroen Jesusek: “ Ez du hunek egin bekhatu, ez eta hunen burasoek; baiñan hori gerthatu da aitzitik ager daitezen gatik Jainkoaren obrak hunen baitan. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • […] behar dute munduarekin; ordean baliatu behar dire munduaz, dio Yaun-Doni Paulek, hartaz baliatzen ez balire bezala, eta ahalik gutiena hedatu behar dute izpiritua behere huntako gauzetarat, mundu hau denaz geroz bere bidan dohan uraren pare: ez dugu beraz zeren eman gure bihotza mundu iragankhor huni: egon behar du aitzitik, zerurat altxatua; han ediren behar du oraidanik bere egiazko egoitza. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
  • Neska gazte batekin zegoen eta Juliari ez zitzaion axola izan, aitzitik, poztu egin zen gizon gazteak aipaturiko harremana berreskuratu zuelako. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Aurkaritza indartzen

aitzitik eta baina antzekoak dira esanahiari dagokionez. Hala ere, batzuetan biak batera agertzen dira, aurkaritza indartzeko:

  • Ordea harzaz etzaiteztela alegera, zeren espirituak suiet egiten zaizkizuen: baina aitzitik alegera zaitezte, zeren zuen izenak eskribatuak baitirade zeruetan. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Alabainan, krudelitate beldurgarri maltzur batekin, arta hartzen da paldoaren muturra ez dadin zorrotzegi izan, baina aitzitik piska bat biribildua; ezen bestela balitz, puntak, bere bidean aurkitzen dituen organuak oro zulatuz, herioa laister erakar lezake; baina ziri-punta biribil izaki, organuen zilatzeko ordez bulkatzen ditu, lekuz aldarazten, eta ez da gorputz-ehun harroetan baizik sartzen. (Narrazioak, Mirande)
  • Juliak ez du inoiz kantari entzun zozoa dirudien txori hori, baina aitzitik, kanaberadi ondoko hesi gainean jarri ohi den bikotea ez da isiltzen kasik. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
  • Malkoek ihes egingo ziotela pentsatu zuen Nigelek, baina, aitzitik, bekaizkeriaz eta minduta egin zion oihu. (E. Lizaso)

eta juntagailuarekin ere ager daiteke aitzitik. Halakoetan, etak lotura adierazten du, eta aitizitik-ek bi perpausen arteko aurkaritza:

  • Ezen ez dut egiten nahi dudan ungia; eta aitzitik nahi ez dudan gaixkia dut egiten. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
  • Eta aitzitik zure bilha dabiltzanak ediren bezate zure baithan bere bozkarioaren materia; eta zu, bere salbamenduaren Egillea bezala, maite zaitustenek, erran bezate bethi glorifika dadilla bethi Jauna. (Egia katholikak, Gasteluçar)
  • BATIXTA: Karabineroak badire Praintziako aldean gordetzen ahal naiz, eta aitzitik, mugazainak badire Espainian. (Muga, Labaien, A. M.)
  • Kapitalaren atomizazioa dela medio, kapitalaren jabeek indarra galdu dute, eta aitzitik enpresaren goi mailako zuzendarien indarra areagotu egin da. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "aitzitik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3