Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:6

bizkitartean, bitartean, bien bitartean, artean

Antzeko forma batetik datozen lau diskurtso markatzaile ikusiko ditugu atal honetan:

  • bizkitartean
  • bitartean
  • bien bitartean
  • artean

bizkitartean

bizkitartean aditzondoa da berez, “bitartean” esan nahi duena. Hauxe dakar OEHk hitz honen etimologiari buruz:

  • Etim. De bi(a)z bitartean 'entre dos (cosas, sucesos)' de donde *bizpitartean (cf. bizpahirur, bizpalaur cuyo formante intermedio es ezpada), y de aquí, por disimilación, bizkitartean. 1

Hala ere, aurkaritzako diskurtso markatzaile gisa funtzionatzen du, ekialdeko euskalkietan nagusiki. Batzuetan ez da erraza erabakitzea bizkitartean adberbio hutsa den ala diskurtso markatzailea, bi erabileren arteko muga ez baitago batere argi:

  • Gure Iauna baitan alegera zaitezintzat zerk ere emaiten baiterautzu alegeratzekorik, hura behar da ez xoilki sori, bainan eta ohorezko izan: hala diot, zeren gauza batzu sori dire, zeinak bizkitartean ezpaitire ohorezkoak, eta zure modestia ager dadintzat, begirazaite bethi dudarik gabe gaizki erraitekoak diren ahalkegaberietarik. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Frantses saindutasun gorenerat goizik igan balinbada, bazituela bizkitartean denek badituzten jaidurak. (San Frantses Jatsukoa, Narbaitz, P.)

Beste batzuetan, ordea, argi antzeman daiteke diskurtso markatzaile gisa erabili dela, alabaina eta antzekoak bezala, “hala ere” adiera hartuta:

  • O amorio hasterik gabea eta eternala! zure maitatzea da bizitze eternala: zure laudatzea da gure eginbidea; bizkitartean, helas! ingratak gara eta hotzak: baina zuk neure burua zuri emaiten eztakidanaz geroz, zuk zerorrek har nazazu, eta zure naizenaz geroz zuk ereta nazazu. (Debozino eskuarra, Haranburu, J.)
  • Eta hitz eder hek erranez gero uste dute nolakoak baitira hitzak, berak ere halakoak direla; bizkitartean ezta egia. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Hargatik, diplomek ez zuten ezer bermatzen; bizkitartean, lantokietako astapitotzea ezkutatzen zuten. (Errekuperatzaileak, Sastre, P.)

Adibide horietan ikusten denez, bizkitartean bigarren perpausaren hasieran agertzen da askotan. Hala ere, perpausaren barnean tartekatuta ere ager daiteke, zati luze edo laburrago baten ondoren:

  • Aithor agun ordean bakharrak direla hunela bizi direnak Jaunaren zerbitzari beren artean: bakhar hek bizkitartean, egiten dute elizaren indar guzia, hek dire gudu ematen diotenak elizaren etsaiei haren lege sainduei nahi diotenean. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)

Juntagailuekin ere ager daiteke bizkitartean, eta eta baina-rekin, esaterako:

  • Ez zen gorriekilakoa; eta bizkitartean orok errespetatzen zuten eta ohoratzen. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Baldin enhoiu gabe bizi bazine, seiñale gaixtoa lizateke: baina bizkitartean marraskaz zaude inbidiak nekhatzen zaituela; xirizkaz zaude dolorezko oinhatzeak baditxezkitzula; orroaz zaude kalteak darraizkitzula; inzirinaz zaude etsaiak darraizkitzula; hatsbeherapenez zaude konsolamendurik nihon ezin dukezula: nahi dut hori horrela dela eta gehiago ere, baina hanbat hobe, ezteiak dira eta ez nekeak, hobeagoa gatik diren gero. (Debozino eskuarra, Haranburu, J.)
  • Orok dakiguna da hori; eta bizkitartean egia hori hobekienik jakin behar ginukenek ardura ahanzten dugu. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)
  • Baina bizkitartean harriturik naiz, aitor dizut, ni izateaz zuk eskolume baten gisara tratatzera ausartu zarena. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)

Hala ere, adibide horiek erakusten dutenez, ez da erraz jakiten noiz den aditzondoa eta noiz diskurtso markatzailea.

bitartean

Itxuraz, morfologiaz, bizkitartean-en parekoa da bitartean baina honen diskurtso markatzaile izaera ilunagoa da harena baino. Izan ere, balio nagusia adberbioarena du honek, eta balio horrekin erlatibozko egituretan agertzen da askotan. Hala ere, batzuetan behintzat, aurkaritzako diskurtso markatzaile gisa ere erabiltzen da:

  • Ezta deus flakoagorik eta ez trunpagarriagorik, nola baita mundua […]. Bitartean gehienek eztute solament segitzen, bañan entzuten dute orakle balitz bezala, eta zerbitzatzen dute bere jainkoa balute bezala, hari plazer egiteagatik zathitzen dire, bertze esparanzarik eztutela, trunpatuko direla baizen; lanean hausten dire egun gustiez eta hilzen; gero, fiñean, frogatzen dute tirano batekin iharduki dutela, trufatzen baita hekien lanaz, eta sarrik eman gabe utzten baitutu. (Egia katholikak, Gasteluçar)

baina juntagailuarekin eta berriz lokailuarekin ager daiteke bitartean:

  • Orai bada, zohazte, egizue lana: ezen lastoa etzaitzue emango, eta bitartean errendatuko duzue ardillu kuantitatea. (Ethorkia eta Ilkhitzea, Urte)
  • Plazer dugu bertzeak diren eskasik gabe, eta bitartean geurok eztitugu gure makurrak xuxentzen. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Baiña bitartean, baterarik biak, Nahi nuke ukhan hartua Zure bakhezko musua. (Fableak edo Alegiak, Goietxe, L.)
  • Irenek isiltzeko agindu dio, baina bitartean isiltasuna berriz etorri da etxera. (J. Muñoz)
  • Baña topo eginik itsasoan sartzen zan lur zati, lubes batean, zeñak aldamen bietatik itsasoa zeukan, enkallatu zan ontzia, proako aldamena mugimendu gabe gelditzen zala, itsasondoan sartua; bitartean berriz, popa itsasoaren indarrarekin idikiaz zijoan. (Biblia III, Uriarte)
  • Biotzaren kaiean gero iskanbilla gogoa irten danean atsegin billa. Ta bitartean, berriz, ¡egi zorrotza! bizitzari musuka ¡ai! eriotza. (Biozkadak, "Jautarkol")

bien bitartean, (t)arte horretan, artean

bizkitartean eta bitartean diskurtso markatzaileez esandakoak balio du bien bitartean, (t)arte horretan, eta artean diskurtso markatzaileentzat ere. Areagotuta gainera, hauek bete-betean baitira aditzondoak:

  • Txarriak, berriz, osiñeko lokatza-zuloan egin due etzanaldi atsegiña ta, bien bitartean, txarrikumeak kurrintza lazkarra digie uxarreari muturra kendu gabe. (Uztaro, "Barrensoro")
  • “Irurogetamar urteko aldendu biarra izan eben. Artian, erbesteko ogi garratza, negarrekin beratutakua eruaten eben agora.” (Lexicón del euskera dialectal de Eibar, Etxebarria, T.)
  • Artean ez bainun Aingerurik, iasoka eraman nindezan. (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • Arratsalde artan, ordea, ostikolari garaitzalleen bidera irtena zan Donosti osoa. Iritsi-berria zan, artean, etxekoandrea ere-ta, garaiz etxeratu zan neskatxa. (Uztaro, "Barrensoro")

Egungo idazleek ere erabiltzen dute bien bitartean:

  • Konturatu naizenerako, Luisa ez ezik Gaxuxa ere biluzten hasia zen, eta bien bitartean Antton, tentsioa baretze aldera, emakume atsegalearena egiten hasi da, botilaren muturra hankartean sartu, eta ateraz. (Pospolo kaxa bat bezala, Zubizarreta, P.)
  • Andres enplegu bat lortzeko burubideak egiten ari zen, eta bien bitartean Liburutegi Nazionalera joaten zen. (Jakintzaren arbola, Baroja, P. / J. Zabaleta)
  • Oraindik kontrolak jartzen ibiliko dituk, eta bien bitartean, Manuel hemen. (Kafka Bilbon, Alberdi, P.)

Kontura gaitezen artean aditzondo gisa gehiagotan erabiltzen dela, eta gehien-gehienetan, gaur egun, postposizio bezala: mendi artean, kaleen artean, ikusi artean

Horren ohikoak ez diren arren, arte horretan eta tarte horretan diskurtso markatzaileak ere badira:

  • […] bedeikatu ta Toledo bereko kalonje batek bander lekuan gurutze bat artu ta joan ziran eun milka ziran mairu armatuetara, ta goizetik arratseraño lei ta pele arrigarrian haritu ta ere, etziran ogei ta bat baizik ill; ta mairu gerrarietatik berreun mil illak gelditu zirala diote horduko berriak; eta arte orretan batetik bestera bere kalterik bage mairu artean ibilli zen bere gurutze goituarekin ta mairu guziak izutzen zituela hura zeraman kalonje D. (Festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Negar muskila menperatu zuen han, Durangoko Basque Hotel likitsean; bera ere ez zen, arte horretan, hain garbi eta sanoki bizi izan. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
  • Tarte horretan, atea ireki zen aldiro, begiek sarrerara egin zioten eskapo. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Etxearen aldamenean errementeria eta arotzeria atondu zituen. Tarte horretan Basokoen herria ezagutzeko aukera eduki nuen. (Zuazo, K.)
1 Hitz honen jatorriari buruz jakiteko, ikus Mitxelenaren, Fonética Histórica Vasca.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bizkitartean, bitartean, bien bitartean, artean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3