Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:3:7

alta, alabaina, alabadere

alta, alabaina, eta alabadere ere aurkaritza adierazteko erabiltzen dira. Aurkaritza balioaz gain, balio esplikatiboa ere badute. Ekialdeko euskalkietan erabiltzen dira batez ere, baina alabaina mendebaldean ere ezaguna da.

alta

alta Ekialdeko euskalkietan erabiltzen da, eta joan den mendearen erditik honako testuetan ageri da. Balio bikoitza dauka: aurkaritza eta azalpena adierazteko erabiltzen da. Zalantzarik gabe, bi adiera horietan nagusia, aurkaritzakoa da:

  • Egun ere badugu xedea xehekiago aipatzeko harek egin lan tzarretarik zenbeit. Alta ez da, ez eder, ez laket, gizon bat etsai izanik ere, hil orduko, berehala hartaz gaizki mintzatzea. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Behin ere ez zen mera edo alkate izendatua izan Migel Pocodinero. Alta heldu nahia zen, xarpa pollit hartara! (Supazter xokoan, Barbier)
  • Argiago ikusi nuen hori eleberriak eta Diary idatzi ahala, eta are eta bistakoagoa egin zitzaidan irakasten hasi nintzenean. Alta, emakumeen eta gizonen sexuarekiko jarreraren arteko aldea nabaria izan arren, oraindik ere ez genekien horri buruz nola idatzi. (Venusen Delta, Anaïs Nin / Arrula, G.)

Harridura perpausetan ere erabiltzen da alta, enfasi edo indar berezia emateko perpausari:

  • Ez genuen txartelik, alta sartu ginen! (Skyroom, Etxeberri, R.)
  • -Txantxetan ari zara beti, alta ez da momentua! (Oroit hadi, Pierre Mestrot)
  • - Zertako? - Nahiagoko bainuen bertze bat izan bazina! - Alta, nik ere, hala hala! (Supazter xokoan, Barbier)
  • Egoera politikoa ez zen alta aldatu! (Skyroom, Etxeberri, R.)

bada partikularekin ere ageri da askotan alta, baita aurkaritza adierazten duenean ere, alta bada, alta…bada egitura sortzen du:

  • Bihar goiza gabe, herri guziak balakikek; alta bada holakoak eta halakoak jakinez geroz, zer hatzeman dudan, ez diagu bakerik, ez bizi onik. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Egia erran, lehen aldikoz entzuten nuen afera hartaz mintzatzen, alta bada, eztabaidak eta auziak zortzi urte lehenago hasiak omen ziren. (Enbataren zirimolan, Landart, D.)

Ikusten denez, bigarren perpausaren hasiera-hasieran joaten da gehienetan alta. Hala ere, perpausaren barnean ere ager liteke inoiz, zati luze edo laburrago baten ondoren:

  • Ez dakit oraino ez othe garen gu hemen Frantzian ere españoltzen ari? Bertze solasik nuen alta egungotzat gogoan; bainan inguru hautako kazeta guziak zezen kurtsez mintzo direnean, ez nauke nik ere hitz bat edo bia erran gabe kurtsa horietaz. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Ez dakit oraino ez othe garen gu hemen Frantzian ere españoltzen ari? Bertze solasik nuen alta egungotzat gogoan; bainan inguru hautako kazeta guziak zezen kurtsez mintzo direnean, ez nauke nik ere hitz bat edo bia erran gabe kurtsa horietaz. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)

Gainerako aurkaritza diskurtso markatzaileen aldean, alta ez da juntagailuekin erabiltzen, egitura honen oso adibide gutxi daude:

  • Eta alta, alabak berak erraten nau, harek hola egoten da, hartu liburu bat eta beharbada gau osoa pasatuko du harek hura irakurtu arte. (Ez da musik, Oxandabaratz)

Balio esplikatiboa

Beste adiera bat ere badu altak, hau da, bigarren perpausak lehenengoari nolabaiteko azalpena emateko erabiltzen da:

  • Beraz, ez naiz gure arrazan ni lehena pertsutarako gogoa izan dutana. Aita zena ere, alta, kantari gaitza ginuen. (Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Ez baita erretor onaren marka hoberik, erier jarraikitzea baino. Alta hala zen hura. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Lorik ez dut egin batere, gau huntan. Ohean ez nindagoken. Jo eskuin, jo ezker, nihun ez onik! Alta kukusoak harrotuxeak nituen, lastaira azpiz goiti emanik goizean! (Supazter xokoan, Barbier)
  • Peio eta Mayik etzituzten sekulan sinesten amaren erranak. Alta hamarna urte zituzten doi-doia. Eta ordukotz beren burutarat ari nahi. (Mendekoste gereziak, Etchepare Landerretxe, J.)
  • Bazter so batekin zelatatzen nau, alegia liburu baten laugarren azala irakurri nahiz dagola. Badakit mintzatuko zautala. Nunbait elkar ezagutu dugula erranez: - Barkatu, baina… zu ezagutzen zaitut, ez? - Baditake, bai… ez naiz oroitzen… - Eta nundik ote?… Iruditzen zait alta… zure aurpegia ez zait arrotza. (Jin bezala, Mixel Thikoipe)

Horrelakoetan, “izan ere” edo “bada” esan nahi du altak.

alabaina

alabaina diskurtso markatzaileak ere balio bikoitza du, baina bi balioak ez dira berdin ageri euskararen eremu osoan: aurkaritza diskurtso markatzaile gisa iparraldeko testu zaharragoetan ageri da batez ere; azalpen balioarekin, berriz, geroago ageri da, hegoaldeko testuetan eta iparraldeko batzuetan.

  • Oihuz eta habarrotsez betheko da mundua, Alabañan ezta izanen gaixtoa urrikaldua. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa)) → (Aurkaritza balioan)
  • Bai ta anitz eta anitz geiago ere; bada emengo arzaiak bere onagatik egiten ditu bere arzanzako gauzak; egiten ditu alabaña ardiaren esneagatik, ardiaren larru-illeagatik eta beraren odol-aragiagatik, eta orregatik ezpaliz, ez luke ardirik itxean artuko; ta Jesusek arzen ditu bere kontura ardirik edo animarik txar-errebesenak ere oriei zerbait kenzeko ez, baizik oriei ta beste guziei emen bere graziz lagunzeko, […] (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.) → (Balio esplikatiboan)

Hala ere, batzuetan ez da erraza balio bat eta bestea bereiztea:

  • Oinazea nagusi nuen kopeta guztian, betazaletan eta sudurrean. Orobat ezker belaunean, ezker eskuan eta ezker besoan. Oinazea ez zen makurrena, alabaina. (Gure Jerusalem galdua, Epaltza A.)
  • Etsaia etsaia zen alabaina eta gure kulturan zurubirik ez zen zilegitzen. (Boga boga, Borda, I.)

Halakoetan, inguruak adierazten du zein den markatzailearen balioa. Aurkaritza balioa duenean, bizkitartean eta horrelakoen parekoa da:

  • Ez hargatik utz lazakeriaz eta arrazoin handiz kanpoan, goizeko othoitza erran den gisan egin gabe: ondoan asti hobearekin egiteko pezkizan uzten bada, utzia-utzi gelditzen ohi da, eta askotan arratsa ardiesten da goizeko othoitza egin gabe. Eta alabainan otoitza da zeruko laguntzen eta grazien erdiesteko bidea.(Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Eztakit emaztearen berririk, eta alabaiña ez naiz birjina. (Guero, "Axular")

Adibide hauetan azalpen balioa du:

  • Ez du horrek erran nahi komentuko arrangurez eta beharrez ez zuela axola handirik hartu. Frantzes Nafarroakoak bere kargua hartu zuelarik hain zuzen, Orreaga egoera txarrean zen: haren errentak gaizki kudeatuak, kalonjeak gaizki artatuak eta behartsuen eta beilarien aterpetzea ahantzia bezala. Aitzineko prioreek alabaina erreinuko jaun handien itxura hartua zuten eta haien bizimoldeak errenta guztiak irensten zituen. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)
  • Argi dago, alabaina, gerlak piztu aitzin bazirela populuak, gerlak egin behar zituztenak, eta populuak agertu aitzin, erreinu batzuk sortuak zirela, zeren eta Aristotelesek baitio Politika-ren lehen liburuan hastapenetik hiri batek izan zuela bere erregea, errege deitzen baitugu, alabaina, gizarte gaietan kudeantza nagusia bere esku duena, san Tomasek dioen bezala 14. kapituluan. (Enkiridion, Azpilikueta, M. / Xarriton, P.)
  • Gazteluan geldituko ote zen, gainerako guztiak bezala, emanaldi hauetako zeremonia-maisua bere aita izan ez balitz? Ez nion inoiz galdetu. Pedro haren anaia zaharrak berdin jokatzen omen zuen, Garrüzetik behin betikoz partitu arte. Huraxe omen zen borreroa izatekoa, Domingo erretiratzean. Harexek hartu behar ofizioan segida. Alabaina, Gilenen gisara, hark ere gorrotatzen aitaren ogibidea (Mailuaren odola, Epaltza A.)
  • Esku bakar batez erabiltzen ahalko duk uste baino lehenago. Ez nengoen hain seguru. Esker hitzen bat marmarikatu eta ganberatik alde egitekoa egin nuen. Irrikan nengoen arma berriak gazteluko guztiei erakusteko. Keinu ilun batez geldiarazi ninduen. -Tresna hauek lagungarriak izanen dituk bizirik irauteko. Alabaina, zerbait gehiago beharko duk bizian aitzina egiteko. (Mailuaren odola, Epaltza A.)
  • Biharamunean, Pazko izanez, 1876koa, Don Karlos joan zen Orreagara, mezaren entzutera. Gero, handik landa, jo zuen Luzaidera buruz. Haatik, bandera Txiki-Politenean utzi zuten, nehor ez izanez gehiago hartaz arduratu nahi zuenik. Alabaina, ihes joateko ba ote da bandera beharrik? (Luzaiden gaindi 2, Aintziburu, A.)

Baina beste honetan aurkaritzakoa:

  • -Zer da esperantzetan izatea?- Haur bat ukanen du laster Nakok -labur eta gehiegi sakondu gabe erantzun zion amak. - Nola sortzen dira haurrak? Neskatxa lelotu zen, galdera halako antsia batez apainduz. Amak ez zuen alabaina, gaiaren muinera lerratzeko inbeia handirik. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)

Kokapena

Adibide horietan ikusten denez, gehienetan perpausaren hasieran joaten da alabaina. Dena den, perpaus barruan ere ageri da askotan, hala ere-ren inguru bertsuetan:

Jamaica Kincaid Azkenik, alabaina ez da juntagailuekin asko erabiltzen, baina etarekin ageri da inoi:

  • Seduzizale bezala, eta alabaina egiati. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Ez ziren mila baino askoz gehiago, eta alabaina zeroaten urrats geldoak eta multzo osoaren isiltasunak hunkitu egiten zituzten londondarrak. (Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri, Izagirre, K.)
  • Inoiz ez nuen neure ama ezagutu, eta alabaina berarenganako nire maitasunak jarraitu egin zion betikotasunean. (Nire amaren autobiografia, Jamaica Kincaid / Alberto Martinez de la Cuadra)

alabadere

Aurrekoak baino askoz gutxiago erabiltzen da alabadere. Aurkaritza balioan, alabaina eta bizkitarteanen parekoa da:

  • Aspaldikoa da errana, esparantzen erregia hil zela hospitalian ta ozartia zela astoen berdüdia. Alabadere biak eztütianak mündian dü bide llabür eginen, ezpadütü arrimatzen nekez mügala heltüren. (Filosofo huscaldunaren ekheia, Eguiateguy, J.)
  • Genesak Patriarketarik dioan zahartiena zena da Matusalem. Alabadere S. Petrik dioan egüniala etzen heltü: mila urthe zütiala apostolü handi harek dio, bena Jinkoaren eretzian hek eztirade egün bakhoitz baizik. (Filosofo huscaldunaren ekheia, Eguiateguy, J.)

Azalpen balioa ere izan lezake, izan ere-ren pareko gisa:

  • Bainan heldu da ordua, eta orai da, non egiazko adoratzaileek, izpirituz eta zintasunean baitute adoraturen Aita; halabadere Aitak holako adoratzaileak ditu galdatzen. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Egungo idazleek ere erabiltzen dute diskurtso markatzaile hau:

  • Guzmán ez bazen, ez bazen, ezin izan zitekeen, baina bazen izan, alabadere, ez tutik ez mutik eta bartko kidearen irudi bera zen, Vigil doktorea; eta ze demontretan ibiliko ote zen hura handik? (Sumendiaren azpian, Malcolm Lowry / Karlos del Olmo)
  • “Horra zer esan nahi nuen, -ekin nion berriro-: Umore txarraz, nagikeriaz bezalaxe gertatzen da, eta, izan ere nagikeria mota bat da, zeinera izatez aiher garen oso, eta alabadere, behin izaten badugu hura garaitzeko indarra, orduan dena erraz egiten zaigu eta benetako satisfazioa aurkitzen dugu gure jardueran”. (Werther gaztearen arrangurak, Goethe)
  • Hemen, alabadere, berehala zalantza bat agertzen zaigu, hots, zer gertatzen da zerbait ezagutzen dudala uste dudanean, baina berez horrela ez denean? - pentsa ezazue Lurraren kasuan Colon-en garaiaren aurretik. (Filosofiako gida, Askoren artean)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "alta, alabaina, alabadere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3