Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:4

Ondoriozkoak

Perpauseko hainbat zati lotzeaz gain, haien arteko harremana nolakoa den adierazten dute diskurtso markatzaileek. Hain zuzen ere, ondoriozko diskurtso markatzaileek adierazten dute perpaus bat aurreko zatiaren ondorioa dela. Gramatiketan 'ilatibo' esan izan zaie 1, 'kontsekutiboak' ere bai, aurreko solas zatiaren kontsekuentzia edo ondorioa markatzen dutelako. 2. Hala ere, 'kontsekutibo koordinatuak' dira, eta ez graduatzailea aurrean duten mendekoak, horiek mendeko perpausa osatzen baitute menderagailuen bidez.

Atal honetan, ondoriozko diskurtso markatzaile hauek ikusiko ditugu:

Ondorioa zer den

Ondorioa zer den azaltzeko, errepara diezaiegun perpaus bikote hauen arteko erlazioari:

  • Autoa sutan dago —> Erretzen ari da
  • Ibaiak ur asko darama —> Euria egin du egunotan

Auto bat sutan baldin badago, argi dago erretzen ari dela; eta ildo beretik, ibaiak ur asko badarama, euria egin duelako izan liteke. Ildo horretan, ondoriozko diskurtso markatzaileek perpausean bera gordeta dagoena agerian jarri besterik ez dute egiten, alegia, perpausaren lehenengo atalaren edukitik ondorioztatzen dena uzten dute agerian. Hala ere, gerta liteke perpaus batetik ondorioztatutakoa okerra izatea: esaterako, gerta liteke ibaiak ur asko eramatea urtegi bat zabaldu dutelako, ura askatzeko. Hala ere, ondorioa gezurra edo egia esan, diskurtso markatzailea eta perpausa ondoriozkoak dira, eta hori da gramatikak aztertuko duena.

Euskaraz, hauek dira ondoriozko diskurtso markatzaile ezagunenak:

Tradiziozko testuetan eta oraingoetan, bada eta beraz dira erabilienak. Hala ere, egungo hizkeran hortaz eta orduan nagusitzen ari dira.

Hurrengo ataletan ikusiko dugunez, diskurtso markatzaile hauek guztiak ez dira erabat baliokideak, baina tarteka halaxe erabiltzen dira. Kidetasunak eta bakoitzaren erabilera propioa ikusiko ditugu segidan.

1 illativus latineko hitzetik hartuta
2 Azkuek, Morfologia vascan 'conjunciones continuativas' esaten die; Villasantek, Sintaxis de la oracion compuestan 'Conjunciones Consecutivas Coordinadas'; Lafittek, Grammaire basquen, 'Conjonctions conclusives'

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ondoriozkoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3