Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:4:1

beraz, bada

Bai egungo testuetan eta bai tradiziozkoetan, ondoriozko bi diskurtso markatzaile hauek dira ezagun eta erabilienak. Sarrera honetan bien ezaugarri nagusiak aipatuko ditugu, eta zehazki, elkarren artean dituzten berdintasunak eta ezberdintasunak. Geroago xehekiago aztertuko ditugu bat eta bestea, beraz eta bada ataletan.

Balio bera

Esaldi batzuetan, beraz eta bada berdin-berdin erabil daitezke, hau da, balio edo esanahi bera dute. Euskaltzaindiaren Hiztegian ere honela jasotzen dira:

  • bada lok. Aurretik esan denarekin nolabaiteko lotura, ondorio gisakoa edo, adierazten duen hitza. Dirua du eta gastatzeko gogoa; zergatik, bada, ez du erosten? Bada, hori zure eskuan dago. Horrela egingo dut, bada, nik ere. Goazen, bada. Horregatik, bada, heldu naiz berandu. Zer du, bada? Horra, bada, zer jazo zen. [Oharra: elkarrizketetan eta kidekoetan onartzekoa da ba forma, maila neutroari bada forma dagokion arren].
  • beraz lok. Dagokion esaldia aurrekoaren ondorio dela adierazten duen hitza. Ik. bada; hortaz. A, B baino handiagoa da; beraz, B, A baino txikiagoa da. Zordun zara; ordaindu egin behar duzu, beraz. Bere diruak han zituen oso-osorik; ez dute, beraz, ebasteko hil. Bego, beraz, nor berean. Errege zara, beraz? Batzar bat bildu zuten, beraz, irtenbide bila egoera atsekabetsu horretatik.

Ikus ditzagun bi perpaus hauek:

  • Ea bada!
  • Ea beraz!

Bi perpaus horiek gauza bera esateko erabil daitezke. Ildo horretan, Oihenartek honela dio bere bigarren neurtitzean:

  • Eia bada Ordua da, Zuretan has ziteen Ene hartzen, Et ohartzen Zeren zordun zaudeen; Nola nizaz, Motil-gizaz, Ziren, iraganean, Zerbitzatu, Et ohatu Nezka ororen gainean, Zenbat nizan Zutan izan Beti tink eta ekhuru; Zein manura Er, ardura Erpai, ern et aiduru: Gerp zizaz Zeinen luzaz Ukaturik nagoan, Eta halaz, Hanbat alas! (O-ten gaztaroa neurtitzetan, Oihenart)

Eta horrelaxe agertzen da 'Salbe' otoitzean ere, OEH-k dioenez: dozena bat Dotrinatan halaxe agertzen da. Aldiz, Etcheberri (Ziburukoa)k Manual devotionezcoa-n biak darabiltzan arren, askozaz gehiagotan darabil Ea beraz!. Lehen aldiz bertso honetan darabil:

Esapide hauetan bata zein bestea erabil daitezke:

Horrelako esapideetan ez ezik, perpaus luzeagoetan ere aurkituko ditugu beraz eta bada, biak ala biak antzeko esanahiarekin:

  • Ene Aita zare, indazu beraz, othoi, zeruko Ogi hura, zeinetaz neurritzen bai ditutzu zure haurrak. (Guristinoqui bicitceco, Baratciart)
  • O Birjina gloriosa, Jainkoaren ama! Zuk amultsuki errezibitzen eta fagoratzen ditutzu zure baithan bere fidantzia ematen duten guziak; esperantza horren azpian heldu naiz egun zure ganat; egizu beraz, grazia dibinoaren ama, zure seme maiteak egun ene baithan prepara dezan bere egoitza, sor-araz eta finka detzan ene bihotzean berak galdegiten dituen disposizioneak: egizu, o Ama amultsua, egun egiten dudan komunioneak gibela nazan gaizkitik, borthitz nazan ongian, eta izan dadin enetzat phizte glorios baten bahi preziatua. (Guristinoqui bicitceco, Baratciart)
  • Jakin bear da bada eztuela esamina onek izan bear ez munduko gauzeen aztertze edo esamina bezalakoa, baizikan fade bizi batetik jaioa. (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)

Egungo testuetan ere ageri dira bada eta beraz:

  • Azkenean bihotz guzia erdiratzen eta trenkatzen bezala zaio, eta nigar hipetan erraiten du: ene haurra, orai beretik enetzat hila zare; egizu beraz Jainkoak nahi duena! (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)
  • Ekin bada, ekin R-ri. (Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano)
  • Iritsi zen, bada, Abdul Alim xeikaren etxera; hartu zuen xeikak… (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)

Ondorioaz bi hitz

Har ditzagun berriro hasierako perpaus bikote horiek:

  • Autoa sutan dago, bada/beraz, erretzen ari da.
  • Ibaiak ur asko darama, bada/beraz, euria egin du egunotan.

Ikusten denez, biak ala biak lotu litezke bada nahiz beraz diskurtso markatzailea erabiliz. Hain zuzen ere, balio bera dutela erakusten du testu beraren itzulpena egiterakoan idazle batek bada eta besteak beraz erabiltzen dutela. Ebanjelioko zenbait pasarte honela itzuli zituzten hiru lapurtar idazlek, hiru mendetakoak:

Desberdintasun batzuk

Zenbait testuingurutan berdin erabil daitezkeen arren, bada eta beraz ezberdinak dira. Ikus perpaus bikote hau:

  • Zergatik esan duzu bada hori?
  • Zergatik esan duzu beraz hori?

Bi esaldi horiek ezberdinak dira: gerta liteke norbaitek kontuak eskatzea beste norbaiti esan duen zerbaiten inguruan. Kontu eske, hauxe galdetuko lioke: “Zergatik esan duzu bada hori?” Besteak argibideak edo arrazoiak eman ditzake, “momentuan hala atera zait, hori pentsatu dut, ez nekien zer esan” edo antzeko zerbaitekin. Baina galdetzaileak zalantzan jartzen badu haren arrazonamendua, eta uste badu gezurretan ari dela, gerta liteke azkenean mintzakideak aitortzea min egiteko esan dituela hitz haiek. Orduan, beste hauxe botako lioke berriro: “A! Zergatik esan duzu beraz hori?”

Horrenbestez, hor ikusten da beraz-ek adostasuna adierazten duela, eta bada-k, berriz, kontrakoa.

Ezberdintasun bera dago beste hauetan ere:

  • Zergatik diozu bada, ateoa zarela?
  • Zergatik diozu beraz, ateoa zarela?
  • Zergatik esan zenion bada, parte hartzeko?
  • Zergatik esan zenion beraz, parte hartzeko?

Ezin da esan testu guztietan bien arteko aldea hori denik, are gehiago, zenbait kasutan bata bestearen ordez erabil daiteke eta. Hala ere, oro har esan dezakegu bada desadostasuna adierazteko erabiltzen dela eta beraz adostasuna seinalatzeko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "beraz, bada", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3