Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:4:1:1

beraz

Diskurtso markatzaile hau bera erakusle indarturi -z kasu marka erantsiz osatzen da.

beraz: bera + -z

Balioa

Esan dugu badak eta berazek antzeko balioa izan dezaketela testuinguru batzuetan. Nolanahi ere, berazek bere eremu propioa ere badauka, badak ezin bete dezakeena.

Hauxe dakar Euskaltzaindiaren Hiztegiak beraz diskurtso markatzaileari buruz:

  • beraz lok. Dagokion esaldia aurrekoaren ondorio dela adierazten duen hitza. Ik. bada; hortaz. A, B baino handiagoa da; beraz, B, A baino txikiagoa da. Zordun zara; ordaindu egin behar duzu, beraz. Bere diruak han zituen oso-osorik; ez dute, beraz, ebasteko hil. Bego, beraz, nor berean. Errege zara, beraz? Batzar bat bildu zuten, beraz, irtenbide bila egoera atsekabetsu horretatik.

Ikusten denez, beraz erabiltzen da ondorioa aurreko perpausean esanda dagoenean, eta ia gauza bera beste hitz batzuekin esaten denean. Adibidez:

  • -Lau lagunek eman dute ezezkoa eta beste bik baiezkoa.
  • -Beraz, 6ri galdetu diezu guztira.

Gehienetan dedukzio bat adierazten du:

  • -Konpondu dute garbigailua.
  • -Beraz, garbitu dezakegu arropa.

Tradizioan asko erabili da, "Axular"ek, esaterako, balio honekin darabil ia beti:

  • Arthoak bildu du xori ongarriaren on guzia eta bertzeetarik ere bai; beraz lurrak, deus bildu gabe, beretik eman du, eta galtzetan gelditzen da. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Egi da, egiten danetik izena artu dezakela nolabait artatik egiña danak: beraz, zeru-lurrak sortarazi zituneko eitegabe ua, “ zeru ta lur ” izendatu ziteken. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")

Egungo testuetan ere aurkituko dugu:

  • Tanke itxura duen makina gaitza dabil maniobratan Harriren auto aurrean, irteera oztopatzen. Itxaron egin behar beraz. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
  • Bi ordu osotara huts egin du. Zuzenean niri komentatzea nahiago izan duela esan dit. Bihar irakasle guztien ahotan izango da, beraz. (Eserleku hutsa, J.K. Rowling / Estibaliz Lizaso)

Silogismoak

Silogismo deiturikoetan, beraz erabiltzen da euskaraz ondorioa adierazteko. Hala zioen Lafittek bere gramatikan:

  • Bada a un sens assez imprécis: en syllogisme on l'utilise pour traduire 'or', et c'est beraz qui traduit 'donc'… (Grammaire basque, Lafitte, P.)

Silogismoek pentsarazi egiten digute Esate baterako:

  • Amaitu da hitzaldia.
  • Bada Miren oraintxe iritsi da.
  • Beraz, ez du hizlariaren agurra entzuteko modurik izan.
  • Euskaldunak hitzekoak dira.
  • Bada Miren euskalduna da.
  • Beraz Miren hitzekoa da.

Horrelako testuinguruetan orain bada erabiltzen du Axularrek:

  • Orai bada hetarik bietarik, zein othe da aiseago, eta bere gogarago? Zeinek iragaiten othe ditu gau egunak geldiago eta malenkonia gutirekinago? Ezta zer galdeginik. (Guero, "Axular")

Argudio edo arrazonamendu luze baten amaieran beraz erabili ohi da. Pasarte honetan ikusiko dugu hori, baita bada diskurtso markatzailetik zertan bereizten den ere:

  • Honelakoak ziren zure aita Jauna eta bai bertze aitzinekoak ere. Bada ez duzu zuk ere zeure arrazaz ukatu, ez zara zeure leinutik eta etorkitik hastandu, berezi eta ez aldaratu. Zeren (…) joan zinen Gorteera, eta (…) ekarri zenuen (…) ordenantza eta manamendua. Beraz ez zara zu ere zeure aitzinekoen giristinotasunaren gibelatzaile izan. Bada ez eta ohorearen iraungitzaile ere. Aitzitik badirudi ezen… (Guero, "Axular")

Oihenartek erabiltzen du, Etxeparek, aldiz, bi aldiz darabil beraz baina bera izenordainaren instrumental kasuan:

  • Beras higanic
    Eguin iadanic
    Nois naquidima daquidan
    Iin, eta noura,
    Gorde lekura,
    Eta hi han bat aquidan. (O-ten gaztaroa neurtitzetan, Oihenart)
  • Hiz horrezaz erdiratu deraudazu bihoza Nik zugatik dudan pena hanbat ere handi da zuzaz beraz ezpanadi orai bertan konsola Ene arima ialgiren da falta gabe kanpora. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
  • O anderia ezin date ehor zure bardinik Gainekorik zuk eztuzu ieinko beraz bertzerik Ieinko ezten bertze oro dago zure azpitik Ieinkoaren ama zira mundu oroz gainetik. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)

Batzuetan perpausaren hasieran jartzen da beraz, argudioa azaldu gabe. Halakoetan, mintzakidearen erantzunaren ondoren azaltzen da arrazoia edo argudioa:

  • -Beraz, haurdun zaude?
  • -Nola dakizu zuk hori?
  • -Emaginaren kontsultatik irteten ikusi zaituztela esan didate eta…

Perpauseko kokagunea

beraz diskurtso markatzailea ez da beti leku berean joaten. Batzuetan perpausaren hasieran ageri da, eta beste batzuetan barnean, hau da, beste hitz baten edo mintzagaiaren atal baten ondoan. Ikus ditzagun joera nagusiak:

  • Askotan, adierazpen perpausetan, perpaus hasieran joan ohi da:
  • Perpausaren barnean doanean, aditzaren ondoan joan ohi da beraz. Aginte perpausetan, galde perpausetan eta zenbait adierazpen perpausatan (aditzaren argumentua beste perpaus bat denean, amaieraraino ere eramaten da diskurtso markatzailea) gertatzen da hau:
    • Aginte perpausetan:
    • Galde perpausetan:
    • Adierazpen perpausa izan arren, aditzaren ondoren izen sintagmaren lekua hartzen duen menpeko perpausa daukagunean; hau da, perpaus konpletiboa edo zehar-galderazkoa:
    • Perpaus konpletiborik gabeko adierazpen-perpausetan:
  • Perpausaren amaieran:
    • Hirur mila gudulari igan ziren beraz. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Liburu horrekin irabazi zuen Euskadi Sariak diru hornidura gehigarria du itzulpenerako eta Martinek animatu egin zuen proposamen eskuzabal batekin, laguntza honetaz gain sariaren beraren dirua eskaini baitzion itzulpenaren kargu egin zedin, itzultzaileek lana behar litzatekeen moduan egiteko normalean izaten ez dituzten baldintzetan beraz. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
    • Hedatzen dena disolbatu egiten baita, hil, beraz. (Gauzen izaeraz, Lukrezio/ Amuriza, X.)
    • Salbuespenak ere badira. Batzuetan aginte perpausen hasieran, perpaus barruan bigarren lekuan, adberbioen ondotik… ere joaten baita bera:
    • Orai, beraz, behar diagu Jakiñ nor den Jongoikoa, Ni zeruan, ifernuan hi, Jainko bethierekoa. (Egia katholikak, Gasteluçar)
    • ITAUNEA: Orrela beraz nor da Jesu Kristo? ERANZUEREA: Jangoiko biziaren Semea, gu erredimieteagaiti, ta guri exenploa emaiteagaiti, Gizon egin zana (Kristiñau dotrinea, Cardaberaz)
    • Nahi duzu beraz Iauna, errezibi zaitzadan, eta amudioaren gatheaz zurekien junta nadiñ. (Jesu Kristoren Imitazionea, Aranbillaga)
    • Orain beraz pintzelak kutxatilan txukun sartu, bata bestearekin, eta William Bankesi esan zion: (Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano)

Beste diskurtso markatzaileekin gertatzen den bezala, diskurtso markatzaile hau ere mintzagairen ondoren kokatzen da, galdegaiaren aurretik. Galdegaiak eta aditzak osatzen duten multzoa ezin baitu beste elementu batek eten.

Egitura bereziak

Axularrek ez eta beraz egitura erabili zuen, baina ez eta beraz. Dena den, ez da oso egitura ohikoa:

  • Ez eta beraz eztu deus balioko eritasunaren eta heriotzearen garzelean eta hersturan dagoenak egiten duen promesak eta penitenziak ere. (Guero, "Axular")
  • Ez othe dire bada horiek, lekukotasun segurak, Jaiñko amulsu hark handizki prezatzen, eta bihotz guziaz maitatzen gaituela? Nork konpreni dezake noraraño dohan gu garen bezaiñ kreatura erromes eta ezdeusentzat duen amodio sobraniazkoa; eta beraz, izan ahal daiteken Ungi-egillerik frankoenarentzat behar dugun ezagutzak, norarano ordaiñez goan behar duen? Baldinetaria Yende handiek, bere buruak ohoratuak ikhusten dituztenean, berak baiño beherago edo sortzeak edo fortunak ezarri dituen presunez, baldiñ, diot, haiñek uste badute obligatuak direla berak ere haiñen ohoratzera; zer ohore ez diote […] (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)
  • Eta beraz, bere bizian debruaren zerbitzari izan den bezala, boha orai eternitate guzian debruaren lagun izaterat bere etsimenduan, bere errabian, bere gisa guzietako thormentetan. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Enbata, beti jende xehearen alde agertu da, eta beraz, gure bozak, jende xumea libratu nahi dutenei buruz joan behar du. (Enbataren zirimolan, Landart, D.)

Adberbio baten laguntzaz

Batzuetan beraz diskurtso markatzaile sinplea adberbioekin ere ageri da, modu-aditzondo erakusleekin, eta honelako egiturak sortzen dira: beraz honelatan, beraz halatan, beraz horrela… Hala ere, horrelakoak nahiz egun ahozko hizkeran ia ezezagunak diren, hegoaldeko euskalkietan behintzat:

  • Beraz hunelatan zerbaitetan enplega zaite, trabailla zaite, alferkeriatik begira zaite. (Guero, "Axular")
  • Beraz hunelatan, ezta gerotik gerora ibili behar. (Guero, "Axular")
  • G: Beraz orrela nor da Jesu-Kristo? E: Da Jaungoikoaren Seme bizia, Gizon egin zana, gu redimitzeagatik, eta nola bizi erakusteagatik. (Doktrina kristiana, Irazusta, Juan)

Diskurtso markatzaile konposatu hauek perpausaren hasieran joaten dira beti. Hala ere, egungo testuetan ez da erabiltzen egitura hau, beraz horrela izan ezik:

  • Aski eta gehiegi da beraz horrela berriz ez gaitezen has gai hori harrotzen Zinez hobe liteke Erromako erregistroetan historia ilun horren oroitzapen gaiztoa kentzea“ Cuervo “Ciencia Tomista”, 6 (1912) 394-395 or. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)

Gorago aipatu ditugun horrela beraz, hala beraz, halatan beraz, halakotz beraz… eta orain aztertzen ari garen hauek egitura berberak dira formaz.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "beraz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3