Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:4:1:2

bada

Loturazko ondoriozko diskurtso markatzailea da bada ere. Honela zioen Mitxelenak:

  • 'Eso no es más que una manera de ligar una frase con la anterior' (Villasante)

Horrenbestez, bada diskurtso markatzaileak bi perpaus lotzen ditu, eta aldi berean, lehenengoaren ondorioa ateratzen du. Honela dakar Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

  • bada lok. Aurretik esan denarekin nolabaiteko lotura, ondorio gisakoa edo, adierazten duen hitza. Dirua du eta gastatzeko gogoa; zergatik, bada, ez du erosten? Bada, hori zure eskuan dago. Horrela egingo dut, bada, nik ere. Goazen, bada. Horregatik, bada, heldu naiz berandu. Zer du, bada? Horra, bada, zer jazo zen. [Oharra: elkarrizketetan eta kidekoetan onartzekoa da ba forma, maila neutroari bada forma dagokion arren].

Ikusi dugu zenbait esapide eta esalditan beraz-en pareko dela, biak ala biak direla egoki. Horrenbestez, testuinguru batzuetan bata zein bestea erabil daitezke. Baina lehen azaldu dugunez, beraz-ek baditu erabilera propio batzuk, eta gauza bera gertatzen da badarekin ere. badaren berezko ezaugarri eta testuinguruak ikusiko ditugu atal honetan.

Forma

Tradiziozko testuetan forma osoa bada erabili izan den arren, azken ehun urteetan oso ohikoa da ba erabiltzea, batez ere hegoaldean. Oso ohikoa da laburdura hori erabiltzea ipuinetan edo elkarrizketaz jositako testuetan, herriko hizkeratik hurbilago agertzeko, eguneroko hizkeran hala ahoskatzen baita.

  • Lur lauak dira onak gijetako: zerren eurenez txarrak izan arren, nekazari onak onduten ditu: bada emoten jakin guztija an geldituten da. (Iturriagaren Berbaldijak, Uriarte)
  • Ba, egia erran, lehenik nahiago dut mediku klasikoengana joan, gainera baditut nahiko adiskide mundu hortan eta orduan nahiago dut konfiantxa heien gainean eta hetan ezarri. (Ez da musik, Oxandabaratz)

Erabilera

Oihu, asperen eta auhenetan erabiltzen da, bai tradiziozko testuetan bai egungoetan:

  • Ene bada, Rachel gaixoa. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana)
  • “Tira bada… bizi egin gaituk”, esan zuen batek pentsakor. (Zoririk ez, Imre Kertész / Urrutikoetxea, U.)
  • -Zer bada, jauna? Oso ongi geunden. (Goragalea, Jean Paul Sartre/ Monika Etxebarria)
  • Pixka bat irakurri orduko, oituko zera; aurrera bada!. (Ama Birjiñaren agertziak, Goñi, F.)
  • SYLVIE: Kontuz bada! (Ez tiro egin anbulantziei, Mikel Ayllon)

Esaldi eginetan ere erabiltzen da bada, harridurazkoetan eta adizki laguntzailerik gabe askotan:

beraz bezala, euskalki guztietan erabiltzen da, lehen eta orain. Zuberera klasikoan gutxiago ageri da. Hala ere, gehiago erabiltzen da hegoaldeko euskalkietan iparraldekoetan baino, eguneroko hizketan, elkarrizketan, batez ere. Honelakoak sarri entzuten dira: 'Etorri ba', 'Noiz ba?', 'Ez dakit ba', 'Joan zaitez ba'… Are gehiago, hiztun askorentzat makulu hitz saihestezina da ba, eta etengabe tartekatzen dute: 'Ba… esango dizut', 'Ba… ez naiz gogoratzen', “Ba… zeuk ikus', 'Ba… joan den astean'…

Adibide horiek erakusten dute elkarrizketa giroan erabiltzen dela ba makulu hitz gisa. Artikulu, albiste eta bestelako testu osoetan ez dugu halakorik aurkituko. Komedia, antzerki eta ipuinetan, aldiz, bada ugari aurkituko ditugu, are gehiago idazlea gipuzkoarra bada:

  • Zer uste duzu, bada, aholku eta eskaintza hauek eginen nizkizukeela, leinuko kuttunen artekotzat ez bazintut? (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)
  • Hona, bada, ondoko lerroetan, aste hartako kronika pausatua, ene bizitzaren behalekutik ikusia. (Errateko nituenak, Salaburu, P.)
  • -Zu ere aritzen zara, ba. (Piztiak hil behar du, Day-Lewis, Cecil / Estibaliz Lizaso)
  • Espektakulua aparta duk ba! (Inon ez, inoiz ez, Zaldua I.)

Betegarri hutsa

Gehienetan alferrikakoa edo betegarri hutsa da bada. Hau da, kenduta ere, testuak ez du galtzen esanahirik. Iparraldean askoz gutxiago erabiltzen da. Zenbait adibidetan zalantzan jar liteke ondoriozko lokailua den, ondoriotasunik ez delako ikusten. Ikus ditzagun adibide hauek:

  • -Nekatuta nago.
  • -Joan bada ohera.
  • -Badakit asmakizunaren erantzuna zein den.
  • -Esan bada!
  • Askori aditzen zaiena da, ordaindu ezin litekiena dala edari pattarkiya beste batez; bada arrazoi au da guztiz ondeki gabea, zergatik sendakiñen agintepeko gauzak gai ontan egin dituzten guztiyak osasundu diran. (Bakarrizketak, Uranga, J. I.)
  • Horrela, bada, sartu zen Betsabe erregearen gelara. Erregea oso zahartua zegoen; Abixag xunemdarrak zerbitzatzen zuen. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)

Ikus beste perpaus bikote hau:

  • 'Amaitu al du?'
  • 'Amaitu al du bada?'

Bigarren adibidean hiztunak bada erabili du zerbait ikusi, entzun edo sumatu duelako pentsarazten diona hizketakideak amaitu duela. Hortik ondorioztatzen du, nahiz zalantzarekin, agian amaitu duela, eta horregatik galdetzen du bada erabiliz.

Soinuaren garrantzia

Bestalde, doinuak, azentuak edo intonazioak eragin handia dute bada diskurtso markatzailean, hizketa biziko hizkia den neurrian. Hori gertatzen da goiko “Etorri al da bada?' adibidean. Bi balio eta bi doinu ditu:

  • -Zenbat handitu den Maddi!
  • -Iritsi al da bada?

Kasu horretan galdera soila da, eta edozein galderaren doinu berbera du. Aldiz, ikus beste adibide hau:

  • -Perurekin hitz egin dut.
  • -Ez dizut sinesten. Oraindik iritsi al da bada!

Beste adibide horretan ez dago galderarik, ez benetakoa behintzat, gehienez ere galdera erretorikoa dago hor. Erantzun horren ordez, 'Oraindik ez da iritsi eta' edo 'Oraindik ez baita iritsi' ere esan genezake. Hori horrela, lehenengoak eta bigarrengoak oso doinu ezberdina dute.

Ildo beretik, bi erabilera eta bi doinu dituzte bai bada eta ez bada-k ere. Adibidez:

  • -Partida galdu du.
  • -Bai bada, azken jokaldia oso txarra izan da eta.
  • -Erori egin da.
  • -Bai bada; ertz-ertzean ibili da eta.
  • -Ez du lasterketa amaitu.
  • -Ez bada; ez da nahikoa entrenatu eta.
  • -Ez du titulua atera.
  • -Ez bada; soilik azken astean ikasten saiatu da eta.

Egungo testuetan sarri erabiltzen dira horrelakoak:

  • -Ez ba, ez diat maparik erabiltzen. (Agur, Euzkadi, Zabala, J. L.)
  • -Ez ba, ez zaidak berdin. (Etorkizuna, Zaldua I.)
  • 'Bai ba, egunero jaisten da esnea saltzen Gernikara.' (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • -Bai ba, atsedenik gabe, emadak gogor, ez diat besterik nahi! (Beti oporretan, Cano, H.)

Perpaus horietan diskurtso markatzaileak berretsi egiten du lehen perpausean jasotako ezezkoa edo baiezkoa. Bi hizkiak ez/bai eta bada elkarri lotuta ahoskatzen dira, eta lehenengoan azentua jarriz: bàiba, èzpa. Horietan bada enklitiko bihurtu da. Horietan “jakina” edo antzeko zerbait esan nahi du.

Aldaketak

Ikus ditzagun beste perpaus hauek:

  • -Ez da berehalakoan ezkonduko.
  • -Bai bada; ezkondu da.
  • -Ez du inoiz lasterketa bat irabaziko.
  • -Bai bada; irabazi du.
  • -Maddik bakarrik amaitu du lana.
  • -Ez bada; Pellok ere amaitu du.

Adibide horietan, aurreko perpausaren baiezkoa edo ezezkoa ukatu egiten du bada diskurtso markatzaileak, horregatik dago bai bada ezezko perpausaren ondoren, eta ez bada, baiezkoaren ondoren. Ahoskatu ere, bereiz ahoskatzen dira bi hizkiak: bai-ba, ez-ba. Are gehiago, batzuetan eez-ba ahoskatzen da bigarrena, e bikoiztuz. Azken batean, horietan elipsi bat gertatu da:

  • 'Ezkondu da bada'
  • 'Irabazi du bada'
  • 'Ez du bada amaitu!'

Gainera, lehengoetan ez bezala, hauetan truka daitezke bi hizkiak:

  • 'Bada bai', 'bada ez'

Horregatik, kasu honetan bada ez dauka tonorik, eta bai edo ez-ek hartzen dute azentua: ba-bái, ba-èz; bestean, berriz, bai-bá, ez-bà ahoskatzen da, eta, aldiz, azken adibideetan báiba, èzpa.

Ikus azkenik beste modu bateko bikoiztasuna:

  • -Ez du azterketa gainditu.
  • -Nola bada! Ez du batere ikasi eta.
  • -Ez du irakasleak agindu bezala egin.
  • -Nola bada?

Lehenengo adibidean 'Nola bada'-k ziurtzat ematen du ez duela azterketa gainditu ez duelako batere ikasi. Hor ere elipsi bat dago: 'Nola gaindituko zuen bada!'. Bigarren adibidean, aldiz, galdera soila da, eta azpian dagoen elipsia bestelakoa da: 'Nola egin du bada?'. Bi perpausen azpian dauden partizipioek erakusten dute bataren eta bestearen arteko aldea.

Bestelako ñabardura batzuk

Bistan da ez dela erraza badaren erabilera guztiak biltzea eta sailkatzea, oso ugaria delako eta ñabardura asko dauzkalako. Hala ere, sail batzuk bereizten saiako gara:

Kontrakotasuna adierazteko 'bada'

Norbaitek esandakoarekiko mesfidantza, desadostasuna, sinesgogortasuna adierazten du badak, baita haserrea, harridura eta erronka ere. Lehen perpausean adierazitako baieztapenak edo ukapenak (ezezko perpausa denean) sortzen du harridura edo mesfidantza:

  • -Neu hasiko naiz bertsotan.
  • -Hasi bada!
  • -Izena emango dut lasterketan.
  • -Egizu bada!

Baieztatu edo ukatu dena sinesgarria ez denean, galdera baten bidez ager daiteke zalantza. Galdera hori egiteko erabiltzen den izenordearen edo aditzondoaren ondoren bada diskurtso markatzailea jartzen da:

  •  -Ez da Ainara etorri.
  • -Nor bada?
  • -Bidaia ez da abuztuan izango.
  • -Noiz bada?

bada ondoriozko diskurtso markatzailea da hor, eta galdera egiten duenak gogoeta hau egiten duela ulertu behar dugu adibide horietan: 'Ainara ez bada, nor etorri da?', eta baldintzak berarekin darama ondorioa. 'Nor da, hortaz?' ere esan daiteke, eta hortaz ere ondoriozko diskurtso markatzailea da. Lehenengo adibidean, bestalde, ezezko perpausak ukatu duen elementuari dagokion galdezko izenordea edo aditzondoa erabili da. Halakorik ezin egin daiteke, ordea, lehen perpausa baiezkoa denean. Orduan, galdera itzulinguru baten bidez egin behar da, aditz sintagma ere isildu gabe:

  • -Markelek bazekien berria.
  • -Zergatik ez zigun, bada, ezer esan?
  • -Triste dago Maria.
  • -Nolatan esan digu, bada, ezetz?

Formula bera erabil dezakegu lehen perpausa ezezkoa denean ere:

  • -Ez dago iritsi oraindik.
  • -Nora joan da bada?
  • -Guk ez diogu esan kontatu.
  • -Nola daki bada?

Galdera erretorikoetan

Galdera erretorikoetan ere erabiltzen da bada, hau da, erantzunik espero ez den galderetan:

  • -Arnasketa ariketak egiten hasi naiz estresa gutxitzeko.
  • -Horrek zertarako balio du bada!
  • -Guardia Zibilak Aitor eraman du.
  • -Aitor manifestazioan izan al da bada!
  • Arabako lautadan azkar gorritzen dela lurra? Gorrituko ez da ba? Hara hor ba, uztaileko maparen ñabarduratxoak. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Nola ez du ba edango sagardo botila oso-osoa? (Bizia lo, Muñoz, J.)
  • -Nola ez da ba izango, zeure izerdiaz irabazitako ogia duzu eta! (Hauts bihurtu zineten, Igerabide, J. K.)

Bestalde, sasi-galdera hauek forma alokutiboa ere onartzen dute:

  • Nola etorriko duk bada, ama hil zaiok eta.
  • Nola ez dik, bada, gaindituko, beti ikasten ari duk eta.

Debekua adierazteko

Baiezko perpausaren bidez agindua emateko edo ezezko perpausaren bidez debekua emateko, bada erabiltzen da kontrako iritzia edo desadostasuna agertzeko:

  • –Ez ukitu aulki hori, koloka dago eta.
  • -Zuk ekarri duzu, bada!
  • -Ez egin oihurik haurrei.
  • -Zuk egin diezu, bada!

Agindua emateko

Agindu bat ematen denean edo zerbait debekatzen denean, hizketakideak bada erabiliz adierazi dezake agindu edo baimen hori berandu iritsi dela:

  • -Ez dadila inor berandu iritsi, gero!
  • -Bada, Markelek ezin izan du oraindik autoa aparkatu.
  • -Ez dezala oparia ikusi, e!
  • -Bada, ikusi duela uste dut.

Zerbait, sekretu bat jakinarazten denean erabil daiteke, baita erronka kutsuarekin ere:

  • -Ez gero irakasleari ezeresan.
  • -Esango diot bada.
  • -Ez Ainarari oihu egin.
  • -Egingo diot bada.

Desadostasuna adierazteko

Norbaitek esandakoarekiko desadostasuna, zalantza edo mesfidantza ere adierazi dezakegu bada erabiliz:

  • -Irakaslea jakinaren gainean dago.
  • -Bada, ez digu ezer esan.
  • -Nik ez diot ezer esan Mireni atzokoaz.
  • -Bada, norbaitek esan dio.

Harridura adierazteko

Harridura adierazteko ere erabiltzen dugu bada diskurtso markatzailea. Halakoetan, baiezko perpausari baiezko beste perpaus batez erantzuten zaio, eta ezezkoari ezezkoaz. Biek ala biek harridura adierazten dute eta baiezko esanahia dute, 'Nola ez bada!' esango balitz bezala. Horrez gain, nabarmentzekoa da ezezko perpausetan hartzen duten aspektua, hau da, hirugarren partizipioa, baita 'partizipioa + ez + adizkia' ordena ere:

  • -Ziztuan hasi zen kantuan.
  • -Ausartu zen, bada, denen aurrean abestera!
  • -Ez zigun idatzi.
  • -Idatziko ez zigun bada!
  • Izango ez da ba! Batetik bestera, bere ama eta arrebarekin automobilean ibiliz gero! Kristobal. (Aitona ta billoba, Garitaonandia, B)
  • - Izango ez da ba! - purrustaka esan zuen Budek handik azkar urruntzen ari zela. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
  • Zuhaitzetik jausi egin ez da ba! (50, Zubizarreta, P.)

Zerbait gertatu beharra dagoela adierazteko

Harridura ez ezik, zerbaitek nahitaez gertatu behar duela adierazteko ere erabiltzen da bada. Lehen perpausa baiezkoa izaten da eta ezezko perpausak 'partizipioa + ez + adizkia' egitura izaten du (oraintsu aipatu dugunaren parekoa):

  • -Erosi ahala jan du txokolate guztia.
  • -Horrela gizenduko ez da bada!
  • -Bakarrik ibiltzen da beti.
  • -Aspertuko ez da, bada!
  • “Izango ez da ba”, esan zuen Iratik haserre kutsuz, “zer uste duzu, que soy una ninfomana alcoholica edo horrelako zerbait? ”. (Airearen isla, Hernandez de Abaitua, M.)

Adibide horietan aurresuposizio bat dago, 'gizena dagoela', 'aspertuta dagoela'…

Lotsagabekeria adierazteko

Inoren lotsagabekeria eta ausardia azpimarratu nahi direnean aditz sintagma taxu berean erabiltzen da:

  • Infernu berbera etxean jarri ez dit ba! Nork esan behar zidan nire Mai Batixtak horrela bihurtu behar zuela! Ezkongaietan hori zen neskatxa atseginarekin. (Arpuxa kalian, Altzaga, T.)
  • “Burgesa naizela esan ez dit ba! ”, esaten zuen gure amak, Mariok alde egin eta gero. (Gure etxeko kontuak, Natalia Ginzburg / Rey, F.)
  • Dibortziorako mehatxua eta guzti egin ez dit ba. (Azken afaria, Montoia, X.)

Elkarrizketa askotan, behin baino gehiagotan ager daiteke bada:

  • -Esan egiozu laguntzeko aitari.
  • -Nola esango diot, bada!
  • -Esango ez diozu bada, zure aita da eta!

Lagun arteko hizkeran

Aipatu ditugun testuinguruetan ez ezik, lagunarteko hizkeran ere erabiltzen da diskurtso markatzaile hau. Inork eginiko galderari perpaus bakar batez erantzun beharrean, beste perpaus batez gehi bada-z erantzuten zaio askotan:Ezkontzeko modu eta leku asko daude, bikote honek Everest aukeratu du

  • -Non egingo duzue ezkontza ospakizuna?
  • -Hondartzara bidean badago jatetxe txiki bat… bada hantxe.

Beste egoera batean ere erabiltzen da bada: demagun elkarrizketarik gabe, hitzaldi batean, entzuleak egin uste dion galdera bat hizlariak berak asmatu eta berak egiten diola bere buruari. Halakoetan, bada erabiliz erantzungo du:

  • Glaziarrak urtzen ari dira. Zergatik gertatzen den hori? Bada, tenperatura izugarri hazi delako azken urteetan.
  • Galdetuko duzute agian, ia zergatik atzerrikoen istoria eskribitzen dudan, Euskal-errikuak utzita; bada, bi arrazoigatik egin dut: Ama Birjiña Lurdeskua gure denboretan oso sonatua delako, eta Berari (uste dudanez) asko zor diodalako. (Ama Birjiñaren agertziak, Goñi, F.)

Goi mailako literatura testuetan

Ikusi ditugun adibide gehienak eguneroko elkarrizketa bizitik ateratakoak dira, eta horrek erakusten du testuinguru dela bada diskurtso markatzailearentzat aproposa. Baina ikusi dugunez, literatura testuetan ere ageri da bada.

'Estilo diskurtsiboa' duten liburuetan aurkituko dugu batez ere, hau da, egileak zerbait kontatzeko edo frogatzeko solasaldi lauaz ontzen dituen liburuetan. Tradiziozko nahiz egungo testuetan ageri da bada, hegoaldeko eta iparraldeko testuetan. berazekin gertatzen den bezala, zubererako testuetan ageri da gutxien bada, baina badira adibide batzuk:

  • Dugun bada erran herioak gizonari gratia eta kortesia egiten diala, haren begitartia, ederra dela, eta maitagarria, eta haren jitiak, eztiala behar gizon pherestua, Iekoaren zerbutzaria, lotsatu, eta ikharatu, baina au kontre alegeratu, eta konsolatu. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Eia bada Ordua da, Zuretan has ziteen Ene hartzen, Et ohartzen Zeren zordun zaudeen; Nola nizaz, Motil-gizaz, Ziren, iraganean, Zerbitzatu, Et ohatu Nezka ororen gainean, Zenbat nizan Zutan izan Beti tink eta ekhuru; Zein manura Er, ardura Erpai, ern et aiduru: Gerp zizaz Zeinen luzaz Ukaturik nagoan, Eta halaz, Hanbat alas! […] (O-ten gaztaroa neurtitzetan, Oihenart)
  • Eia bada, ene anaie maitiak, guatzan alkharreki, Jesüs gureki dateke. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)

Lehenagoko idazleek ere erabiltzen dute bada:

  • Ioan zedin bada hiri guzitik predikatzen zituela Iesusek egin zerauzkan gauza guziak: 40 Eta gertha zedin itzuli zenean Iesus, rezebi baitzezan jendetzeak: ezen guziak haren begira zeuden. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • - Berriak badira? Zu atzo ikusia! Zer diozu ba!. (Mendekoste gereziak, Etxepare)
  • Emaztiak eztut enzun lehen gizona iaukirik Bana gizonak emaztia bethiere lehenik Gaixteria ialgiten da bethi gizonetarik Zeren bada daraukate emaztiari hogenik. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)
  • Zeren gibeleraz gero, eztu esku-tokirik, eta ez lotzeko girthainik. Bada okhasinoa bezala da denbora ere. (Guero, "Axular")

beraz baino gehiago erabiltzen dute horiek bada. Hala ere, ez dauka elkarrizketan adina ñabardura, estilo diskurtsiboan kutsu neutroagoa dauka.

Argudioak adierazteko

Liburu horietan argudioak, arrazonamenduak eta gogoetak jasotzen dira, eta hain zuzen ere, halakoak lotzeko erabiltzen da bada, perpaus soilak lotzeko baino gehiago. Ikus dezagun nola lotzen diren argudio horiek.

beraz-ek, argudio, arrazonamendu edo solasaldi bat burutzen du, eta bada-k askotan argudio berri bati ematen dio bidea, beraz-ek burutu duenarekin zerikusia duen argudio bati eta hura osatzen duenari:

  • Hunelakoak ziren zure aita Iauna eta bai bertze aitzinekoak ere. Bada eztuzu zuk ere zeure arrazaz ukhatu, etzara zeure leiñutik eta ethorkitik hastandu, berezi eta ez aldaratu. Zeren […] joan zinen Gortera eta (…). Beraz etzara zu ere […]. Bada ez eta ohorearen iraungitzaile ere. (Guero, "Axular")

Bertrand de Echauzen arbasoak nolakoak ziren kontatu ondoren, lehenbiziko bada-ren bitartez argudio berriari ('ez duzu zuek ere…ukatu') ematen dio hasiera Axularrek; Bertrand de Echauz bera ere arbasoen antzekoa dela adierazi nahi du horrela. Argudio berri hori garatzean eta honen ondorioa beraz-en bidez adieraztean, berriz ere beste argudio berri bati ('ez eta ohorearen iraungitzaile ere) ekiten dio, bada aurrean ezarriz.

Horrenbestez, beraz-ek bere aurreko solas zatiari egiten dio erreferentzia, esandakoa frogatutzat ematen du. bada-k, aldiz, ondoko solas zatiari egiten dio erreferentzia. beraz-en ondoren esaten dena esana dago nolabait, ezaguna da irakurlearentzat; bada-ren ostekoa, aldiz, ezezaguna eta berria da.

Ikus dezagun Leiçarragaren pasarte hau. Pasarte honetan azaltzen du zergatik eskaini dion Testamentu Berriaren itzulpena erreginari. bada-ren bidez ekiten dio arrazoiak azaltzeari:

  • ANDREA, zeren ni zure ezagun gabea bezala naizelarik, Testamentu berriaren heuskarazko translatione hunen zure Maiestateari dedikatzera ausartu izan naizen, merezi onez arintasunez akusa ahal neinde, baldin neure ausartgoa hunez zerbait exkusa bereren eman ezpaneza. Bada, niri haur eragin draudaten anhitz berze razoinen artean izan dirade, zure humanitate handi jende prestu guziez laudatua, eta Iainkoazko zure zelo handia.

Zati horren ostean bi arrazoi aipatzen ditu:

  • Zure humanitateaz den bezenbatean, ene manera halako bazen ere, non ezpaitzuen irudirik ere zure humanitatea sekulan enegana hel ahal leitela, guziagatik ere anhitz aldez hura baliatu izan zait, eta prinzipalki, zure maiestatearen plazera hala izanik gaje ordena lekidan, zure Bearnoko herrian entretenitu izan naizen bezenbatean: ezen halaz eman izan zait, ithoa bezala azpitik nendukaten gogo-arranguretarik, eta orhoitzeak ere buruko biloa latz eraziten drautan kaptibitatezko suiektionetik ilkiteko okasione eta moien.

Kasu horretan ez du beraz erabili argudio berri bat emateko. Batzuetan puntu eta aparte ere egin daiteke argudio berri bati bidea egiteko:

  • Badakit halaber ezin heda naitekeiela euskarako minzatze molde guztietara. Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan. Batak erraiten du behatzea, eta bertzeak so egitea. Batak haserretzea eta bertzeak samurtzea. Batak ilkitzea, bertzeak ialgitea. Batak athea, bertzeak bortha. Batak erraitea, bertzeak esatea. Batak irakurtzea, bertzeak leitzea. Batak liskartzea, bertzeak ahakartzea. Batak hauzoa, bertzeak barridea. Batak aitonen semea, bertzeak zalduna. Finean bat bederak bere gisara, anzura eta moldera. Eztituzte euskaldun guztiek legeak eta azturak bat, eta ez euskarazko minzatzea ere, zeren erresumak baitituzte diferent.
    Bada eskiribatzeaz denaz bezan batean ere ez naiz egiteko gabe. Zeren bada hunetan ere diferentzia. Batak eskiribatzen du chehero, bertzeak gehero. Batak chedea, bertzeak gedea. Batak ichilik, bertzeak igilik. Batak lachoa, bertzeak lajoa. Batak choil, bertzeak joil. Batak kecho, bertzeak kejo. Batak chuchen, bertzeak jugen. Eta hunela bada bertzerik ere zenbait hitz, batak eta bertzeak, nork bere herriko edo erresumako arauaz diferentki eskiribatzen baitituzte.(Guero, "Axular")

Axularrek bada eta puntu eta aparte, biak erabili ditu euskalkiez esan nahi zuena bukatu eta idazteaz zerbait esaten hasi nahi izan duenean. ere ere erabili du argudio berria azpimarratzeko.

Kokagunea tradizioan

beraz bezala, bada ere perpausaren edozein lekutan ager daiteke:

  • Perpausaren hasieran agertzen da bada, ondorioa adierazpen-perpaus baten bidez ematen bada:
  • Perpausaren barnean, aditzaren ondoan joaten da, gehienetan aginte perpausetan:
    • biz bada, othoi, guk ikasiren dugun guzia hartakotzat gure aiutatzeko instrument bezala. (ABC edo Kristinoen instrukzionea, Leiçarraga)
    • Zure gerizan doha: zure itzalaren azpian benturatzen da, errezibi ezazu bada, defenda ezazu, alde zakitza, egiozu begitarte. (Guero, "Axular")
  • Aditzaren ondoan ere ager daiteke, perpaus hasieran:
    • Bada, zareten bizi elkarrekin sainduki, Iainkoak manu bezala batak berzeari karitate, fede eta leialtate begiratzen draukazuela. (Othoitza Ecclesiasticoen forma, Leiçarraga)
    • Bada biz hala, zuk diozun bezala, eta gogoan darabillazun bezala, gertha dakizun, eta urthe hunetan gaixto, izanik, zure gero horretan, ethorkizunean prestu zaitezin. (Guero, "Axular")
  • Galde perpausetan ere aditzaren atzean joan ohi da markatzaile hau:
    • Nolatan duzu bada uste, hanbat denboraz iragan duzun bidetik, hain laburzki urthe batez edo biaz zeure zahartzean, zahartzen bazara ere, bihurtuko zarela? (Guero, "Axular")
    • Zer erhokeria da bada haur, uste baituzu ezen gero karga handiarekin hobeki manaiatuko zarela, orai ttipiarekin baiño? (Guero, "Axular")
  • hala, horrela eta antzeko aditzondoak galdegai direnean, eta horien ostean aditza jartzen denean, perpausaren barnean eta aditzaren ondoan agertzen da bada:
    • Hala bihurtzen da bada bekhatore nagia ere, bere gogoeta on guztien buruan, bere leheneko tornuetara eta maiña gaixtoetara. (Guero, "Axular")
    • Adiskideaz desegin nahi denak, adiskidetasuna hautsi nahi duenak, okhasinoak bilhaltzeintu, anhitz desenkusa eta estakuru edireiten du: hala edireiten ditugu bada guk ere okhasinoak, desenkusat, estakuruak, atxakiak eta itzurpideak, bekhatutan egoiteko, desirkundetan eta nahikundetan denboraren iragaiteko. (Guero, "Axular")
  • Bigarren posizioan eta galde-hitzaren ondoren ere eman daiteke:
    • Hargatik aute errege arrotzek abertitu; zeren, bada, ez atzaie Betleena aitzindu? Bere superbiak zuen alabañan erretzen, handiagoaz berze deusik ez baitzuen pensatzen. (Noelac, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Perpausaren barnean, aditzaren ondoan, ere agertzen da bada, nahiz adierazpen-perpausak izan. Aditza da hemen lehen elementua, eta lokailua bigarren posizioan doa:
    • Bekatu egin diagu bada, Iauna, eta anhitz maneraz ofensatu ukan augu: eta harren, konfusionerik eta ahalkerik baizen ezteakusagu gure gainean: (Othoitza Ecclesiasticoen forma, Leiçarraga)
    • Ez lizateke bada arrazoin, zuk ere bitarte hartan, zeure denboran, ontasunak errezibitzen ditutzunean, eskerrak errenda ziniatzon, zerbitza zenezan, lauda eta ohora zenegan? (Guero, "Axular")

Kokagunea egun

Ikusi ditugun horiek goi mailako literatura liburuetako adibideak dira. Egungo testuetan, ordea, leku bat nahiz bestea har dezake badak:

  • Bada, nik ez diot esango zer egin behar duen.
  • Nik ez diot bada, esango zer egin behar duen.
  • Nik ez diot esango bada zer egin behar duen.
  • Zertaz, bada, ari zineten hizketan?
  • Zertaz ari zineten, bada, hizketan?
  • Zertaz ari zineten hizketan bada?

Lehenengo bi moldeak hirugarrena baino gehiago erabiltzen dira. Hala ere, horrelako ereduak oso gutxi dira eta ezin da esan herriko hizkeran bada edozein lekutan jar litekeenik. Orain artekoa kontuan hartuz, hauek dira badaren kokaleku eta egitura ohikoenak:

  • Nork bada?
  • Zergatik ez didazu, bada, lehenago esan?
  • Nork esan dizu bada?
  • Nik zer dakit bada!
  • Nola irabaziko du bada, ez du entrenatu eta!
  • Zuk esan duzu bada!
  • Astoa esan ez zidan, bada, Iratik!
  • Nola esango diot Liherri ez etortzeko! / Esango ez diozu bada, zure laguna da eta!

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bada", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3