Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:4:2

hortaz

berazek bezala, kasu-marka instrumentala darama izenordain honek, eta ondoriozko diskurtso markatzaile gisa erabiltzen dugu. Erroa bigarren pertsonako erakuslea da, hori.

Diskurtso markatzailea vs erakuslea

Gainerako diskurtso markatzaileak baino gutxiago erabili da tradizioan, eta batzuetan, zaila da bereizten diskurtso markatzailea den edo, besterik gabe, instrumentalean doan erakuslea. Gaurko testuetan, aldiz, errazago bereizten dira hortaz diskurtso markatzailea eta horretaz erakuslea.

Erabilera

Ahozko hizkeran eta gipuzkeran erabiltzen da batez ere hortaz. Egungo testuetan ere askotan darabilte idazleek, perpauseko hainbat lekutan:

  • Egun asko erabiltzen da, nagusiki, perpausaren hasieran:
    • Leitzarrak asi dira: “Gurea gorago”; ortaz, sartu bear dik aizkora barnago. ("Euskaldunak", "Orixe")
    • Gurasuari ikasia da,
      ez degu ezer osturik,
      ortaz euskeraz ikasitzen guk
      ez degu egin kasturik. (Sasoia joan da gero, "Uztapide")
    • Asiera duk polita; ortaz, asi gaitezen alik eta geienetan. (Leturiaren Egunkari Ezkutua, "Txillardegi")
    • Hortaz, bigarren irakurketa honen arabera, sakonagoa baita, ez genuke plazeraren eta desplazer aratzaren arteko auzia, baizik gozamen mota biren artekoa. (Errua eta maitasuna, Zapiain, M.)
    • Hortaz, eskolak hartzen zuen gure bizitzako leku zentrala, maila guztietan: ikastea bihurtu zen zeregin nagusia, eta eskolakideena gure harreman ohizkoena, koadrila astebururako utzita. (Nerabearen biluzia, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Perpausaren barnean ere joan daiteke:
    • Au dago, ortaz, bestea baño sustraizko egiatik bertago. (Leturiaren Egunkari Ezkutua, "Txillardegi")
    • Mutillak, ortaz, ekarri dio mokadu eder neskari berak ere bai, itxaro duke bein ez bezalako sari. ("Euskaldunak", "Orixe")
    • Diru gutxi gaurko prezioetan, noski, baina garai hartan ez zegoen gaizki, liburuena behinik: liburu baten prezioa berrehun edo berrehun eta berrogeita hamar pezeta ingurukoa izan zitekeen, eta, hortaz, ia ehun liburu erosteko adina zen hura. (Nerabearen biluzia, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Eta perpausaren bukaeran:
    • Zorrotza behar kritikak, hortaz? (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Egunak egunari erraten dio solas hori; gauak gaua jakintsun egiten du hortaz. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Ez zitzaion gaizki iduritu kontua, hortaz. (Errateko nituenak, Salaburu, P.)
    • Hurrengo minutua pasatu arte itxaron beharko dugu, hortaz. (Inon ez, inoiz ez, Zaldua I.)

hortaz bada

Beste diskurtso markatzaile batekin ere ager daiteke hortaz. Hain zuzen ere, horrela sortzen da hortaz bada esapidea:

  • Ortaz bada, goiz guzie igaro zuten lan ortan. (Dirua galgarri, Izeta)
  • Hortaz bada, hemendik aurrera lan egingo duzu, zure kopetako izerdiz irabaziko duzu ogia. (Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua, Germano Almeida / Bego Montorio)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "hortaz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3