Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:4:4

honenbestez, horrenbestez, hainbestez

Diskurtso markatzaile hauen oinarrian izenordain erakusle genitiboaren forma singularrak daude: honen-, horren-, haren>hain. Horiei beste- izenordaina eransten zaie segidan, kasu instrumentalaren markarekin.

  • Onenbestez zapaldu zan jentillen deiaren gañean sortutako despita guzia. (Testamentu Berrico condaira, Lardizabal)
  • Onenbestez agur, Medel. (Testamentu Berrico condaira, Lardizabal)
  • Orrenbestez, etxe aretan ez egoan maitasunik, ez egokitasunik, ez ganorarik, ez bakerik, ez zorionik. (Euskalerriko ipuñak, Bustintza, E.)
  • Ikulluko zekorrik ez da zergatik il; zerri il berria neskak; labean atzo opil: onenbestez ba dute gosea nola isil. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • Horrenbestez, garrantzitsua da gauzak pixka bat argitzea, hobeto ulertzeko nola eta zergatik garen hain desberdinak. (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)
  • Baina bizkarrezurra jasotzeko eta bi hankan ibili ahal izateko, gure aldakak estutu egin ziren, eta, horrenbestez, gure umeek kanal estuago batetik jaio behar izan zuten. (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)
  • Honenbestez, esan dezakegu, beraz, erretorika eta, zehazkiago, haren genero epidiktikoa dela, geure ustez, bat-bateko bertsolaritzaren berezko esparrua, bat-bateko bertsolariaren artea taxuz eta ganoraz ulertzeko marko teorikorik egokiena. (Arrazoimen hutsaren kritika, Kant/ Ibon Uribarri)

Kasu komitatibo edo soziatiboa ere har dezakete, hau da, honenbesterekin, hainbestenarekin, eta abar:

  • Eta hainbertzenarekin haren arima saindua hegaldakatu zen Jesus Jaunaren besoetarat. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • Xutitu nintzen, eta, hainbertzenarekin, burrunba sumatu nuen nere ganik hurbilago. (Ixtorio-mixterio, Barbier)
  • Hainbestenarekin, auzoko emazteak erraiten dio ene amari: (Bihotzeko mina, Dirassar)

hon- bakarrik ez, -beste- gabe joan daiteke bigarren osagaia. Iparraldean -beste baino gehiago erabiltzen da -bat: honenbat (hunenbat), horrenbat, hanbat. Azken hori soziatibo kasuan hanbateki asko erabiltzen zuten Zuberoako autore zaharrek. halatan ere erabiltzen dute zubereraz, Tartasek, esaterako:

  • […]eta odoletik, haien saheits ezurretik ialkiten zela, eta Iupiter bait zen Ienko ororen gehiena, haren seme propia, eta naturala zela hanbatoki heriua baitzen bertze gizon ororen gehien, eta Iaun, bere armak haren kontre galtzen zutiala, hura zela gizonen erregia, eta herioaren nabusia eta Iauna. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Halatan natural da gizonari bere biziaren, eta haren konseruationiaren maite ukhaitia, eta haren kontria baita herioa haren hastio ukhaitia, haren ihesi ioaitia, haren beldur izatia harzatz orhitzia: ala bena gizona hanbat gaixto da, eta miserable, nor dakialarik herioaren kolputik dependitzen dela haren onsa, edo gaixki iagoitikoz, izatia, ezpaita, nahi herioaz […] (Onsa hilceco bidia, Tartas)

Ia gainerako diskurtso markatzaile guztiak bezala, jatorriz, adberbioak dira; baina, perpausean (mintzagaiaren atalen baten ondoren) hartzen duten lekuarengatik, aurretik esandakoarekiko duten anafora balioarengatik… diskurtso markatzaile bihurtu dira. Areago, diskurtso markatzaile bihurtzen diren beste adberbio asko ez bezala, hauek ezin dira inoiz galdegai izan; honenbat edo horrenbestez ezin dira galdegaiaren lekuan jarri.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "honenbestez, horrenbestez, hainbestez", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3