Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:4:5

halatan, hala

halatan diskurtso markatzailea hala moduzko adberbioaren aldaera bat da, forma indartua, nolatan galdezkoari dagokiona. Honela dakar Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

  • halatan adb. Hala; hortaz, beraz. Eta halatan zilegi izanen zait esatea: (…).

Erabilera

Horren kidea, lehen mailako erakusletik sortua, gorago ikusi dugu beraz honelatan diskurtso markatzaile konposatu ondoriozkoa. halatanek balio bera du, eta bi modutara ager daiteke: beraz diskurtso markatzailea indartuz nahiz bakarrik. Hain zuzen ere, horrek bereizten du honelatanetik, honelatanek beti agertu behar baitu berazekin.

halatan bera bakarrik zubereraz ageri da, euskalki horretan beraz gutxi ageri da, eta haren lekua betetzen du halatanek:

  • […] konseillu zuhurra besarkhaturik, gure espirituari, eta gure arimari bertze hazkurririk, ez bazkarik, ezpagendeza eman herioaren imajinaren eta figuraren bazka ona eta bazka saindia baizi, onza biziren denak, eta onsa hillen, behardu zuhur izan, eta zuhurtziaz amurus eta iagoiti gizona, ez emastia estira zuhur, eta zuhurtziaz amurus, ezpadute herioa gogoan, halatan onsa bizi, eta onsa hil nahidenak, hauta beza eta konserua herio bere bihotzean, herioak herioa bihotzetik idoki artian. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Halatan predikaria mintzo deino, haren predikua-ere bizi da, baina predikaria faltatzearekin, ja haren predikatzeko eginbidea-ere iraungia gelditzen da. (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))

Azken adibide horretan beraz-en parekoa da halatan. Batzuetan ez da erraza jakiten halatan diskurtso markatzailea den edo adberbioa, baina eman ditugun adibideetan diskurtso markatzailea dela esango genuke.

Juntagailua indartuz

Juntagailu bat indartuz ere ager daiteke halatan:

  • Eta halatan deabruak ordu hartan estu eskhurik ez zuzenik, bekhaturik esten lekhuan, hanbateki arima hura Ienkoaren da, eta desohoria eta konfusionia sathanen. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Hala bada guk ere geure bekhatuak kokesatzen ditugunean, behar dugu geure gogoa, eta bihotza, intenzione gaixto guztietarik, alde guztiz hutstu, xutkatu, garbitu; eta halatan, ura egotu den untzia bezala, bat ere hondarrik, kutsurik, eta bekhatuaren usainik, eta urrinik gabe gelditu. (Guero, "Axular")

hala

hala forma laburtua ere ondoriozko diskurtso markatzailea da:

  • JANA MARI: Ala, ene senarrak gorde dauta zerbait? Gau hartan bazuena zerbait ikusi edo entzunik? (Senperen gertatua, Larzabal, P.)
  • Hala, munduaren mugagabetasunean parte hartzen zuten, bi beira-zafla horiei esker. (Loroaren teorema, Guedj, D. / Muñoz, J.)

eta juntagailuarekin ere ager daiteke:

  • Eta hala ifernuan ezta elhurrik eta ez bertze hotz suerterik, bethi da bero, eta su hura ezta behin ere ttipitzen eta iraungitzen. (Guero, "Axular")
  • Eta hala, baldin urthe heken buruan, iar bagaitezi hetzaz zer egin diren gogoetan, eztugu deus edirenen. (Guero, "Axular")

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "halatan, hala", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3