Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:5:2

zergatik

Formari dagokionez, jatorria bistan dago: zer galdetzaileari -gatik kasu marka itsatsiz sortzen da zergatik galde hitza. Beraz, jatorriz galderetan bakarrik erabiltzen zen, gaur oraindik erabiltzen dugun bezalaxe:

  • Zergatik esan diozu gezurra irakasleari?

Zergatik Euskal Herriko arropa marka bat da Gero, ordea, zeren bezala, diskurtso markatzaile izateko gaitu zen, beste hizkuntza batzuetan gertatu zen bezala; izan ere, diskurtso markatzaile asko galde hitzetatik datoz asko hizkuntza askotan.

Hauxe dakar Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

  • zergatik 1 (Galdetzailea). Zer arrazoirengatik? Zergatik ez naiz negarretan urtzen? Zergatik, ordea, inori eman geure buruari ukatzen dioguna? Zoko garbitze hau, zergatik? Joan den mendeko bi gerrateetan euskaldunik gehienek karlistengana jo zuten; zergatik ote? Badakizu zergatik? Zergatik, bada?
    2 (Zehar-galderetan). Ez dakit zergatik hain indar bortitza egozten zaion biribiltasunari. Ea zergatik dioen dioena. Bilbok kultura gaietan ez duelako berez zegokion lekurik hartu; zergatik, beste batean aztertu beharko. Nola eta zergatik ez dakiela. Hona zergatik.
    3 (Erlatibozko esaldiak eratuz)
    . Ik. zertan 3. Nire burua talde ospetsu horretan zergatik sarturik ez dut. Ez duzue zergatik haserretu. Bazuen, noski, zergatik harritu.

Erabilera

zergatik batez ere hegoaldeko literaturan agertzen da, ez horrenbeste Iparraldean, nahiz badiren adibide batzuk:

Adibide horietan zergatik ez da diskurtso markatzailea, menderagailu arrunta da, adizkian ageri den bait- aurrizkiari lotua. Erabilera historikoari dagokionez, hegoaldean -eta zehazki Gipuzkoan- ez zegoen oso zabaldua XVIII. mende hasieran; bada Ochoa de Arin ordiziarrak (1713) ez zuen erabili eta Juan Irazusta hernialdetarrak (1739) bai. Bizkaian mende honetako idazle baten testuetan aurkitu dugu, Echeitarenetan, alegia. Nafarroan Elkanoko Lizarragak eta Frantzisko Elizaldek darabilte. Hemen ageri dira adibide batzuk (konturatu adizkiak bait- edo –en erakusten duela, eta horrelakoetan zergatik ez dela diskurtso markatzailea):

  • G: Zenbat denbora bear da pekatuak memoriara ekartzeko? E: Ez da denbora señalaturik, baizikan bere kapazidadearekin, eta denbora konfesatu gabe egon danarekin konforme, bear du artu denbora nezesitatzen duana; Ta ipiñi negozio inportanzi andiko batean ipinten dan kuidadoa, zergatik au da egitekorik inportanteena. (Doktrina kristiana, Irazusta, Juan)
  • Aittamak, ikusirik mutikoaren burubide sendoa itxasketarako, erabagi eben joan eitteala gura beban, zegaitik zalako gizon ona ontzi atako agintaria. (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • Bi aingeru aparezitu zekizkio, ta erran ziote: Zergatik iten du nigar? errespondatu zue: Zergatik eraman baitute ene Jauna, ta estakit non paratu duten. (Sermoiak, Lizarraga)
  • GAL: Zergatik ainberze aldis? ERR: Zergatik denbora guzietan gure etsaiek persegizen gaitusten. (Apezendako dotrina kistiana uskaraz, Elizalde, F.)
  • Bi, eta irugarren Mandamentuen gañean GAL: Zergatik erran da: Konfesatu, komekatu bein berere? ERR: Zergatik obligazio esten geiago. (Apezendako dotrina kistiana uskaraz, Elizalde, F.)
  • GAL: Legoak zergatik komekazen dire solo ostiareki? ERR: Zergatik ostia artan, eta aren parte guzietan dagon Kristo guzia. (Apezendako dotrina kistiana uskaraz, Elizalde, F.)

Balioa

zeren-en adiera bera du zergatikek, eta bata erabil daitekeen testuinguru guztietan erabil daiteke bestea. Izan ere, diskurtso markatzailea izateaz gain, biak dira menderagailuak; hala ere, badute alde txiki bat: zergatik menderagailua denean, adizkiak -en atzizkia hartzen du bait- aurrizkia baino gehiagotan. Horren arrazoia euskalki kontua da: hegoaldeko idazle askok, horien artean gipuzkoar klasikoek, Larramendi eta Cardaberaz barne (bai eta Mendiburu ere, nahiz hizkeraz gipuzkoarra ez den), ez dute inoiz erabiltzen bait-, ez bakarrik (…berandu etorri baita) ez beste menderagailu bat indartuz. Hortaz, zergatik-ekin nekez agertuko da bait- aurrizkia idazle horien testuetan. Hona hemen, dena den, bateko eta besteko adibide bana:

  • Ez dut escribitu zergatik dauden ongi ala, baizik zergatik hobe den, nahiz hala, ezi baterez (Lizarraga)
  • Skandala zaitut nik zu, zergatik ez baiduzu gusturik Jainkoaren gauzentzat. (Haraneder, J.)

Hala ere, diskurtso markatzailea den zergatik aztertuko dugu hemen:

  • G: Jaungoikoak badu korputzaren figurarik guk bezela? E: Ez du Jaungoikoa dan partetik, zergatik da Espiritu purua, baña badu Gizona dan partetik. (Doktrina kristiana, Irazusta, Juan)
  • Zaitu bezate euren etxea eta ez auzokoa, zergatik iñoren buruko miñak, astoak iltzen ditu. (Patxiko Txerren, Apaolaza)
  • Kaxilda: ¡Ai noiz arkituko naiz ni andre Joxepanian txokolatetxua artzen! Zergatik jakin biar du ni ez banaiz ezkondu ez da faltatu zaizkitalako. (Gabon, au ostatuba!, Soroa, M)
  • - Baña, artu bear dozu, zegaittik laster ezkonduko jatzu etxean daukazun arrebea, ta orduan bakarrik neskameaz geratuko zara. (Josetxo, Etxeita, J. M.)

Kokagunea perpausean

Orain arteko adibideetan ikusten denez, kausa edo zergatiaren berri ematen duen zergatik perpausaren buruan joaten da beti, eta adizkia hutsik ageri da, atzizkirik edo aurrizkirik gabe, ez bait- ez -en. Aurrizki-atzizki horiek hartzen dituenean zergatik menderagailua da eta hori ez dugu hemen aztertuko (esan dugunez, hegoaldeko autoreek erabiltzen dute molde hori).

Beste erabilera bat

zeren aztertzean esan dugun bezala, zergatik ezen moldea ere aurkituko dugu, hau da, zergatik diskurtso markatzailea eze partikulaz indarturik agertzen da:

  • BIJARKO LORIA Arimako arerijuak pokaturako zirijatuten zaituzanian, mun eikijozu errosarijuaren garauai, edo Marijaren irudi bati: zergatik eze, ez da erraz pekatuan jaustia, Marijaren irudi edo errosarijo Santuari gogotik mun egiten jakon une atan beratan. (Marijaren illa, Uriarte)
  • Berak esan zuen: iñolaere ez da izango deitua zure izena Jakob, baizik Israel; zergatik eze Jaungoikoaren kontra ain sendo eraso badezu, nola gizonak garaituko ez dituzu? (Biblia III, Uriarte)

Egungo testuetan ere badira adibideak:

  • Zergatik eze, kanpotik eibartarron hizkera -oro har- mordoilo dela esan ohi bada, barrukoen artean, arestian aipatu ideologizazioa medio, aje hori herriko sozialistei egozten baitzaie, beraiek balira bezala errudun. (Autopsiarako frogak, Izagirre, K.)
  • Pentsatzekoa da, nolanahi ere, ez dugula behar adina eskertuko Jainkoaren Hitza edukitzea. Zergatik ezen, zer eta nolakoak izango ote ginateke, Jainkoaren Hitzak bere bideetara erakarriko ez bagintu? ( Homilia), Arantzazu)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zergatik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3