Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:5:3

alabaina

Ikusi dugunez, alabainak aurkaritzako balioa har dezake, baina kausazkoa ere bai. Are gehiago, zenbait kasutan kausal-esplikatibo esaten zaio diskurtso markatzaile honi. Horrenbestez, alabaina, eta oro har, kausazko diskurtso markatzaileren bat daramaten perpausek azaldu egiten dute aurreko perpausean esandakoa zergatik den hala. Kausazko alabainaren (kausazko esplikatiboa) adibide zaharrenak hegoaldekoak dira. Ikus lehengo bera:

  • Siñis nazazu, ereille gaistoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soilla ta utsa. Alabañan gutxik daki bere jayeterriko Euskeraren erdia, eta alperrak diraden bezala, eztute ikasi nai geiago, ta eztie nai beren buruai atsekaberik eman. (Euskal testuak, Larramendi, M.)

Adibide horretan esaten denez, Larramendiren ustez euskara behar bezala ez jakitea da “azaro txarraren eta geroko uzta urriaren kausa”. Horregatik diogu hor alabaina kausazko esplikatiboa dela. alabainaren ordez, beste hauek ere erabil zitezkeen: zeren, ezen, zergatik, bada, izan ere, eta abar.

Euskaltzaindiaren Hiztegian bi adierak jasotzen dira:

  • alabaina 1 lok. Hala ere. Mintzatzen trebea ez izanik, ez daki, alabaina, isilik egoten. Handia da hutsa, alabaina, handiagoa zure miserikordia.
    2 lok. Bada, izan ere. Orduan gizonaren bihotza bake osoan zegoen; ez zuten alabaina asaldatzen bere nahiek. Lehen begiratuan ez zuten ezagutu; hain antz txarrekoa, alabaina, zegoen. Bazuen zer egin!, alabaina, herdoilak osoki janak zeuzkan.

Kokagunea perpausean

Perpausean hartzen duen tokiari dagokionez, Larramendiren adibide horri erreparatzen badiogu, hainbat ezaugarri ikusiko ditugu:

  • Batetik, puntua ezarri zuen alabaina-ren aurrean, baina halakorik ez da behar. Adibide askotan puntu eta koma, edo koma soila agertuko zaizkigu.
  • Kausazko perpaus zatiaren hasieran jarri zuen diskurtso markatzailea. Ez da hori beti eta nahitaez horrela; maiz ikusiko dugu barnean.

Ikus ditzagun adibide batzuk, diskurtso markatzaile honen kokalekua aztertzeko:

  • Etzen nihor atrebitu haren hartzerat: etzen alabainan oraino ethorria berak bere burua etsaieen eskutarat largatu nahiko zuen muga. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
  • Gaizki dirudian gauza da au, batezere emakume ezkonduetan; aditzera ematen due alabaña, ego-aizez beteak dauzkeela goiak, eta ez dirala kontentu beren gizonai bakarrik agradatzearekin (Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Bethi atsegin berri batekin entzuten zaitut gauza horren gainean. Hori da alabainan laborantza guziko erroa. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Ote dakite gero berek ere xuxen, zertako? Emagun oraino, berak ez bezala bertzeak bizi ezin ikusiz, poxoluz nahi lituzketela kendu. Gaizki bizi denak ez dezake alabainan aldean ikus, ez jasan, ongi eta zuzenki bizi dena. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
  • Erakustuna baduzu, ulia bezala; aldiz, ikasterik nehor kasik ez, edo guti. Gizon gazteak alabaina […] nahiago hiri handia (Buruchkak, Etchepare, J.)

Bigarren perpausaren buruan eta muturrean ere ager daiteke:

  • ez da, ez gizon-hiltzale, ez kolpatzale, ez ohoin, ez Panamista,ez eta Panamisten aldekoa, are gutiago oraino heien idurikoa; ez alaxintxo! - Nor da beraz? Eta zer egin du, horrela hiru hilabete preso iragaiteko? Alabainan gaixtaginak ezartzen dire preso. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Lehen egunetan, haur guziak harrituak zagozin, zer demuntre zen muthiko itsusi hura; soinekoen artetik izigarrizko ile luzeak ageri zituen alabainan. (Ixtorio-mixterio, Barbier)

Adibide horiek erakusten dutenez, kausazko balioa daukan alabaina Hegoaldeko idazleak hasi ziren erabiltzen, baina Iparraldeko idazleek ere erabiltzen dute. Aurretik gutxitan ezartzen zaio puntua, baina beste zeinu diakritiko batzuk ageri dira, eta gehienetan perpausaren barnean joaten da.

alabaina aztertzerakoan ezinbestez aipatu behar dugu Mendiburu. Kausazko alabaina gehien darabilen idazleetako bat da, eta zaharrena. Perpausaren barnean jartzen du, aurretik puntu eta koma duela, eta kausa balioarekin erabiltzen du beti, ez aurkaritzakoarekin:

  • Hau egiten duena ongi aterako da beste munduko tribunalean; ez du alabaña ara eramanen beldurrik bage ager ez diteken gauzarik. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Bai ta anitz eta anitz geiago ere; bada emengo arzaiak bere onagatik egiten ditu bere arzanzako gauzak; egiten ditu alabaña ardiaren esneagatik, ardiaren larru-illeagatik eta beraren odol-aragiagatik, eta orregatik ezpaliz, ez luke ardirik itxean artuko; (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Hau aditu ta lo-gurak galdu ta zena arriturik oatzea utzi ta atera zen leiora ta batera ta bestera begiratu ta ekusi zuen zena; ta ekusi zuena zen bere itxea alde batetik eta bestetik su egiña ta laster auts egiñik gelditzeko bidetan sartua; zen alabaña arez, karez ta arriz ez, baizik olez ta zurez egiña. (Jabier'ko bederatziurrena, Mendiburu, S.)

Egungo testuetan ere aurkituko dugu kausazko alabaina:

  • Substantziaren izaerari dagokio, alabaina, haren atributu bakoitza bere baitarik ulertua izatea, zeren eta haren atributu guztiak, beti denak batean, haren baitan izan dira eta ez du batek bestea ekoiztu ahal izan baina bakoitzak substantziaren errealitatea edo izatea adierazten du. (Etika, Spinoza/ Xarriton, P.)
  • Hain dira, alabaina, geldo, hain beren izaeraz askietsi, ezen ez baitira tartean sartzen inolako erreakzio kimikotan, ez eta beste ezein elementurekin konbinatzen; horrexegatik egon dira, hain zuzen, atzeman gabe mendeetan: 1962ra arte ez du lortu kimikari borondate oneko batek - ahalegin luze bezain burutsuen ondoren […] (Sistema periodikoa, Levi, P./ Garzia, Juan)
  • Behin batean, alabaina, Gurutzadetara zihoan zaldun gazte batek ostatu eskatu zuen gazteluan. (Elezaharren bidetik, Martin Anso)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "alabaina", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3