Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:5:4

bada

Ikusi dugu ondoriozko diskurtso markatzailea ere izan daitekeela bada. Hemen, ordea, kausazkoa aztertuko dugu: hau da, bada-ren aurrean esandakoa horrela zergatik den adierazten duen partikula. Geroago ikusiko dugunez, bada ondoriozkoa edo kausazkoa den argi ez daukagunean, aski da zeren jartzea haren lekuan, adiera zehazteko.

Kausazko diskurtso markatzailea

Ikus adibide hauek, esaterako:

  • Ez dut albistea entzun, bada ez dut irratirik piztu goiz osoan.
  • Ibaiak hazita doaz, bada euri asko egin du.

Adibide horietan bada-k adierazten du zergatik ez duen entzun albistea edo zergatik doazen ibaiak hazita. Beste adibide hauetako badaren balioa ezberdina da, hauena ondoriozkoa da:

  • Ez dut albistea entzun, bada; ezin jakin istripua izan duela!
  • Ibaiak hazita doaz, bada; ikara ematen du begiratzeak!

Hala ere, bada bi horiek ezberdinak direla zalantzan jartzen duenik ere. OEHk honela dio: “…actúa como relacionante entre frases (ilativa), como introductoria de explicativas,..”, -guk ondoriozko eta kausazko edo esplikaziozko deitzen ditugunak, alegia-, baina bestetik dio: “En realidad, tanto el valor causal como el consecutivo que se le atribuyen carecen de base formal…” (658).

Zalantzak

Mitxelenak berak zalantzan jartzen duela dirudi kausazko bada:

  • bada ¿puede ser causal? Desde el punto de vista vasco, parece claro que bada, beraz son particulas coordinativas como baina, ordea… Yo no veo que “bada hori zure eskuan dago” y “beraz hori zure eskuan dago” sean diferentes. (Sintaxis de la oracion compuesta, Villasante)

Argi geratu da hor Mitxelenak zer uste duen badari buruz: Villasantek zioenaren kontra, "Axular"en (398) hitz horietan ”bada hori zure eskuan dago“, bada ondoriozkoa dela, ez kausazkoa (Villasantek berak “Pues bien” ondoriozkoaz itzuli zuen pasarte hori, hain zuzen); horrenbestez, bada beste perpaus batzuetan kausazkoa izan daitekeela iradokitzen du. Baina pasarte horretan bakarrik ez, Axularren pasarte guztietan bada ondoriozkoa da, ez kausazkoa, gure ustez.

Beste arrazoiari dagokionez, hau da, “formazko oinarria” falta omen dela bata ondoriozkoa eta bestea kausazkoa dela esateko, aitortu behar da ez batek ez besteak ez diola bait- aurrizkia edo -en atzizkia eransten adizkiari. Nolanahi ere, bi hitz-andana ezberdin osatzen dira, bi ahoskera ezberdin dauzkate eta zeinu diakritikoak ere ezberdinak, hitz-andana eta ahoskeraren arabera. Har dezagun, esate baterako, hitz multzo hau:

  • Eraman ezazu bada on egingo dizu.

Puntu-komarik gabe eta ahoskera zein den jakin gabe, bada hori ondoriozkoa nahiz kausazkoa izan daiteke. Beste bi perpaus hauetako hitz-andanak eta ahoskera eta zeinu diakritikoak, ordea, badira zerbait:

  • (Eraman ezazu], [bada on egingo dizu]
  • [Eraman ezazu, bada], [on egingo dizu]

Hain zuzen ere, Mendiburuk, kausazko bada gehien (beharbada!) darabilen idazleak, ia beti idazten du horren aurrean puntu eta koma, ondoriozkoaren aurrean, aldiz, ia beti koma soila.

Erabilera

Hegoaldean bertako literatura sortu zenetik erabili da kausazko bada; Ochoa de Arinek eta Irazustak darabilte, gero Larramendik eta Kardaberazek ere bai; baita XlX. mendeko gipuzkoarrek ere. Mendiburuk erruz, nahiz gipuzkera ez zen haren euskalkia. Bizkaitarrek ere bai, Fray Bartolomek eta bestek. Iparraldeko testuetan zailagoa da erabakitzea bada ondoriozkoa ala kausazkoa den. Lehenago Axularren pasartean ikusi dugunez, bada kausazkotzat hartu du Villasantek (nahiz gero ondoriozko bezala itzuli), eta Mitxelenak, berriz, ondoriozkotzat. Horrek erakusten du beti ez dela erraza badaren balioa zein den asmatzea.

Har dezagun beste pasarte hau:

  • Baldin egiten ez baduzue penitentzia, guztiok fin gaitz elkarrekin eginen duzue. Bada penitenziaren partetarik bat da konfesatzea, beraz ez fin gaitz egitekotz, behar da konfesatu. (Guero, "Axular")

Horko bada hori ez da kausazkoa, ez du aurretik esandakoa azaltzen. Ez da beraz, “zeren… bat da kofesatzea”-ren parekoa. Silogismo baten premisa txikia da (latinez atqui, gaztelaniaz es asi que); horregatik hartzen du beraz ondoriozkoa. Horrenbestez, bada ez da beraz kausazkoa, ondoriozkoa baizik.

Ikus beste hau ere:

  • Gaizki hiltzearen zara beldur, eta ez gaizki bizitzearen. Bada ezin hil daiteke gaizki, ongi bizi izatu dena. (Guero, "Axular")

Hor ere bada ez da zeren-en pareko, baizik Axularrek berak batzuetan erabiltzen duen orai badarena. Adibide horretan, badaren ostean datorrena ez da aurrean esandakoaren arrazoia, esplikazioa edo kausa, honen antzeko zerbait baizik: ”…ez gaizki bizitzearen. Ba(da) jakizu gauza bat: ezin hil daiteke gaizki…“. bada-z hasten den perpausak ondorioa adierazten du, baina aurkaritza kutsu bat ere badu.

Ikus Etxepareren beste adibide hau:

  • Eztut egin gaizkirik ukheiteko perilik Ez etare zerengatik behar dudan auzirik. Bada neure maitia nik diotsut egia Arrobatu nuzu eta balia bekit neuria. (Linguae Vascomun Primitiae, Etxepare)

Gizonak egia esatea ez da emaztekiaren arrazoia, hortaz, bada hori ez da kausazkoa. Egun honela emango genuke:

  • Ba(da) zuk nahi duzuna esan, baina…

Hala ere, horrelako arrazonamendu luzeen ostean ageri denean, ez da erraza badaren adiera zehaztea: “esandako hori egia da, bada” (=zeren, zergatik, ezen…)…” edo beste hau: “esandako hori guztia egia da. Bada” (=hortaz, beraz, orain bada).

Perpauseko kokagunea

Kausazko bada bigarren perpausean joan ohi da, haren hasieran. Ondoriozko bada, berriz, perpaus barnean ere ager liteke. Horrenbestez, kokapenaren arabera ere jakin dezakegu bada bat edo bestea den: perpausaren barnean ageri den bada ondoriozkoa izango da beti; perpausaren hasieran ageri dena, berriz, testuinguruaren arabera argituko dugu ondoriozkoa edo kausazkoa den.

Hala ere, egungo eta lehenagoko bizkaiera mintzatuan, eta horren eraginez idatzian ere bai, ba(da) kausazkoa perpaus barnean ere erabiltzen da:Jose Antonio Arana Martija

  • Ene ustez, hau da arrazoia: Euskera zenbaki horren istilua konpondu arte ez zuen agertu nahi. Berak bere gain hartu zuen, ba, aldizkaria gerra ondoan argitaratzearen erantzunkizuna, baina uste ez bezalako oztopoak aurkitu zituen, eta harik eta auzia konpondu arte, ez zuen agertu nahi. (Euskera XXIX, Villasante)
  • Hemen ere agertzen da literaturaren lehentasuna. Zurrusta meheko bildumak ziren ba eskuarteko bildumak, eta biltzeari ekin behar zion berea osatzeko. (Euskera XXIX, Arana Martija, J.A)

Hori horrela izanik, perpaus barneko bada kausazkoa ere izan liteke; ez dugu uste, hala ere, mende hau baino lehenagoko idazle bizkaitarretan horrelakorik aurkituko denik.

Beste adibide hauek hegoaldekoak dira, eta bada beti perpausaren hasieran doa. Kausazkoa den ala ez jakiteko, aski da badaren lekuan zeren jartzea, eta zentzua duen ala ez ikustea.

Egungo testuetan ere aurkituko dugu kausazko bada:

  • -Bada, komunionea, edo poesia da, edo ez da deus ere - jaurtiki zidan, bat-batean -. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Bada, nire irudiko, mundua leku hobea delako gutako bakoitza zerbaitetan nabarmentzen bada. (Jesusen haurtzaroa, Coetzee, John Maxwell / Aritz Gorrotxategi)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bada", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3