Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:4:4:5:5

izan ere

izan aditzak eta ere partikulak osatzen dute izan ere esapidea. Osagai horiek zein bere aldetik erabil ditzakegu, eta esapidea bera ere ezaguna da Hegoaldean.

Azkenaldian neurri gabe zabaltzen ari da gaztelaniazko es que euskarazko izan ere esapidearen kaltean.

Diskurtso markatzailea

Hala ere, izan ere beti ez da diskurtso markatzailea, adibide hauetan, esaterako:

  • Ordurako etorriko zela esan zuen eta izan ere da.
  • Adeitsua izango zela agindu bakarrik ez izan ere, izan da.

Esapide horietako ere emendiozkoa da eta halako egiturak emendiozko diskurtso markatzaileen atalean aztertu dira. Beste hauek ere molde berekoak dira:

  • Amaitu ere, kostata amaitu du lasterketa.
  • Egin ere, presaka egin du azken idazlana.

Adibide horietan ere diskurtso markatzailea da, eta amaitu, egin partizipio soilak dira eta partizipio bezala jokatzen dute. Ildo beretik, aurreko adibideetan izan partizipioa da eta ere bakarrik da diskurtso markatzailea. Guk atal honetan aztertuko dugun izan ere, ordea, osorik da diskurtso markatzailea.

Lexikalizatua

Beti ez da erraza bereiztea noiz den diskurtso markatzailea eta noiz ez. Demagun adibide hau:

  • Eroa deitu zuen Miren; izan ere, halaxe zen.

Adibide horrek bi irakurketa izan ditzake:

  • a) deitu bakarrik ez, izan.
  • b) hala deitu zuen halakoxea zelako.

Lehenengo adibidean izan ere esapideko ere emendiozkoa izango litzateke; bigarren adibidean, aldiz, izan ere diskurtso markatzailea osorik da kausazkoa. Erdibideko egoera argiago ikusten da izan ere perpausaren bukaeran doanean:

  • - V- San Migel egun batean, eguzkiak Irimo gañetikan iges egiten duan sasoiean, kee beltz mordo batek irteten zuan, Korosotikan Anzuelara datorren bideaz gañean zegoan pagari batetikan, non señale zan txendorren bat zegoala egosten. Eta ala zan izan ere. (Patxiko Txerren, Apaolaza)

Hor ez dirudi izan ere osoa diskurtso markatzailea denik; ere bakarrik da diskurtso markatzailea.

Emendiozko diskurtso markatzailea denean mailaketa modu bat adierazten du, zerbait berresten edo gehitzen du erek. Goiko adibidean esan dugun bezala, “esan bakarrik ez, izan ere bai”. Kausazko diskurtso markatzailea denean, aldiz, kausa adierazi behar du, aurretik esandakoaren azalpena eman:

  • Motxila bota egin du; izan ere, zaharkituta zegoen jada.

Adibide horretan izan ere kausazkoa da, ez dago zalantzarik. Hori horrela dela egiaztatzeko, aski da ezen, bada, zergatik jartzea horren ordez.

Jatorria

Kausazko diskurtso markatzaile hau berria da. XIX. mendearen amaieran aurki daitezke dudazko adibide batzuk. Hortik aurrera adibide asko daude, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak ia guztiak.Wilhelm von Humboldt

  • Etxe honetan bertan atal guztiak ondo erreparatzen baditugu, gogaikarri egingo zaigu ate bat aldamenean ikustea eta bestea erdi aldera baina ez erdi-erdian; izan ere, giza eraikuntzetan, halabeharrik ez badago, atalen dimentsio ezberdinak ikusmenari min egiten dio, nolabait. (Hainbat idazlan, San Agustin / Imanol Unzurrunzaga)
  • Perfekzioaren mailarik gorenetan zailagoa da emakumezko edertasunaren errepresentazioa; izan ere, gizonezkoak artistari aurkezten dizkion eskakizun guztien gainetik zailena dator oraindik: arauzkotasun zorrotzena erakusten duelarik, horren itxura ekiditea, alegia. (Idazti hautatuak, Wilhelm von Humboldt / Zabaleta, P.)

Kokagunea perpausean

Gehienetan perpausaren hasieran eta barnean agertzen da izan ere. Inoiz amaieran ere bai, perpausa laburra denean:

  • Zorigaitzez gaiñlera (..) beren begiz egiztatu ahal izan zituzten lenengo egunetik. Izan ere, laister oartu ziren (…) ertetzen zala…. (Joanak joan, Etxaide, J.)
  • Ardoak saldukeri beltza egin zion (…) Izan ere, ardoa (…) neurriz gaiñera samin (…) biurtu oi da. (Joanak joan, Etxaide, J.)

Horietan beste aditz bat ageri da bigarren perpausean, baina beste hauetan izan ageri da berriro:

  • Izarpe, zeru txiki bat zala, esan zitekean. Izan ere lurrean etzan erraza alako zoriona eta pakea arkitzerik. (Lur berri billa, Etxaniz, N.)
  • Baña umetxoaren musu borobil polita ikusi orduko, amona bera joaten zitzaion aurrari atsegiñezko arpegiz losinga: - Izan ere etxeko danak txoratzeko naikoa zera zu, erregintxo, elurgillo, gaztanbera, usakume, lili zuri! (Garoa, Aguirre, D.)
  • Urrengo domekan izango eben (…) emoteko erea. Ta izan be gero izaten eben apaskadia… (Ipuin-barreka, Bilbao, F.)
  • Erantzun honek, egia esan, badu bere pisua eta bertatik bertara begiratzea merezi duo Zer da, izan ere, hitzen bizia? (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Beste partikula batekin

Beste zenbait partikularekin ere ager daiteke izan ere, bada eta etarekin, esaterako:

  • Andik egun gutxi-barru Lur-Santuetatik zetozen bi anaia Españatarrak leorreratu ziraden antxe; oien izenak ziran Diego ta Esteban Eguia, Iruñdarrak zeñak biak aixa santuak bereganatu, edo obeto esateko, Jainkoaganatu zituen, Jaun berak lenengoa bere konpesatzalle izan zediñ Erroman autaturik; bada gizon jaieradun, txit zuzen, begiratsua, ta artarakoa zan izan ere. (San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua, Arana, J. I.)
  • Andik ordu baten buruan bezelatsu, beste batek baieztu zuen: “Bai, au ere arekin zegon, izan ere Galilearra da ta”. (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)
  • Eta gero zu ta ura deitu zaituztena etorri ta esaten badizu: Leku egiozu oni, orduan lotsaturik yoango ziñake azken alkian esertzera. Eta izan ere, zer erantzungo zioten?(Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)
  • Orain, bai, badakit, esan zuen, eta izan ere, horixe dela arlo bakoitzaren egitekoa deritzat (Platon'eneko atarian, Zaitegi, J.)
  • Euskaldun guztientzat idazteko ardura hori aspaldiko idazle laphurtar denetan nabari da, eta izan ere hekien euskara hemengo euskaldunentzat egungo laphurtarrena baino errezago ta adikorrago bihurtzen zaiku. (Euskara batua, Zuazo, K.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "izan ere", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3