Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5

Birformulatzaileak

Diskurtso markatzaile mota asko dago eta, horien artean, birformulatzaileek osatzen dute atal garrantzizko bat1.Xabier Alberdi

Diskurtso markatzaileen kategoria ez da gramatikan bereizten diren kategoria sintaktikoak (aditza, adberbioa, juntagailua…) bezalakoa. Izan ere, diskurtso markatzaileetako asko adberbioak edo adberbio-esapideak dira: edozein modutan esapideak, esaterako, markatzaile zeregina betetzen du batzuetan, baina ez beti:

  • Asko entrenatu gara. Edozein modutan, zaila da lasterketa irabaztea. → diskurtso markatzailea
  • Anek edozein modutan egiten ditu idazlanak. → adberbioa

Diskurtso markatzaileek perpausaren maila gainditzen dute, horregatik utzi da gramatika azterketetatik kanpo. Gaztelaniazko ia partikula denak aztertuta daude 2; euskaraz, ordea, lan handia dago egiteko diskurtso markatzaileen arloan 3.

Diskurtso markatzaileen definizioaz

Euskarazko hiztegiek zeharka baino ez dituzte azaltzen diskurtso markatzaileak. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegiak alegia birformulatzaileari buruz ematen duen azalpena. Egokia da, baina mugatua:

  • alegia 1 lok. Zerbait azaldu ondoren, informazioa zehazteko, azaldutakoa argitzeko edo osatzeko erabiltzen den hitza, hau da-ren baliokidea. Hemengo ipuin eta bertsoek iturri bera dute; Graziano Gesaltzako aitona, alegia. Eskutitz sail bat zen, karta sail bat, alegia. Gauza bat da arrantza, astoarena, alegia, eta bestea arrantza, itsaso-erreketako arrainena. Argiaren zalea da, alegia, ez duela beste zuhaitzen itzalik nahi.
  • lok. (Azaldu nahi denari sarrera emanez). Zera adierazi dio, alegia, ez dadila hemendik aurrera bere andregaiarekin joan. Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak direla. Esan nahi dut, alegia, aukera izan banu bide horretatik joko nuela.
  • Ipar. Balitz bezala-ren (edo aditz pertsonaren arabera, banintz bezala eta abarren) edo itxurak egiten-en baliokidea den partikula. Alegia ni ero. Batzuek, alegia otoitzean, zerbait marruskatzen badute ere. Alegia etxera doala. Lan hasia edo alegia hasia ezin utz. Gau guztia egon naiz alegia hila.
  • iz. Ipuina edo elezaharra, gehienean hitz neurtuetan moldatua, pertsona gisa jokatzen diren animaliak edo gauzak agertzen direna eta ondoriotzat irakaspen morala ematen duena. Otsoaren eta bildotsaren alegia. Oxobiren alegiak.

Euskaraz, beste hizkuntzetan bezala, beharrezkoak dira diskurtso markatzaileei buruzko azterketa monografikoak. Atal honetan azalduko da nola eta zer eginkizun diskurtsibotarako erabiltzen diren birformulatzaileak egungo euskara zainduan. Izan ere, orain ari dira finkatzen —eta are sortzen eta eraberritzen ere— euskara estandarrean hizkuntza-usadio eta tradizio diskurtsiboak. Esaterako, adierazgarria da nolako harrera eta zabalkunde ezberdina izan duten egungo euskara estandarrean ipar-ekialdeko hots birformulatzaile esplikatiboak eta hegoaldeko hau da birformulatzaileak.

Euskarazko bibliografian bereziki azpimarratu da azkenaldian 4 nola erabil daitezkeen “modu estrategikoan” diskurtso markatzaileak komunikazio eraginkorragoa lortzeko (atzerakargaren arazoa konpontzeko, perpausen segmentazioa markatzeko…). Orobat azpimarratu da zer nolako garrantzia duten markatzaileek testuaren “arkitekturan”. Baina gure artean ez da behar beste azpimarratu diskurtso markatzaileei buruzko ikerketa teorikoek aspalditik nabarmendu duten ideia bat 5: alegia, diskurtso markatzaileek berez dutela funtzio komunikatibo “estrategikoa”; izan ere, hartzaileari diskurtsotik inferentziak ateratzen laguntzeko gida edo jarraibide moduko batzuk eskaintzea horixe da diskurtso markatzaileek duten funtzio diskurtsibo berezkoa.

Hartzaileari diskurtsotik inferentziak ateratzen laguntzeko gida edo jarraibide moduko batzuk eskaintzea da diskurtso markatzaileek duten funtzio diskurtsibo berezkoa

Birformulatzaileen lemak

Ez da erraza birformulatzaileen lemak zehaztea. Batzuetan zalantza sortzen da lema eta aldaera batzuk bereizteko orduan. Azkenean, esapidearen lexema eta EUDIMAko maiztasun-datuak aintzat hartu dira, lema eta aldaerak bereizteko. Horrela, aparteko lematzat jotzen dira, esaterako, honelakoak:

lemalema
beste era batera esandabeste modu batera esanda
azken bateanazken buruan
hala erehala eta guztiz ere
zehatzago esandazehazkiago

Ildo beretik, honelako lema eta aldaerak bereizi dira:

lemaaldaerak
erran nahi baitaerran nahi da
esan nahi baitaesan nahi da
bestela esandabestela esan
bestela esatekobestela esanik…

Bestalde, lema beraren aldaeratzat hartu dira, erro bera duten esapide flexiodun edo jokatuak:

  • labur esanda, labur esateko
  • laburbilduz, laburbilduta
  • azken batean, azken baten, azken batez
  • edozein modutan, edozein moduz
  • hala ere, halarik ere

Finkatzeko bidean dauden esapideak

Teorian, unitate aldagaitz eta gramatikalizatuak dira Diskurtso Markatzaileak. Praktikan, ordea, uste baino zailagoa da birformulatzaileen zerrendak osatzea. Izan ere, askotan lehian agertzen dira diskurtsoan esapide finkatuak eta ez hain finkatuak (bestela esanda, bestela esan, bestela esateko, bestela esanik…). Argi dago, beraz, aldagaiztasun- eta gramatikalizazio-mailak bereiz daitezkeela: esapide batzuk finkatuago eta gramatikalizatuago daude beste batzuk baino, eta oso zaila da bereizten noiz gauden sintaxian eta noiz lexikalizatze- edo gramatikalizatze-bidean dagoen esapide baten aurrean. Alde horretatik, eskuzabal jokatzen dugu hemen, eta sintaxitik hurbilago dauden esapideak ere jaso ditugu birformulatzaileen artean.

Beste arazo bat ere badago, diskurtso markatzaileen esanahiari dagokiona 6. Diskurtso markatzaileek ez dute esanahi denotatiborik, ez dute aditzera ematen kanpoko errealitatea. Aitzitik, enuntziatuen arteko loturaren bat, edo enuntziatuen eta kanpoko testuinguruaren edo solaskideek partekatzen dituzten ezagueren arteko loturaren bat adierazteko erabiltzen dira diskurtso markatzaileak. Horrenbestez, diskurtso markatzaileek jarraibide batzuk ematen dizkigute enuntziatuak egoki interpretatzeko: informazioa egituratzeko edo ordenatzeko, esandakoak birformulatzeko, argumentatzeko… Hau da, ez dute esanahi kontzeptualik, baizik ‘jarraibidezko’ edo ‘prozedurazkoa’, Egokitasunaren Teorian ( Relevance Theory) esaten denez.

Diskurtso markatzaileak eta esanahi kontzeptualak

Garai batean esaten zen diskurtso markatzaileek ez zutela esanahi kontzeptualik, baina azken hamarkadan jarrera malguagoa agertu dute autore batzuek diskurtso markatzaileen esanahiari buruz 7. Portolés-ek, esaterako, hauxe dio:

  • “En suma, la clara diferencia entre unidades con un tipo de significado conceptual y otro de procesamiento que propone Blakemore debe ser tomada con algunas precauciones. Los marcadores tienen un significado de procesamiento, pero este significado frecuentemente posee una evidente relación con el significado conceptual de las unidades que los han originado (Murillo: 2000)”.

Eta ildo beretik doaz Martín Zorraquinoren (2010: 170) hitz hauek:

  • “He destacado especialmente el giro que se ha producido en los últimos diez años en el marco de la Teoría de la Relevancia respecto a la caracterización del significado de los marcadores del discurso. Las propuestas de Blakemore (2002) van en la línea de reconocer que las partículas discursivas pueden codificar significado de procesamiento y significado conceptual, por lo que la autora considera que hay varios tipos o grupos de marcadores del discurso”.

Izan ere, diskurtso markatzailearen jarraibidezko esanahia estu loturik dago askotan esapidea osatzen duten elementuetako bakoitzaren esanahi kontzeptualarekin. Nolanahi ere, esanahiari bagagozkio, kontua da nola eman diskurtso markatzaile bakoitzaren funtzio aniztasunaren berri. Eta alde horretatik atal honetan ontzat eman da Garcés-en (2008: 32) proposamena:

  • Nuestra propuesta es que estas unidades presentan un significado básico, pero no en todos los casos es de carácter monosémico, dado que en el proceso de evolución pueden haber desarrollado otros valores que pasan a formar parte también de su significado, y una serie de sentidos contextuales surgidos por el enriquecimiento pragmático que esas unidades experimentan en su empleo discursivo en relación con el contexto en el que se insertan, con su alcance estructural y con el tipo de segmentos vinculados.

Ildo horretatik, birformulatzaile bakoitza aztertzerakoan ‘balio oinarrizkoa’ eta bestelako ‘balioak eta erabilerak’ bereizi dira SEGen, esanahia/zentzua bereizkuntza kontzeptualari jarraituz. Izan ere, gure ustez, birformulatzaile bakoitzak oinarrizko esanahi bat dauka, eta ondoren hartzen ditu testuinguruaren araberako bestelako zentzu edo balioak. Horrenbestez, oinarrizko esanahiak edo balioak jaso behar ditu biformulatzailearen funtzionamendua azaltzeko beharrezko jarraibide zehatzak; eta gainerako zentzuak diskurtsotik eratorriko dira.

1 , 3 Birformulazioa eta birformulatzaileak euskaraz, Xabier Alberdi, 2014
2 “El tratamiento lexicográfico de los marcadores del discurso”, Linred, Lingüística en la red, Vázquez Veiga, 2011
4 “Testu antolatzaileak”, Hizpide 50, Esnal 2002; “Testu antolatzaileak”, Hizpide 51, 2002b; Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoa, Euskaltzaindia 2008; “Legeen eta administrazioaren hizkera, testu-antolatzaileen ikuspegitik”, Euskera 53, Urrutia 2008
5 Relevance and Linguistic Meaning: The Semantics and pragmatics of Discourse Markers, Blakemore 2002; “Los marcadores del discurso”, Gramática descriptiva de la lengua española, Martín Zorraquino eta Portolés 1999: 4057; “Los conectores discursivos entre los otros marcadores discursivos y los otros conectores”, In Linred, Lingüística en la red, monográfico: I Jornadas de la lengua y comunicación: marcadores discursivos, Martí Sánchez 2011: 18-19; “Introducción. Marcadores del discurso: descripción, definición, contraste”, Marcadores del discurso: de la descripción a la definición, Aschenberg eta Loureda 2011b: 13
6 La organización del discurso: marcadores de ordenación y de reformulación, Garcés 2008: 27-32
7 Los marcadores del discurso, Portolés 2007, “Los marcadores del discurso y su morfología” in Los estudios sobre marcadores del discurso en español, Martín Zorraquino 2010

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Birformulatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3