Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:1

Diskurtso markatzaileak eta birformulatzaileak

Atal honetan saiatuko gara azaltzen zer diren diskurtso markatzaileak eta zergatik har daitezkeen birformulatzaileak diskurtso markatzaileen azpimultzo berezitzat.

Terminologia arazoak

SEGen ‘diskurtso markatzaile’ terminoa erabiliko dugu, hori delako gehien erabiltzen dena, baina egia da, arlo honetan, terminoak eta kontzeptuak ez daudela nahi eta behar bezain argi. Euskarazko gramatika eta testuetan hainbat izen erabili da orain arte:

Gaztelaniaz ere termino ugari proposatu izan dira:

  • ‘enlaces extraoracionales / supraoracionales / textuales’
  • ‘conectores’
  • ‘conectores pragmáticos’
  • ‘conectores discursivos’
  • ‘conectores textuales’
  • ‘conectores argumentativos’
  • ‘conectivos’
  • ‘operadores discursivos’
  • ‘particulas discursivas’
  • ‘ordenadores del discurso’

Nolanahi ere, autore askoren iritziz, ‘diskurtso markatzaile’, ‘lokailu’ (‘conector’) eta ‘operadore’ kontzeptuak bereiztea komeni da 1. Diskurtso markatzaileena da kategoria zabalena, eta haren barnean bi azpikategoria bereizten dira 2: ‘lokailuak’ (‘conectores’), enuntziatuen arteko lotura semantiko-pragmatikoa ezartzen duten markatzaileak; eta ‘operadoreak’, enuntziatu baten barruan doazen markatzaileak.

Diskurtso markatzaileak
lokailuak operadoreak

Horrenbestez, diskurtso markatzaileen kategoria diskurtsoaren mailakoa da, eta izaera funtzionala du.

Diskurtso markatzaileak ez dira kategoria gramatikalak

Ikus Martín Zorraquino-k eta Portolés-ek aspaldi 3 eman zuten definizio hau:

  • Los marcadores del discurso son unidades lingüísticas invariables, no ejercen una función lingüística en el marco de la predicación oracional —son, pues, elementos marginales— y poseen un contenido coincidente en el discurso: el de guiar, de acuerdo con sus distintas propiedades morfosintácticas, semánticas y pragmáticas, las inferencias que se realizan en la comunicación.

Definizio horretan diskurtso markatzaileen bi ezaugarri nagusiak daude azpimarratuta 4:

  • diskurtso markatzaileek jarraibide-, prozedura- edo prozesatze-esanahia eta -balioa dutela azpimarratzen da definizio horretan, hau da, hiztunaren eta hartzailearen arteko elkarlana eta enuntziatuen interpretazioa gidatu behar duen lankidetza;
  • bestetik, definizio horretan jasotzen da diskurtso markatzaileek perpausean ez daukatela inolako funtzio sintaktikorik. Ez da, beraz, gramatika-kategoria berri bat, ezpada kategoria funtzional, diskurtsibo edo pragmatiko “berri” bat.

Diskurtso markatzaileen ezaugarri batzuk

Diskurtso markatzaileen beste ezaugarri batzuk hauek dira 5:

  • a) unitate aldagaitzak dira, ongi finkatuak;
  • b) tarteki gisa agertzen dira aparteko enuntziatuetan (modifikatzaile, azalpen eta elementu parentetikoak agertu ohi diren posizioan);
  • c) izaera funtzional eta opakoa daukate (esapideen kasuan esanahi ez-konposizionala);
  • d) aldaketa prozesu baten emaitza dira (gramatikalizazioa eta lexikalizazioa);
  • e) diskurtso markatzaileen azpimultzoetako batean modu koherentean sailkatu daitezke (birformulatzaileak, egituratzaileak, emendiozkoak…)

Hurrengo atalean azalduko denez, diskurtso markatzailetzat jo behar ditugu birformulatzaileak:

  • alegia, hots, hau da, erran nahi baita, bestela esanda…
  • hurrenez hurren, zehatz-mehatz, zehatzago esanda…
  • azken batean, azken buruan, azken finean…
  • hitz gutxitan, labur esanda, laburbilduz…
  • dena dela, dena den, edonola ere, edozein kasutan, edozein modutan, hala ere, nolanahi ere…
  • are hobeki, barkatu, (edo) hobeto, egia esanda, hobeto esanda…

Birformulatzaileak diskurtso markatzaileak dira kategoria funtzional horren bi ezaugarri bereizgarriak dituztelako:

  • prozesatze esanahia dute eta haien eginkizuna da hartzaileari diskurtsoaren interpretazioan eta inferentzietan laguntzea;
  • agertzen diren perpausean ez daukate funtzio sintaktikorik.

Zehatzago esanda, diskurtso markatzaileen artean bereizi ohi diren azpimultzoetako bat osatzen dute birformulatzaileek.

Diskurtso markatzaileen barneko azpimultzoez

Autore guztiak bat datoz birformulatzaileak diskurtso markatzaileak direla, baina ez diskurtso markatzaileen barnean zer azpimultzo dagoen zehazterakoan. Autore batzuek 6 bost diskurtso markatzaile mota bereizten dituzte (eta lokailuetatik bereiz sailkatzen dituzte birformulatzaileak):

  • informazioaren egituratzaileak
  • lokailuak
  • birformulatzaileak
  • operadore argumentatiboak
  • elkarrizketa markatzaileak

Beste autore batzuek bi multzo nagusitan banatzen dituzte diskurtso markatzaileak 7:

  • lokailuak (birformulatzaileak lokailutzat jotzen dituzte)
  • operadoreak
1 “Operador/conector, un criterio para la sintaxis discursiva”, RILCE, Fuentes 2003
2 Diccionario de conectores y operadores del español, Fuentes 2009
3 “Los marcadores del discurso” in Gramática descriptiva de la lengua española, 1999
4 Martí Sánchez, 2011: 18-19
5 “Los marcadores del discurso y su morfología”, Los estudios sobre marcadores del discurso en español hoy, Martín Zorraquino, 2010: 104‐113
6 “Los marcadores del discurso” in Gramatica descriptiva de la lengua española, Martín Zorraquino & Portolés 1999: 4139
7 La organización del discruso: marcadores de ordenación y de reformulación, Garcés 2008; Diccionario de conectores y operadores del español, Fuentes 2009; Los marcadores en español, Martí Sánchez 2008, 2011

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Diskurtso markatzaileak eta birformulatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3