Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:1:1

Balioak

Birformulatzaile esplikatiboek zerbait azaltzen dute, baina horrez gain, beste balio batzuk ere har ditzakete. Azalpen balio hori ikusiko dugu lehenik, eta ondoren gainerakoak.

Azalpena

Azalpenezko birformulazioak bideratzeko erabiltzen dira azalpenezko birformulatzaileak, esplikatiboak: hau da, aurreragoko diskurtso atal batean, gehienetan aurreko enuntziatuan, adierazitakoa azaltzeko, argitzeko, osatzeko edo zehazteko diskurtso atal bati egiten dio bidea. Azalpenezko birformulatzaileak erabiltzen ditugu esan berri duguna modu argiago batez birformulatzeko: partikula hauen bitartez, hiztunak bere buruari edo hartzaileari iragartzen dio azalpen bat emango duela lehenago adierazi duenari buruz. Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • “Katilinarenak” nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik. ( Berria)
  • Mutil harekin zuen harreman antzeko hartatik gehien erakartzen zuena harremana bera zen; hau da, mutila bera baino gehiago, edota oheko erlazio laketgarri hutsa baino gehiago, hasieratik erlazioa bera nola gertatu zitzaion suertatzen zitzaion erakargarriena. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Iturralde, J. M.)
Birformulakizuna(…) intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. / Mutil harekin zuen harreman antzeko hartatik gehien erakartzen zuena harremana bera zen
Azalpena: atal birformulatzaileaHau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik. / hau da, mutila bera baino gehiago, edota oheko erlazio laketgarri hutsa baino gehiago, hasieratik erlazioa bera nola gertatu zitzaion suertatzen zitzaion erakargarriena
  • Kasu honetan, gainera, birusak gizakien artean kutsatzeko ahalmena ere bazuela berehala ikusi zuten adituek, eta horrek kezkatu zituen, batez ere; izan ere, gaitza ohiko gripea hedatu ohi den gisan hedatuko zela ohartarazi zuten, oso bizkor, alegia. ( Berria)
Birformulakizuna(izan ere, gaitza) ohiko gripea hedatu ohi den gisan (hedatuko zela…);
Azalpena: atal birformulatzaileaoso bizkor, alegia.

Ikusten denez, diskurtsoaren harian atal birformulatzailea indartzen da eta hura hartu behar da aintzat, azalpena, alegia. Bestetik, adibideek erakusten dute birformulatzaile esplikatiboen bidez lotzen diren diskurtso atalak enuntziatu osoak nahiz enuntziatu zatiak izan daitezkeela, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikotakoak: perpausak, izen sintagmak, aditz sintagmak, izenak, aditzak…

Beste balio batzuk

Balio esplikatiboaz gain, azalpenezko birformulatzaileek beste balio batzuk ere izan ditzakete. Horiek ikusiko ditugu segidan:

  • Erreferentziazko birformulazioa
  • Azalpenezko birformulazioa
  • Definiziozko birformulazioa
  • Izendapenezko birformulazioa
  • Inferentziazko birformulazioa

Erreferentziazko birformulazioa

Birformulatzaile esplikatiboek identifikatu eta zehaztu egiten dute esandakoa, hori dute birformulazioetan funtzio nagusietakoa. Hau da, birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen diote, eta horregatik esaten diogu ‘erreferentziazko birformulazioa’. Birformulatzailearen bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide emateko erabiltzen da. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, baita deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko ere:

  • Sortu zenetik - XIX. mende-hasieratik, alegia -, biologiak ez dio utzi egituretan barrentzeari eta funtzioetan sakontzeari. (Sagua, eulia eta gizakia, François Jacob / Garzia, Juan)
  • Baina bideratutako dirua Europako batez bestekora hurbiltzen joateko eskatu zuten; hau da, Barne Produktu Gordinaren % 3 ingurura hurbiltzeko. ( Berria)
erreferentzia esleitu
zehaztapena (‘especificación’) zehaztugabea > zehaztua Determinatzaile zehaztugabea: bat, batzuk, zenbait…; mugatzaile generikoa: ‑a(k)) > zehaztua.
identifikazioa (denbora, lekua…) Itxuraz zehaztua > zehaztua…sintagma mugatua: hori (Azken ikuspuntu hori…)

Azalpenezko birformulazioa

Bigarren funtzioa birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea da, eta ‘azalpenezko birformulazioa’ deitzen dugu horregatik. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da. Hitzen esanahia argitzeko erabiltzen da: neologismoak, hitz ezezagun edo teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak…:

  • Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango araba lege edo ohiduren arabera. (Herria)

Aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argitzeko ere erabiltzen da:

  • “Katilinarenak” nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik. ( Berria)

Definiziozko birformulazioa

Birformulatzaile esplikatiboen hirugarren funtzioa birformulakizunaren esanahia zabaltzea da. Horregatik esaten diogu ‘definiziozko birformulazioa’. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, nolabaiteko definizio bati bide egiteko erabiltzen da. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da:

  • Inflazioaren kontrakoa da deflazioa, hau da, prezioek behera egitea. ( Berria)
  • Euskal Korpus onomastikoa -jende askok ez badaki ere- da azken batean Euskaltzaindiak ematen dituen zerbitzuen artean beharbada nabarmenena, bai Onomastikaren ikuspegitik, pertsonen izen deituren grafia eta abar, euskal izen eta deituren grafia normalizatua lantzen duena. Eta baita ere toponimia. Hau da, leku izenen normalizazioa eta normalitibizazioa barne biltzen duena. ( Eusko Legebiltzarra)
  • Uranio astunaren atomo baten diametroa elementu arinenaren - hots, hidrogenoaren - atomoaren diametroa baino bizpahiru aldiz handiagoa baino ez da. Atomo arrunt baten diametroa 0,3 nanometro inguru da; nanometroa (1 nm) metro baten milamiliorena da, edo, bestela esanda, milimetro baten milioirena; alegia, irudikatzeko gai garen neurriaren muga-mugan. ( Erreinu periodikoa, Peter Atkins, Garzia, Juan)

Izendapenezko birformulazioa

Birformulakizunaren esanahia laburbiltzeko ere erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: ‘izendapenezko birformulazioa’ esaten zaio. Birformulatzailea erabiliz, termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean birformulakizuneko formulazio luzea. Hau da, birformulatzaile esplikatiboak bidea egiten dio birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati:

  • Gizakiok entzuten ez ditugun maiztasun baxuko soinuak, hots, infrasoinuak nabaritzeko gai dira. (EITB dokumentalak: “Animaliak gure antzeko”, eitb)
  • Bertso-ahapaldia ona izan dadin gauza askori begiratzen zaio: neurria ondo bete, luzatu edo laburtu barik; puntuak edo errimak egokiak izan daitezela, antzeko soinuaz amaitzen direnak, beti ere hitza errepikatu gabe, hau da, poto egin gabe; gaiaren tratamendua eta garapena noraezekoak dira. ( Herri literatura)

Inferentziazko birformulazioa

Testuinguruak lagunduta, birformulatzaile esplikatiboek bestelako balio batzuk ere izan ditzakete, ondorioa edo dedukzioa, esaterako. Inferentziazko birformulazioa esango diogu horri. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulatzaileen nolabaiteko hiperonimoak direnez 1, gai dira bestelako birformulazio motak adierazteko: zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa…

Are gehiago, testu argumentazioak bideratzeko ere erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Hori ez da birformulatzaile esplikatiboen berezko funtzioa, baina testuinguruak lagunduta, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak hartzen dituzte inferentzia prozesuetan.

Horrenbestez, inferentziazko prozesuetan, ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa… Markatzailea atal birformulatzailearen hasieran joan ohi da eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioari dagokionez, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du. Segidan ikusiko ditugun adibideetan, esaterako, birformulakizunean adierazten dena baino gehiago adierazten da birformulazioan. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da atal birformulatzailean. Ikus adibide batzuk:

  • Heien jokoa litake Charia delakoa hedatzea herri osoan, erran nahi baita islamisten lege dorpeenaren pean ezartzea herria eta jendea. (Herria)
  • -Kontu handiz, bai horixe! Nonbaitik hasi behar, hala ere - baieztatu zuen Léak -, ezta, Ruche jauna? Izan ere, esaldi hau aurkitu dut, Polibio deritzon batena: “Guztiaren bide erdia da hasiera”. Alegia, gaizki hasiz gero, okerra luzaroko! ((Loroaren teorema, Guedj, D. / Muñoz, J.)Stendhal
  • Adimena beldurrez makaldua duen gizon iaio batek bizimodu oparoa eta diru pila eskaintzen dit bere ministro izan nadin; bihar, ordea, kalera bidaltzen banau, hortxe suertatuko naiz zahar eta txiro; alegia, munduan den egoerarik arbuiagarrienean; horra, orduan, pertsona atsegina kondesari eskaintzeko! “. (Parmako kartusia, Stendhal / Muñoz, J.)
  • Bestalde, alegia-k badu beste balio bat ere: azaldu nahi denari sarrera emateko erabiltzen da. Gehienetan, birformulazioaren bi atalak agerian daude testuetan, hau da, birformulakizuna eta atal birformulatzailea. Hala ere, ahozko hizkeran batez ere, askotan alegia erabiltzen da azaldu nahi denari sarrera emateko, hots, adierazi ez den formulazio inplizitu baten birformulazioari bide egiteko.

Laburpen taula

Birformulatzaile esplikatiboek funtzio metadiskurtsiboak betetzen dituzte batik bat: hiztunak bere jarduera diskurtsiboaren kontzientzia du, eta diskurtsoa zuzen interpretatzeko, diskurtsoa kontrolatu eta gidatu nahi du; aurreko diskurtso atala argiago eta egokiago formulatzeko erabiltzen ditu birformulatzaile esplikatiboak, bide-seinale gisa.

Nolanahi ere, zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko.

Ikus taula honetan birformulatzaile esplikatiboen balio nagusiak:

Birformulatzaile esplikatiboak balio nagusiak
Funtzio metadiskurtsiboak (erabilera ohikoa edo markatu gabea) Erreferentzia esleitzea
Esanahia edo zentzua argitzea
Definizio bidez azaltzea
Izendapen bidez azaltzea (…)
Funtzio argumentatiboak (erabilera markatua edo ezohikoa) Ondorioa/konklusioa (inferentziazko birformulazioa)(…)
1 “Los marcadores de reformulación alemanes: entre la conexión y la argumentación”, Revista de Lingüística y Lenguas Aplicadas 7, Robles, 2012

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Balioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3