Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:1:2

Birformulazio parafrastikoa

Birformulazio-prozesuetan bi erlazio mota bereizi izan dira1:

  • birformulazio parafrastikoa2
  • birformulazio ez-parafrastikoa

Birformulazio parafrastikoa hierarkia bereko bi diskurtso atalen artean ezartzen den baliokidetza diskurtsiboan oinarritzen da. Birformulazio esplikatibo gehienetan, erlazio parafrastikoa ezartzen da birformulakizunaren eta birformulatzailearen artean:

  • Enpresa txiki eta autonomoen kasuan, dirua aurrezki kutxen edo bankuen bidez emango da, baina berme sozietateak -Elkargi eta Oinarri- arduratuko dira bideratzeaz, hau da, abalak eskaintzeaz. ( Berria)
  • “Katilinarenak” nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik. ( Berria)

Birformulatzaile esplikatiboen bidez bideratzen diren inferentziazko birformulazioetan, aldiz, ez dago baliokidetza diskurtsiborik bi atalen artean, atal birformulatzailean nolabaiteko ondorioa edo dedukzioa (zenbaitetan, guztiz subjektiboa) adierazten baita:

  • Hortaz, gauza jakina da orai Europan sartu berri diren hamarrek ez dutela beren mintzairan agertu ahal izan gain hartan beren dozierik. Hots, izanen da oraino zer asma denen egiazko errespetu batentzat. (Herria)

Inferentziazko birformulazioak ez-parafrastikotzat joko ditugu, hortaz.

1 “Les marqueurs de la reformulation paraphrastique”, Cahiers de Linguistique Française 5, “Les actes de reformulation paraphrastique dans la consultation La dame de Caluire”. L’Analyse des Interactions Verbales, “Discourse Production in Oral Communication. A Study Based on French”, Quasthoff. U. (ed.): Aspeets of Oral Communicalion., Gulich, E.-Kotschi, T.; Els Connectors Reformulatius Catalanas: Anàlisi i Proposta d'Aplicació Lexicogràfica., Bach 2001

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Birformulazio parafrastikoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3