Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:1:3

Birformulazio partziala eta erabatekoa

Birformulatzaile esplikatiboek perpausaren esparruan (birformulazio partziala) nahiz perpausetik gorako mailan (birformulazio erabatekoa) betetzen dute beren eginkizun diskurtsiboa.

Birformulazio partziala

Alde batetik, birformulazio partzialak daude. Halakoetan, birformulatzaile esplikatiboak perpaus baten barruan erabiltzen dira, elementu baten (birformulakizuna) eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten (atal birformulatzailea) arteko lotura semantiko-pragmatikoa ezartzeko: atal birformulatzailea aposaturik ematen denean aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— izaten da birformulakizuna:

  • Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango arabiar lege edo ohituren arabera. (Herria)

Lapidazioaren kontrako protesta Horrelakoei birformulazio ‘partzial’ esaten zaie 1 edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean) eman ohi da atal birformulatzailea, eta askotan paralelismo funtzional bat (eta sintaktikoa ere bai) egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean:

  • lapidatu dute / hots, harrika hil

Paralelismo funtzional horrek zerikusia dauka informazio-egiturarekin, gehienetan birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzen duelako atal birformulatzaileak. Goiko adibidean, esaterako, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Zer egin dute/diote? Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, baliokidetza diskurtsiboa egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.

Birformulazio erabatekoa

Birformulazio erabatekoan (aposiziorik gabe), testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak, eta aurreragoko perpausa edo perpaus-segida izaten da birformulakizuna:

  • Horrenbestez, datozen asteetan batez besteko hipoteka -160.000 euro, 30 urtean itzultzekoak eta %0,5eko diferentzialarekin- berritu behar dutenek %10,10eko beherapena izango dute kuotan. Bestela esanda, 63 euro gutxiago pagatu beharko dute hilean, edo 756 euro gutxiago urtean. ( Berria)

Horrelakoei birformulazio ‘erabatekoa’ esaten zaie 2. Atal birformulatzailea ez doa aposaturik (koma artean) edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean), beste perpaus bat osatzen du. Bestalde, birformulakizunaren eta birformulazioaren artean ez dago paralelismo funtzionalik, eta atal birformulatzailean ez da iruzkintzen mintzagai bera. Zenbaitetan, gainera, bi enuntziatuen arteko erlazioa ez da parafrastikoa, esaterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa agertzen denean.

1 La reformulación del discurso en español en comparación con otras lenguas (catalán, francés, italiano, inglés, alemán e islandés), Garcés, 2009: 23). Gehienetan aposaturik (koma artean
2 La reformulación del discurso en español en comparación con otras lenguas (catalán, francés, italiano, inglés, alemán e islandés), Garcés, 2009: 23

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Birformulazio partziala eta erabatekoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3