Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:1:4

Birformulatzaileen sintaxia

Esan dugunez, birformulatzaile esplikatiboek perpausaren esparruan (birformulazio partziala) nahiz perpausetik gorako mailan (birformulazio erabatekoa) betetzen dute beren eginkizun diskurtsiboa. Batean zein bestean perpausean nola txertatzen diren ikusiko dugu atal honetan.

Edozein kategoria edo sintagma

Birformulazio partzialetan atal birformulatzailea aposizioan ematen da, eta aurreragoko sintagma bat (gehinetan, aurreko sintagma) izaten da birformulakizuna. Halakoetan, birformulatzaile esplikatiboek luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen dituztek: izen sintagmak, adjektibo sintagmak, adberbio sintagmak, perpausak (osagarriak, helburuzkoak…)… Izan ere, diskurtso markatzaile hauen zeregin nagusia hauxe da: agerian uztea tarteki gisa gaineratzen duten azalpen iruzkinaren balio birformulatzailea. Ikus adibideok:

  • Beste zentralak ere, Krutxagak alegia, ez dirudi presa askorik duenik Osasunaren eskaintzari erantzuteko. ( Berria)
  • Ezin diat hitzez hitz, dialogo dramatiko modura alegia, transkribatu gure gonbertsazioa. (Terra Sigillata, Arrieta, J. A.)
  • Frankek iragarritakoa betetzen bada, alegia, urtearen amaieran Mepamsa ixten badute, Iruñeak eta, oro har, Nafarroak «kolpe gogorra» jasoko dutela iritzi dio LABek, «lanpostu asko desagertuko baitira». ( Berria)
  • Komeria franko izango ditu Interrek bi gol sartu, eta batez ere, Milango aurrelarien eraginkortasuna murrizteko, alegia, kontrarioak golen bat ez sartzeko. ( Berria)
  • Egoera atmosferikoak erakusten du goiko geruzetan aire masa hotza jaun eta gabe dugula eta, gainera, ez dagoela egonkortuta, alegia, momentu batetik bestera izugarrizko aldaketak izan daitezkeela. ( Berria)

Paralelismo edo baliokidetasun funtzionala

Aurreko adibideetan ikusten denez, birformulazio partzial askotan paralelismo edo baliokidetasun funtzionala (eta are sintaktikoa ere) egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean:

  • …betetzen bada /…ixten badute
  • …murrizteko / …ez sartzeko
  • …ez dagoela /…izan daitezkeela

Izan ere, gehienetan, tartekian edo aposizioan doan atal birformulatzaileak eta birformulakizunak kasu marka eta numero bera izan ohi dute. Hala ere, berez, ez diote komunztadura sintaktikoari derrigor eutsi behar. Aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea: ondorengo testuan, adibidez, birformulakizuna singularra da (matematika-adar guztien zerrenda) eta atal birformulatzailea (azpisailak), berriz, plurala:

  • Hondakinek zabor izateari utz diezaiokete gai organikoak naturaren ziklora itzultzen badira, hau da, konpostatzearen bidez. ( Berria)
  • Matematikaren historiako aldi nagusiak erabaki. Horra sailak. Landutako matematika-adar guztien zerrenda osatu gero: azpisailak, alegia. (…) (Loroaren teorema, Guedj, D. / Muñoz, J.)

Aurreko adibideetan ikusi denez, gehienetan 1, birformulakizunaren ondoan joan ohi da iruzkina daraman atal birformulatzaile aposatua (bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada).

Aditza tartean batzuetan

Zenbaitetan, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna, eta aditzaren ondoren birformulazioa: horixe gertatzen da, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia denean:

  • Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea. ( Berria)

Birformulazio kateak

Birformulazio kateak ere sortzen dira testuetan, birformulatzaile bera errepikatuz edo birformulatzaile baliokideak uztartuz. Halakoetan, birformulazio bakoitza aurrekoaren birformulaziotzat har daiteke:

  • Emazte hau historiak ahantzi du; hots, historia idazten dutenek dute ahantzi, hau da, gizonek. ( Berria)
  • Estetika transzendentalaren arabera espazioa eta denbora ez dira objektu absolutuak, ezta berbaitango gauzen arteko harremanak ere, baizik gure formak, hau da, subjektu ezagutzailea den gizakiaren formak, hots, objektuak gugandik at espazioan diren moduan eta denboran aldatzen diren moduan begiesten dituzten formak. (Arrazoimen hutsaren kritika, Kant / Ibon Uribarri)
  • Gure ekintzak, hau da, gizakiaren ahalmenaren arabera, hots, Arrazoiaren arabera, definitzen diren Desirak, onak dira beti; besteak, berriz, onak ala berdin txarrak izan daitezke. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)

Birformulazio kateak, hau da, heterobirformulazioak, sortzeko, birformulatzaile esplikatibo nagusiak erabil daitezke: aski da elkarrizketaren harian beste solaskide batek hitza hartzea eta aurreko esatariaren enuntziatua birformulatzea. Beraz, erabilera monologikoari edo dialogikoari begira, ez dirudi funtsezko desberdintasunik dagoenik.

Beregaintasun diskurtsiboa

Birformulatzaile esplikatibo guztiek ez daukate beregaintasun diskurtsiborik. alegia eta erran nahi baita elkarrizketa batean ager daitezke, enuntziatu bat osatuz, eta horrenbestez, beregaintasun diskurtsiboa dutela esango dugu. Elkarrizketa batean galderazko enuntziatu beregain bat osatzeko gauza dira alegia eta erran nahi baita: solaskideari azalpen zehatzago bat edo birformulazio argigarri bat eskatzeko erabiltzen dira, esaterako, testu hauetan:

  • -Nik, berriz —sartu zen tartean Jonathan, goxo-goxo—, ez dut uste zuk esan bezala gertatu denik kontua. Zuk ez duzu ezertxoren erantzukizunik. Burua mugitu zuen Ruche jaunak, tristuraz.
    -Dena antolatuta zeukan zure adiskideak —jarraitu zuen Jonathanek—. Bidali dizun gutuna haren testamentua da. Bere heriotza aurreikusi, eta gauzatu egin du noski.
    Alegia? (Loroaren teorema, Guedj, D. / Muñoz, J.)

Aurreko testuetan ikusi denez, birformulazio partzialetan, oro har, ez da –(e)la menderagailua erabiltzen atal birformulatzailean, perpaus osagarri bat (-la menderagailuduna) birformulatzen denean izan ezik:

  • …-la esan dute
  • bestela esanda, …-la

Jokamolde asko

Erabateko birformulazioetan, berriz, jokamolde ezberdinak ageri dira:

  • Birformulatzaile batzuek ez dute hartzen –(e)la menderagailua: bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitzetan esanda…
  • Beste birformulatzaile batzuek –(e)la menderagailua hartzen dute batzuetan, baina hala ere, gehiagotan erabiltzen dira gabe: alegia, hau da, hots.
  • Azkenik, erran nahi baita birformulatzailea, -(e)la menderagailuarekin agertu ohi da, salbuespenak salbuespen. Horrenbestez, perpaus osagarria gobernatzen du ia beti. alegia, hots eta hau da birformulatzaileek ez bezala, funtzio sintaktiko argia dauka, atal birformulatzaileko predikatu nagusia baita.
    • Dena den, aipatu dudan hipotesia, erran nahi baita, eremu zabal hutsak nolazpait mistizismo kastillanoa pizten lagundu duela, ez da izan behar arras okerra. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • Beste diskurtso markatzaile batzuk ez bezala (baina, hala ere), alegia, hots eta hau da normalean ez dira agertzen juntagailuekin birformulatzaile eginkizunean (?eta alegia). erran nahi baita ere nekez agertzen da juntagailuekin. bestela esanda eta haren kidekoak, aldiz, edo juntagailuarekin agertzen dira batzuetan: edo, bestela esanda…
    • Edo bestela esanda, berezkoak dituen lankidetza, autoeraketa eta demokraziaren balioak garatu, edo logika ekonomikoari soilik jarraitu. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)
    • Ez dio Lynni esan, baina hala uste du, neurri batean izan litekeela arazo teknikoa, hau da, oro har jendeak ez duela polemikan eroso jarduteak eskatzen duen gaitasun linguistikorik euskaraz, edo bestela esanda, mihi luzeagoa eta zorrotzagoa duela gaztelaniaz. (Martutene, Saizarbitoria, R.)
    • Jendearentzako ezagunenak aipatzearren, liburudendek esate bateko, % 20a, edo bestela esan, 600 pezta irabazi dute liburu bakoitzeko. (Trapuan pupua, Perurena, P.)
1 Testuan iruzkinak sartzeko funtzioa izan dezaketen antolatzaileak: hau da, hain zuzen (ere), adibidez, batez ere…“ En: I. Zabala (coord.), Testu-loturarako baliabideak: euskara teknikoa, Zabala 1996

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Birformulatzaileen sintaxia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3