Erabiltzaile Tresnak


morf:5:21:5:3:1:6

Puntuazioa birformulazioan

Birformulazio partzialak

Birformulatzaile esplikatiboak koma artean idazten dira birformulazio partzialetan, eta ez daramate komarik barruan, gainerako lokailu gehienekin gertatu ohi denez:

  • Ainhoa Garmendiak (Donostia, 1974) Micaelaren papera egingo du, hau da, Don Josez maiteminduta dagoen emakumearena: «Aingeru baten moduko pertsonaia da Micaelarena. ( Berria)
  • Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango araba lege edo ohiduren arabera. (Herria)
  • Adingabeen eremu pertsonalari dagokionez, zenbait betebehar garrantzitsu dituzte gurasoek: (1) Haurrak zaindu, bestela esanda, haurren beharrei egoki erantzun. (Zuzen-TA, Familia Zuzenbidea, Leire Imaz (UPV/EHU, 2009))
  • Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea. ( Berria)

hau da, hots...

Zumarraga Birformulatzaile esplikatibo batzuk, hau da eta hots, esaterako, atal birformulatzailearen hasieran joaten dira eta, beraz, ondoko atalari, atal birformulatzaileari, eragiten diote. Halakoak birformulatzaile “noranzkodunak” dira eta, koma artean emanda ere, ez da sortzen anbiguotasun arazorik:

  • Hurbilenekoa ere, hau da, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.
  • Hurbilenekoa ere, hots, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.

esan aditzaz osatutako birformulatzaileekin ere ez da sortzen anbiguotasunik koma artean ematen badira: bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitzetan esanda… Halakoak ere atal birformulatzailearen hasieran jartzen dira birformulazio partzialetan:

  • Hurbilenekoa ere, bestela esanda, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.

alegia

Nahasiagoa da alegia birformulatzailea. Birformulazio partzialetan koma artean ematen bada, anbiguotasuna sor daiteke. Izan ere, alegia atal birformulatzailearen hasieran nahiz amaieran joan daitekeenez, hau da, birformulatzaile noranzkoduna ez denez, ez dago jakiterik aurreko sintagmari ala ondokoari eragiten dion. Horrelakoetan puntuazio-zeinu zorrotzagoak erabiltzea komeni da (puntu eta koma, puntua) birformulakizuna eta atal birformulatzailea bereizteko:

  • Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da, alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.
  • Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da; alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.
  • Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da. Alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.

Atal birformulatzailean beste tarteki bat (alegia) sartu nahi bada, birformulatzaileari dagokion koma ezabatzea izan daiteke beste aukera (lizentzia) bat:

  • Hurbilenekoa ere, Zumarragakoa(,) alegia, urruntxo geratzen zaie.

Hala ere, horrelakoetan egokiagoa da puntuazio zorrotzagoa erabiltzea 1. Esaterako, birformulazio partzialak tartekiak direnez, parentesi edo marra artean joan ohi dira askotan. Beraz, komeni zaigun moduan konbina daitezke parentesiak, marra parea edo koma parea 2:

  • Hurbilenekoa ere —Zumarragakoa, alegia— urruntxo geratzen zaie.
  • […] Hori dela eta, Emilio konbentzitu ahal izateko, beharrezkoa izango da erabakitzea koefiziente zenbatetsiak balio fidagarria ematen duen (hau da, ezagutu nahi zen balio teorikotik hurbil dagoen). (EHU, Ekonometria, Alonso Antón, Aurora et al. (EHU, 2010) 2. kapitulua)

erran nahi baita

erran nahi baita birformulatzailea salbuespena da koma pareari dagokionez. Iparraldeko tradizioan, Herria astekarian, adibidez, askoz gehiago idazten dute erran nahi baita ondoko komarik gabe, eta hori da, hain zuzen ere, estandarrerako proposatu den puntuazio-jarraibidea 3:

  • Afrikan meningita eritasuna garaitzen hasia da emeki […]. Badakite zorigaitzez gaitz horren berri toki horietan: hamar urtetarik itzultzen omen zaie eritasuna, erran nahi baita birus berezi hori. (Herria)
  • Zeren, Jainkoaren esentzia osa lezaketen adimenak eta nahimenak gure adimenaz eta gure nahimenaz guztiz ezberdinak izan behar lukete eta izena baizik ez lukete elkarrekilakorik; erran nahi baita zakurra deitzen den zeruko zeinua eta zaunka egiten duen animalia bezala litezkeela elkarrekin. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)

Birformulazio erabatekoak

Birformulazio erabatekoetan, aldiz, birformulakizuna komatik gorako zeinu batez mugatzea komeni da: puntu eta koma, puntua… eta birformulatzailearen ondoan koma jartzea 4:

  • Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere. ( Berria)
  • Horretarako, larreetarako dudan partzela sei zatitan banatuta daukat, eta horietan, errotazio sistema bat aplikatzen dut behiekin; hau da, zati bateko belarra jaten dutenean hurrengora pasatzen dira, seiak pasatu arte. ( Berria)
  • Independentzia printzipioa: Auzitegia ez da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren egitura hierarkikoaren parte. Hots, administrazio autonomikotik independentea da, bere jarduerei eta eskumenen garapenari dagokienez. Halaber, lehiaren arloan legediak unean-unean seinalatzen duenaren arabera soilik jokatuko du. ( Berria)
1 , 4 Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak, Petrirena 2011

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Puntuazioa birformulazioan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3